Harrikadak
euskal_aberia
AmaiETA
Aieteko Konferentzia pasa da. Beste urrats bat.
Eskolan jai-eguna zen. Tio Antoniok kamioia zuen garai hartan eta egunpasa joan nintzen berarekin toki batetik bestera. Gogoan dut Eratsunetik pasa ginela, Retegi txapeldunaren herritik.
Poz-pozik pasa nuen eguna. Lehen aldia nuelako kamioi batean hara eta hona ibiltzen nintzela.
Gogoan gorde dudan beste gauza baina, tristea da. Iluntzean, etxerako bidean, Goardia Zibilaren kontrola zegoen Oiartzunen. Osabak ea zer gertatzen zen galdetu zion pikoletoari eta honek erantzun Oiartzungo alkatea akabatu zutela arratsaldean.
Ez nuen eguna gogoratzen, baina Google-n bilaketa egin ondoren jakin dut egun hori 1975eko azaroaren 24a izan zela. Gizon hura Antonio Etxeberria Albisu zen. 33 urte zituen eta herriko alkate frankista zen.
Nik 7 urte nituen. Eta eskolan jai-eguna genuen Franco azaroaren 20an hil zenez, astebetez itxi zituztelako ikastetxeak.
Hau da ETAren inguruan nire buruan erregistratuta dudan lehen oroitzapena eta hori etorri zait burura gaurko konferentziaren ondorioz atera den adierazpena dela-eta, batzuk zalapartaka ikusi ditudanean sare sozialetan.
Amaieta.
Amaieta, este apunte en castellano.
Porrotx, entzun, inglesez erantzun
Bi prentsaurreko pasa den asteartean Aieten.
Ez dakit noizbait gertatu den Aieten bi prentsaurreko egotea ordu berean eta bata bestetik hain gertu izatea: lehena, Aiete Kultur Etxeak, Irrien Lagunak klubarekin batera, urriaren 15ean eta azaroaren 5ean Parkeko hainbat zuhaitz ezagutzeko antolatutako txangoaren aurkezpena; bestea, urriaren 17tik aurrera Euskal Herriko gatazka konpontzeko Donostian gauzatuko den Bake Konferentzia (ora pro nobis, amen).
Kultur etxean kazetarien zain gaude. Halako batean, ETBko kazetari bat eta bi teknikari azaltzen dira. Soinu toma non dagoen galdetzerakoan, periodistak dio ea ingelesez izango ote den agerraldia. Nire baitan pentsatzen dut ea Porrotx arituko den ingelesez. Ezetz. Oker dabilela. Aieteko Jauregira joan behar duela erantzun genion.
Handik minutu batzuetara, arnas estuka dator beste kazetari bat. Donostiako komunikabide batean kultura kontuak jarraitzen ditu. Gora joan dela eta jauregian sartu bezain pronto ea ingelesezko zatiak jarraitzeko itzulpenen bat behar ote duen galdegin diote. Ingelesez? Nork eman behar du prentsaurrekoa ingelesez, Porrotxek?
Bilduren trena
Irakurketa itxaropentsua.
Auzitegi Konstituzionalak gaur gauean aterako duen epaiaren zain, Bildu inguruan batu den jendeak epe ertainera itxaropentsu egoteko arrazoiak dituela iruditzen zait.
1.- Pasa den larunbatean Arnaldo Otegi askatzeko manifestazioan egon zen ezker abertzaleko lagun batekin hitz egin nuen astelehenean. Oso pozik zegoen han ikusitakoarekin. Bere ustez, egoera zail honek balioko du ezker abertzaleko jendeak behar den bezala baloratzeko EAk eta Alternatibak emandako urratsa. Era berean, Bildukoak konpaktatzeko balioko duela zioen.
2.- Arnaldo Otegi. Osama Bin Laden garbitu zuten bezala ez badute berarekin akabatu nahi, halako batean presondegitik aterako da Arnaldo. Eta bere lidergoa ezbaian egon bazitekeen barrura sartu zutenean, ateratzekoan lider sendoagoa izango du ezker abertzaleak. Militarrak bere tokian jarri dituena, besteak beste.
3.- Ez da Bilduren arazo soila hau: demokrazia da gakoa. Eta Estatu Espainolaren demokrazia mailak koska bat behera egiten badu, independentistak egiteko makinak abiadura hartuko duelakoan nago.
Hiru ideia hauek bota nahi nituen Bakearen hiri... eta misilena! den Donostiatik. Misilen kongresu bat egun hauetan Donostian eta apenas dagoen informaziorik komunikabide nagusietan.
El tren de Bildu, este apunte en castellano
Dagokionari
Zeintzuk osatzen dute gehiengoa? Ijitoek edo payoek?
Duela ia bost urte lerro hauek publikatu nituen blog honetan:
"Ezagun batekin geratuta nengoen taberna batean. Zain nengoen bitartean, leihotik edo atetik plazara begira nengoen. Eta nire talaiatik ijito koadrila ikusten nuen. Hara begira ari nintzela, laguna iritsi zen eta nire lehenengo hitzak:
'Zenbat ijito dabilen inguru honetan, kopon!'
'Ijito asko... Payo gehiago ikusten dut nik'.
Arrazoi zeukan lagunak. Bost ijito eta dozenaka gizon-emakume payo. Eta nik zeri jarriko arreta eta ijitoei."
Ekar dezagun apuntea beste testuinguru batera. Gaur goizean Brian Currin buru duen taldeak Bruselan publiko egin du agiri bat. Eta pertsona asko sumatu dut nekatuta gatazkak konpontzetik (saiatzetik, behintzat) bizi den jendearekin. Ados.
Orain, goian ijito jartzen duen tokian jarri bakegilea. Payo jartzen duenean, berriz, gerragilea.
Zenbat jende bizi da hemen gerra egitetik? Zenbat jende, aldiz, pakea egin nahian?
A quien corresponda, este apunte en castellano
Auzitegi batean, errefrauak soberan daude
Arnaldo Otegiren epaia, kaleratzear.
Aste bukaera hau, eguraldia eta beste kontu batzuk alde nituela, Alberto Barandiaran kazetariak Miguel Sánchez-Ostiz idazleari eginiko elkarrizketa mamitsu bat irakurtzen eta gaztelaniara itzultzen egon naiz, besteak beste. Oraindik ez dut dena amaitu, baina nahikoa aurreratu dut. "Lubaki bat iruditzen zait mundu hau".
2001eko abenduaren azken egunetan, gustu handiz irakurri nuen garai hartako Euskaldunon Egunkarian plazaratu zen beste bat. Orduan ere biak ziren solaskide, baina zoritxarrez eta Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaileari esker, ez dago sarean. Jatorrizkoa ez, baina bai nik gaztelaniara itzulitakoa. Hona hemen lotura. "Hay razones sentimentales para crear otra sociedad".
Oraintxe bertan jakin dut Theklaneh-ren twitter honi esker, filtratu dutela Arnaldo Otegiren kondena zein izan daitekeen. "Según el fallo del tribunal, al que ha tenido acceso la Cadena Ser" dio albistearen hasierak (San Ildefonso eskolako umeen tonu horretan esateko modukoa da). Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra eta hamalau urteko inhabilitazioa.
Hasieran aipatutako elkarrizketan, Barandiaranek epaiketa horri buruz eginiko galdera ageri da, baita Sánchez-Ostizen erantzuna ere. Ezer gutxi erantsi daiteke.
Alberto Barandiaran: Justiziaren inguruan lotsatzeko moduko gauzak ikusi ditugu azkenotan. Esaterako, Arnaldo Otegiri epaileak bota zion hura, “ardoa edan nahi badu ere!”.
Miguel Sánchez-Ostiz: Lotsagarria iruditu zitzaidan. Epaiketa horretan ere fiskalak errefraua erabili zuen bere tesiei indarra emateko, esan zuenean isildu egiten denak amen egiten duela. Barka: isiltzen dena, isildu egiten da. Auzitegi batean, errefrauak soberan daude. Fiskalaren alegatu batean jurisprudentzia edo zigor kodea erabili behar da, baina ez errefrauak.
Oharra: argazkiaren kreditua, Dani Blanco (Argia).
Orain ere, gezurra ari du
Begoña Urroz ez zuen ETAk erail. DRILen ekintza izan zela dio Iñaki Egañak, beste batzuen artean.
Duela egun batzuk txoko honetan plazaratu nuen Begoña Urroz Ibarrola izan omen zen lehena izeneko apuntea. Bertan El País egunkarian agertutako erreportaje bat hartu nuen hizpide, La primera víctima de ETA. Jesús Duvak sinaturiko informazioaren arabera, neskato hau izan zen ETAren lehen hildakoa.
Hurrengo egunean bertan jaso nuen Serafinen komentarioa, Gezurra galanta. Gaztelaniazkoan ere mezu bat baino gehiago jaso nuen gauza bera esanez.
Otsailaren 12an, berriz, Martin izeneko pertsona batek Gara egunkarian Iñaki Egaña historialariak sinaturiko Cómo se construye una mentira artikuluaren lotura itsatsi zidan. Uste dut bertan Egañak nahikoa argumentu ematen duela El Paísek argitaratutakoa gezurtatzeko.
Beti argi ibili beharra dago horrelako albisteekin. Egun gauzak dauden bezala, are gehiago. Ez dakit nola erori nintzen Duvaren tranpan, are gehiago Florencio Domínguez bezalako iturriak erabili zituela argi eta garbi adierazten zuenean.
Siguen lloviendo mentiras, este apunte en castellano.
Imanol Muruaren "Loiolako hegiak" liburua
Xabier Mendiguren editoreak Imanol Muruaren liburu berriaz aurreratutakoak.
Zer gertatu zen Loiolan? kolaborazioa sinatu zuen Xabier Mendiguren Elizegik pasa den asteko Argia aldizkarian: "Egundoko liburuak suertatzen zaizkigu batzuetan esku artean, editore-lanbide honetan. (...) Gure ofizio xumeak horixe du ederrena: beste inork baino lehenago edukitzea begien aurrean egiazko harribitxiak." Norena den liburua? Imanol Muruarena. Titulua: Loiolako hegiak.
Mendigurenek hiru idazle eta beste hainbeste obra aipatzen ditu jarraian: Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak, Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo, Elorriagaren SPrako tranbia...
Eta zer topatuko dugu irakurleok Muruaren Loiolako hegiak liburuan: "Kronika xehe bat da, 2006ko udazkenean Jesulagunen basilikan EAJ, PSE-EE eta Batasunako ordezkariek egin zituzten elkarrizketei buruz, baita aurretik eta ondotik ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean izandako hartu-eman eta gorabeherei buruz ere."
Eta amaitzeko: "Liburu hau apartekoa da, ordea, orain arte oso jende gutxik zekiena kontatzen baitu. Urkullu, Egiguren eta Otegirekin izandako solasaldi luzeetan oinarrituta, eta hainbat iturritatik osatuta, azken bake-prozesuaren erretratu zehatza egin du, erdi ezkutuan zeuden edo guztiz ezezagunak ziren datu ugari plazaratuz."
Tira, orain bakarrik falta zaigu jakitea liburua noiz egongo den kalean. Irakurtzeko gogoa piztu zaigu-eta.
Imanol Muruaren "Loiolako hegiak" liburua. Aktan jasoa. Sustatu. 2010eko otsailak 9.
Begoña Urroz Ibarrola izan omen zen lehena
1960ko ekainaren 27an Donostiako Amarako tren geltokian bonba baten eztandaren ondorioz hil zen, kiskalita, 22 hilabeteko neskatoa. Zaurituen artean beste sorpresa batekin egin dut topo.
Otsailak 17. 23:00. Eguneratzea. Apunte hau irakurri aurretik (edo ondoren), irakurri Orain ere, gezurra ari du.
Ander Izagirreren tuiteogatik jakin dut La primera víctima de ETA erreportaje zabala publikatu duela El País egunkariak gaur. Informazioa sinatzen duen kazetaria, berriz, Jesús Duva da.
Katekista batek kontatu omen zion Jose Antonio Pagola bikario ohiari hura izan zela ETAren lehen hildakoa. Eta Pagolak hori publikatu zuen La ética para la paz. Los obispos del País Vasco 1968-1992 liburuan: "En realidad, parece ser que la primera víctima de una acción terrorista de ETA fue la niña de 22 meses Begoña Urroz Ibarrola, muerta el 27 de junio de 1960, al hacer explosión un artefacto colocado en la estación de Amara (San Sebastián)".
ETAren biktima izandako Ernest Lluch-ek ere idatzi zuen zerbait horri buruz. Nahiz eta erakundeak ez hartu hori bere gain, El Paísen irakurritakoaren arabera, Txelisi harrapatutako agiri batzuetan agertzen omen da erreferentziaren bat.
Kasu honetan, berdin zait zein talderen ardura izan zen aipatu ekintza, baina gogorra da familia honek pasa behar izan duena urte hauetan guztietan.
1960ko ekainaren 27an bost lehergailu jarri omen zituzten: “uno en un furgón del tren correo Barcelona-Madrid, entre los municipios zaragozanos de Quinto y Pina de Ebro, y los otros cuatro en otras tantas consignas de Barcelona, Madrid y San Sebastián (una en la estación del Norte y otra en la de Amara).”
Zaurituak baina, Donostian gertatu ziren: “En la estación del Norte donostiarra resultó herido de levedad Carlos Íñigo Acevedo, domiciliado en Pasaia. Pero el de Amara fue el más grave de una cadena de atentados inusual hasta entonces bajo la férrea dictadura del general Francisco Franco. Además de la niña Begoña Urroz Ibarrola, con quemaduras en el 90% de su cuerpo, también resultaron heridos por este último artefacto el joven estudiante Valeriano Bakaikoa Azurmendi, de 15 años, que regresaba a San Sebastián tras pasar unos días de vacaciones con unos familiares de Rentería; la encargada de la consigna, Soledad Arruti, de 60; Pascual Ibáñez Martín, de 29 años; Francisco Sánchez Bravo, de 42, y María García Moras, de 49.”
Valeriano Bakaikoa Azurmendi izena irakurri dudanean Baleren Bakaikoarekin gogoratu naiz, Zuzenbide fakultatean klaseak eman zizkidana eta ostiralean Argia sarietan agurtu nuena. Baleren Bakaikoa unibertsitateko irakasle ezberdinek osatzen duten Elkarbide taldeko kide da eta prentsan ohikoa da haren sinadura Jose Manuel Castells, Xabier Ezeizabarrena, eta abarrekin batera ikustea, batez ere Noticias taldeko egunkarietan Euskal Herriko politikari buruz publikatzen dituzten artikuluetan.
Begoña Urroz Ibarrola debió de ser la primera, este apunte en castellano.
Jamaika da bidea
Sei hilabete joan zaizkigu jada JOR hil zenetik.
Dear JOR:
Gogoratzen Oier potolitoa? Haren amak, Elenak, idatzi berri du blogean semeak gelakide berria duela eskolan. Amak galdetu zionean ea nongoa zen mutila, semeak ez zekien erantzuten. Berarentzat galdera garrantzitsuena beste bat baitzen: portero edo jokalari.
Lehenengo galdera helduen mundukoa baita. Jakin nahi dugu nongoa den bestea, nire garai bateko jefe baten moduan “nirekin edo nire aurka” maxima aplikatzeko ondoren. Berarekin ez nengoenez, haren ustez kontra ari bainintzen.
Hemen gauzak ez dira asko aldatu. Beti bezala jarraitzen dugu, gizona. Batekin bazaude, malo; bestearekin, okerrago.
Baina guri bost axola. Zaletasun gutxi ditugu, baina egungo Javier Vizcaínoren zale izaten jarraituko dugu (erreparatu elkarrizketa honetako komentarioen mailari), inorekin ezkontzen ez den horietakoa delako.
Ezkontzak aipatzen ditugula, aurrekoan irakurri genuen Iñigo Alonsori eginiko elkarrizketa hau. Euskalmet agentziako buru berria da Iñigo eta senarra, Ernesto Gasco, da departamentuko sailburuordetako bat. Baina zu lasai, ez baitio senarrak deitu, Arriolak baizik. Gauza jakina da Geografia lizentziatua izanik eta autobus gidari lanetan ibili ondoren, asko ikasten dela eguraldiaz (igogailuetan gehiago, izenda dezatela hurrengo zuzendari aszensoristaren bat).
Hauei tokia egin dietenak ere, ez pentsa. Aste honetan bertan El Mundok publikatu du EITBko zuzendaritzako sei kidek jasotako kalte-ordaina, nahiz eta lagun horiek etxean bertan jarraitu beharrean. Tonto aurpegia geratzen zait horrelakoak irakurrita.
Noticias taldean ere sumatzen da saltsa. Pentsa, Iñigo Camino izendatu dute Deiako zuzendari. No comment!
Amaitu baino lehen: Rubalcaba bezalakoentzat ez dago tokirik Jamaikan? Esango didazu.
Besarkada bat, JOR.
Jamaica es el camino, este apunte en castellano.
Isaki Lacuesta: La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait
Kataluniako zinemagilea da Isaki. Los condenados filma estreinatuko du laster, Donostiako Zinemalditik pasa ondoren.
"La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait. Medemek erabiltzen dituen formak ez datoz bat berak zituen asmoekin. Adibidez, beti kontatzen zuen bere helburua zela pertsonaia guztien arteko elkarrizketa sortzea, kalean hitz egitera inoiz eseriko ez liratekeen pertsonak filmaren bidez elkarrekin solasteko aukera izatea. Baina pelikulak duen muntaia sinkonpatuak ez du lortzen pertsonaiek beraien artean hitz egitea; are gehiago, ikusleak ere ezin du ahots bakar bat oso-osorik entzun. Badira uneak non amaitu aurretik moztu egiten baitituen esaldiak. Asko miresten nuen zinemagilea zen, batez ere Vacas-Behiak eta La Ardilla Roja filmengatik, izugarri gustatu zitzaizkidanak. Hala ere, film honek desengainatu ninduen. Uste dut hobe zela ez saiatu izana halako mosaikoa egiten. Zentzu handiagoa du Interneten jarri zuena pelikula berak baino. Ezin zen laburbildu ordu eta erdian berrogeita hamar pertsonaiek ziotena".
Paragrafo hau Tarik Gómez-Kemp kazetariak Isaki Lacuestari eginiko elkarrizketatik atera dut. Isaki Los condenados filmeko zuzendaria da, Donostiako Zinemaldiaren atal ofizialean proiektatua.
Hau izan omen da filma garatzeko hasierako hausnarketa: "Harritzen nau ikusteak nola intelektualak pasa diren hiru hamarkadetan borroka armatuaren alde egotetik aukera zilegizko gisa baztertzera".
Dirudienez filma udazken honetan estreinatu daiteke. Hona hemen trailerra.