Harrikadak
euskal_herria
Jon Iraundegiren begi puntuaren xedea
Argazkilari irundarraren "Euskal Rockaren ikus puntu bat" liburua argitaratu du Banizu Nizuke Elkarteak.
Klik eta klik eginez egoten dira hainbat lagun Euskal Herriko musika aretoetan. Dozenaka argazki ateratzen dituzte eta pieza solteak bakarrik ikusten ditugu gero. Begi puntuaren xedea beti baitago prest, baina ez da hain erraza harrapakina erortzea.
Horietako bat da Jon Iraundegi. Ostegun honetan, aspaldiko partez, egin nuen topo berarekin Berri Txarrak taldeak Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertuan.
Banekien gau hartan bertan, edo hurrengo egunean, kontzertu horri buruzko argazkiak jarriko zituela ikusgai Jon Iraundegik. Hona hemen Gorka Urbizu abeslaria, belauniko, gitarra jotzen.
Klik egileen klubeko Foteropanico-rengatik jakin nuen duela gutxi argazki liburua argitaratua zuela 2011 bukaeran Iraundegik. Banizu Nizuke Elkartearen eskutik publikatu du Euskal rockaren ikus puntu bat. Kontzertuetako ehiztarien bilduma bat osatu nahi dutela aipatzen zuten Berrian Lander Muñagorrik sinatutako artikuluan. 12 euro balio ditu liburuak eta nik Irungo Elkar dendan erosi dut, baina badakit Donostian Beltza Records-en edota Banizu Nizuke-ren webgunean eskuragai dagoela.
Idazmakinaren tipografia dute lagun 80. eta 90. hamarkadetako irudiak osatzen dituzten atariko testuek. Argitaletxekoek beraiek eginiko sarreraz gain, Fermin Muguruzak laudoriozko hitzak eskaintzen dizkio Joni.
Pop-arekin hasten bada ere, gero punka da nagusi: Itoiz, Ruper Ordorika, Ángeles del Infierno, Zarama, Barricada, Kortatu, Delirium Tremens, Baldin Bada....
Xabier Montoia ere agertzen da, M-ak taldeko abeslari zeneko garaian ateratako erretratuak. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxean egon zen Montoiaren mundu miresgarria laneko kantak aurkezten Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez musikarien laguntzaz. Publikoaren arreta lortu zuen behintzat Montoiak eta aski gustura ikusi genuen emanaldia. Dena oso sotila da, biluzia. Montoiak ez du ondo kantatzen, ez du ondo dantzatzen, baina haren kantuak ttak jotzen dizu.
"Galbide ederra" kanta grabatu nuen telefono berriarekin. Ea zer iruditzen zaizuen.
El punto de mira de Jon Iraundegi, este apunte en castellano.
AmaiETA
Aieteko Konferentzia pasa da. Beste urrats bat.
Eskolan jai-eguna zen. Tio Antoniok kamioia zuen garai hartan eta egunpasa joan nintzen berarekin toki batetik bestera. Gogoan dut Eratsunetik pasa ginela, Retegi txapeldunaren herritik.
Poz-pozik pasa nuen eguna. Lehen aldia nuelako kamioi batean hara eta hona ibiltzen nintzela.
Gogoan gorde dudan beste gauza baina, tristea da. Iluntzean, etxerako bidean, Goardia Zibilaren kontrola zegoen Oiartzunen. Osabak ea zer gertatzen zen galdetu zion pikoletoari eta honek erantzun Oiartzungo alkatea akabatu zutela arratsaldean.
Ez nuen eguna gogoratzen, baina Google-n bilaketa egin ondoren jakin dut egun hori 1975eko azaroaren 24a izan zela. Gizon hura Antonio Etxeberria Albisu zen. 33 urte zituen eta herriko alkate frankista zen.
Nik 7 urte nituen. Eta eskolan jai-eguna genuen Franco azaroaren 20an hil zenez, astebetez itxi zituztelako ikastetxeak.
Hau da ETAren inguruan nire buruan erregistratuta dudan lehen oroitzapena eta hori etorri zait burura gaurko konferentziaren ondorioz atera den adierazpena dela-eta, batzuk zalapartaka ikusi ditudanean sare sozialetan.
Amaieta.
Amaieta, este apunte en castellano.
Aulkiak ahulki
Igandeko emaitzak direla eta ez direla.
Bilduk izandako emaitzak zirela eta ez zirela, igande gauean twitterreko nire horman pertsona bat hasi zen #nidonostiarra #niguipuzcoano hashtag-ak erabiltzen. Haserre bizian zegoen eta gaztelaniaz ari zen gizonari zerbait esatekotan egon nintzen. Azkenean, isilik geratzea erabaki nuen. Nola adierazi pertsona horri euskaraz kontrako esanahia zutela hashtag horiek?
Euskal Herri(ar)en drametako bat da gabezia asko ditugula gu bezala pentsatzen ez dutenekin hitz egiteko, are gehiago gutxieneko akordioetara iristeko. Eta orain garai hauek tokatzen dira. Politika egin behar da orain. Edozer gauza gerta daiteke, baina gaur egungo toki-erakundeek gizarte / herri honen ispilu fidagarriagoa ematen dute.
Nire ustez, Paul Riosek dioen bezala Bilduri jende askok eman dio botoa ETAren amaiera laguntzeko. Ezker Abertzaleari esku bat bota diote Eusko Alkartasunak eta Alternatibak (pena Aralar ez igo izana tren horretara: goizegi da eta zauriak oraindik zabalik daude; espero dezagun egunen batean ixtea) eta ikusteko dago nola kudeatuko duen ezker abertzale tradizionalak koalizioan duen hegemonia hori.
Ez dezala egin nire lagun baten patroiak bezala: enpresak arazo ekonomikoak zituela, 90. hamarkadaren bukaera aldera, enpresaburuak dirua jartzeko eskatu zien langileei. Dirua jarri eta kooperatiba moduko bat bihurtu zen lantegia. Halako batean, gauzak hobeto zeudela aprobetxatuz, enpresa-gizonak, emaztearen zein semearen parteak erabiliz eta beste bi langilerekin akordioa lortuz, berriro bereganatu zuen enpresaren kontrol osoa.
Aipatu patroiak baino errazago dauka betiko Ezker Abertzaleak Bildu kontrolatzea, baina jaso duen boto zaparrada hori ahalbidetu dutenek ez lukete ulertuko. Eta kontutan izan behar da botoak boto-emaileenak direla eta, bolada batez, alderdien esku egoten direla (nahiz eta alderdiek uste izan beraienak direla). Aulki dantzan ahulkiak dira nagusi.
Garai berriak ditugu mutur aurrean. Eta politika egiteko modu berriak behar ditugu. Asko du oraindik demostratzeko Bilduk. Pedagogia asko egin beharko du. Beldur asko uxatu.
Ez da erraza izango, baina ni itxaropentsu nago. Jakitun egoera ekonomikoa zaila dugula aurretik eta erronka handiak.
La cosa vasca se mueve, este apunte en castellano.
Bilduren trena
Irakurketa itxaropentsua.
Auzitegi Konstituzionalak gaur gauean aterako duen epaiaren zain, Bildu inguruan batu den jendeak epe ertainera itxaropentsu egoteko arrazoiak dituela iruditzen zait.
1.- Pasa den larunbatean Arnaldo Otegi askatzeko manifestazioan egon zen ezker abertzaleko lagun batekin hitz egin nuen astelehenean. Oso pozik zegoen han ikusitakoarekin. Bere ustez, egoera zail honek balioko du ezker abertzaleko jendeak behar den bezala baloratzeko EAk eta Alternatibak emandako urratsa. Era berean, Bildukoak konpaktatzeko balioko duela zioen.
2.- Arnaldo Otegi. Osama Bin Laden garbitu zuten bezala ez badute berarekin akabatu nahi, halako batean presondegitik aterako da Arnaldo. Eta bere lidergoa ezbaian egon bazitekeen barrura sartu zutenean, ateratzekoan lider sendoagoa izango du ezker abertzaleak. Militarrak bere tokian jarri dituena, besteak beste.
3.- Ez da Bilduren arazo soila hau: demokrazia da gakoa. Eta Estatu Espainolaren demokrazia mailak koska bat behera egiten badu, independentistak egiteko makinak abiadura hartuko duelakoan nago.
Hiru ideia hauek bota nahi nituen Bakearen hiri... eta misilena! den Donostiatik. Misilen kongresu bat egun hauetan Donostian eta apenas dagoen informaziorik komunikabide nagusietan.
El tren de Bildu, este apunte en castellano
Erreserbara pasa da Marino Goñi
40 urtez diskoen artean lan egin ondoren.
"Berrogei urte daramatzat diskoen artean lanean. Azken hogeita hamar hauetan diskoak grabatu, produzitu eta editatu izan ditut. Soñua eta Oihuka zigiluetatik pasa ondoren eta GORren hogeigarren urtemuga bete denean, borroka abandonatu dut erreserbara pasatzeko"
Horrela hasten da Marino Goñik pasa den astean GOR disketxearen gunean jarritako idatzia.
Igandeko Berria periodikuan Iñigo Astizek sinatutako erreportajetxoa zegoen. Kazetariak Josu Zabala, Roge Blasco, Sergio Ibarrola, Luisillo Kalandraka eta Gorka Armendarizen hitzak jasotzen ditu bertan.
Roge Blascok dio:
"RRV etiketa sortzen asmatu zuen Jose Mari Blascorekin batera"
Josu Zabalak, berriz:
"Bera da euskal musikan, eta, batez ere, rockean, hemen izan den talentu biltzailerik handiena. Hasieratik lan horretan jardun den bakarra, kasik. Dozenaka deskubritu ditu, eta arrakasta lortzen lagundu die"
Lerro horiek irakurtzen nituen bitartean blog honetan duela bost urte jarritako beste batzuekin akordatu nintzen: Marino Goñi, 25 urte diskogintzan. Asier Azpilikuetak 2006ko apirilean eginiko elkarrizketa batetik eramandakoak dira. Marinok orduan esandako esaldi hau ekarri nahi dut hona:
"Nire ustez, bulegoak kalearen altuera berean izan behar du. Bertzela, lehen solairura igoz gero, arazoak sortzen dira"
Iñigo Astizek 2005ean Argian eginiko elkarrizketa bateko zati hau gogoratzen zuen:
"Erretiratzean, talde bat egingo dut... Bizitza honetan daramat, jende guztiarekin gauzak egin ditut eta oraindik ez dut harro sentiaraziko nauen fundamentuzko ezer egin. Egingo dut"
Ea horrela den. Atseden hartu, merezi duzulako, eta gozatu hemendik aurrera ere.
Marino Goñi pasa a la reserva, este apunte en castellano.
Perurena dokumentala egin du Moriartik ETBrentzat
Otsailaren 10ean estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean.
Atzo goizean Sustatun irakurri nuen Iñaki Perurena, berriro bikain izeneko apuntea. Bertan Leitzako harri-jasotzailea ageri da Teknopoliserako eginiko bideo batean harri-jasotzeari buruz hizketan (Manu Redondorekin izaniko aferan Iñaki bikain egon zelako titulatu dute orain berriro).
Baina hori ez da Perurena familiari buruzko albiste bakarra. Datorren hilean, otsailean, Donostian estreinatuko baita Moriarti ekoiztetxean ETBrentzat eginiko Perurena dokumentala.
Perurena (Sek bat) from Moriarti on Vimeo.
Zera dio sinopsiak: "Inaxio Perurena harrijasotzaile gaztea bere errekor berria lortu nahian dabil: 300 kiloko harria altxatzea. 1987an bere aita, Iñaki Perurena entzutetsua, izan zen lehena harri hau altxatzen".
Ez esan hori irakurrita eta jakinda zuzendaria Jon Garaño dela (80 egunean, besteak beste), ez duzuela dokumentala ikusteko gogorik.
Su-etenari buruz galdezka
14 galdera. 9 lagun. 1001 mediosen ekimena.
Astelehenean, ETAren agiriaren ostean, 1001 medios-ekoak harremanetan jarri ziren nirekin gatazkari buruzko galdera batzuk erantzun nahi ote nituen galdezka. Pixkat pentsatu eta baiezkoa eman ondoren, Juanjo Ibáñez (aka Bomarzo) jaunak hamalau galdera helarazi zizkidan e-mail bidez.
Galdera zuzenak ziren eta, ondo pentsatuta, astelehen gauean bertan erantzun eta astearte goizean bidali nituen hamalau erantzunak. Gaztelaniazko blogean jaso nituen denak División de opiniones apuntean.
Ez dakit zerbaiterako balioko ote duten horrelako ekimenek. Ez da egon komentario askorik eta, alde horretatik, adierazgarria da ere, baina, ni behintzat, gustura geratu naiz. Allakuidaos!
Ines Gallastegi eta Xabier Txokarroren erantzunak.
Javier Vizcaíno eta Hasier Etxeberriaren erantzunak.
Samantha Koziner, Ana Saiz eta Vicente Hernándezen erantzunak.
Gorka Julio eta Mikel Iturriaren erantzunak.
Eta hona hemen zer den 1001 medios laborategia. Bi datu gehiago: 1143 jarraitzaile dituzte facebook-en eta 4575 jarraitzaile twitter-en.
P. S.: Teketenek ere ostegunetan Berrian argitaratzen duen Irlen Sarea zutabean sarelari batzuen adierazpenak jaso zituen. Su-etena: saretik paperera.
Wikileaks nagusi... baina Olasagasti txapeldun
Ezker Abertzalearen agerraldiaren oihartzunak; enpresarien bilera Zapaterorekin; Kataluniako hauteskundeak... bai, baina denen gainetik Wikileaks. Eta Olasagasti.
Gaur goizean Internet sarean barna toki batetik bestera ibili naizenean, ezker abertzalearen atzoko agerpena zen nagusi (Zuzeuk jaso ditu komunikabide ezberdinetan Ezker Abertzalearen agerraldiaren oihartzunak).
Eguerdian, berriz, flipatuta geratu naiz Diario Vascoren portadarekin: Olasagasti aizkolaria Igeldoko arroken artean eguneroko bainua hartzen.
Harrigarria (edo ez) Zapatero presidenteak Espainiako enpresari nagusiekin eginiko bileraren argazkia: bi emakume-enpresari soilik El Paísek publikatutako irudietan. Periodiko honek dioenaren arabera, protokoloak aginduta agertzen dira mahaiaren izkinetan emakume horiek. Hau da, enpresa potoloenak presidentzia-mahaitik gertu jarri zituztelako eta bi enpresari hauenak txikienak zirelako.
Kataluniako hauteskundeen emaitzei begira geundela iluntzean, Wikileaks paperen sorta berri bat agertu da. AEBetako agiri hauek jaso dituztenen artean dago El País espainiarra. Akabo, beraz, pake santua. Non zeuden gaur hauteskundeak? galdetzen zuten erredakzioan, txantxetan.
Orain bakarrik falta zaigu Veleia auzia berpiztea edota Azkue Fundazioa agertzea Wakaleaks paperetan.
P.S.: azkenean DVren azala itsatsi dut. Baina begiratu ere beste argazki hau.
Hoy manda Wikileaks, pero el campeón es Olasagasti. Este apunte en castellano.

Gose taldea, berriro ere autoekoizpena
Laugarren diskoa publikatu berri dute.
Esan bezala, Gose taldeak laugarren diskoa kaleratu berri du: Gose, folk bertsioan dio atzoko Berrian Jon Eskisabelek sinaturiko titularrak. Diskoan euskal eszenako hainbat musikari gonbidatu agertzen dira: Gari, Fermin Muguruza, Kutxi Romero (Marea), Naroa Gaintza, Miren Gaztañaga, Ander Lipus, Pirritx eta Porrotx, Josu Zabala, Oskorriko kide batzuk, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Petti, Makala...
Baina nik beste gauza bati erreparatu diot. Laugarren disko hau, hirugarrena bezala, autoekoizpenaren bidetik etorri da, derrigorrean. Zergatik?
-Ines Osinaga: "Printzipioen deklarazio moduko bat da: industria negarrez dagoen artean, sortzaileok ez gaude geldi, eta ezin gara geldi egon. Euskal diskogintzan poltsikoak hustu egin dira agian, baina musikagintza ezin da horregatik gelditu".
-Iñaki Bengoa: "Autoekoizpena marroi bat da. Gu ez gaude militantziagatik autoekoizpenean; bizirik irauteko da".
-Ines Osinalde: "Duintasun kontua da".
-Bikoteak: "Ez dugu banatuko, ez duelako merezi. Gure aurreko disko guztiak agortu egin dira urtebetean; gurekin zenbakiak ateratzen dira, baina guk ez dugu hortik ezer jaso. Horregatik, ereiteko apustua egin dugu disko honekin".
Diskoan parte hartu duten musikari ezberdinekin moldatutako bi bideo itsatsi ditut hemen behean.
Zertan dabil Ibarretxe?
Urtebete baino gehiago pasa du lehen lerrotik aldenduta.
Esan bezala, azken urte honetan apenas agertu den Ibarretxe komunikabideetan, baina astelehen goizean doktore-tesia irakurri zuen Ibarretxek Donostiako Zuzenbide Fakultatean. Tesiaren izenburua: "Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen jasangarria: eredu demokratiko baten oinarriak".
Duela aste batzuk jakin genuen Koldo Ordozgoiti kazetariak idatzitako El futuro nos pertenece. Memorias políticas del lehendakari Ibarretxe liburua argitaratuko duela azaroan Alberdaniak. Hona hemen trailerra:
Lehendakari ohia nondik nora ibili den azken bolada honetan jakiteko, googlen begira egon naiz. Asteleheneko aurkezpenak betetzen du toki dezente, baina eguneratzeak izeneko aukerarekin izan dut Berria egunkarian urriaren 12an ateratako albiste honen berri: Ibarretxe berriro jendaurrean agertzea "normaltasunez" hartu behar dela dio EAJk. Izan ere, 13an Bruselan hitzaldia eman behar baitzuen.
Astelehen arratsaldean, gainera, beste hitzaldi bat eman zuen Kursaalen. Hona hemen Imanol Lasak igotako zortzi minutuko laburpena. Aurkezle lanetan Markel Olano aritu zen.
Gauzak horrela: zertan dabil Ibarretxe?
¿En qué anda metido Ibarretxe?, este apunte en castellano
