Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak elizabeth_eidenbenz

Harrikadak

elizabeth_eidenbenz

Astea arin

Abiadura handiko astea joan zait enteratu gabe.

Elnako memoria

 
Asteartean etorri ziren Maria, Miquel eta Vicky. Mataró Euskal Herria connection. Miquel Torner Gerra Zibilaren ondorengo memoria demokratikoa eta galtzailea oinez errekuperatzen duen Marxaires taldeko kide da. Oso pertsona jatorra, hankak lurrean dituen horietakoa. Maria nire laguna da eta Vicky Miquel-ena.

Aitzakia Ernest Lluch Kultur Etxeko asteazkeneko ekitaldia izan zen. Assumpta Montellà eta Toni Strubell ere egon ziren bertan. Assumpta beti bezain ondo hitzaren jabe denean, emozioa hitzez transmititzeko gai baita. Strubell ere hunkituta, batez ere Javier Vizcaínok solaskideei hitza eman aurretik jarritako lau minutu eskaseko korteagatik.

Denek merezi dute nire aitortza, baina Javi folloi ederraren erdian etorri zen Donostiara. Lorik egin gabe eta aurretik kristoren plan tzarra duela kontutan hartuz, esker bereziak igorri nahi dizkiot hemendik. Eta zaintzeko ere esan nahi diot, bizitza bizitza baita, ederrena, galtzen duenak, galtzen du dena (Atxagaren berbak moldatuz).

Kronika ezberdinak egin dituzte bertaratutako lagunek: Javier Vizcaíno aurkezleak bata, Love of 74 entzuleak bestea, laster esango du zerbait Assumpta Montellàk… Eta Begoña Del Teso kazetariak Miqueli eginiko elkarrizketa gaur publikatu da DVn.

Hauetako lagun katalan batzuekin Gu ta gutarrak taldearen kontzertua ikusi genuen ostegunean Loiolako Kultur Etxean. Donostia periferia tour. Aretoa lepo eta bizkaitarrak in crescendo, tempoak ondo maneiatuz. Joseba Tapia izan zen gutar gonbidatua.

Gainsbourg gainbegiratuz

Ostiral arratsaldean, Eibartik pasa ondoren, Elgetara igo ginen. Espaloia Kafe Antzokian genuen zitak merezi baitzuen. Diskoa publikatu ondoren estreinakoz igo zen taula gainera Gainsbourg gainbegiratuz lana zuzenean defenditzera Jocanok bildutako tropa. Diskoa emanaldiaren aurretik erosi egin nuen eta zinez da ederra. Emanaldia, berriz, ez zen gutxienekora iritsi. Inguruan nuen jendea, nirekin eta niregatik igo zena kasu batzuetan, ni baino harrituago zegoen ikusi zuenarekin. Ezin baita 13 euro pagatu dituenari entsaio batera gonbidatu.

Zaila egin zen aurretik sarrerak saltzea, hori kontatzen du Iban Arantzabal antolatzaileak bere blogean. Eta zuzenekoa oso berde dago oraindik. Hurrengo hitzordua Victoria Eugenian dutela aintzat hartuz, ni kezkatuta egongo nintzateke taula gainera igo behar izanez gero. Bi gauza dituzte alde: denbora eta proiektua perla bat dela.

En castellano

 

Loretopetik (XXII) 600 haur salbatu zituen emakumearen istorioa

Berriro ere Elnako amaetxea eta Elizabeth Eindenbenz-i buruz.

Irutxuloko Hitzan 2008ko apirilaren 11n argitaratutakoa.

Behin baino gehiagotan idatzi dut Elnako amaetxearen inguruan, baina berripaper hau erabili nahi dut kontakizuna zuei aditzera emateko.

Elizabeth Eidenbenz izeneko 25 urteko maistra suitzarraren balentria oharkabean pasa da hainbat urtetan, seguraski emakumea zelako Elizabeth eta beste andre batzuei laguntzen zielako. Hori dio behintzat Assumpta Montellà idazleak, mundu akademikoak ttikitzat zuela istorio hau. Eta hori 597 haurren jaiotze-baldintzak hobetzen 1939-1944 urteetan buru-belarri jardunda.

Montellàk kontatu zuen aurrekoan, Katalunian kanpaina egin zutela 95 urte betetzear dagoen andre honi Sant Jordi Gurutzea emateko; hots, herrialde horretan eremu zibilean jaso daitekeen kondekorazio gorena. Burokraziaren sarean trabaturik, ez atzera ez aurrera geratzeko arriskua egon zen, baina bultzatzaileek azkenean lortu zuten beraien asmoak betetzea.

Gurutzea eman ziotela-eta, norbait jarri zen harremanetan Eidenbenz anderearekin. Handik egun gutxira, igande batean, joango zela Saura Generalitateko kontseilaria aipatu dominarekin Vienara. Elizabeth-ek, berriz, ezetz, ezinezkoa zitzaiola, ilobekin sagarrak biltzeko hitzordua baitzuen. Tartean Montellà sartuta, lortu zuten astelehenean, goizeko 7:00etan, Elizabeth-ek Saura etxean hartzea. Gestapoko ofizialei aurre egiten bazien, bost axola gure amonari gaur egungo politikari baten agendak.

Julen Gabiriak dio ez ahazteko idazten duela berak. Trantsizioa eredugarria izan zela dio Espainiako bertsio ofizialak. Eredugarria izan zen batzuentzat, lortu baitzuten beraiek egindako krimenak ahaztea. Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 3ra arte dagoen erakusketan, badago honen harira aproposa den argazki bat. 1939ko otsailean, Bartzelona erori ostean ihes egin zuten 475.000 lagunek eta auto mordo bat ageri da muga inguruko zelai batean, abandonaturik. Horrelakoekin, eta beste hainbat gauzarekin, garaileen arrimura hurbildutakoek dirua erruz egin zuten.

2007ko uztailean egon nintzen Elnan. Elizabeth-ek eginiko lanaren berri ematen zuen erakusketa ikusi nuen bertan. Gaur egun, goian aipatu bezala, erakusketa hori Donostian duzue, Anoeta Estadio azpiko Ernest Lluch Kultur Etxean eta, ahal baduzue, joan zaitezte ikustera.

Egun aproposa izan daiteke apirilaren 16a. Bertan egongo baita 19:30ean Assumpta Montellà liburuaren egilea. Berarekin batera Kataluniako bi izen aipagarri memoria historikoa errekuperatzeko orduan: Miquel Torner (Marxaires) eta Toni Strubell (Comissió de la Dignitat). Gomendagarria entzutea hiruren arteko solasaldia. Javier Vizcaíno, Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioko aurkezlea, arituko da gidatzaile lanetan.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31