Harrikadak
Sareko harrikadak
Diurtxioren ahotsa
Asko estimatzen dudan aiton oiartzuarraren pasarteak ahotsak.com proiektuan.
Joan den astean irakurri nuen Sustatu albistegian Oiartzungo aiton-amonei buruzko grabazioak gehitu zituztela ahotsak.com proiektura.
Ama oiartzuarra dudanez, begiratzen hasi nintzen. Halako batean, Tio Migel zenaren koadrilako lau lagunekin grabatutako irudiak ikusi nituen: Juanito eta Faustino Galdos, Santos Mitxelena a.k.a Xantua eta Tiburtzio Aranburu a.k.a Diurtxio. Galdostarrek Gurutze auzoan duten tabernan grabatutako irudiak daude ikusgai.
Barkatuko naute beste hirurek, baina horietatik gehien maite dudana Diurtxio da. Maitagarria baita laurogei urteak jada beteta dituen Altziko Diurtxio. Eta asko dauka kontatzeko. Eta uste dut gutxi kontatu duela.
Irungo frentea deritzon kortea topatu dut eta, oker ez banago, hemen hitz egiten du gehien:
Saiatu naiz pasartea idazten, baina minutu erditik ez naiz pasa:
Tiburtzio: Bai, ordun komeyak ikusi baikenituen guk, komeyak. Gure etxin soldadu egon ziren, ez dakit zenbat hilatin egon zin. Dena guardiya eta handik Irun aldea, Sanmartzial aldetik-eta harek itten baitzuten-eta, eta handikan derrotxean batzuk eta bestik eta bestik. Hilatik in genittun guk Irun aieka azaldu gabe.
Juanito: A bai, ordun ez zegon azaltzeik hara.
Tiburtzio: Ez zegoen azaltzeik. Mundu guztia… Gero handik Sanmartzial, Zueltzo aldea eta hoitikan…
Kolore gorria maite dugulako
Espainiako hamaikakoa osaturik dago jada.
Karrera polita dago sarean Espainiako komunikabideen artean Manifiesto por una lengua común horren alde. Hau da une honetan gure irakurleei eman diezaiekegun hamaikakoa:
1.- El País.
2.- UPyD.
3.- El Mundo.
4.- El Mundo bis.
5.- La Vanguardia.
6.- Europa Press.
7.- Libertad Digital.
8.- El boomeran(g).
9.- Terrako foro bat.
10.- El Manifiesto.com.
11.- ABC.
Dena den, edozer gauza gerta daiteke, Telecincok El Mundo erabili baitu manifestu honen alde egiteko.
Informazio gehiago izanez gero, ematen jarraituko dugu.
Euskarazko wikipediak 25.000 artikulu
Beste hainbat blogetan ikusi dut aipatu eta kopiatu dutela beheko artikulu hau. Nik ere gauza bera egitea erabaki dut, garrantzitsua baita proiektua.
Artikulu hau Gipuzkoa.net webgunetik kopiatu dut.
Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena.
Muga gainditu duen 25.000 artikulua Euskal Herriak Bere Eskola izan da. Aurrekoa, Finlandiako Maunu herriaren ingurukoa izan da, eta 25.001.a Sunset Boulevard filmaren ingurukoa.
Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei «wikilari» edota «lankide» deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere.
Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da.
Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu genuen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe.
Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.
Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena.
Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork
hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun
berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira.
Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea,
senidea... izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta
sustatzaile.
Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiaga
Euskarazko Wikipedia
Bloga-bloga, sare-sare, kriston martxa dabil
Jaun-andreok, sarelarion eguna den honetan (oraingoz nire egutegian bakarrik), hurbil gaitezen blogara ikuspegi antropologikotik (serio-demonio zerbait esatearren). Amen.
Joxe Aranzabalek kontatu zuen aurreko batean sei urte zeramatzala blogatzen (edo blogeatzen). Joxe Sustatun hasi zen blogari. Ondo.
Sustatun zenbat apunte idatzi nituen aztertzen egon naiz Egunkariaren konstituzioa ospatzeko zubian. Eta sorpresa hartu dut ikusitakoan nik ere duela sei urte pasatxo idatzi nuela lehenengo apuntea bertan. Hori bai farozainak baino askoz ere gutxiago publikatu nuen 2004ko uztailera arte, Harrikadak sortu arte. Eta sorpresa izan da ikustea blogari espezializatua izan nintzela: bi post Afganistani buruz eta hiru post Fermin Muguruza tartean sartuz.
Talibanak. 2001eko azaroaren 14an idatzitakoa. Talibanei buruzko apuntea. Lagun bat egona zen orduan Pakistanen eta berak kontatutakoa itzuli nuen euskarara.
Fermin Muguruza. 2002ko otsailaren 28an. Fermin Muguruzari buruzko albiste bat. Bere komunikatu batean WMCE zerrendan agertu zela urte hartan irundarrak argitaraturiko diskoa.
RAWA. 2002ko maiatzaren 21ean. Afganistango RAWA emakume elkarteak bidalitako beste komunikatu baten berri eman nuen.
Josu Landa. 2002ko azaroaren 20an. Casares Kultur Etxeko arduradun izendatu berria nintzela, Josu Landa altzatarraren liburua aurkeztu genuen bertan. FM izan zen MCa.
Musikaren Sariak. 2003ko apirilaren 16an idatzitakoa. Euskal abeslarien komeriak Musika Sarien galan. Otsailean atxilotu zuten Euskaldunon Egunkariko Administrazio Kontseilua eta aipatu galan zeuden musikariek (Fermin, Benito Lertxundi eta Amaia Zubiria) publikoki atera nahi izan zuten bidegabekeria haren aurka.
Badakit alajaina! barrez lehertzen egongo dela: komandantearen prentsaburu lanak egiten ditudala esaten baitit berak. Sustatuko datu horiekin, ea nola egingo diodan aurre hurrengo batean.
Bestalde, hasieran esan badut 20 hilabetetan bost mezu idatzi nituela, azken urtean koaderno honetan 150 apuntetik gertu nabil. Temoso hutsa naiz. Ah! Eta laister bostehungarren apuntea.
Internetek isolatzen omen du jendea
Atzoko gaua Bilbon eman genuen. Irratia.com saioaren ehungarren jarduna betetzerakoan, Patxik eta Jabik jendaurrekoa proposatu baitzuten, artzai digitalen festa, Keith Johnson kazetaria gogoan.
Ez ginen puntualak izan eta horregatik galdu genuen Katixa Agirreren zatia. Gaizki ulertu ez bagenuen, ekitaldi honetarako bereziki prestatutako testua irakurri zuen idazleak. Gu iritsi ginenean Kukubiltxokoak eta Galder Pérez ari ziren eszenatokian. Bertatik jaitsi gabe aritu ziren ere Patxi eta Jabi uneoro, ia bi orduko saioa moldatu arte.
Pettik azken diskoan azaltzen diren pare bat kanta eskaini zituen bere ahots urratu berezi horrekin, gitarra lagun. Bilbo Hiria Irratiko Mieltxo Monfort, Ane Zabala eta Txuma Murugarren irratia bera izan zuten hizpide. Txumak, gainera, pare bat musikarirekin bi pieza jo zituen zuzenean.
Galderrek eta Anek Jon Trolloperen esketxa egin zuten. Ruper ez zen etorri, hamabostean behin tokatzen zaiolako izanen da, baina Josu Martínezek jokatu zuen oñatiarraren anai txikiaren rola. Martxelo Otamendik marranta zuen, baina berotu zen bi artzai digitalen galderekin. Kataluniako Olentzeroa ere, Durangorako Igotz Ziarretak biluztu zuena, pasa zen handik. BURP Underground Report proiektua aurkeztu zuten Maiana Agorrodyk eta Jokin Etcheverriak. My Jok da asmoaren talde eragilea.
Irratsaioa amaitu ondoren, mahaiak eta aulkiak ri-rau jaso zituzten bertako zerbitzariek eta hizketan hasi behar genuenean, musika jarri zuten. Eskerrak kasu honetan behintzat, musika ona aukeratu zuela DJak, Josetxo Anituak.
Hala ere, sareko lagun batzuk agurtzeko aukera izan genuen: Maite, Mendigreen, Katixa, Patxi Lurra, Etiam, Gari, Teketen, Arkaitz, Txuma ...
Hori gutxi balitz, beste batzuk ezagutu nituen: Benito, Jozulin, Mahats Orriak komunitateko kide bat (izenarekin ez nintzen geratu), Gorka Boligorria …
Bilbon bertan geratu ginen lotan. Gaur, berriz, gosaldu eta eguerdirako iritsi gara Durangora. Bertan ere lagun eta ezagun batzuk agurtu ditut. Gainera, Plateruenan izan naiz Egunkariaren aldeko ekitaldian. Han ere ezagun asko. Konatxe, besteak beste. Pello Zubiria agurtzeko aprobetxatu dut. Aurrekoan hemen hartutako lana eskertu zidan posta elektronikoz. Plazerra izan da, Pello, lasai.
Lagun on batzuekin trago bat hartu, beste batekin bazkaldu eta etxera. Zer ondo egoten den etxean, portzierto.
Grazia egiten dit bolo-bolo dabilen topiko hori: internet-ek isolatu egiten gaituela. Dedio, eskerrak isolatzen gaituen!
Bernardo Atxaga blogari eta Joxe Aranzabalen zergatik gara bakarrik
Gaurkoan kontatu digute Sustatun Bernardo Atxagak webgune berria duela. CodeSyntax enpresa eibartarrak egin du lana eta jada jaso ditu kritika on batzuk. Ez naiz ni kontrakoa esaten hasiko: ederra da, bai.
Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago webgunea, baina Atxaga blogaria euskaldun jendeak ulertuko du bakarrik: euskaraz aritzekoa baita Asteasuko semea. Renon omen dabil ikasturte hau pasatzen, liburu berriren bat idazten, bloga astean behin elikatzen.
Gaur goizean mezu bat bidali didate 2003ko otsailaren 26an argitaratu zen Atxagaren artikulu bati buruzkoa. Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Entzutegi Nazionaleko epaile batek eta gauza asko idatzi ziren garai hartan. Horien artean Atxagaren "Bertan goxo?". Egunero izeneko egunkarian publikatu zuten eta sarean ere egon zen ikusgai. Ez dakit zergatik, baina kadukatu egin da egunero.info. Eskerrak Sustatun gorde zuela Luistxok.
Artikulu hura irakurri nuenean, korrika eta presaka itzuli nuen gaztelerara. Hemen jarri zuen Javier Ortizek eta handik hartu zuten Rebelión-ekoek. Horrelakoak nik Pedradas-en jartzen ditut, baina hau pasa egin zitzaidan. Eta ez da makala. Oraintxe jarri dut.
Sustatuko erantzunetan, badago Joxe Aranzabalen bat oso ona. Sustatu kenduta orduan ez zegoen blogarik euskaraz. Hona hemen Joxeren hitzak. Zoritxarrez, ez dute batere gaurkotasunik galdu.
Zergatik gara bakarrik?
Benetan ederra Atxagaren artikulua eta, betiko legez, zer pentsatua ematen duten horietakoa. Guztiz bat nator berarekin, baina aukera aprobetxatu nahiko nuke haritik tiraka egiteko.
Jende asko mobilizatu da Egunkariaren alde egunotan. Baina nabarmena izan da, oso, nola askok beste alde batera begiratu duten, ezikusiarena eginez, Egunkariaren inguruan bidegabekeriarik egin izan ez balitz bezala.
Eta neure buruari galdetu diot behin eta berriro zergatik egiten duten beste aldera, zeren horietako guztiak ez baitira fanatikoak. Eta erantzun bat aurkitu uste dut, erantzun bat, izugarri kezkatzen nauena.
Uste dut orain ezikusiarena egiten duten horietako asko zapuztuta daudela euskalgintzan gabiltzan askorekin, gure babesa behar izan dutenean, gu beste inora begira jarri garelako, ez dugulako argi eta ozen aldarrikatu hemen eta bakean bizi izateko duten eskubidea eta ez ditugulako gaitzetsi jasan dituzten erasoak eta hilketak. Hitz batean esateko, ez ditugulako behar beste babestu.
Zurtz utzi genituen eta, ordainetan, bakarrik utzi gaituzte. Konturatu garenerako, amildegi bat egin da gure artean, zulo ikaragarri bat. Eta horrela nekez aterako dugu euskal kultura aurrera, zer esanik ez herri hau.
Bai, beharbada 2003ko otsailaren 20an aldi, denbora eta garai baten bukaera izan da gure artean. Gerora begira hausnarketa egin beharko dugu eta egiteko modu berriak landu, non ikusmolde desberdinetako jendeak elkarren errespetuan eta elkar hartuta egiten duen aitzina.
ZeBehar du herriak
Mediku kaskarrek bezala soilik betiko errezetak ematen dituen jende gehiegi dago euskal aberian. Eta ni ez nago ados errezeta hauekin, ezta beste hauekin ere.
Tunelaren barruan murgildu gaituzten honetan, argi pizarra ematen duten proiektu batzuei egingo diegu kasu pixka bat. Polemika sanoa egon da azken egunetan 8. probintzian youtube edo euskaltube behar ote dugun kontuarekin. Biak behar ditugula uste dut nik, baina nirea iritzi arrunta da.
Haritzek abiatu zuen duela zenbait aste Euskaltube, youtube-ren euskal klona.
Pravda Txikiko nagusia ez dago klonen kontra, baina "zer irudituko litzaizueke hauek garatzen erabiltzen dugun denbora eta hosting-a zerbait berria, erabilgarria eta polita sortzen erabiliko bagenu?" bota zuen aurreko batean. Pentsakor geratu nintzen. Zer esan nahiko du Anak horrekin?
Atzo jakin nuen hitz horien zergatia. Bide horretatik jo baitu ZeBehar martxan jartzeko. Oinutsik faktoriaren lehen ekoizpena, "ideia sinplea da. Erabiltzaileak bere beharrak argitaratu eta beste erabiltzaileek lagundu diezaiokete erantzun lagungarriak bidaliz".
Behar asko ditugu-eta 8. probintzian bizi garenok. Zazpi probintzietan bizi direnekin batuz gero, hosting arazoak seguru.
Hitzak soberan daude
Vizcaínoren blogean ikusi nuen atzo bideo hau. Lasarte-Oriako alkate den Ana Urchueguía anderea ageri da bertan. 2007ko uztailean, Nikaraguako Somoto herrian hartutako irudiak omen dira. Sei minutura iristen ez den dokumentuan, Epoca aldizkariak eginiko akusazioak aipatzen ditu (baina Diagonal-en ere atera zen zerbait). Diru publikoak bidegabeki erabiltzea leporatzen diote.
Telepredikatzaile estiloan oinarritutako diskurtsoa maneiatzen du, Tina Turner latina baten zenbait zipriztinez.
Lehenengo bideoaren transkripzioa jarri dut pedradas-en, baina bigarrena are larriagoa iruditu zait: Urchueguíak "bere" diruak omen direnak banatzen ditu bertako elkarte eta erakundeen artean, kirol txapelketa baten garaikur banaketa izango balitz bezala.
To eta no. Kooperazioa.
Albisteak 20 hitzetan
Twitter boladan dagoenean, Davidi irakurri nion 20palabras egunkaria sortu zutela BAiresen. Jozulinek aipatutako Jordi Cebrian-en ahalegin literarioaz akordatu naiz.
Free Burma edo gora Birmania askatuta
Gutxitan hartzen dut parte horrelako ekimenetan, baina gaur bai, gaur Birmanian gertatzen ari denaren aurka egitea erabaki dut mezu xume hau sarean jarriz.
Kanpainaren webgunea eta wikia.
Artesanoarenean ikusia.