Harrikadak
antzerkia
«José K, torturado» antzezlana Donostian izango da martxoaren 14an
Javier Ortizek torturaren aurka idatzitako testua dFERIA jaialdian izango da Donostian.
Urriaren hasieran estreinatu zen José K, torturado Gironan. Geroztik, Segovian egon da eta urtarrilaren 14tik otsailaren 5era Madrilgo Teatro Españolen dago. Egun batzuk barru, Avilés-en taularatuko da.
dFERIA izeneko arte eszenikoen azokaren baitan ekarriko dute obra Donostiara eta José K, torturado Antzoki Zaharrean ikusteko parada izango dugu martxoaren 14an arratsaldeko 18:00etan.
Profesionalentzako azoka da dFERIA, baina publikoak ere ikus ditzake bertan programatutako antzezlan eta dantza emanaldiak. Sarreraren salneurria saioaren eguna hurbildu ahala garestitzen joango denez, komeni da bertara joateko interesa duzuenok sarrera otsailaren 12rako erostea.
Hona hemen prezioak eta denbora-mugak:
Otsailaren 12ra bitartean: 5 €
Otsailaren 13tik 26ra: 10 €
Otsailaren 27tik aurrera: 15 €
Sarrerak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu daitezke, baita internet bidez kutxasarrerak.net gunean.
Hiru gauza gehiago:
1.- Mi reino por un caballo programan agertu zen urtarrilaren 30ean Ortizen lana. Saioa TVEko La 2 katean botatzen dute. Loturan klik eginez gero ikus eta entzungo dituzue Pedro Casablanc aktorea eta Carles Alfaro zuzendaria. Bideoaren hasieran dago eta, gutxi gora behera, bost bat minutu irauten ditu. Aski gustura kapsulatuko genuke hemen bideoa, baina Espainiako erakunde publikoak ez du horretarako aukerarik ematen.
2.- Juan G. Andrés kazetariak aktorearekin eta zuzendariarekin hitz egin zuen eta Noticias de Gipuzkoan Teatro contra la tortura izeneko erreportajea argitaratu zuen. Eskerrik asko, Juan.
3.- Javier Gallegok Radio 3 emisoran aurkeztutako Carne Cruda saiotik pasa ziren joan den astean hainbat lagun torturari buruz hitz egitera, antzezlan hau aitzaki hartuta. Hemen behean txertatutako audioan entzun dezakezue.
José K: Gironako estreinaldia
Ostiral goizean kontatu nuen asteburuan Gironara joatekoa nintzela (ginela) Javier Ortizen antzezlan bakarraren estreinaldira. Handik bueltan gara jada.
Lehengoan esan bezala, 1996ko hitzaldi bat da antzezlanaren abiapuntua. Garai hartan, hautsak harrotu zituen. Uste dut 2011n ere zeresana emango duela antzezlanak.
Horregatik, lehenik eta behin, abentura honetan sartu diren profesionalak ausartak direla iruditzen zait: Sandra Toral, Carles Alfaro, Pedro Casablanc...
Gaueko 21:00etan zen hastekoa emanaldia Gironako La Planeta aretoan, baina erlojuak 21:35ak paseak markatzen zituen zarata batek argi bati paso eman zionean eta gure begi aurrean eszenatokia agertu zenerako. Lokalera sartu ginenean, ikusi genuen kristalezko kaxa handi bat eta han barruan zegoen José K (Pedro Casablanc) aulkitxo batean eserita, biluzik, hanketan eta eskuetan bilurrak ipinita. Pantalla batek aktorearen aurpegiaren lehen planoa erakusten zigun eta hori izan zen ondorengo ordu eta laurdenean ikusi genuena: begiek pantailari so zeuden nagusiki, baina kaxa barruan gertatzen zenari ere erreparatzen zioten.

Javierrek ez zuen José K nazionalizatu, baina ziur naiz antzezlana ikusiko duten askok saiatuko direla hura kokatzen. Pasa den mendeko 60ko hamarkadako beteranoa, 30 urte daramatza Josék bonbak jartzen eta jendea akabatzen. Poliziak antzeman du eta bera da jendez betetako plaza batean jarritako lehergailuaren berri duen bakarra. Ahal den moduan lortu behar al da gizon horrek esatea non dagoen lehergailua? 1996ko hitzaldi hartan ezezkoa defendatu zuen Javierrek, "tortura bueltarik gabeko bidai morala baita. Ezin da muga hori salbuespen moduan gainditu".
Pedro Casablanc aktoreak oso lan ona egin du. Are gehiago, kontutan hartzen bada goian aipatutako baldintzetan ordu eta laurden ematen duela kaxa barruan. Carles Alfaro zuzendariak oinarrizkoan asmatu du. Uste dut, dena den, testua luzeegia dela eta guraizeak sartu beharko liratekeela, antzezlanak minutu gutxiago izan zitzan.
Torturarenaz gain, eszenatokian tresnen eta helburuen eztabaida ere dago. Protagonistak uste baitu Estatua dela hiltzaile nagusiena eta bera (José) atzetik dola lehiaketa horretan.
Beste kontu bat: orain arte suntsitzen aritu direnak, gai al dira eraikuntzan parte hartzeko? Edo alde batera egin behar dute beste batzuen mesederako? Horrelako kontu asko dago eta buruan bueltaka izango dituzu hurrengo egunetan ere.
El
Punt-Avui periodikoak Joaquim Armengol-en kritika argitaratu zuen igandean (Expiació) eta TV3 telebistak ere pieza bat eskaini zion. Laura Iglesiasen blogean hauxe topatu dugu: José K, torturado o la impunitat del Estad de Dret.
Urriaren 22an La Cárcel de Segovia izeneko kulturgunean ikusteko aukera egongo da eta espero dut Euskal Herrian ikusteko parada egotea. Donostian, adibidez, egilearen jaioterrian.
Crónica de José K y del policía pegón, algo parecido a este apunte en castellano.
Eguneratzea. Urriak 10. 23:00. Hona hemen Gironako Temporada Alta jaialdikoek ekoitzitako bideoa. Bertan diote ETAkoa dela José K. Ba ez, Ortizek argi esan zuen ezetz: José K no es de ETA.
Bideoan Carles Alfaro zuzendaria eta Pedro Casablanc aktorea ageri dira.
Javier Ortizek torturari buruz idatzitako bakarrizketa estrainekoz taula gainean
Carles Alfarok zuzendu du Pedro Casablanc aktoreak antzeztuko duen "José K, torturado" bakarrizketa. Estreinaldia gaur, urriak 7, Gironan.
Goizeko 8:00ak aldera autoa hartu eta Gironara abiatuko gara Donostiako lagun batzuk. Kataluniako hirian estreinatuko baita, Gironako Udazkeneko Antzerki Jaialdiaren barruan, Javier Ortiz kazetari eta idazle donostiarraren antzezlan bakarra, José K, torturado.
Izenburuari erreparatuta, garbi dago zein den gaia. Javierrek 1996an torturaren aurkako jardunaldi batzuetan irakurritako testua du abiapuntu. Antzerki munduko norbaitek, testu hura egokitzeko eskatu eta hori egin zuen donostiarrak.
2005eko apirilean irakurri zuen Ramón Langa aktoreak Madrilen jendaurrean (dena esateko: SGAEren egoitzan).
2010ean, Atrapasueños argitaletxeak liburuxka bat argitaratu zuen, Isaac Rosa idazlearen prologo eta guzti.
Gaur, urriak 7, Carles Alfarok zuzenduko du terroristaren rola jokatuko duen Pedro Casablanc aktorea.
Ea zer dugun kontatzeko bueltan.
Alfonso Armadaren hilean behingo strip-tease sentimentala
Madrilgo Cuarta Pared aretoan. Ruper Ordorika ere egotekoa da.
Aurrekoan kontatu nuen bezala, urteko lehen astea Madrilen pasa nuen, oporretan. Bertan egonik ere, berandu enteratu nintzen Cuarta Pared aretoan Pablo Guerrero kantautorea aritu zela urtarrilaren 3an.
Zehatz-mehatz esateko ez zen Guerreroren kontzertu bat izan. Ekimena Alfonso Armada kazetari, dramaturgo eta poetaren ideia bat da eta Strip-tease Sentimental da jarri dion izena. 2011n zehar hileko lehen astelehenean Armada musikari batekin igoko da eszenatokira. Musikariak bere kantak jorratuko ditu eta Armadak, berriz, TSYC: Diario de sombras liburuko poemak irakurriko ditu (1990 urtean Sobiet Batasunetik barna eginiko bidai batean idatzitakoak omen dira).
Parentesia zabalduko dut: Alfonso Armada Frontera D izeneko aldizkari digitalagatik ezagutzen dut. Ander Izagirrek publikatu izan baititu artikuluak bertan. Itxi parentesia.
Esan bezala, lehen strip-tease saioa urtarrilaren 3an izan zen eta oso-osorik zintzilikatu du Agora News agentziak. Ordubeteko emanaldia da eta ez dut oraindik osorik ikusi. Lehen ordu erdia, gutxi gora behera.
Toki ezberdinetan ageri den zerrendaren ordenari kasu eginez gero, Ruper Ordorika azaroan arituko litzateke Cuarta Pared aretoan. Ea joaterik dudan.
Hurrengo emanaldia otsailaren 7an izango da eta gonbidatua Álvaro Deudero izango da.
Strip-tease sentimental (y mensual) de Alfonso Armada, este apunte en castellano.
Besarkadak eskatzen dizkioten aktorea
Martxoan etorri zen Animalario konpainia Donostiara eta Eibarrera Urtain antzezlanarekin. Aste bukaera honetan, Bilbon daude.
Duela egun batzuk irakurri nuen Noticias taldeko periodikoekin batera igandeetan banatzen den Magazinean Roberto Álamo aktoreari eginiko elkarrizketa bat. Azpimarragarria iruditzen zait ondorengo esaldi sorta:
"A la salida encuentras a alguien que te espera con los ojos vidriosos y te pregunta: `¿Te puedo abrazar?' Llevamos trece años como Animalario y es la primera vez que, finalizada la función, no hay nadie esperando a la puerta del teatro para pedir un autógrafo o hacerse una fotografía contigo. Quieren darte las gracias, abrazarte. Y eso es lo más grande que me ha sucedido como actor. Por eso soy actor".
Álamo da boxeolariaren rola jokatzen duen aktore bikaina. Victoria Eugenian ikusi nuen nik Urtain antzezlana. Gaurko gaua Bilbon pasa behar dugu eta, kasualitatez, konturatu naiz Arriaga antzokian dagoela antzezlana abenduaren 26tik 30era. Sarrerarik ez zela egongo pentsatu dut, baina begiratu eta bai, badaude oraindik salgai. Pare bat hartu ditut gaur iluntzerako.
Olentzerok oparirik ekarri ez badizu, erosi sarrera eta segi Antzokira. Ez zaizu damutuko. Bide batez, bertatik bertara jakingo duzu zergatik eskatzen dioten ikusleek besarkada bat Álamori.
Un actor al que le piden abrazos y no autógrafos, este apunte en castellano.

Komunikazioa (falta)
Ostiral iluntzean Antzoki Zaharrean egon ginen Hika Antzerki taldearen azken antzezlana ikusten. Aita-semeek egindako bidaian. "Aitarekin bidaian". Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Jabier Muguruza. Agurtzane Intxaurraga. Arantxa Iturbe.
Jabier Muguruzari irakurri, eta entzun izan diogu berriki, jendeak esaten diola alzheimerra, zahartzaroa eta beste zenbait komeri ageri direla aipatu antzezlanean, baina berarentzat (in)komunikazioa dela antzezlanaren gai nagusia.
Ama hil aurretik, semeak zin egiten dio aita zainduko duela. Unea iristen denean, berriz, ez da hain erraza. Semeak, kontablea, nahiko lana du etxetik kanpo eta ezin du bere munduan bizi den aita behar den bezala zaindu.
Halako batean teloia altxatu (edota altxatuta zegoen ni bertaratu nintzenerako) eta hiru aktoreak ageri dira eszenatokia atontzen. Musika entzuten da. Jabierren azken diskoko kantek girotzen dute itxarote minutu horiek.
Bospasei eszena-geltoki planteatzen dizkigute egileek. Gertukoa egiten zaigu gaia. Eta gogorra, bai, hori ere bai. Baina jendeari gomendatu nahi diot antzezlana hau ikustera joateko. Zergatik?
- Iji-aja antzerki errazetik ihes egiten duen antzezlana delako.
- Diru gutxirekin egindako antzezlana izanik ere, asko baitu eskaintzeko.
- Beti da gustagarria Soroiz edota Apaolaza bezalako aktoreak agertoki baten gainean ikustea.
- Jabier estreinatu egiten al da antzerkian? Baiezkoan nago, baina ezin dut ziurtatu.
Hona hemen zenbait lotura interesgarri:
Agus Perezek Berria egunkarian eginiko erreseina.
Amaitzeko, Gipuzkoa Kultura telebista saioa.
Babiloniako loreak
Larunbatean eta igandean egon zen FTIko troupe-a Egiako Gazteszenan. Babiloniako loreak emanaldian, aretoa lepo bi egunetan.
Larunbatean Babiloniako loreak antzezlana ikusteko aukera izan genuen Egiako Gazteszenan, Antzerkiola Imaginarioaren obra berria. Hor nonbait irakurri genuen Ander Lipus antzerkilariak amonari eskainitakoa zela obra hau. Antzerki prestakuntzarekin jarraitzeko, Lipusek Madrilera jo zuenean, gaizki hartu omen zuen amonak bilobak alde egitea. Geroztik, ez omen zen etxetik atera eta ordu asko ematen omen zituen ohean.
Argiak oraindik piztu ez direnean, gaztelaniazko esaldi bat entzuten da. Gero jakingo dugu Nikosia dela oihu egiten duena. Argiak piztu eta Lipus bera ageri da amona Inesen paperean, eszenatokiaren erdian obrak irauten duen bitartean dagoen ohe handian. Zortzi armairu zutabe inguratzen dute ohea. Nola zen Rafaela Aparicio aktorearen hura? Mamá cumple cien años? Hori, baina ohean.

Miren Gaztañagak jokatzen du amonaren bilobaren papera, Hegoa narratzaile, aktore eta kantaria. Espe López aktoreak (Legaleon T) amonaren zaintzailearena, soilik gaztelaniaz hitz egiten duen Nikosia da, laismoz eta loismoz beteriko herri xumearen diskurtsoarekin jotafuego. Alex Gerediaga, berriz, politikari, apaiz eta mediku lanetan dabil. Politikariarena ez zaio politikari askori gustatuko, batez ere agintean egon diren abertzaleei. Azken aktorea Mirian Martxande da, enterradorea eta zamaltzain beltza.
Gauza on asko ikusi genituen: Lipus denen gainetik eta Gaztañagaren elegantzia natural hori azpimarratuko nituzke aktoreen artean; gogoan izateko eszenak (biloba eta amonarena, adibidez, izango da hunkigarriena); euskara da nagusi, baina gaztelania oso era naturalean txertatzen da obran zehar; bi egunetan aretoa betetzea ez da meritu makala (500 lagun)…
Baina obra gehiegi luzatu dutela uste dut eta amaiera horrek… ez dakit ba. Ez dut gehiago kontatuko, baina lehendik amaitu behar zela uste dut eta amonaren agur-dantzarekin nahikoa delakoan nago.
Orokorrean, oso kontutan hartzeko lana da. Ahal baduzue, segi ikustera.
Flores de Babilonia, este apunte en castellano
Eguneratzea. Gaueko 21:00etan. Mandrágora telebista saioak eskaini zien tartea jarriko dizuegu paragrafo honen azpian. Gainera, antzezlan honi buruz idatzi zuen Gorka Bereziartuak astelehenean eta, Jonek erantzunetan dioen moduan, mezu truke polita sortu du : Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak.
Urtainen itzulera
Animalario taldeak taularatuko antzezlanean, bikain betetzen du Urtainen rola Roberto Álamo aktoreak.
Gaur iluntzean ikusi berri dut Urtain antzezlana Donostiako Victoria Eugenian (bihar Eibarko Coliseon egongo da; birari buruzko informazio gehiago Animalario taldearen webgunean). Antzokira sartu eta butaka-patioaren lehenengo zazpi lerroak okupatzen zituen ring-arekin egin dugu topo. Hori gutxi balitz hamabi round-etan Zestoan jaiotako Jose Manuel Ibar Urtain-en bizitza kontatzen da atzekoz aurrera. 1943an jaiotakoa, jubilatu berria izango litzateke Urtain herrian geratuz gero. Baina berak ez zuen horretarako balio. Aitak erakutsitako bidetik jo zuen.
Roberto Álamo aktorea bikain ageri da taula gainean. Gainerako zazpi aktoreek ere ondo laguntzen diote. Urteko antzezlan onentsuenen artean izateko hautagaia bada ere, faltan botatzen da euskara obran. Ez baita sinesgarria Urtainek lehenengo andrearekin edo aitarekin gazteleraz aritzea. Edo boxeoaren mundura eraman zuen Lizararazu izeneko enpresari donostiarrak Marianico el Cortoren azento mañoa edukitzea.
Nik apenas ezagutu nuen Urtain. Jostailu puskatu gisa ezagutu nuen, komunikabideetan, Bartzelonako Joku Olinpikoen atarian bere buruaz beste egin baino lehen (1992ko uztailean; egun batzuk lehenago hil zen ere Camaron de la Isla).
Gogoan dut Diario Vascon agertzen zela udako gehigarrian "El verano de..." atalean. Hil baino urte gutxi lehenago, gogoan daukat elkarrizketa bat. Betiko kontuak esaten zituen: ondo zegoela, negozioak zituela Sevillan eta Madrilen, uda pasatzera etorri zela Euskal Herrira....
...baina gure etxe inguruan pasa zituen abuztuko egun haiek, Ventasko koartelaren aldameneko langile-etxebizitza batean. Nik ez nuen ikusi, baina nire senide batek bazuen N-1 errepide ondoan txabola bat. Bi lagun zeuden uda hartako iluntze batean afari-merienda egiten. Sobran geratu zitzaiena bota beharrean, errepidetik oinez zihoan pertsona bati eskaini zioten. Eta ezezagun hura Urtain zen.
Gaur egun jostailu puskatu izateko bidean dauden zenbait kirolarik edo zabor telebistatik pasatzen diren hainbatek ikusi beharreko erretatu dekadentea. Zenbat aprobetxategi izan zituen gizon hark aldamenean eta nola izorratu zuen bere bizitza eta hurbilekoena.
Hementxe dago 2009a
Atzo aurkeztu zituen Donostia Kulturak 2009ko lehen seihilekoari dagozkion musika, antzerkia eta dantza programazioak.
Eguerdian izan zen ekitaldia Victoria Eugenia Club aretoan. Nik jada bota diot begiradatxo bat eta emanaldi hauek apuntatu ditut nire zerrenda partikularrean:
Lehendik ere publiko bazen ere, oraingoz ez da gehiegi azaldu Buenafuente eta konpainia egongo direla Terrat Pack aurkezten Kursaalean urtarrilaren 9an eta 10ean.
Urtarrilaren 17an, berriz, Calexico + Depedro egongo dira Victoria Eugenian (kontrakoa esaten ez bada, hauxe da gunea).
Urtarrilaren 30ean, Rafa Rueda Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz).
Ahitu samarra badago ere, mereziko du ba buelta bat Antonio Vegaren kontzertuak: otsailaren 6an izango da.
Tindersticks taldeari txanda otsailaren 10ean iritsiko zaio.
Living Colour taldeko gitarrista etorriko da Clubera otsailaren 12an. Yohimbe Brothers du izena haren proposamenak.
Saioa eta Joseba Irazoki Imanol Larzabalen (Lugaritz), otsailaren 27an. Oharra: Saioa Erakusleihoan egongo da abenduaren 18an, Ernest Lluch Kultur Etxean.
Elorrioko Logela multimedia (+Circle of Trust) Egiako Gazteszenan egongo da otsailaren 28an.
Ralfe band britainiarrak martxoaren 13an etorriko dira.
Urtain antzezlana prestatu dute Animalariok eta CDNk. Martxoaren 14an eta 15ean bisitatuko dute Donostia.
Giulia y los Tellarini Bartzelonako taldearen bi kanta daude Woody Allen-en azken filmean. Interesgarria da ere jakitea Eusebik (Iban del Camporen Un tal Eusebi filmekoa) eginiko marrazkiarekin moldatu dutela banda honen diskoaren azala.
Joserra Senperena pianistak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an Imanol Larzabalen (Lugaritz).
Bukatzeko, maiatzean hiruko polita: Lila Downs 13an, Eliades Ochoa 14an eta Jackson Browne 19an.
Gazteszenak 10 urte beteko ditu maiatzean
Antzerkia, musika eta dantza zaletasuna hedatzeko toki enblematikoa bihurtu den Egia Kultur Etxeko gunearen hamargarren urteurrena.
Maiatzean 10 urte beteko ditu Gazteszena espazioak eta zoriontzeko modukoa da horrelako gunea izatea Donostian. Gehiago beharko genituela, dudarik ez, baina goazen poztera horrelako gune bat behintzat badugulako.
Zenbat ikuskizun pasa da urte hauetan guztietan toki horretatik? Makina bat. Antzerkia eta dantza ikustera baino musika emanaldiak eraman naute Jai Alai maldatik gora normalean. Batzutan ez nau gehiegi interesatu areto barruan gertatzen zenak eta gehiago erreparatu diot barra ondoko solasari, baina beti izan da aberasgarri bertako atetik sartzea.
Hamargarren urteurrena dela-eta, pasa den astean aurkeztu zuten urtemuga dela eta bereziki prestaturiko programazioa. Apirilaren 26an hasi zen La vida de un piojo llamado Matías, Fernando Aramburu idazle donostiarraren liburuan oinarrituriko haur antzezlanarekin eta Tr´Espace taldearen emanaldiarekin amaituko dira kontuak ekainaren 1ean. Bitartean Nats Nuts taldearen haur dantza, Teresa Iturriozen Single proiektuaren emanaldia (Gaztemaniak.net programaren barruan), Berri Txarrak, Al Kooper & The Funky Faculty, Peter Hammill, Asa, etab. pasako dira. Gainera, maiatzaren 27an festa antolatuko da.
Hau guztiau ezagutzera emateko, Gazteszena 10 urte folletoa egin du Donostia Kulturak eta diseinua José Luis Lanzagortari eskatu dio. 10 ikuskizunen berri emateaz aparte, eta agintarien agurraz gain, zenbait kazetari, artista eta antolatzaileri eskatu zaio bere iritzia: Sergio Cruzado, Ander Lipus, Xabier Portugal, Maite Agirre, Nats Nus Dansa, Juan Luis Etxeberria, etab. Testigantza argazki batzuk ere jarri dira, besteak beste La Máquina de Huesos eta Jon Iraundegi fotografo rockeroenak.
Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut Egia Kultur Etxeko gune hau posible egin duten guztien lana eskertzeko, egunero bertan beharrean jardun dutenei bereziki.
Ah, portzierto!
Toki hau jaio berritan hil zen Poch jaunaren hamargarren
urteurrena ere beteko da irailean. Badakit musikari batzuk omenaldi xumea egiteko asmoa dutela, baina oraindik ez dakit pulamentuzko ezer. Ondo iruditzen zait, Poch herriarena baita eta uste dut
omenaldi hau herriak egin behar diola Ignacio Gasca zenaren barruan ezkutatzen ei zen jenioari.