Harrikadak
antigua
Mikel Laboa 75... Teledonostin
Kopeta behar da horrelakoak egiteko.
Gaur beteko zituen Laboak 75 urte eta, hori aprobetxatuz, Antiguotarrak Dantza Taldeak Mikel Laboaren omenez emanaldia prestatu zuen pasa den ostiralean Antigua auzoan.
Aste bukaeran Ribadesellako El Corberu etxean izan garenez (oso toki gomendagarria), ezin izan genuen kontzertua ikusi. Hurbildutako lagunek (batzuk sarrerarekin eta besteak gabe) esan didate hunkigarria izan zela gaua (eta hori irakur dezakegu ere Berrian Ainara Gorostizuk sinatutako kronikan).
Halere, gaur goizean jakin dudanean Teledonostik (Vocento taldeko telebista lokalak) kontzertua bota zuela larunbatean bertan, haserretu egin naiz. Esan dizutenean kanta batzuk bakarrik grabatzerik dituzula, kopeta behar da denak grabatu eta hurrengo egunean kontzertua osorik (edo ia-osorik) emititzeko.
Izan ere, telebistek eta gainerako medio grafikoek, normalean, bost-hamar minutuko tartea izaten dute kontzertu, antzerki edo dantza emanaldietan irudiak hartzeko. Hortik aurrera, hanka egin behar izaten dute.
Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina antolatzaileek kontzertuaren DVDa ateratzeko asmoa dute.
Honekin loturik, Mikel Laboari buruz eginiko beste DVDa aurkeztuko ei du Elkar argitaletxeak asteazkenean Donostian.
Hona hemen Luistxok ostiralean bertan ateratako argazki bat, Imanol Uribek eginiko filmeko fotograma bat. Irudiak CC lizentzia du.

Omenaldiak
Ekainaren 7an Pepe Rubianesi omenaldia Bartzelonan. Ekainaren 12an Mikel Laboari Donostian (Antiguan, of course).
Harrituta geratu naiz komunikabideetan irakurri dudanean 14.000 lagun bildu zirela Katalunian Pepe Rubianesi eginiko omenaldian (La Vanguardian irakurri dut zerbait, baita El Paísen ere).
Gauza gehiagoren bila Andreu Buenafuentek bere telebista saioan Rubianes hil zen egunean bertan eginiko omenaldi txikia ikusi dut (behean dago bideoa).
Hasiera batean, Rubianes "se metan su puta españa por el culo" (irakurri ere Javier Pérez de Albénizen artikulua) esaldiagatik gogoratu dut, baina Buenafuentek dioen bezala hori oso sinplista da. Ibilbide sendoko aktorea izan baita (TVEn, adibidez, Makinavaja egin zuen).
Eta omenaldiak gora eta behera, ostiralean, ekainaren 12an, Mikel Laboari Antiguako frontoian egingo diotena ere polita dirudi. Izen, belaunaldi eta estilo nahasketa egin zait interesgarri. Lastima, baina ez naiz hemen egongo asteburuan.
Ez da izango Laboaren memoriari eskainiko zaion azken ekitaldia (duela gutxi beste bat egin zioten Usurbilen, adibidez). Udazkenerako beste bat prestatzen ari omen dira, Donostian bertan.
Jaun-andreok, zuekin Andreu Buenafuente eta Pepe Rubianes.
Bueltaka
Ostirala-larunbata-igande-astelehena. Donostia-Gasteiz-Bilbo-Donostia.
Aste bukaera etxetik kanpo pasa dugu. Larunbat goizean autoa hartu eta Gasteizera joan ginen. Karrera elkarrekin egin batzuk elkartu ginen egun-pasan. Ume ardurarik ez genuenok, gainera, Baskonia-Bartzelona saskibaloi norgehiagoka ikusi genuen. Bizpahiru aldiz baino ez naiz joan saskibaloi partidaren bat ikustera, estreinakoz Gasteizen, baina oraindik ez dut lortu inoiz etxeko taldeak irabaztea.
Gauean Bilbora hurbildu ginen lotara. World Café delako ebentoa iragarri zuen Radio Euskadik 25. urteurrena ospatzeko. Ostiralean eguraldi txarra iragarrita zegoela-eta, antolatzaileek ospakizuna atzeratzea erabaki dute maiatzaren 18ra.
Plan-aldaketa ondo atera zitzaigun: etxetik kanpo egin genuen lo, paseotxoa eman genuen igande goizean Bilbon zehar, lagun batzuekin bazkaldu eta arratsaldean, jada euritan, etxerako bidea hartu.
Goizean argazki-makinaren bateriak aguantatu zuen bitartean argazki batzuk atera nituen.
Bilboko Guggenheim zuri-gorria alde batera.
Eta Bilbo berdea beste aldera. Erretratu gutxi batzuk igo ditut flickr kontura.
Bilbon geundela beste lagun batek deitu zidan esateko castellers-ak zeudela Antigua auzoan, Donostian. Entzuna neukan etortzekoak zirela, baina uste nuen Hondarribian zirela aritzekoak soilik. Luistxo famosuaren flickr kontuan ikusi ditut castellers hauen argazki batzuk. Bertara segi giza-dorreak nola eraikitzen dituzten ikusi nahi baduzue.
En castellano
Iturri twitter-en