Harrikadak
donostiakultura
Galtzen ikasi beharra
Asteazkenean aurkeztuko du Donostian David Trueba idazle eta zinema zuzendariak "Saber perder" eleberria.
Gaur goizean lanetik atera behar izan dut. Kafetxo bat hartu beharrean, Hontza Liburudendan sartu eta David Trueba idazlearen Saber perder liburua erosi dut.
Alde Zaharrean bazkaldu dut eta, normalean horrela jokatzen ez badut ere, liburua eraman dut jatetxera. Nahiago dut bazkaltzen dudan bitartean periodikoren bat edo aldizkariren bat irakurri, liburuak leitzea bazkalorduan deserosoa baita.
Kontrazalean agertzen zen laburpenarekin hasi eta lehenengo hamar orrialdeak irakurri ditut. Asko gustatu zait irakurri dudana. Engantxatu nau liburu batek aspaldian ez bezala.
Lanerako bidean, Alde Zaharrean gelditu naiz pare bat ezagunekin berbetan. Halako batean, Ana M-rekin nengoela hizketan, hara non agertu den aurrez aurre David Truebaren itxura duen pertsona. Bera izango ote da? Baietz erantzun diot nire buruari eta, liburua eskutan nuela, zera esan diot: "Soilik hamar orrialde irakurri ditut, baina asko gustatu zaizkit". Berak: "Ea bukaeran sentsazio bera duzun".
Asteazkenean, irailaren 24an, David Trueba Ernest Lluch Kultur Etxean egongo da Saber perder liburua aurkezten. Planak egunekoak egiten ditut nik eta ezin esan joateko aukerarik izango ote dudan edo ez. Ea zuotako norbaitek joaterik duen. Liburuak eta egileak merezi dutelakoan nago.
Fregonari bueltaka
Fregonari buruzko erakusketa Donostian. Interneten jarraitu daiteke bi familien arteko lehia asmakizuna norena den argitzeko.
Ernest Lluch Kultur Etxean dago ikusgai maiatzaren 31ra arte Ceinpro ikastetxeko ikasleek egin duten beste erakusketa erakargarri bat: Fregonari bueltaka. Fregonaren 50. urteurrena ospatzen denez, asmakizun hori aukeratu dute erakusketa bat moldatzeko. Oraindik ez dut bertatik pasatzeko aukera izan, baina aurreko urteetan ikastegi horrek egindako lanaren jakitun izanik, mereziko duelakoan nago (begiratu Ez zara inoren panpina erakusketari buruzko aipamena blog honetan bertan).
Mezu hau idazteko informazio bila, gatazka dagoela konturatu naiz. Batzuek diote Emilio Bellvis Montesano izan zela asmatzailea; besteek, berriz, Manuel Jalón Corominas izan zela. Bitxia da Bellvis eta Jalón familiek 20minutos periodikoaren webgunean izandako mezu trukaketa.
Bellvis familiak fregona.net webgunea du martxan. Jalón-en jarraitzaileek, berriz, fregona.es eta fregona.com.
Indek eginiko apuntean irakurri dut Manuel Jalón-ek epaitegietara jo duela demanda de jactancia izenekoa planteatzera. Beraz, epaitegiek esan beharko dute nork asmatu zuen fregona.
Hori bai, arazo honek ez du eraginik erakusketan eta ukaezina da titulu argigarria aukeratu dela Donostiako erakusketa bataiatzeko: Fregonari bueltaka.
En castellano