Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak anoeta

Harrikadak

anoeta

Primeran

Reala igo da Lehen Mailara. Nire herriko taldea, berriz, 2. B mailatik oso gertu dago.

Jolasten

Goizeko 11:00etan geratuta geunden atzo... baina ni berandu iritsi nintzen. Alde Zaharrean bueltaren bat eman eta trago batzuk hartu ondoren, Amarako jatetxe batean bazkaldu genuen.

Bazkaldu ondoren, Anoeta Estadiora hurbildu ginen. Eta hor bizi (ge)nuen lehen emozioa, taldearen autobusa gerturatu zenean. Munduko vuvuzela guztiak baino zarata handiagoa atera baikenuen zaleek.

Kosta zitzaidan 7. atera iristea hainbeste jende artean, baina garaiz nengoen nire eserlekuan. Partida hasi zen, azkenean. Eta ekipoa lotuta ikusi nuen lehen zatian. Eskerrak bigarrenean hobeto jarri zirela gauzak eta penalty bidez aurreratu ginela. Buenok bigarren gola sartu zenean, orduan dena salduta zegoen.

2010eko ekainak 13a Realaren historiako beste data bat. Egungo neska-mutiko errealzaleek taldeari lotuko zaizkio, gu 1981ean eta 1982an itsatsi ginen bezala.

Donostian hori gertatzen zenean, Kordoban Real Unionek kategoria galtzeko urrats handia eman zuen. Pena!

Mikel Iturria 2010/06/14

Ehuneko berrogeita hamar garestitu zen zerbeza

Waits, Springsteen, Bassmatti, Berrio, Fast Fatum. Noiz egin zuen gora zerbezak?

Sapatuan Tom Waits ikusten egon nintzen Donostiako Kursaal Jauregian. Joserrak eman zidan aukera (eskerrik asko). Dirutza pagatu nuen, baina oso gustura egon nintzen Waits zaharra entzuten.

Handik atera, bueltatxo bat Alde Zaharrean eman eta anabasatik gertu zegoen Bassmatti & Friends partyan egon nintzen. Giorgio ez nuen ikusi, baina gozatu ederra hartu genuen Rafa Berriok gitarra hartu zuenean.

Asteartean, berriz, Bruce Springsteen jaunaren showa ikustera joan nintzen Anoeta Estadiora. Badakizue 40.000 ikusle bildu zituela eta jende gehiena oso gustura atera zela, Mr. Jukebox ere bai (jarraitzeko moduan erantzunetan dagoen eztabaida: ebentoak vs. tabernen zirkuitua). Agian larunbatean bizitutakoaren ondoren, ez nuen joateko gogo handirik, baina sarrera Gabonetan erosi nuenez, futbol zelaira joatea beste erremediorik ez zegoen.

Boss-arekin ez nuen gozatu. Bai, badakit: ni eta beste bat ezagutzen dut hori esan duena. Dena emanda aldegin zuela irakurri eta entzuten dut hortik zehar. Izerdi patsetan amaitu zuelako kontzertua? Horixe behar genuen! Eta egia da askok bera bezainbeste kobratu ondoren erdia ez dutela ematen, baina, niretzat hori ez da nahikoa.

Haserretu egin nintzen kontzertuaren hasieran egondako tokian musika ez baitzen behar den bezala entzuten (eta ez nengoen toki txarrean, soinu mahaiaren albo batean). Gero, mugitu egin nintzen eta hobetu zen soinua, nahiz eta ez izan espero nuen bezain espektakularra.

Eta inguruko tabernek kaña 3 eurotan (% 50eko igoera) eta katxiak 6 eurotan jartzea? Barruan, okerrago, katxiak 9 eurotan pagatu behar. Lapurreta. Hau zer ostia da? Hemen denak balio du?

Gure betiko martxan jarraitu beharko dugu. Etxeko zirkuitua. Adibidez, ostegun gauean, AEBetatik etorri berria zen Igor Calzada entzun nuen Le Bukowski aretoan, FasTFatum. Harkaitz Canok ere irakurri zituen poema batzuk. Eta googleheim hitza inbentatu genuen, Joserra Senperenak Alondra Bentley deskubritu zigun. Eta abar, eta abar.

Sube la cerveza un cincuenta por ciento

Kordoba, urrun eta bakar

Kordoba aipatu dute nire inguruan aste honetan.

 

Aurreko mezuan aipatu bezala Xabi Strubell egon zen kultur etxean pasa den ostegunean. Hondarribiarra proposamen berri batekin etorri zen, “Uneguneak”. Bera bakarrik eszenatokian, irudiarekin eta soinuarekin lagun batzuk aldamenean. Gitarrarekin bossa-nova doinuak entzun nituen nobedade gisa, baina gehiago ere egon zen. Poema edo testu gehienak euskaraz, baten bat portugesez, katalaneraz, ingeleraz. Erakusleihoa programaren xedea ez da gauza finduak eskaintzea; aldiz, bide berriak jorratzea baino. Xabiren proiektua horrelakoxea izanen dela uste dut. Baditu borobildu beharreko kontuak, baina emaitza azken produktutik gertu dauka.

Besteak beste, García Lorca poeta andaluziarraren Canción de jinete poeman oinarritutako “Kordoba” kanta abestu zuen euskaraz. Letra hori Zura taldearekin egindako diskoan argitaratu zuten. Lauaxetak euskaratutakoa, urrun eta bakar dagoen Kordobari abesten dio Lorcaren zaldizkoak.

Rafa Berrio musikari hondarribiarraren zalea da eta aretoan zegoen bera ere. Laster emanaldi bat du Kordoban eta Xabiri agindu zion Zuraren kantaren bertsio bat egingo zuela "etxetik hain urrun". Euskaraz. Asko gustatu zitzaidan Rafaren detailea.

Hau guztiau, Anoeta Estadioaren inguruan gertatu zen eta gehienok dakigun bezala bertan jokatzen du Realak, aste honetan agur esan duen entrenatzaileak aitortu duen bezala zirko izateko merituak egiten ari den kluba. Eta asteburuan Kordoba izango du aurkari talde txuri-urdinak. Ea irabazteko gai diren giputzak.

Kordoba/Urrun eta bakar.

Behor beltz, ilargi haundi/Olibak ditut zorroan/Bideak ezagutu arren/Ez naiz sartuko Kordoban.

Zelaietan zehar, haizean zehar/Behor beltz, ilargi gorri/Herio so daukat adi/Kordobako dorreetatik.

Hau da bidearen luzea!/Ai nere bihor zintzoa!/Hau da hau baina, hil beharra/Heldu baino lehen Kordobara!

Kordoba./Urrun eta bakar.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31