Harrikadak
etb
"Kafea eta galletak" ekimenari eskainitako Orain-a
ETB3n botatzen duten saioa da Orain. Euskal Herriko kultur sortzaile eta ekimen interesgarrien ehizan dabiltza. Gernikako "Kafea eta Galletak" zikloari eskainitako tartea da ondorengoa.
Gora Kafea eta Galletak! Eta haien sustatzaileak: Leire eta Ibon.
Perurena dokumentala egin du Moriartik ETBrentzat
Otsailaren 10ean estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean.
Atzo goizean Sustatun irakurri nuen Iñaki Perurena, berriro bikain izeneko apuntea. Bertan Leitzako harri-jasotzailea ageri da Teknopoliserako eginiko bideo batean harri-jasotzeari buruz hizketan (Manu Redondorekin izaniko aferan Iñaki bikain egon zelako titulatu dute orain berriro).
Baina hori ez da Perurena familiari buruzko albiste bakarra. Datorren hilean, otsailean, Donostian estreinatuko baita Moriarti ekoiztetxean ETBrentzat eginiko Perurena dokumentala.
Perurena (Sek bat) from Moriarti on Vimeo.
Zera dio sinopsiak: "Inaxio Perurena harrijasotzaile gaztea bere errekor berria lortu nahian dabil: 300 kiloko harria altxatzea. 1987an bere aita, Iñaki Perurena entzutetsua, izan zen lehena harri hau altxatzen".
Ez esan hori irakurrita eta jakinda zuzendaria Jon Garaño dela (80 egunean, besteak beste), ez duzuela dokumentala ikusteko gogorik.
Orain bai!
Orain telebista saioa, ETBko harribitxietako bat.

Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.
orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.
Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.
orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.
Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).
Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.
¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.
Politesse falta
Julio Ibarrari Ion Orzaizek eginiko elkarrizketa ageri da Nabarra aldizkariaren 101. zenbakian. Abuztukoa.
"Abenduan lau urte beteko dira Euskal Telebista utzi nuenetik, eta ez dut uste balantzea egiteko garaia iritsi denik, baina zera esan dezaket: asko ikasi dudala Metroan egiten dudan lan honetatik. Nik aukeratutako aldaketa izan zen. Hogeita bi urte eman ditut hedabideetan, baina berez, nik marketina ikasi nuen, eta telebistatik alde egin arte ez nuen aukerarik izan ikasitakoa praktikan jartzeko. Horregatik baliatu nuen Metro Bilbaoren aukera, eta eskertzekoa da".
Kanpoan zaudenetik, nola ikusten duzu telebistaren mundua?
"Nire ikuspuntutik, telebistak asko galdu du azken lau urteotan, baina horrekin ez dut esan nahi ni joatearen ondorioa izan denik (barrez)".
Askoren ustez, Teleberriek ere behera egin dute zuk alde egin zenuenetik...
"Tira, txarto dago nik esatea, eta ezagutzen nauen jendeak badaki ez naizela batere harroputza edo handinahia, baina egia da. Esan dudan bezala, ez da nik alde egin izanaren ondorio zuzena, baina iruditzen zait Teleberriak bere profil edo nortasun guztia galdu duela. Gauzak islatzeko modua galdu egin zen, auskalo zergatik: karismarik gabeko aurkezleak jarri zituztelako, oso profesional gazteak zirelako... Nire irudipena da une horretako zuzendaritzak profil light edo gatzgabeago bat planteatu zuela, ez molestatzeko. Zaratarik ez. Aldaketa hori, gainera, oso epe laburrean gauzatu zen. Nik abenduan alde egin nuen eta ekainerako Teleberriaren nortasuna erabat ezberdina zen. Eta horrek eragina izan zuen ikusle kopuruan ere: guk lidergoa izan genuen hamar urtez jarraian; Euskal Herri mailan, albistegien erreferente nagusia ginen. Gerora, Teleberria laugarren postura jaitsi zen, Tele 5, TVE eta Antena 3 albistegien atzetik, eta arrazoia indefinizio hori izan zen. Nortasun eza. Konplexu mordoa dugu; besteek nahi duten guztia egiten dute, eta guk beti inor molestatu gabe ibili behar dugu, zaratarik atera gabe. Finean, eguneko berrien %80 berdinak dira kate batean zein bestean: atentatua Iraken, erasoak Palestinan, Lehendakaritza, AEBetako presidentea... eta kitto. Desberdintasuna kontatzeko moduan datza. Jendeari pentsatu ahal izateko aukerak eman behar dizkiozu. Hortxe dago gakoa".
Julio Ibarra. Ion Orzaizek 2009ko abuztuko Nabarra aldizkarian agertu den elkarrizketa, 101. zenbakia. Papera hartu beharko duzue gainerakoa irakurtzeko.
Marketina ikasi ei zuen, baina politesse pizarra ere ez litzaioke gaizki etorriko. Gauza bera esan daiteke egungo aurkezleak hain txarto utzi gabe. Azken finean, lankideak ditu eta egunen batean, agian, elkar ikusiko dute. Gainera, Juliok ez al du gogoratzen nola hasi zen bera telebistan? Hau da, fakultatetik atera zenean gaur egungo Ibarra zen? Baita zera ere!
Eitb
Goi kargu berrien izendapena. Jatorri eta korronte ezberdinak.
Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).
Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).
Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.
PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.
Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...
Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.
Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.
David de Jorge berriro
Udako saioa izan zen estreinaldia. Orain, gabonetakoa egin du.
Uztailaren bukaeran idatzi nuen hementxe bertan David de Jorgek estrainekoz ETBn egin zuen telebista saioaz. Orain, gabonetako atarian bueltatu da kajatontara. Kasu honetan, Martin Berasategui sukaldaria eta Gorka Otxoa aktorea izan ditu bidaide.
Programa bota zuten egunean ezin izan nuen ikusi (abenduaren 22an). Dena den, EITBk lauzpabost bideo ikusgai jarri ditu bere webgunean. Hauxe da lehenengo zatia.
Javier Vizcaínok David elkarrizketatu zuen abenduaren 21ean eta gaur entzun dut solasaldia. Javierrek aipatzen du, besteak beste, Davidek oso ondo idazten duela (arrazoi osoa du). Adibidez, hona hemen abuztuan hildako aitari idatzitako apuntea.
"Tuvimos el gusto de conocernos el 4 de Octubre de 1970 en la Clínica San Ignacio de Donostia, y cuentan las más ancianas que babeó como un Mastín Pirenaico, mientras su chica me echaba al mundo hecho unos zorros, empujando como una leona. Él tenía entonces 36 tacos recién cumplidos y era un verdadero torero casta de tronío en toda regla.
Gehiago hemen: Faltará el galego
Telebista saioa osorik ikusteko jo EITBren webgunera.
David de Jorgeren txorakeriarik gabeko sukaldaritza
David de Jorge handiaren estreinako saioa ETB2n. Gaur. Uztailak 28. 23:00etan. Cocina sin bobadas.
Pasa den astean-edo jaso nuen David de Jorgek idatzitako e-maila. Bertan, Cocina sin bobadas telebista saioa egin behar zuela zioen. Oraindik ez zegoela emisio data jakinik, baina laster enteratuko ginela. Jada periodiko batzuetan izan dugu horren berri, baita hainbat blogetan ere (hala nola, Hasier Etxeberriarekin batera Soitun duen Glotonian: David aurreratu egin zen eta Hasier etorri zen ondoren). Sopa de Ganso blogean, berriz, David ageri da minutu t´erdiko bideoan programa saltzen.
Hor bertan, Iñigo Galatasen Sopa de ganso blogean, enteratu gara Andoni Luis Aduriz eta David de Jorge egon zirela duela zenbait urte Amara auzoan dagoen ARCCO merkatal gunean ireki berrian Berasategi faktoriak zabaldutako mostradorean. Gero, biek hanka egin zuten orain Andonik bakarrik gobernatzen duen Mugaritz famatua martxan jartzera. David puntako sukaldaria dela diote, baina orain bulegoan ari da lanean.
Nik duela pare bat urte ezagutu nuen. Ez nuen berarekin berbarik egin, baina KMn egondako Bestiarium Gastronomicae erakusketan izan zen. Gero, 2007aren bukaeran, Rafael Chirbes ekarri genuen hirira Crematorio eleberriaz hitz egitera. Aurkezle lanetan aritu zen Hasier Etxeberria eta Daviden jestioei esker bapo afaldu genuen Kursaal jatetxean. Prezioa, menu infantil, berak esango lukeen bezala.
Geroztik Hasierrekin batera gobernatzen duen Glotonia blogean jarraitu diot pista. Verracotzat dute beraien burua, baina aketza jartzea gehiegizkoa iruditzen zait.
Gaurko saioa berezia izango da, aurrerapena, eta adi egongo gara pantailari so, dena ondo irtenez gero, udazkenean aukera gehiago izango baitu ETBn jarraitzeko.
David: niri sukaldea baino mahaia gustatzen zait, baina gaur gauean telebista aurrean izango nauzu. Ea egia den oraindik maite duzula Oteizaren maxima (ez zapuztu zure galtzaile karrera, erdipurdiko arrakastaren batekin).