Harrikadak
alfonso_sastre
Durangoko arroka
Beti izango dugu Durango?
Izan dira urteak azaldu ere egiten ez nintzela. Data hauek aprobetxatzen baikenituen kanpora joateko.
Izan dira urteak ia erosle konpultsibo moduan agertu naizena: bertara joan eta karga-karga eginda itzuli etxera. Pozik, baina jakinda liburu guzti haiek irakurtzeko ez nuela tarterik hartuko.
Orain, berriz, lagunekin eta ezagunekin egoteko aprobetxatzen dut. Erosketa batzuk egiten ditut, baina pasa gabe.
Entzun! liburua hartu dut gaur. Polita da diseinua eta mamitsua dirudi. The balde eman didaten poltsan sartu dut.
Meettok argitaletxearen postuan, berriz, Angelo Ferracuti italiarraren Los recursos humanos liburua, baita Groucho eta ni ere poltsaratu ditut.
Musikari dagokionez, Zura taldearen Kiribil eta Pettiren zuzenekoa, Awañak, ekarri ditut. Bad Sound System taldearen Kalean oparitu dit Iñakik.
Ez naiz jende askorekin egon, baina egon naizenekin gustura pasa dut eguna.
Dena dela, Alfonso Sastrek Garan ostegunean salaturikoak tristatu egin nau. Pena eta lotsa sentitu dut nik ere, gaur irakurri dudanean zergatik ez den Hiru argitaletxea aurten joan Durangoko Azokara.
Hau da argitaletxearen webgunean dagoen lehen esaldia: "HIRU ARGITALETXEA es una editorial independiente radicada en Euskal Herria (País Vasco)".
Horrelako erabakiekin, beti izango dugu Durango?
Zer Errepublika?
Biharko periodikoetan ageriko al da Arnaldo? Baietz uste dut nik.
Xabi Puertari Edu Lartzanguren kazetariak eginiko elkarrizketa ageri da gaurko Berrian. Alfonso Sastre Kultur Elkarteak (ASKEk) Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean gaurtik osteguna bitartean antolatu dituen Zer Errepublika? jardunaldiak aurkeztea da aitzakia.
Alfonso Sastrek berak eta Arnaldo Otegik zabalduko zituzten dagoeneko jardunaldiak. Joan ez joan egon naiz eguerdian, baina ez joatea erabaki dut azkenean.
Hurrengo egunetan Ángeles Maestro, Izquierda Unida barruan dagoen (edo zegoen) Corriente Rojako koordinatzailea, Carlo Frabetti, eta abar egongo dira.
Ez dut ezer begiratu sarean oraindik, baina baietz biharko prentsan azaldu Otegiren hitzak? Komunikabide bakoitzaren arabera berba batzuk edo besteak agertuko dira, hori ere bai.