Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak alfredo_agirre

Harrikadak

alfredo_agirre

Alfredo Agirreren eta Mikel Zabaltzaren heriotzak

Aingeru Epaltzak idatzitako "Bezperaren bezpera" liburutik ateratako zenbait lerro: bi heriotza 1985ean. Zabaltzaren izena iltzatuta geratu zaigu. Agirre, berriz, ez du inork gogoratzen (familiaz aparte).

Ondorengo pasartea Bezperaren bezperan liburuaren 69-71 orrialdetan dago, aurreko astean aipatutako Aingeru Epaltza iruindar idazlearen azken hogeita hamar urteei buruzko kronika politiko pertsonala.

"Nire adiskide bati aitatxi hil zioten nazionalek 1936an. Alderdi Komunistatik hurbil ibili zen trantsizioaren lehen urteetan. Bat-batean, ulertu egin zuen zertan zen naziotasunaren kontu hori. Geroztik, HBri ematen zion botoa. (…) 1985eko maiatz hondarreko arratsalde batean, (Iruñeko) Caldereria karrikan zebilen, bertze lagun zenbaitekin kaña batzuk hartzen. Eguraldi ederra zen, udaberri bete-betekoa. Pasealariz eta poteatzailez mukuru zegoen hiriburuko Alde Zaharra. Halako batean, eztanda batek dardaritu zituen leihoak (…) ETAk polizia nazional bat eta 14 urteko mutiko bat hil zituen arrats hartan Xabier Jaitsieran. Gaztetxoak Alfredo Agirre Belaskoain zuen izena. Futbolean aritzen zen bere ikastetxeko taldean. Entrenamendutik etxera joaki zen, lehergailuak bertatik bertara zapart egin zuenean. Nire adiskideak ez die geroztik HBri ez haren ondorengoei boto gehiagorik eman ".

(…)

"Heriotza guztiak berdinak omen dira. Zenbat aldiz aditu ez ote dugun azken urteetan. Gezur handiagorik! Ez da berdina buruz buruko batean etsaiaren suak eraisten duenaren heriotza edo igande goizean seme txikiarekin paseatzen ari denarena. Ez da berdina arma bat poltsikoan daraman militantearena edo eskuan harri bat ere ez duen manifestariarena. Ez da berdina soldatan arrisku-plusa duenarena eta plus bakarra arriskua bera duen hautetsi edo kazetariarena. Denak dira deitoragarriak. Denak negargarriak. Alabaina denek ez dituzten arimak berdin zirraratzen".

(…)

"Alfredo Agirrek baino urte batzuk gehiago zituen Mikel Zabaltzak (…) Donostian bizi zen eta han lan egiten, autobus gidari. ELAko kidea zen. Inork ez du argitu nahi izan zergatik atxilotu zuen Guardia Zibilak, 1985eko azaroaren 25ean, ezta zergatik eraman zuten Intxaurrondoko kuartelera, haren neskarekin eta bertze lagun batzuekin batera. (…) Beste guztiak aske gelditu ziren, kargurik gabe, zenbait egun geroago, torturatuak izan ondoan. Mikel ez. (…) Hainbat egunetan, milaka pankarta eta txartel agertu ziren Euskal Herri osoan: Non dago Mikel Zabaltza? Barrionuevo barne ministroak –bidente halakoa- iragarpena egin zuen (Agertuko da). Hala izaki. Abenduaren 15ean, desagertu eta hiru astera, Bidasoako ur gainean azaldu zen, non eta aurreko egunetan mila begik mila aldiz ikusmiratu bazter batean".

(…)

"Alfredo Agirrerenak nire adiskidea bezala, ez dakit orbaiztarraren fin gaiztoak inor iraganarazi zuen gogorretik epelera. Alderantziz aiseago, hain segur. Nire belaunaldiko anitzen bihotzean landaturik gelditu da Zabaltzaren heriotza, izu istorio izugarriak gelditzen diren gisan. Karlos Santisteban idazle karrantzarrak nobela bat eskaini zion izenburu adierazgarria duena: Izueran tunela".

"Patu latza gurea. Euskalduna izateak, gogoa abertzaletasunak kutsaturik edukitzeak, susmagarri egin gaitu. Errudun. Gure amesgaizto gaiztoenetan, berdez jantzitako gizon ilun batzuek atzematen gaituzte eta berekin eramaten, aterabiderik ez duen zulorik beltzenera".

"Nolako amesgaiztoak dituzte Alfredo Agirreren hilotzari negar egin ziotenek?"

Gehien bat su-eten garaian idatzitako liburua, 2007ko udan bukatu zuen Epaltzak eta batailaren ondoko paisaia kontatu nahi zuen.  Ez da horrela gertatu, baina ez du garai hori sobera urrun ikusten.

2008aren hasieran elkarrizketa egin zion Miel Anjel Elustondo kazetariak Argian. Ibarretxe planaz hara zer zioen:

"Nafarra naizen aldetik, ez zait Ibarretxe Plana sobera interesatzen. Nafarrok ez gara barku horretan joanen. Elkarrengandik urrun gaudenok, nafarrak eta mendebaldarrak, are eta urrunago jarriko gaituen atakara ailegatuko gara bide horri eutsiz gero. Zuek (mendebaldarrak), nafar askoren begietan kanpotar zarete. Ibarretxeren asmoa gauzatuz gero eta erran gabe doa hor barna dabiltzan haize autodeterministek aitzina eginez gero, kanpotar ez ezik, atzerritar bilaka zaitezkete. Ez dakit horretaz ohartzen zareten".

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31