Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak ernest_lluch

Harrikadak

ernest_lluch

"Amarauna: auzoa eraikitzen" egitasmoa prest

Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 14ra arte.

Politikariek hauteskunde aurreko proiektuak, egitasmoak, zirriborroak edo dena delakoak inauguratu behar dituzte martxoaren 28rako, datorren astelehenerako. Horren ondorioz, Donostian adibidez, gaur inauguratuko dute Oroimenaren Lorategia eta ondoren Miarritzeko agintariekin bat egingo dute Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroa (ez fisikoa) aurrera eramateko hitzarmena. Baina, baina, baina... potoloena San Telmo Museoaren inaugurazioa izango da: astelehenean bertan, hilak 28, goiz eta arratsaldez.

Agintariak gorbata eta txaketa soinetik kendu gabe dauden bitartean, dilistak etxeratzeko langostinoak ea nork azkarrago irensten dituen lasterketa zoroan, badaude ere gauza interesgarriak. Horietako bat da "Amarauna: auzoa eraikitzen" izenekoa. Atzo, martxoak 25, zabaldu zen Ernest Lluch Kultur Etxean.

Auzotar asko hurbildu zen ekitaldira. Eta egiazko proiektu bat dela ikusi genuen gure begi aurrean. Antzeko proiektu bat egin zen iaz Lugaritz Kultur Etxean, Antiguako auzoari zegokiona, eta udaberri honetan gehiago egingo ei dira (Martutene, Txomin, eta abar).

Lerro hauen azpian jarri dizuet "Amaratarrak" bideoaren aurkezpena. Bi minutu hauetan ia hogei auzotarri eginiko elkarrizketen zatitxoak bildu dira. Apirilaren 12an estreinatuko dute bideo osoa, 45 bat minutukoa, Ernest Lluch Kultur Etxean bertan. Errealizatzailea Laszlo da eta jende ezaguna eta ez hain ezaguna jarri da kameraren aurrean: José Luis Fernández, Xabier Eleizegi, Amaia Vázquez, Maria Jesus Dendategi, Tanit tabernako Ibarrola ahizpetako bat, Javi Pez, Ibon Errazquin, Mundu, Alfonso Benito...

 

Era berean, bizilagunek, elkarteek eta hainbat eragilek utzitako 800 bat argazki jaso dituzte. Flickr kontu honetan daude 500en bat.

 Memoria urbana donostiarra: Amarauna, construyendo el barrio, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2011/03/26

Ipuinak eta poesia, musika lagun

Goizez, helduentzako ipuinak Tabakaleran. Iluntzean, Komuneko paperean emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Urtarrilaren 14an biak.

Atzo goizean Joserra Senperena musikariaren mezu hau jaso nuen.

"Ostegun honetan grabatzen dut Cuentos para adultos diskoa, Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin batera prestatzen ari garen erakusketa-disko-liburua, ekainean estreinatzekoa dena. Grabazioa goizez izango da Tabakaleran bertan, hango sala handiaren erreberberazioa baliatzeko. Gainera, prozesua filmatuko dugu lau kamera erabiliz, Iñigo Salaberriaren aginduetara. Takaleran grabatzen den lehenengo diskoa da, eta eraikina berritu aurretik azkena".

Ezin izango naiz joan, baina itxura hona du.

Arratsaldean, berriz, Ernest Lluch Kultur Etxean egongo dira Imanol eta Mattin Epelde, Bi anai. Emanaldia iluntzeko 19:30ean izangoa, Erakusleihoa programaren barruan. "Imanolek idatzitako poemak hartu eta Mattinek musika jarri die, Komuneko paperean izeneko ikuskizuna sortuz. Giro intimistan errezitatuko eta kantatuko dituzte poemak, inor epel ez uzteko ahaleginean".

Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Komuneko Paperean proiektuko bloga.

Hona hemen minutu erdiko trailerra. Bertara joateko gogoa piztuko dizuelakoan. Gogoratu, urtarrilaren 14an.

Cuentos y poesía, con ayuda de la música, este apunte en castellano.

Canet rock

Eta zinea. Eta literatura... Artistak, finean. Txuri beltzean. Ernest Lluch Kultur Etxean urriaren 3ra arte.

Atzo Thomas Canet argazkilari madrildarrak 28 erretratuz osaturiko erakusketa inauguratu zuen Ernest Lluch Kultur Etxean. Eta handik pasa ginen, aspaldian apuntatu baikenuen hitzordua agendan. Loveof74 lagunak egin du miguelvidaurrismoa. Ez dugu, beraz, errepikatuko. Erentxun, berriz, arinki pasa da gainetik.

Urte hasiera honetan ezagutu genuen Madrilen kanpamentu basea duen fotografoa. Otsailean, zehatz-mehatz: Lieder erakusketaren inaugurazioan. Orduan, haren webgunean ibili ginen argazkiei begira. Orain obra bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Eta gustatu zaigu ikusitakoa.

Egindako elkarrizketa gehienetan normalean pare bat kontu aipatzen dira: txuri-beltza erabiltzen duela argazkilariak eta irribarrea ez zaiola erretraturako gustatzen (muga bat dela dio Thomasek). Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak jaso dute aktan atzoko prentsaurrea.

Donostian paratutako lehen argazkia Ana Currarena da eta serieko azkena, Iván Zulueta. Aparte dago Rafa Berrio, Lento bere txakur mugituarekin. Gainera, bisitariak topo egingo du ondorengo hauekin: Auserón anaiak, Christina Rosenvinge, Joserra Senperena, Karmelo C. Iribarren, Roger Wolfe, Ray Loriga, Alberto García Álix, Diego Vasallo, Ariadna Gil, Enrique Sierra, Candela Peña, Ruth Gabriel, José Ángel Mañas, Leopoldo María Panero... Canet-ek berak prestatu du erakusketaren microwebgunea.

La mala espina blogean dio Mitomanías seriea bukatu duela jada. Liburu bihurtu nahi dituela topaketa guzti horiek. Egia izango da, baina ondo dakigu ere ez duela aukerarik galtzen argazki gehiago ateratzeko.

Azpian, El Selenita jaunak egindako argazkian, Thomas Canet ageri da kameraren aurrean.

Canet Rock en Pedradas

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31