Harrikadak
aita
Baserri batean jaio nintzen ni
Julen Iturbek bere aitonaren bizimoduaz idatzitakoari tiraka.
Paradojas respecto a la calidad de vida apuntean, Julen Iturbe artisauak kontatzen du bere aitona nola bizi zen duela 50 urte. Nire kasuan, hori ez zen aitonaren bizimodua, aitarena baizik.
1932an aita jaiotako etxean hazi nintzen ni (1968an). 1990eko hamarkadaren hasiera arte, gutxi gorabehera, bi behi genituen etxean. Aita egunero, astelehenetik igandera, goizeko 6:00ak baino lehen jaikitzen zen aziendak gobernatzera. Julenen aitonaren bizimodu berdintsua zuen, baina aitaren kasuan lantegia (Porcelanas Bidasoa) bost minutura zuen (oinez) eta arratsaldeko 16:00ak pasata zegoen etxean.
Aitaren baserria jada ez dago zutik. 1990. hamarkadako "industri zonalde" batek eraman zuen aurretik. Hala eta guztiz ere, eta nire bizitzaren lehen 24 urteak baserri batean pasa baditut ere, ni asfaltokumea naiz. Tabernak, kioskoak (bai, periodikoak), supermerkatua.... Kalekumea naiz.
Ez dut faltan botatzen baserria, baina nire aitak bai. Amak dio jaiotako etxea utzi behar izateak asko aztoratu zuela senarra. Eta ama hemen aipatzen dudala, berak apenas egin zuen lan etxetik kanpo, baina makina bat eginkizun zituen berak ere.
Agian Julenen hausnarketa beste bide batetik zihoan, baina niri garai hartakoak berpiztu dizkit.
Eskerrik asko, Iturbe jauna.
Yo nací en un caserío, este apunte en castellano
Galtzeimer (XXII) Urtebete
2008ko ekainaren 5ean egin zioten aitari ebakuntza belaunean.
Dear JOR:
Gogoan izango duzu nola kontatu nizun duela urtebete, aitari eskuineko belaunean protesi bat jarri ziotela.
Gogoan dut goiz hartan nola geunden ospitaleko gelan, ebakuntza bukatu arte zain. Periodikoak, liburuak, aldizkariak, solasaldiak, denak dira gutxi horrelako uneetan.
Gogoan dut gero, iluntzean, nola esan genion agur attari ospitaleko zaintza bereziko gelara sartzen utzi ziguten bisita laburrean. Rafael Reig eta Iban Zaldua ziren Donostian beren liburuak aurkezten. Ez ginen iritsi ekitaldira, baina bai ondorengo afarira. Gustura egon ginen elkartu zen koadrilarekin.
Gogoan dut. 2008ko ekainaren 5a.
Zaindu, JOR.
Hogeita hamar urte
Felix hil zela hogeita hamar urte bete ziren pasa den urtarrilaren 31n.
Aitarekin egon nintzen paseatzen joan den igandean Hondarribiko kai berritik barna. Ordubeteko bueltaxka eman genuen bazkalaurretik. Etxean ama genuen zain. Amak beti ematen dit ingurukoen berri. Adinkideak gaixotu eta hil egiten zaizkion adinean dago andrea.
Kontatu zidan auzoko ezagun bat gaixo zegoela Ospitalean. Dolores. Haren senarrarekin gogoratu nintzen. Noiz hil egin zen senarra?
Bikotearen alabetako bat nire gelakidea zen eskolan. Doloresen anaiaren seme zaharrena ere gurekin aritzen zen. Ez dakit nola enteratu nintzen aita eta osaba, hurrenez hurren, hil egin zela, baina apuratu nintzela dut gogoan.
Interneten begiratu nuen igande arratsaldean. 1979ko urtarrilaren 31n hil zela jakin nuen orduan. Baina hori ez zen jakin nuen gauza bakarra. Harekin zegoen lankidea, "lan istripuz" hil zen ni jaio baino egun batzuk lehenago, 1968ko ekainean. Gero, berak izan zuen lan istripua, motorrarekin, 1974ko uztailean. Ez zen errekuperatu eta inkapazidadea eman zioten. Geroztik, gure auzoan andrearen familiak zuen tabernan egoten zen Felix.
Bertan zela hil egin zuten 1979ko urtarrilaren 31n. Felix guardia zibila zen. "Lan istripuz" jarri dut, baina Txabi Etxeberrietak tirokatutako Jose Pardines zen haren lankidea. Istripua ere uniformearekin izan zuen. Akabatu zutenean, berriz, txibatoa izateagatik izan zela irakurri dut.
Ez dira hogeita hamar urte alferrik pasa. El factor humano, John Carlin kazetariak Hegoafrikan laurogeita hamargarren hamarkadan gertatutako aldaketaz idatzitako liburua ari naiz irakurtzen. Badakizue, Nelson Mandela eta enparauak.
Haruntza joan zen duela urte batzuk orain kartzelan dagoen ezker abertzaleko kidea. Gustura etorri zen. Ea noizbait han ikasitakoak hemen aplikatzerik duten.
Gure onerako izango delakoan. Amen.
Galtzeimer (XXI) Etxean berriro
Atta berriro etxean da. Amarekin. Abuztuan atera zen bertatik.
Bueno, azkenean, atta etxera eraman genuen. Gabon eguneko afaria bertan egin ondoren, hantxe geratu zen lotan. Beste astebete pasa zuen zentroan, baina abenduaren 31tik etxean dago berriro. Oraingoz, dena ondo doa, baina gaixotasun hauekin ezin da jakin biharko eguna nolakoa izango den. Carpe diem, beraz.
Atzo irakurritako bi paragrafoekin utziko zaituztet. Hitzok Luz Casal kantariarenak dira:
"Beno, nik egoera familiar bitxi samarra bizi izan dut, etxean gaztetxoa nintzenetik hiru guraso nituelako eta ez bi. Eta hori, gaurtik begiratuta, egoera desberdina, interesgarria kontsidera daiteke, baina ez zen horrela: bi aita eta ama bat ziren. Eta nola eraman aurrera harreman hori hirurak maite dituzunean? Dena dela, modu batean edo bestean urte batzuk agoantatu zituzten elkarrekin, nire aita banandu zen arte".
(...)
"Begira, nik aita 95ean galdu nuen (isilune luzea). Aita gaixo zela jakin nuenean, beste munduari bi desio eskatu nizkion: ez zedila bakarrik hil, amarengandik dibortziatuta baitzegoen jada, eta heriotzaren unean ni bertan egotea. Ez zen bakarrik hil, denok baikeunden haren ondoan (nire ama barne) eta ni ere bai. Orduan, guraso zaharrak dituen jendeari behin eta berriro esaten diodan kontua zera da: "ez galdu denbora, ez geratu iraganeko gaizkiarekin, unean unekoa bizi, orain arazoa baita edozein egunetan gal ditzakezuela". Aitari "maite zaitut" esan ez badiozu, adibidez, bera ez dagoenean min asko izango duzu. Nik pena handia hartu nuen aitari gehiagotan maite nuela ez esateagatik. Baina gauza bat esango dizut: aita ez egotea ez da ezer bere beste presentziarekin konparatuz gero. Aita hil zenetik egunero dago presente nire bizitzan. Gainera, gero eta eskasagoa den talde bateko kide nauzu: fededuna naiz".
Jabier Muguruzak Luz Casali eginiko pulamentuzko elkarrizketa: “Me he propuesto ser alivio ante el dolor y la pena”.
Galtzeimer (XX) Famili-bazkaria
Gaur bildu gara denok famili-bazkarian atta gaixo denetik.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Hilabete pasa da attari buruzko azken apuntea idatzi nuenetik. Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Irungo egoitzan jarraitzen du.
Dena den, bai egon ginela etxera eramatetik gertu. Egoitzako psikologoarekin hitz egin eta esan genion gabonak iritsi aurretik etxera eraman nahi genuela. Eguneko zentrora ekarriko genuela eta gero etxera eraman lotara. Azken unean, baina, gauzak dauden bezala uztea erabaki genuen.
Gaur ekarri dugu lehenengo aldiz etxera bazkaltzera. Zazpi lagun elkartu gara gure etxean, Donostian. Atta oso gustura egon da, eskertu du zentrotik ateratzea. Hiztun etorri da autoan, eguraldiak goizean eman duen tregua aprobetxatuz eta ikusten zuen pasaiarekin gozatuz. Lasai-lasai egon da mahaian eserita, baina arratsaldeko 17:00ak aldera Irunera bueltatu nahi zuela esan digu. Anaiak eraman du bertara.
Aldez aurretik inoiz ez dela jakiten esan zidan aste honen hasieran gizarte langileak. Probatu behar genuela. Ez gara damutzen.
Orain ea nola antolatzen ditugun gabonetako ospakizunak.
Galtzeimer (XIX) Nerbioak
Egun hauek arrapaladan pasa dira. Konturatu gabe.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Eztabaida
Amarekin eztabaidatu nuen pasa den astearen hasieran, duela hamabi bat egun. Egunero-egunero errepikatzen zuen andre gaixoak attaren errekuperazioak aurrera joanez gero, igual etxera eraman beharko genukeela.
Normalean, saiatzen nintzen erantzuten hori ezinezkoa zela, baina, halako batean, ezin isildu eta errieta egin nion igande arratsaldean. Ahal zuen moduan agoantatu zuen amak nire purrustada.
Handik bi egunetara, berriz, goizeko 1:00ak aldera hotsegin zioten etxera egoitzatik. Atta ospitalera eraman behar zutela. Itxuraz, pilula bat gehiago eman zioten eta horrek eragin zuen gizona totelka hastea. Dena ondo zegoela konprobatu ondoren, goizeko 3:30ean eraman zuten berriro zentrora.
Amak hurrengo goizean 8:00etarako bertara joan behar zuenez, hantxe bertan egin zuen lo sofa batean. Anaiari eta bioi ez zigun ezer esan hurrengo goizera arte (ni, gainera, arratsaldean enteratu nintzen). Telefonoa hartu eta amarekin haserretu nintzen berriro.
Hurrengo egunean, berriz, gauzak horrela ezin genituela konpondu ikusita, lasaitu eta amarengana joan nintzen hitz egitera.
Famili bazkaria
Larunbatean famili-bazkaria genuen, baina atta ez zen joateko moduan. Katarroa zuen eta erabaki genuen hobe zela egoitzan geratzea. Ahaleginak egin genituen ama gurekin eramateko, baina senarra zentroan utzita, bera ez zela jatetxera joango esan zigun.
Ospitalean
Astearte honetan berriro ospitaleratu behar izan genuen atta, goizean goiz arnasa hartzeko zailtasunak zituelako. Ez zen kontu larria, baina oxigenoa jarri behar izan diote bi egunez. Ama joan zen ospitalera eta gero hots egin zigun guri. Gaur arratsaldean jada zentrora eraman dute atta. Ongi omen dago. Ondo hartu dute beste egoiliarrek.
Etxeko goxotasuna
Atzoko goiza gurasoekin pasa nuen ospitalean. Bazkaltzeko tenorean, une gogorra bizi nuen. Attak hartu zuen hitza eta inolako etenik gabe zera bota zigun amari eta bioi:
"Nik etxera joan nahi dut hemendik, ez egoitzara. Gazte ginela, amarekin ezkondu nintzen bera maite nuelako. Orain ere maite dut eta bizitzako azken urteak etxean pasa nahi ditut elkarrekin, goxo-goxo".
Saiatu ginen esaten oraindik ez zegoela etxera joateko moduan, baina berak ahobete hortz utzi gintuen zera gaineratuz: "Etxera joaten ez banaiz, erabaki gogorra hartuko dut".
Orain ulertzen dut joan den asteko amaren erretolika hura.
Galtzeimer (XVIII) Pot-pourri
Hamar-hamabost egunetan gauzak aldatu dira munduan. Burtsei erreparatuz gero, behintzat, bai. Egoitzan ere gertatzen dira gauzak.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Ahalegina
Atta libre samar ibili zen Irungo egoitzan hasiera batean. Halere, egun batean bertatik alde egiten saiatu zen. Alarmen txirrinek geldiarazi zuten.
Ez dakit oso ondo zer gertatu zen. Berak bertsio ezberdinak nahasten baititu, baina niri gertaeraren hurrengo egunean kontatutakoa geratu zait buruan:
- Atzo, zer? Ihesi?
- Ihesi? Keba? Intentatu.
Eta biok barre egin genuen.
Meza
Jai egunetan, goizeko 11:00ak inguruan, berrogei bat lagun pasatxo egoten da lehenengo pisuko egongelan telebistan botatzen duten meza jarraitzen. Pasa den igandean, isil-isilik egon nintzen tarte batez haiei begira.
Heriotza
Aurreko batean nirekin hitz egin nahi zuen andre batek. Ea euskaraz ba ote nekien. Baietz, nik. Berak ere bai. Beasaingoa zela eta hura dela euskararik onena. Ez zuela inor mindu nahi, baina txarrena Hondarribian hitz egiten dela. Horixe esan omen zion berari ez dakit nork.
Egun hura izan zen aztoratu gabe ikusi nuen egun bakarrenetakoa. Azken ostegunean, adibidez, inork ez zuen berarekin egon nahi. Gau hartan bertan hil zela esan zidan ostiralean amak.
Familia
Pasa den igande eguerdian attaren biloba bakarraren hirugarren urtebetetzea ospatu genuen familian. Atta ez zen joan, ezta ama ere. Amarekin hiruzpalau aldiz saiatu ginen, baina ez genuen konbentzitu.
Hilabete honen lehen hamabostaldian bi urtebetetze ditugu ospatzeko. Saiatuko gara atta gurekin eramaten jatetxe batera. Ea amak zer dioen. Berak kezkatzen gaitu gehien une honetan, dena emanda baitabil oraindik ere eta zaila da hari laguntzea.
Pot-pourri
Joan-etorriko hitza da Etimologías de Chile webgunean azaltzen denez. Bitxia.
Galtzeimer (XVII) Kaixo Irun
Ostiralean eta igandean bisitatu dut aita.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Ostiral arratsaldean joan nintzen lehenengo aldiz atta ikustera Irungo zentrora. Oso tristea izan zen egongelan hainbeste jende geldirik ikusteak, baina horrelakoa inpresioak normalak dira lehenengo aldian.
Atta ikusi nuen eserita butaka batean. Giltza erabiliz sartu ginen bere gelara. Ederra da, balkoi handia du, eguzkitsua arratsaldeko orduetan. Bi ohe ditu, baina oraingoz bakarrik dago.
Gero, igogailua hartu eta hirugarren pisura joan ginen. Han dute terraza bat, solarium moduan erabil daitekeena eguraldiak laguntzen duenean. Haize fina zegoen eta attaren bronkioak oraindik ez daude sasoi betean. Igogailua hartu eta kafetegia dagoen solairura jaitsi ginen.
Ondo ikusi nuen atta, baina ez dakit hori albiste ona den edo ez. Hau da, ez dago etxera eramateko moduan, bestela amarenak egin du. Gizajoak, baina, oso ondo daki non dagoen. Bizitzaren azken fasean zegoela esan zidan ostiralean.
Bada familian norbait, fede onez, amari esaten diona penatuta dagoela atta egoitzan ikusteagatik. Ez diot esango ezer berari, baina zer uste du gu pozez txoratzen gaudela zaharra inguru horretan ikusterakoan? Egun batzuk daramatzat attaren irudia burutik kendu ezinik. Ez da erraza.
Bukatzeko, anekdotatxo bat ostiralekoa. Sartzerakoan, andre batek eskatu zidan kentzeko gurpildun aulkiari lotzen zion gerrikoa. Kristo guztiari eskatzen zion gauza bera. Handik ordubetera-edo, askatu egin zen eta hiru laguntzaile joan ziren bera berriro lotzera. Biraoak, oihuak… eta hortzen marka langile baten besoan.
Ez da gozoa izan behar horrelako toki batean lanean aritzea.
Galtzeimer (XVI) Agur Donostia
Bi aste pasa ditu attak Donostiako egoitzan. Irunen lortu dugu plaza bat eta herrira goaz bueltan.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Atzo arratsaldean hiru ordu pasa nituen attarekin. Berak ez zekien azken arratsaldea zuela Donostiako egoitzan. Bihar goizean anbulantzia batek eramango du Irunera.
Afaltzerako tenorean mahaian utzi ondoren, etxerako bidean N etorri zitzaidan gogora. Ez dugu entzungo haren txilioak, haren marmarrak, besteak urduri jartzeko zuen gaitasuna lagun (ez berea, gaixotasunarena baino).
C, begi urdin eder handiko emakume isila (gaitzak isildua). Cbisek ez nau berriro agurtuko, oso ondo jakin gabe ni nor naizen. Ez dit etxeko giltzetaz galdetuko.
M, 100 urteko langa pasatu duen emakumea, kasu egiten ez diotenean auxilioka hasten dena, oso ondo jakin gabe nor den bisitaria eta nor egoitzako langile.
Cbis ez dudala inoiz agurtu konturatu nintzen orduan. Hasiera batean, haren egoera eskasak inpresionatu ninduen. Gero ohitu naiz, baina ez dut, tamalez, agurtzeko adorerik izan. Lepoa jokatuko nuke berak ere eskertzen dituela hitz goxoak.
Jren txapel azpiko begiradarekin ez dut berriro topo egingo. Masail gorrituak ere ez ditut ikusiko.
Ez dut L entzungo oraindik osasuntsu dagoen M senarrarekin errietan, honek etxerako bidea hartu behar duela esaterakoan, harekin zazpi ordu pasa ondoren. Lri gutxi iruditzen zaio beti. Gaitzak jeloskortu du.
Akordatu nintzen Frekin, aitaren gelakidea. Eta Fbis, gelakidearen mahaikidea.
Jada ez dut topatuko hirugarren Fa pasilloan barrena bueltaka, zer moduz galderari, ederki erantzuten.
O aulki gainean mugituko da hankak arrastaka. Ez dut aurkituko pasilloan dauden eserlekuetako batean Hola edo antzeko aldizkariren bat gurpildun aulkiaren maindire azpitik atera eta irakurtzen.
Behean ez dit harrera egingo JM mutuak, atarian ondo kokatua, eraikineko bi sarrera-irteerak inork baino hobeto kontrolatzeko moduan.
Langile asko pasa da egun gutxi hauetan. Batzuk, behintzat, gogoan izango ditut.
Akabo. Ea nolako errutinak sortzen ditugun Irunen.
Galtzeimer (XV) Ohitu egiten zara
Astebete pasa du attak jada Donostiako egoitzan. Egokitzen ez, baina bertako errutinak hartzen ari da, ari gara.
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Egongela berean attarekin batera dagoen jendea askotarikoa da. Bat izan ezik, denak andrazkoak dira. Beste gizonezkoa baserritarra da eta 70 urte ditu, bera izango da gazteena. Zaharrena 102 urteko amona bat da. 80 urteko langa pasa duen jendea badago, baita 90ak bete dituztenak ere.
Azken hauetako baten zaintzailearekin egon nintzen hizketan aurreko batean. Bi hilabete pasatxo daramatzala zentroan esan zidan eta egunero ari omen da etxera joan nahian. Ba omen dago mugarri bat, farola bat kasu honetan, arratsaldeko paseoan ezin dutena gainditu. Hura pasaz gero, emakumea aske sentitzen omen da eta korrika abiatzeko keinua egiten duela.
Badago 90 urteko beste andre bat. Harekin egoten da beti senarra, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30era. 92 urte egingo omen ditu laster. Gizonezkoa sasoiko dago, baina andrearekin galtzen du pazientzia. Gaur entzun diot esaten pozik hilko litzatekeela, andrearekin dituen sesioak ekidin arren. Egunero adierazi behar dio, agurrean, hurrengo goizean bueltatuko dela berarekin egotera.
Attak gure amarekiko antzeko lotura du (xuabegoa bada ere). Ama egunero etorri da egun hauetan, ospitalean egongo balitz bezala, goiz eta arratsalde. Gogorra egiten zaio senarra egoera horretan egoitzan uztea eta egunero galdetzen dio bere buruari ea etxera eramanda ez ote litzatekeen hobeto egongo. Eskerrak medikuek, oraingoz behintzat, ideia hori burutik kentzen dioten. Ez da erraza senarraren xantaia emozionala aguantatzea, semeekin ere praktikatzen duena (ulertzekoa da horrela jokatzea attak: nik ere gauza bera egingo nuke).
Egoitza gogorra egiten zait niri. Azken finean, attak inguruan dituen gaixoek berak berandu baino lehen jorratuko duen bidea erakusten baitizute: inguruko guztiak iluntzean urduritzen dituen andrea; lasai-lasai dagoen andra, apenas hitz egiteko gai dena; erabat joana dagoena, jateko arazo franko dituena, flemak direla eta ez direla... Panorama itzela.
Ohitzen al da pertsona horrelakoetara? Gogorra egiten da, baina bai, ohitu egiten da norbera senideren bat halako egoeran ikusita: gaixo. Tristea bada ere.