Harrikadak
donostia
Dekadentzia, deshazkundea edo dena delakoa
Etorkizuna.
Pintxos and Blogs izan genuen pasa den ostiralean (irakurri Makgregoryren kronika). Hileko lehen ostiraletan legez. Oraingoan arkitektura izan zen jorratutako gaia. XX. Mendeko 1930-1960 urteen bueltan gauzatutako Arrazionalismoa mugimenduari buruz hitz egiteko (edo entzuteko). Oraingoan ere oso gustura egon nintzen, baina gaur ez dut honetaz hitz egin nahi.
Urte honetako lehen bileran kultura kontuetaz aritu ginen. Pernan Goñi artistaz gain, Donostiak 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko bultzatzen ari den hautagaitzaren ordezkariak etorri ziren. Une jakin batean (Lázaro Carreter-en arabera, gauza guztiak gertatzen diren une horretan) galdetu ziguten nola ikusten genuen gaur egungo Donostia eta nola irudikatzen genuen 2016koa.
Niri egokitu zitzaidan lehen iritzia ematea eta sei urte barruko Donostia dekadentzia hitzarekin lotu nuen. Eta berdin pentsatzen jarraitzen dut. Bada garaia jakiteko, materialki behintzat, aspaldi jo genuela goia eta orain bakarrik erortzea gelditzen zaigula.
Hori txarra da? Ez du zergatik txarra izan behar. Aspaldi esan zuen MCC taldeko buruak, oker ez banago iaz Logroñon emandako hitzaldi batean, krisi ekonomiko honetatik 2014 urtearen bueltan aterako ginela eta orduan baino % 20 txiroago izango ginela. Horrela izango ote den? Batek daki. Niño Becerraren teoria gauzatuko ote den? Auskalo.
Ez gara lider izateko jaio. Nazkatuta nago beti puntaren puntan ibili behar horrekin. Kostata egingo dugu aurrera; are gehiago azken urte hauetan eginbeharrak alde batera utzi ditugula kontutan hartuz. Gure inguruan lagunak, ezagunak, jendea langabezian nola erortzen ari den jabetzea besterik ez dago.
Esnatu beharko dugu. Ez dakit kapitalismoa ez den beste zerbait ezagutzeko ote dugun. Zaila ikusten dut, baina ez ezinezko.
Ez dut deshazkundea delako mugimenduari buruz gehiegi irakurri, baina uste dut bide interesgarria izan daitekeela.
Decadencia, decrecimiento o lo que sea, este apunte en castellano.
Mundu hau zirku bat da
Duela bi urte pasatxo kontatu nuen hemen Iñaki Diéguez Cirque du Soleil konpainiak fitxatu zuela.
Esan bezala, duela bi urte pasatxo kontatu nuen Iñaki Diéguez irundarra Cirque du Soleil-ekin apuntean mundu mailan ezaguna den konpainiak eginiko casting-a pasatu zuela musikari honek. Handik urtebete ingurura-edo, aste batzuk eman zituen (2008ko bukaera eta 2009ko hasiera) Hego Korean. Baina berriro bueltatu zen Euskal Herrira.
Bertan hilabete batzuk egin ondoren, 2009ko ekainean jo zuen Quebecera. Ipar Amerikan dabil geroztik: Montreal, Toronto, California... Irailetik, gainera, emaztea (Edurne) eta bi semeak ditu inguruan.
Beraiekin gogoratu nintzen aurreko batean jakin nuenean Cirque du Soleil konpainiako beste talde bat Donostian egongo dela apirilaren bukaeran Saltimbanco izeneko ikuskizunarekin.
Hilean behin edo, mezu kolektibo luzea bidaltzen du Iñakik azken hilabetean nondik nora ibili den kontatuz. Behin baino gehiagotan esan izan diot bloga egin beharko lukeela, baina ez dit kasu egiten (behintzat Iñaki Diéguez profila badu Myspace atarian).
Azken mezuan Kepa Junkera musikariarekin egon dela kontatzen zigun. Eta Kepa Junkerak Egokitu zutabea idatzi zuela Deian. Dirudienez, musikari bizkaitarra Kalifornia aldean omen dabil, familiarekin hau ere.
Amaitzeko, Myspaceko txokoan kuku egin ondoren jakin dut New York-en pasako duela udaberria. Zaila izango da, baina gustatuko litzaidake halako batean beraiekin topo egitea. Izan ere, Edurne nire lehengusua da-eta.
Europa guztia Donostiara begira
Zapaterok gidatzen (sic) duen gobernuari tokatu zaio 2010eko lehen seihileko honetan Europar Batasuneko presidentzia. Eta horregatik 30 bilkura egingo omen dira Espainiako Erreinuko herrialde ezberdinetan. Lehiakortasunari buruzkoa Donostian egin zen.
Pasa den igandean inauguratu zuen Cristina Garmendia ministroak Tabakaleran paratutako Siliziozko ametsak erakusketa (Sueños de Sicilio webgunea españolez eta ingelesez dago soilik). Igande arrasaldean Ï antzezlana ikusi nuen Egiako Gazteszenan. Han egin nuen topo goizean Tabakaleran egondako “notable” batekin. “Obsceno” erabili zuen goizeko “ikuskizuna”z galdeginda.
Lanera joan behar astean zehar eta poliziaz lepo ikusi dut hiria astelehenetik asteazkenera. Astelehen goizean, gainera, Kursaal ingurutik pasa nintzen: polizi klase guztiak. Munizipalak, ertzainak, nazionalak. Frankotiratzaileak Kursaaleko teilatuan. Guardia Zibilaren patrullera Zurriolako hondartzan. Surferrak behintzat ez zituzten zakurraren ipurdira bidali. Demokraziaren jaia izateko, ez dirudi oso parte hartzailea denik.
Victoria Eugeniaren edo Kursaal jauregiaren inguruan ote zen jada ez dut gogoratzen. Kontua da Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza ezagutzera emateko halako txirinbolo puzgarri batzuk zeudela. Bat ikusi nuen “compartiendo” eta “copylefting” leloekin. Euskaraz ere bazuen zerbait. Traba bakarra zuen: poliziaz eta hesiaz inguratuta zegoela eta ezin zela harekin gauza askorik egin. Argazki kamera eramanda ere, ezin argazkirik atera. Seguruenik.
Lotsagarria izan da ere bi afari, gutxienez, Gipuzkoako ez dakit zenbat sukaldari michelindunak prestatu dituztela. Un menú de doce estrellas, Europako hamabi izar eta beste hainbat michelin izar parekatzen duen artikulua irakurtzea besterik ez duzue.
Asteburu honetan zirkua A Coruñara joan da. Galegoei ere esango al zieten Europa guztia haiei begira dagoela? Hona hemen bilkura guztien egutegia El Paísen.
Toda Europa mirando a San Sebastián, este apunte en castellano.
Bazterketa sozialari buruzko gogoetak
Pintxos and Blogs-eko hitzordu berria antolatu zuten De la Maza eta Munduate jaunek pasa den ostiralean Donostiako El Rincón tabernan. Orain arteko onena. Bazterketa sozialaz aritu ziren Iñigo Estomba eta Josean Lizarralde "Pottoko".
Ia berrogei lagun hurbildu ginen ekitaldira. Arratsaldeko 20:30ak aldera eseri ginen bertan eta gauerdia pasata utzi genuen taberna. Makgregoryren blip-eko kanalean dituzue hiruzpalau bideo. Behean itsatsi dut Estombaren sarrera.
Pobrezia eta lankidetza zen gaia, baina Estombak esan zuen nahiago zuela bazterketa sozialaz hitz egitea. Pobrezia zer den zehazten zailagoa delako bere irudikoz. Donostiako Udaleko Gizarteratze zerbitzuko burua da Iñigo Estomba (Gizarte Ongizatea) eta ondo baino hobeto zentratu zuen gaia, baita administrazioek eremu honetan egiten duten lanaren berri eman ere. Jose Antonio Lizarralde (Pottoko), berriz, Aterpeko arduraduna da, Gipuzkoako Elizaren Caritasek bultzaturiko zerbitzua. Zertan dabiltzan kontatu zigun.
Ez nituen apunteak hartu, beraz, buruan gordetako hiruzpalau datu bota nahi ditut hementxe bertan. Goian esan bezala, zertaz aritu ginen hiru ordu luzez jakin nahi izanez gero, ikusi bideoak.
Sare sozialak, pikutara
Behin eta berriro azpimarratu zuen Pottokok ideia hau. Pentsatu, une batez, zure bizitzako lau zutabeak zeintzuk diren. Bat pikutara doala imaginatu. Handik gutxira, beste bat. Eta gauzak erabat okertzeko, beste biak ere bai. Hori gertatu zaie kalean bizi direnei, dena galdu duen jendea da.
Gu beraiek bezain kabroiak
Ideia hau ere Pottokok bota zuen. Aterpen dabiltzan pertsonekin hitz egin eta bere bizitza nolakoa izan den kontatzen diotenean, beti gauza bera pentsatzen omen du: zure egoeran, zu bezain kabroia izango nintzen.
Gazte magrebiarrak (marokiarrak, batez ere)
Iñigo Estombak kontatu zuen Gipuzkoako gazte marokiar gehienak Marokoko hiri handi batekoak direla (Tetuan esan zuen, baina zalantzati). Hiri honek arrabalak ditu (ez omen da hori oso ohikoa Marokoko gainerako hiri handietan). Aldiri hauetan bizi diren familietako emakumeek fabriketan egiten dute lan, eskulan merkea direlako. Ordu asko eta diru gutxi. Senarrak, berriz, edanari emanda, mozkortuta, nahiz eta musulmanak izan, ez dira haurren zaintzaz arduratzen. Horri gehitzen badiogu Marokoko eskoletako arauak betetzen ez dituen jendea eskola-sistematik kanporatua izaten dela, horra hor puzzlea.
Gaztetxo horietako asko dira Gipuzkoan dauden magrebiar gaztetxo problematikoenak. Kabroi batzuk dira, bai, baina ez da komeni ahaztea nondik datozen. Eta ez da ahaztu behar ere, lantegi haietako jabeak, askotan, espainolak direla.
Ijito errumaniarrak
Iñigok aipatu zuen gai hau ere. Ez omen da erraza jakitea zer gertatzen den talde horietan, baina Donostian eskean ari diren ijito errumaniar gehienak hiri batekoak dira (ez nintzen hiriaren izenarekin geratu) eta dirua irabazteko plaza ona delako daude hemen. Joan-etorrian dabilen jendea ei da (etxea Errumanian dute). Ez dute hemen bizi nahi.
Algunas reflexiones sobre la exclusión social, este apunte en castellano.
Besarkadak eskatzen dizkioten aktorea
Martxoan etorri zen Animalario konpainia Donostiara eta Eibarrera Urtain antzezlanarekin. Aste bukaera honetan, Bilbon daude.
Duela egun batzuk irakurri nuen Noticias taldeko periodikoekin batera igandeetan banatzen den Magazinean Roberto Álamo aktoreari eginiko elkarrizketa bat. Azpimarragarria iruditzen zait ondorengo esaldi sorta:
"A la salida encuentras a alguien que te espera con los ojos vidriosos y te pregunta: `¿Te puedo abrazar?' Llevamos trece años como Animalario y es la primera vez que, finalizada la función, no hay nadie esperando a la puerta del teatro para pedir un autógrafo o hacerse una fotografía contigo. Quieren darte las gracias, abrazarte. Y eso es lo más grande que me ha sucedido como actor. Por eso soy actor".
Álamo da boxeolariaren rola jokatzen duen aktore bikaina. Victoria Eugenian ikusi nuen nik Urtain antzezlana. Gaurko gaua Bilbon pasa behar dugu eta, kasualitatez, konturatu naiz Arriaga antzokian dagoela antzezlana abenduaren 26tik 30era. Sarrerarik ez zela egongo pentsatu dut, baina begiratu eta bai, badaude oraindik salgai. Pare bat hartu ditut gaur iluntzerako.
Olentzerok oparirik ekarri ez badizu, erosi sarrera eta segi Antzokira. Ez zaizu damutuko. Bide batez, bertatik bertara jakingo duzu zergatik eskatzen dioten ikusleek besarkada bat Álamori.
Un actor al que le piden abrazos y no autógrafos, este apunte en castellano.

Aspertzeko betarik ez
Pintxatu. Txakurrek haginka. Malcolm Lowry. Catalunya Espainiarekin aspertuta.
Azaroak 26 da bihar. Goizeko 12:00etan A Fuego Negro jatetxean egongo da Fermin Muguruza Pintxatu liburua aurkezten. Oker ulertu ez badugu musika eta pintxo errezetak biltzen ditu liburu eta disko formatuan.
Ostegunean bertan, arrasaldeko 19:30ean, Kandido Uranga egongo da Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian Txakurrek haginka testuaren moldaketa dramatizatuarekin. Pedro Alberdiren Orain txakurrek haginka egingo didate liburuan oinarritua.
Baina egun horretan bertan, ordu berean gainera, Miguel Sánchez-Ostiz egongo da Gipuzkoako Ateneoak antolatutako Malcom Lowry-ri buruzko hitzaldi batean Dr. Camino Liburutegian. Ahal badut bertara joateko asmoa daukat.
Ostiralean beste plan batzuk nituen, baina igual hurbilduko naiz Errenteriako Xenpelar Kultur Etxera. Bertan egongo baita Toni Strubell Hasta aquí hemos llegado liburua aurkezten. Hitzaldia eskainiko duela dio gonbidapenak: Catalunyak Espainiarekin duen asperdura ulertzeko klabeak. Arratsaldeko 19:00etan, azaroaren 27an.
Aspertzeko betarik ez dago herri honetan.
No time for love ere ez. Alde bateko zein besteko militarrek sar ditzatela pistolak ahal duten tokitik.
No hay tiempo para aburrirse, este apunte en castellano
Gortesauak
Sustatun atzo argitaratutakoa. Errege-erregin espainolen gortesauak, noski.
Aste honetan albiste izan da errege-erreginek Donostiara eginiko bisita. Eta kezkatuta geratu naiz ikusterakoan batzuek nola atera dituzten ukondoak bikotearekin egoteko.
Ez dut jarraipen berezirik egin, baina nire RSS irakurgailura iritsitako apuntetxo bat eta argazki bat aipatu nahi ditut gaur.
Mikel Erentxun musikariak ondoko hau jarri zuen bere blogean errege-erreginak ezagutu ondoren: "Esta tarde he conocido a los Reyes (...) El Rey, muy simpático. La Reina, muy atenta y muy amable. Se ha saltado todo los protocolos y nos hemos hecho unas fotos".
Hurrengo egunean, gainera, errege-erreginekin ateratako argazkia jarri zuen. Hirukoteaz gain, beste musikari bat ageri da erretratuan, Alex Ubago.
Uste baino okerrako dago musikaren mundua.
Gortesauak. Aktan jasoa. Sustatu. 2009-11-15.
Cortesanos, este apunte en castellano.
Tokiz kanpo
Errege-erreginak Donostira ekarri dituzte Aquariumak eta Diario Vascok. Kontutan hartzeko modukoa.
Dear JOR:
Gaur bertan kontatu izan bazenit bezala gogoratzen dut duela urte batzuk erregeak Donostiara egindako bisita batean gertatutakoa.
Miramar Jauregian zaude. Erregea (edo errege-erreginak) etorriak dira Donostiara ez dakit oso ondo zertara, baina El Mundo (del País Vasco) egunkariaren ordezkari gisa bidali zaituzte harrera ofizialera. Halako batean, zigarroa erretzera atera zara Miramarko lorategira. Lorategian ezezagun batekin egin duzu topo. Eta ezezagunari esaten diozu ea nolatan etorri den Borboia Euskal Herrira. Zuen talaiatik ondo baino hobeto ikusten dira manifestazioaren ondorioz sorturiko keak, baita entzun ere polizi autoen sirenak. Ezezagun horri esaten diozu ea zergatik etorri behar zuen halako istiluak sortzeko arriskua zegoenaren jakitun.
Ezezagunak ez dizu erantzun eta zu barrura zoaz, zigarroa itzali ostean. Barruan zaudela, zure taldeko batek galdetzen dizu ea zertan zenbiltzan Sabino Fernández Camporekin.
Biak jada joanak zarete, baina errege-erreginak Donostiara datoz gaurkoan, ongizatearen nekaezinak baitira hauek (Monacoko Carolina ere badator). Kasu honetan, Aquarium bisitatzera eta El Diario Vascoren hirurogeita hamabosgarren urteurrena ospatzera. Ze popopoza! Are gehiago, Ertzaintzak herri xumeari gomendatzen dio garraio publikoa erabiltzea (hau da, beti bezala).
Irabazten ari dira.
Herritarrok galtzen ari gara.
Hurrengora arte, JOR.
Fuera de juego, este apunte en castellano
Babiloniako loreak
Larunbatean eta igandean egon zen FTIko troupe-a Egiako Gazteszenan. Babiloniako loreak emanaldian, aretoa lepo bi egunetan.
Larunbatean Babiloniako loreak antzezlana ikusteko aukera izan genuen Egiako Gazteszenan, Antzerkiola Imaginarioaren obra berria. Hor nonbait irakurri genuen Ander Lipus antzerkilariak amonari eskainitakoa zela obra hau. Antzerki prestakuntzarekin jarraitzeko, Lipusek Madrilera jo zuenean, gaizki hartu omen zuen amonak bilobak alde egitea. Geroztik, ez omen zen etxetik atera eta ordu asko ematen omen zituen ohean.
Argiak oraindik piztu ez direnean, gaztelaniazko esaldi bat entzuten da. Gero jakingo dugu Nikosia dela oihu egiten duena. Argiak piztu eta Lipus bera ageri da amona Inesen paperean, eszenatokiaren erdian obrak irauten duen bitartean dagoen ohe handian. Zortzi armairu zutabe inguratzen dute ohea. Nola zen Rafaela Aparicio aktorearen hura? Mamá cumple cien años? Hori, baina ohean.

Miren Gaztañagak jokatzen du amonaren bilobaren papera, Hegoa narratzaile, aktore eta kantaria. Espe López aktoreak (Legaleon T) amonaren zaintzailearena, soilik gaztelaniaz hitz egiten duen Nikosia da, laismoz eta loismoz beteriko herri xumearen diskurtsoarekin jotafuego. Alex Gerediaga, berriz, politikari, apaiz eta mediku lanetan dabil. Politikariarena ez zaio politikari askori gustatuko, batez ere agintean egon diren abertzaleei. Azken aktorea Mirian Martxande da, enterradorea eta zamaltzain beltza.
Gauza on asko ikusi genituen: Lipus denen gainetik eta Gaztañagaren elegantzia natural hori azpimarratuko nituzke aktoreen artean; gogoan izateko eszenak (biloba eta amonarena, adibidez, izango da hunkigarriena); euskara da nagusi, baina gaztelania oso era naturalean txertatzen da obran zehar; bi egunetan aretoa betetzea ez da meritu makala (500 lagun)…
Baina obra gehiegi luzatu dutela uste dut eta amaiera horrek… ez dakit ba. Ez dut gehiago kontatuko, baina lehendik amaitu behar zela uste dut eta amonaren agur-dantzarekin nahikoa delakoan nago.
Orokorrean, oso kontutan hartzeko lana da. Ahal baduzue, segi ikustera.
Flores de Babilonia, este apunte en castellano
Eguneratzea. Gaueko 21:00etan. Mandrágora telebista saioak eskaini zien tartea jarriko dizuegu paragrafo honen azpian. Gainera, antzezlan honi buruz idatzi zuen Gorka Bereziartuak astelehenean eta, Jonek erantzunetan dioen moduan, mezu truke polita sortu du : Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak.
Jabierren hamargarrena
Ostiralean, Jabier Muguruzak Lugaritzen eskaini zuen Taxirik ez lana aurkezteko kontzertuan egon nintzen.
Hamabost urte baino gehiago pasa dira Jabier Muguruzak kantautore ibilbidea hasi zuela eta Madrilgo Resistencia etxearen eskutik publikatu du bere hamargarren lana Taxirik ez izenekoa. Ostiralean Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal Aretoan ikusteko parada izan genuen.
Beltzez jantzitako lau gizon agertu ziren eszenatoki gainean: Igor Telletxea, bateria; Txema Garcés, baxua; Angel Unzu, gitarra eta koruak. Kantatzeaz gain, Jabierrek ere alboan zuen eskusoinua astindu zuen abestiren batean edo bestean.
Betiko Jabier ikusi genuen taula gainean, baina badira zenbait aldaketatxo eta ñabardura azpimarragarriak: estudioko azken bi diskoen ondoren, bateria eta baxua ditu laguntzaile eszenatokian; Mireia Otzerinjauregik diskoan sartzen dituen ahotsak Unzuk egiten ditu zuzenean; keinu asko egiten ditu Jabierrek kantak laguntzeko, mugitzen duela gorputza, interpretazioaren bidetik jotzen duela (zerikusia izango du Aitarekin bidaian antzezlanean musikari eta aktore gisa aritzeak? Ez dut uste).
Aspaldiko lagun koadrila izan du letragile lanetan Anjel Katarainen agindupean grabaturiko obra hau osatzeko. Aste honetan bertan emandako prentsaurrekoan esan zuen abestiez osaturiko lehen diskoa zela Taxirik ez. Hau da, ez zirela musikatutako poemak, laguntzaileei abestiak eskatu dizkiela, kasu honetan.
Lehen aldiz ageri da talde honetan Iban Zaldua (uste nuen lehendik letraren bat egina ziola, baina ez da horrela) eta gainerakoak agertuak dira Jabierren aurreko diskoetan: Irazu anaiak (Iñaki eta Bernardo Atxaga), Harkaitz Cano, José Luis Padrón eta Gerardo Markuleta. Erdaraz eginiko abestia katalunieraz dago kasu honetan, Mikel Azpiroz pianistarekin batera moldatutako Maria-Mercè Marçal poetaren Tan petita letra, Catorze poemes, catorze cançons omenezko diskoan agertu zena.
Bernardo Atxagak idatzitako Clementine kanta da gehien gustatzen zaidana, Muguruzatarren amona Joxeparen hitz goxo batzuk dituena. "¡Hay que discurrir, hay que discurrir!" esaten omen zion umetan maistrak. "Bai, intzan hik", amonak arrapostu.
Niri bezala Jabier gustatzen bazaizu, lan hau ere gustatuko zaizu. Ea 2010erako zuzenekoen zerrenda gizentzen ikusten dugun.
El décimo de Jabier, este apunte en castellano.
Iturri twitter-en