Harrikadak
erakusleihoa
Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan
Gaur egongo da Ernest Lluch Kultur Etxean "Bertsu eta biolon" ikuskizuna. Bertsoa eta musika.
Pasa den hilabetean izandako Metro koadro bat emanaldiaren ondotik, Amets Arzallus bertsolariaren eta Ortzi Oihartzabal musikariaren txanda izango da gaur Erakusleihoan. Izan ere, Ernest Lluch Kultur Etxeko zuzendari berriak, Xabier Cañasek, Erakusleihoa programarekin jarraitzea erabaki baitu.
Prentsa oharrak dioen moduan "bi artista hauek hitza eta musikaren arteko
bat-bateko bidai batera eramango gaituzte (...) Bibolinaren lau kordak eta ahots baten bi kordak korapilatuak, sormen bide ezberdinak jorratuko dituzte; musika, bertsoa eta idazkiak elkarrizketan. Esperimentazioa zuzenean".
Ezagutu nahi izanez gero, gaur, azaroak 27, duzue aukera bikaina. Arratsaldeko 19:30ean da hitzordua Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean). Dena uste bezala ateraz gero, bertan egongo naiz gaur iluntzean.
Informazio gehiago, Donostia Kulturako Arte Eszenikoen atarian, victoriaeugenia.com webgunean: Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan.
Iban Nikolai Erakusleihoan
Iban Nikolai didgeridoo jotzaile oiartzuarraren emanaldia martxoaren 27an Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Hau izango al da azken Erakusleihoa?
Atzo arratsaldean kaña batzuk hartu nituen lagun batzuekin lanetik irten ondoren. Konturatu gabe Iñaki Diéguez trio taldearen emanaldiarekin egin genuen topo Gipuzkoa Plazan, Aldundiaren arkupetan. Eguraldi euritsua Donostian eta jende gutxi musikariei kasu pizarra egiten. Saioa Udaberriko Kontzertuak izeneko programaren barruan zegoen.
Doan
izango da ere Iban Nikolai datorren
ostegunean Donostian, kasu honetan Erakusleihoa
izeneko gordasolapean. Nikolaik Iker
Telleria, perkusioetan, eta Asier
Suberbiola, bibolinean, izango ditu lagun.
"Hamar
urte baino gehiago igaro dira Iban Nikolai gazteak australiar jatorrizko
instrumentu hau jotzen hasi zenetik. Europako hamabost maisurekin eta Arnhem
Land-ko (Australia) aborijenekin ikasi zuen eta orain arte hiru disko argitaratu ditu bakarka: Yurlunggur, Didjeridu Hotsak
eta Hamar. Egun Samar
taldea osatzen du Pascal Gaigne
edota Ritxi Salaberria bezalako
beste musikari ezagunekin batera. Goian aipaturiko talde beraren izena duen
diskoa kaleratu dute".
"Nikolaik estilo pertsonal bat garatu du didgeridooa folka, rocka, duba, technoa edota funkya bezalako estiloekin fusionatuz eta dozenaka artistekin kolaboratu du beren lanetan arrasto berezia utziz".
Non: Ernest
Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen
aldamenean).
Noiz: martxoaren 27an, arratsaldeko 19:30ean.
Sarrera: doan.
Oharra: argazkia Iban Nikolaik utzitakoa da.
Ezeraiketak Erakusleihoan
Mikelazulo Elkarteko bost kideren proiektua da "Ezeraiketak". Otsailaren 21ean Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean arituko dira.
2004an hasi zen Erakusleihoa. Oker ez banago, Oier Iruretagoiena aka Tüsüri (oraindik) gazteari egokitu zitzaion bere lana programa honetan erakusten zuen bigarren artista izatea. Garai hartan hamazazpi urte betetzeke zegoen oraindik.
Lau urte pasa dira jada eta Oier Bilbon dago egun ikasketak burutzen. Halere, ez du herrikoekin zuen loturarik galdu. Horren adibide da proiektu hau, Mikelazulo Elkartearen inguruan dabiltzan bost lagunek prestatutakoa:
Nortzuk: Iker Fernandez eta Asier Sarasola (testuak); Oscar Manso eta Oier Iruretagoiena (musika) eta Ander Fernandez (argiztapena).
Non: Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean).
Noiz: otsailaren 21ean, arratsaldeko 19:30etan.
Sarrera: doan.
Prentsa-oharrak dio: "Ikuskizun honek taldeko kide batek Parisera egindako bidaian du abiapuntu. Bertan, kubisten lana ezagutu eta horiengan inspiratuta, gitarra melodia bat sortu zuen. Hari horri heldu eta, taldearen laguntzaz, deskonposaketa prozesu antzekoa erabili nahi izan zuten, baina margoen ordez literatura eta musikan oinarrituz. Abiapuntu izandako gitarra melodiak gailu elektronikoen bidezko zatiketa eta berkonposaketa kaotikoak jasan zituen, eta emanaldirako sortutako testuak ere esaldien deskonposaketa eta berkonposaketak hartu zituen ardatz".
Kartela Neus Caamañorena da.
Kordoba, urrun eta bakar
Kordoba aipatu dute nire inguruan aste honetan.
Aurreko mezuan aipatu bezala Xabi Strubell egon zen kultur etxean pasa den ostegunean. Hondarribiarra proposamen berri batekin etorri zen, “Uneguneak”. Bera bakarrik eszenatokian, irudiarekin eta soinuarekin lagun batzuk aldamenean. Gitarrarekin bossa-nova doinuak entzun nituen nobedade gisa, baina gehiago ere egon zen. Poema edo testu gehienak euskaraz, baten bat portugesez, katalaneraz, ingeleraz. Erakusleihoa programaren xedea ez da gauza finduak eskaintzea; aldiz, bide berriak jorratzea baino. Xabiren proiektua horrelakoxea izanen dela uste dut. Baditu borobildu beharreko kontuak, baina emaitza azken produktutik gertu dauka.
Besteak beste, García Lorca poeta andaluziarraren Canción de jinete poeman oinarritutako “Kordoba” kanta abestu zuen euskaraz. Letra hori Zura taldearekin egindako diskoan argitaratu zuten. Lauaxetak euskaratutakoa, urrun eta bakar dagoen Kordobari abesten dio Lorcaren zaldizkoak.
Rafa Berrio musikari hondarribiarraren zalea da eta aretoan zegoen bera ere. Laster emanaldi bat du Kordoban eta Xabiri agindu zion Zuraren kantaren bertsio bat egingo zuela "etxetik hain urrun". Euskaraz. Asko gustatu zitzaidan Rafaren detailea.
Hau guztiau, Anoeta Estadioaren inguruan gertatu zen eta gehienok dakigun bezala bertan jokatzen du Realak, aste honetan agur esan duen entrenatzaileak aitortu duen bezala zirko izateko merituak egiten ari den kluba. Eta asteburuan Kordoba izango du aurkari talde txuri-urdinak. Ea irabazteko gai diren giputzak.
Kordoba/Urrun eta bakar.
Behor beltz, ilargi haundi/Olibak ditut zorroan/Bideak ezagutu arren/Ez naiz sartuko Kordoban.
Zelaietan zehar, haizean zehar/Behor beltz, ilargi gorri/Herio so daukat adi/Kordobako dorreetatik.
Hau da bidearen luzea!/Ai nere bihor zintzoa!/Hau da hau baina, hil beharra/Heldu baino lehen Kordobara!
Kordoba./Urrun eta bakar.
Xabi Strubell Erakusleihoan
Musikari hondarribiarrak enkarguzko "Uneguneak" ikuskizuna aurkeztuko du urtarrilaren 17an Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean.
Artistaren argazkia jarri eta komunikabidetara bidalitako prentsa-oharra jartzera mugatuko naiz soilik.

Ernest
Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue urtarrilaren 17an Xabi
Strubellek emanaldi berezia eskainiko duela gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan
hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean) eta sarrera
doakoa izango da.
Xabi Strubell gitarra jole hondarribiarra Dut, Anari eta Zura talde zein
bakarlariekin ibili da. Esperientzia horietatik urrunduz, formatu txikiko
ikuskizuna moldatu du. Gitarraren sonoridadeen inguruan giroak eraikiz,
ikuskizuna poesia emanaldia da, Xabik berak sortutako poemen inguruan.
Poesia garaikidea, gaietan berritzailea, oparoa. Izan ere, poesia libururik
argitaratu ez duen arren, zenbait poema bilduma sortuak ditu eta eskarmentua
pilatu du abestien hitzak egiten.
Ikuskizuna loop-etan, hau da, hitza, musika eta irudi puska txikiekin
sorturiko giroen eraikuntzan oinarrituta dago: errepikatzen diren patroiak, minimalismoa,
konstruktibismoa, guztia errealitate sentsazioa airean zintzilikatuta uzten
duen unegunea sortuz: unea, denborarena; gunea, espazioarena. Unegunea.
Ernest Lluch Kultur Etxeko Erakusleihoa programari begira bereziki
prestaturiko ikuskizuna da. Beraz, arte esperimentu txiki honen barrenetan
sartuz, aukera polita izango dugu euskal poesia garaikidearen oihartzunetan
murgiltzeko.
Hurrengo Erakusleihoa
Otsailaren 21ean, Mikelazuko elkartearen inguruan mugitzen den artista
multzo batek Ezeraiketak emanaldia eskainiko du.
Pablo Casares Erakusleihoan
Atzo goizean egindako prentsa-oharra doa hemen behean. Plataforma berria dugu Eibar.org-en eta oraindik asmatzeko ditut gauza asko.
Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue abenduaren 20an Pablo Casaresen poesia irakurraldia izango dugula gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Pablo García Casado poetaren hitzak bere eginez, Casaresek (Donostia, 1972) dio “orain arte koloreak eta formak, mundu krudela, fantastikoa, lizuna bezain miresgarria deskubritu berri zituen itsua nintzen. Orain funtzionamendua deskubritu beharra dago. Gauzak estaltzen dituzten gelatina lodia zeharkatzea tokatzen da”. Askotan ez omen daki zergatik idazten duen, bere testuek ez dutelako inolako garrantzirik, haren bertsorik gabe ere jarrai baitezake munduak aski lasai. Hala ere, idaztea zerbait saihestezina izaten da batzutan. Anbizioa ere ezin ahaztu eta, seguruenik hori izango da norbera idaztera bultzatzen duena, adibidez, poema on batek.
Poema gehienek literaturaren eta artearen ohiko tematika jorratzen dute; hots, heriotzari diogun beldurra, amodioa eta desamodioa, bizitzaren kontuak, azkenean. Poesiari aire ez hain serioa ematearen aldekoa da gure poeta, lirismoa inoiz ahaztu gabe. Poemak horretarako aukera emanez gero, ironiarekin jokatzea gustuko du. Norberaren eskarmentuarekin distantzia jartzea oinarrizkoa da, nahiz eta norberaren esperientzia izan edozein espresioren funtsa.
Gaur arte argitaratutako poemak irakurriko ditu Pablok kronologikoki, nahiz tarteka ineditoren bat sartu.