Harrikadak
euskadi
Politikarien zalaparta 2.0
Patxi López-en 100 egunak ospatu asmoz eginiko twitterizketaren zalapartak isildu zirenean, Urkulluren apunte batek arnasa eman dio berriro gaiari.
Patxi López lehendakariaren 100 egunak direla eta ez direla, gaurko Berria egunkarian Urkulluren hitz hauek irakurri ondoren jatorrira jo dugu eta jeltzalearen blogean dagoen Enperadorearen 2.0 trajea izeneko apuntea leitu.
Gaizki idatzitako apuntea iruditu zait eta nire buruari galdegin diot ea zergatik idazten duten hain zabar inguruko hainbat lider politikok. Anasagasti estiloa gailendu al da ba? Burutik pasatzen den lehen gauza idatzi eta apenas irakurri gabe kargatu blogean? Patxi Lopezek, aldiz, ez du zabar idazten, baina bai dela planoa haren idazkera (zalantzak ditut ea berak idazten duen edo beste batzuk ari diren hor).
Harira. Urkullurenean atentzioa deitu dit ondorengo esaldi honek:
"Sobre su entrevista en Twitter, que fue seguida por sólo 47 personas en
este canal de comunicación y escenificada para las cadenas de TV".
47 jarraitzaile horiek (orain 43) 100dias erabiltzailearenak dira. Abuztuaren 14an korrika eta presaka sortutako erabiltzaile horren aktibitatea egun bakarrekoa izan zen, baina horrek ez du esan nahi 47 lagunek jarraitu zutela twitter-en Patxiren elkarrizketa, ez baitzen beharrezkoa erabiltzaile horren jarraitzaile egitea lehendakariaren agerpenaren berri izateko, ezta berari galderak helarazteko. Elkarrizketa ahoz eta zuzenean erantzun zuen Lópezek eta Lehendakaritzaren webgunean jarrita dago. Ezin erreparatu, beraz, datu horri ekimena baloratzeko (erreparatu gehiago #100dias hashtag-ak abuztuaren 14an izan zuen mugimendua).
Urkulluk aipatzen du ondoren José Antonio del Moral (Juan Antonio ez). Apunte gogorra idatzi zuen lehendakariaren propaganda 2.0 kritikatuz (parte hartzearen iruzurra). Eta ados nago zalaparta 2.0 izan zela soilik, besteak beste, twitter-en ez baitu mugimendu gehiegirik patxilopez erabiltzaileak (gehienetan, twitterfeed erabiliz blogean idatzitako apunteen loturak bidaltzen ditu); eta twitter beste modu batez erabili behar da twitterizketa egiteko; eta Real Player erabiltzea ez da hautu ona; eta gauzak gehiago lotu behar dira; eta abar...
Hala ere, gehien tristatu nauena da (Cybereuskadin, Urkulluren blogean edo Patxiloren webgunean) aldekoek eta kontrakoek erantzuterakoan erabiltzen duten tonu zakarrak edo goresleak. Erdi biderik egongo ez balitz bezala.
2.0 politika tokitan dago oraindik. Nik, eta beste askok, ulertzen dudan bezala, behintzat.
Amets prefabrikatuak
Atzo goizean hartu nuen Hertzainaken disko hau. Aurreko batean Jolausek "Aitormena"ri erreparatu zion. Nik kanta guztiekin osatu dut apuntea.
Amets prefabrikatuak
"Prefabrikatutako ametsetan / estadistikaren zeruan / borondatea itoa izan da / kontsumoaren ferian".
Akabo hilabete asko iraun duen hauteskunde kanpaina. Iluntzeko 20:01ean alderdiak gutaz ahaztu egin ziren. Bi ordu pasatxo eman zuten bakoitzaren boto-poltsari begira.
Ispiluaren aurrean
"Kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik / jada ezin dut konprenitu zein gaizki sentitzen naizen / Dena aldatu da erabat".
Noiz izango dira hurrengo hauteskundeak? EAEri dagokionez, ezetz aguantatu lau urte gobernuan udaberri honetan lehendakari izendatua denak.
Autokutsatzen
"Automata bat naiz, zarata belarritan / Ez dakit non nagoen baina berandu da".
Ibarretxeri etxera joateko garaia iritsi zaiola dirudi. Bere onerako izango da.
Era berean, EAJri ere komeni zaio Lakuatik urruntzea bolada batez. Hainbeste urte pasa dituzte gobernuan!
Aitormena
"Ez dira betiko garai onenak / Azken finean, gizaki hutsak gara / barearen ostean dator ekaitza / udaberri berririk ez guretzat".
Papeleta ederra du PatxiLok. Ez litzaidake gustatuko bere tokian egotea. Ez dut ezer espero berarengandik, baina gaur Jukeboxek ederki gogoratzen zuen bezala, horrela hartu zuen Donostiako alkatetza Odón Elorzak 1991n... eta bertan jubilatuko dela dirudi.
Gaizki pentsatzen
"Ez pentsa gaizki. / Gaizki pentsatzen hasi naiz betiko lez pentsatzen / zuek beti zaudela pentsatzen / gu beti garela gauza bera pentsatzen".
Demagun 25 eserleku lortzen dituela PSEk (EArekin du eserleku bat jokoan, baina partidu honek 8 boto ateratzen dizkio bakarrik eta atzerrian daudenen botoak kontatzeke daude oraindik). Ederki sufrituko du Lopezek PPkoen menpe geratzen bada. Zer esanik ez UPyDkoak bidaide badituzte.
Zuzen zuzen heriotzeraino
"Zuzen heriotzeraino / ez dago atzeko biderik / Argiak itzali egin dira / bukaera goxoa banoa".
Javier Madrazori norbaitek erakutsi beharko dio dimisioa hitza hiztegian bilatzen. Eta etxerako bidean jar dezala hain ondo ordaindu dugun Kepa Junkeraren lana. Unai Ziarretak egin duen bezala.
Tupeak gora
"Hauxe da ronkanroll jaia / hoixe eroa jaia / rokanrola dantza jaia / hoixe eroa".
Aralarri dagokionez, pena ez kentzea PPri Gipuzkoako azken eserlekua. Euforikoak daudela dirudi. Hori bai, ondo baino hobeto ikasi beharko lukete goiko bi alderdiek larrutik ordaindu duten lezioa: boterea ukitzeak, are gehiago alderdi handi baten arrimuan jartzeak, ondorio larriak izan ditzakeela.
Suaren gainean dantzan
"Etxetik alde egin eta giltza bota, ez nintzan itzuliko legepera / eskaintzen zidatena ez nuen nahi / lehenengo obeditu ta gero jai".
Ezker abertzale ortodoxoa erditik kentzen saiatzen badira ere, ur azpitik bizi-bizi ateratzen da beti. Baina, kontuz, gazte garaiak pasa dira jada.
564
"Hotz amaigabe bat baino latzago / ta urteak egun baino gehio / 564 ohe huts / samina zabaltzen".
Adi, boto biltzaileak! Abstentzioa ere gora doa.
Bi minutuero
"Hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin bazara / bi minutuero / herrimina".
Atzo ez nuen jarraitu hautesgaua telebistaz: irratia, hauteskundeak.teketen.com, twitter eta Sustatuk montatuko liveblogging-a izan nituen lagun.
Oharra: hauxe da Jolausek egin zuena Aitormena kantarekin.
Musika peperoa
Youtuben daude jada PP alderdiak atzo Donostian egin zuen ekitaldiaren zatiak.
Gaurko El Mundon (Euskadiko edizioan) ikusi dut azalean Pignoise taldeko abeslariaren gandorra, kamiseta eta gitarra Alderdi Popularreko Euskadiko goi karguez inguratuta.
Bazkaltzerakoan enteratu naiz ekitaldia Donostiako Victoria Eugenian izan zela atzo igandean.
Gauean, berriz, blogak irakurtzen ari nintzela Jon Tornerek Argian idatzitako PP Crazy in love apuntea irakurri dut. Handik youtubera joan naiz eta bideo honekin egin dut topo.
Aurreko batean esan nion politikari bati: a zer nolako kanpaina jasan beharko dugun udaberriko hauteskundeak izan arte!
Eguneratzea. Urriak 29. 22:15. Luistxorengatik jakin dut bideoaren Sarri Sarri bertsioa dagoela jada sarean.