Harrikadak
Irutxuloko_hitza
Loretopetik (XXVIII) Gipuzkoa, zer izan nahi duzu handia zarenean?
Gipuzkoan endredoa nagusi. Nire azken kolaborazioa Irutxuloko Hitzan. Irutxuloko Hitzan 2008ko abenduaren 17an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Irutxuloko Hitzan 2008ko abenduaren 17an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Duela egun batzuk Albert Pla abeslari katalana Euskal Herrira etorri zen. La diferencia ikuskizun berria eskaini zuen Bilboko Kafe Antzokian azaroaren 27an. Lan hori zela-eta, Irune Berro kazetariak eginiko elkarrizketa publikatu zuen Berria egunkariak.
Elkarrizketa azaroaren 4an egina omen dago; hots, AEBetako presidentea aukeratu zuten egunean. Gauzak horrela, horri buruz galdetu zion kazetariak Albert Plari: "Bost axola zaizkit AEBak. Ez dakit zergatik, baina niri Gipuzkoa ekartzen didate gogora".
Xelebrekeria baino, jeniala iruditu zitzaidan ateraldia. Ez nuen nik irakurri periodikoan, lagun batek aipatu baitzidan kontua. Nola ez du ba askotan lurralde honetara etorri ohi den musikariak hori esango? Begiratu panorama: ez gara gai aireportua modernizatu behar den edo ez erabakitzeko, ez gara gai Pasaiako Badia eraberritzeko, Kutxako asanbladak pikutara bidaltzen du BBKrekin egin beharreko fusioa, Realak bigarren mailako zirkoa dirudi, zakarrak tratatzeko modurik aurkituko dugu noizbait, ETAk trenaren auzian interbenitzea erabakitzen du, etab.
Guzti horretatik nardagarriena, ETAren jarduna da. Azken boladan, atentatu maltzurrenak gure lurraldean egiten ditu, ezker abertzale tradizionala gobernuan dagoen herrietan, gainera. Dirudienez, hobe da eskuinak hartzea boterea, ezkerrak baino. Zeren bila dabiltza? Eta ezker abertzale jipoitua, isil-isilik, itsasoko ura bezala. Joan zaitez orain, publikoki, AHTa ez duzula gustuko esatera.
Atxagak zioen noizbait, oker ez banago, saltsa guzti hauek demokraziaren jokoaren barruan sartzen zirela (the organization-ena, ez, noski). Hau da, pluraltasunaren baitan ulertu behar direla gatazka hauek. Javier Ortiz kazetariak ere idatzi zuen duela gutxi nahiago zuela euskal kaosa, AEBetako jatorrizko alderdi-bitasuna baino.
Gatazkak eta borrokak beharrezkoak dira demokrazian, interes ezberdinak egoten baitira jokoan. Baina Gipuzkoakoa demasa da. Politikariei eskatuko nieke propaganda gutxiago emateko eta informazio gehiago. Goazen goiko gai guzti horiek eta beste batzuk mahai gainean jartzera, informatu jendea eta ea behingoz erabakiak hartzen ditugun.
Erabakiak hartzeko garaia baita. Krisia inoiz baino benetakoagoa baita orain eta ezin dugu gure zilborrari begira egon. Eta argi izan herritarrok ez garela gure agintariak baina hobeak. Antzeko-parezido denak ere.
Amaieran dator despedida: bi urte t´erdi pasa dira jada nire lehen kolaborazioa Loretopetik sailean sinatu nuenetik. Bolada batez, behintzat, agur esatea erabaki dut. Eskerrik asko Irutxuloko Hitzako lagunei toki hau emateagatik. Eta irakurleei beren pazientziagatik. Nahi baduzue Interneten edo beste tokiren batean elkar ikusiko dugu. Carpe diem!
Loretopetik (XXVII) Kontuak argi eta garbi, faborez
Politika 2.0 edo 0.2, berdin du: informazioa bai, propagandarik ez.
Irutxuloko Hitzan 2008ko azaroaren 19an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Gasteizko Parlamentuan iraileko bigarren aste bukaeran Politika 2.0 jardunaldietan herritar blogariak eta politikari blogariak bildu ziren, batez ere. Ni ez nintzen bertan egon, baina nahi duenak topatuko du sarean Politika 2.0 honen arrastoa.
Badakizue azken bolada honetan dena dela 2.0 (bi puntu zero). Politikarekin ari dira orain, Obamak markatutako bideari jarraikiz. Uxue Apaolazak zioen, penatuta, amaitu dela fikzioa eta berriro errealitatea gailenduko dela AEBetako hauteskundeen ondoren.
Euskal politikariak lehendik ibiltzen ziren Interneten, eta ikusiko dugu zer egiteko gai diren. Euskal Herria osoan ez, baina Euskadin (EAEn) ere hauteskundeak izango baititugu martxoan. Jada une barregarria bizitzeko parada eskaini digu, Donostian bertan, Basagoitiren pop politikak: inoiz egon gabea naiz jendea horrela mugitzen den pop kontzertu batean.
Estatu Batuetan sei hilabete pasa zituen lagun batek bueltan esandakoa dut buruan itsatsita azken aste hauetan. Lagunak kontatu zidan Utah-ko gobernadorea (Utah-koa zela uste dut) Txinara joan zela udaberrian. Bertako prentsak argitaratu omen zuen bisita horretan gobernadoreak gastatu zuena, xehetasun osoz. Era berean, gobernadoreak besapean ekarri zituen kontratuak ere zerrendatu ei zituen. Gauzak horrela, erraza zen batuketak eta kenketak egitea. Kasu honetan, bisita defizitarioa izan zen eta horrela agertu zen iritzi publikoaren aurrean.
Balorazio kuantitatiboa ez da egin beharreko ebaluaketa bakarra, baina eskertzekoak lirateke antzeko adibideak hemen. Horregatik, gustura irakurri nuen urrian hemengo periodiko batean hamalau lagunez osaturiko Gasteizko udal delegazioa joatekoa zela Japoniara kultur eraikinak ikustera. Ez dut bisitaren kostua zehatz-mehatz gogoratzen, baina 50.000 eurotik gorakoa zen.
Eusko Jaurlaritzako goi karguak ere ibiltzen dira jotafuego munduan zehar. Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, Joku Paralinpikoetan hamabost egun baino gehiago pasako zituztela Beijingen aipatu zuen Jaurlaritzako ordezkaritzaren buruak irailaren hasieran. Ondo da Joku horietan egotea, baita Joku Olinpikoetan ere, baina hainbeste denbora pasa behar da atzerrian?
Krisia ate joka dagoen garai honetan, Donostiako zenbait politikarik, alkatea buru, soldata % 3 murriztuko dutela iragarri berri dute. Lau haizetara zabaldu da jada albistea, baina sindikatuak agertu dira esanaz gauzak ez direla hain sinpleak. ERNEk, adibidez, salatu du alkateak erabiliko duen auto berri garestia garaje batean dagoela hautsa pilatzen, aurkezteko une egokiaren zain.
Bi puntu zero edo zero puntu bi, lagunok, berdin du: izan gaitezen zorrotzak.
Loretopetik (XXVI) Oinezkoak vs. bizikleteroak
Bartzelonan egin berri da Walk 21 Kongresua, hirian oinez ibiltzeari buruzkoa.
Irutxuloko Hitza egunkarian urriaren 22an publikaturikoa, Loretopetik atalean.
Duela egun batzuk Quim Monzó idazlearen artikulu sarkastikoetako bat irakurtzeko aukera izan nuen. Artikuluaren izenburua: "Gelditu errotatibak! Baratxuri zopa asmatu dute!". Bertan, zutabegile kataluniarrak egun batzuk lehenago Bartzelonan izandako Walk 21 Kongresua zuen hizpide. Kanpoko adituak bildu ziren hirian oinez ibiltzearen inguruko kontuetaz aritzeko. Monzó trufatzen da adituek atera dituzten ondorioak egunkarietan nola ageri diren irakurtzerakoan. El Periódicok zioen: "Txirrindulariak espaloietatik kentzearen alde mundu mailako adituak". Eta ondorio horretara iristeko kanpoko adituak ekarri behar dira? galdetzen zioen bere buruari Quimek.
El Periódico komunikabidearen webgunera joan nintzen artikulu horren atzetik. Bertan diote Parisen debekatuta dagoela espaloietan barrena bizikleta gainean ibiltzea, bide-gorrietan izan ezik. Hori zioen Anne Faurek, Pariseko Udalaren enkarguz oinezkoen eta txirrindularien arteko istiluak ikertu dituen aditu frantsesak. Estudioan aipatzen da 2417 aldiz egin zutela bat espazio eta denbora berean oinezko batek eta txirrindulari batek. 15 arazo egon ziren soilik. Gehienetan oinezkoak eraginda gertatu omen zen, ibiltaria sartu baitzen bizikleten eremuan.
Batzuei zein besteei eginiko elkarrizketetan ageri da atseginez begiratzen dutela hurkoa. Bien arerioa autoa dela Parisen. Anne Faurek dio Vélib zerbitzua abian jarritako lehen urtean hiru erabiltzaile hil omen ziren istripuz.
Vélib bizikletak alokatzeko Pariseko udal zerbitzua da. Bartzelonakoak, berriz, Bicing du izena. Frantsesek Velo eta Liberté hitzekin jokatu dute Vélib sortzeko orduan. Kataluniarrek, berriz, ingeles hizkuntza aukeratu dute. Donostian euskarazko marka jarri diote: d-Bizi.
Eguraldiak laguntzen badu Antiguatik erdialdera joateko bizikleta erabiltzea dut gustuko, baina oraindik ez dut udalak martxan jarritako alokairu zerbitzua erabili. Pozten naiz gero eta jende gehiago bizikleta gainean ikusten dudanean, baina badira hain gustuko ez ditudan beste zenbait ohitura. Bat aipatzearren: zergatik dabil gero eta jende gehiago eskuak bizikletaren manilarrean jarri gabe?
Ez da aditua izan behar jakiteko Bartzelonan oinezkoa eta txirrindulariaren artean espaloietan gertatzen den egoera gatazkatsu hori, hemen ere laster emango dela Donostiako erdigunean. Gero eta oinezko gehiagok mesfidati begiratzen baitizute bizikleta gainean pasatzen zarenean. Oraingoz, ez dut ikusi egoera gatazkatsurik, baina gauzek horrela jarraituz gero, adi.
Dena dela, euria eta hotza hastearekin batera, txirrindulari donostiarrak bizikleta albo batera utziko du eta lasaiago ibiliko dira oinezkoak. Ausartenek jarraituko dute gurpildun garraiobidea erabiltzen.
Eta Irwinek? Irwinek jarraituko du biluzik neguan? Tabernetan dauden makina berrietan egin apustua.
Loretopetik (XXV) Rumano go home
Turistak vs. etorkinak. Aberatsak vs. pobreak.
Irutxuloko Hitzan 2008ko uztailaren 10en argitaratutakoa.
Uda donostiarrak zabaldu ditu ateak eta garaiarekin batera azaldu dira turistak. Larunbat gauean neska mexikar ponpoxa batzuekin egin nuen topo, autobusaren zain ("vamos a agarrar el camión" zioten beraiek). Igandean, berriz, zezenplazaren inguruan ikusi nuen artikulu honi izenburua ematen dion pintada.
Javier Ortiz kazetariak pasa den astean idatziriko artikulu batek deitu zidan atentzioa. Donostiarraren artikulu gehienek merezi dute nire arreta, baina, kasu honetan, bereziki deigarria egin zitzaidan Público periodikoan argitaratutako Beste etorkinak zutabea. Javierrek kontatzen zuen nola Valentziako Erkidegoak erabaki duen ez ematea doako osasun asistentzia jubilatu britainiarrei. Milioi bat europar omen dago Espainiako kostaldean azken urteak bertan pasatu nahian. Diru gutxi ekartzeaz gain, behar dituzten zerbitzuak oso garesti ordaintzen ditu Administrazioak.
Gutxi hitz egiten da, baina, etorkin hauetaz. Besteak dira problema. Eta badakit ez dela erraza hona datozen pobreen integrazioa.
Beste lagun batek kontatu zidan azken Aste Santuan bere herrian gertaturiko pasadizoa. Asmaa Matarón bizi den neska amazigh-a edo bereberea da, ezkonduta dago eta, oker ez banago, bi seme-alaba ditu. Ama ere berarekin bizi da. Honek jatorrizko hizkuntzak baino ez ditu hitz egiten, baina Asmaak kataluniera eta gaztelania menperatzen ditu.
Aste Santuan, esan bezala, bera eta familia hartu dituen lurraldearen ohituren berri gehiago jakite arren, prozesio bat ikustera joan omen ziren. Garaiz iritsi eta toki ona hartu, gainera. Halako batean, beranduago iritsitako baten bat hasi ei zen esaten, interesatuak entzuteko moduan, ea han ere agoantatu behar al zituen kanpotarrak. Asmaa ez da isilik geratzen den horietakoa eta ea zein zen arazoa galdegin zion, katalanez. Bestea, gizonezkoa eta gazteleraduna, harrituta geratu omen zen, baina hura ez zela bere tokia esan omen zion, bere herrialdera bueltatzeko.
Asmaa bezalako jende asko ez da egongo, baina interesgarria iruditu zait kontrastea. Integratzeko inolako asmorik ez duen jende aberatsa eta diru-xahutzailea, alde batetik; lan egiteko adinean dagoen jendea, gizarteratzeko gogotsu, nahiz eta munduko traba guztiak jarri, bestetik.
Ondo da 65 lanorduren kontra borrokatzea, baina, hor dago ere lotsaren zuzentaraua, indarrean sartzeko bidean. Are gehiago, uste dut lehenengoa amu bat dela. Bigarrena, berriz, indarrean sartu aurretik ari dira betetzen jada. Adibidez, duela aste batzuk, Bartzelonan, polizia goizeko 6:00etan ari zen Metroan paper eske. Lanera zihoazen paperik gabeko etorkinak harrapatu nahi zituzten. 60 bat lagun atxilotu omen zituzten, baten bat behintzat kanporatze aginduarekin.
Portzierto, pintadako errumaniarra ez da Gica Craioveanu izango, ezta?
Loretopetik (XXIV) Jainkoak gorde beza Poch lehendakaria
Poch hil zela hamar urte beteko dira irailean. Donostiako (balizko) underground-aren omenaldia egin nahi du Rafa Berriok.
Irutxuloko Hitzan 2008ko ekainaren 13an argitaratutakoa.
Rafa Berriok aipatu zidan aurreko batean Ignacio Gasca a.k.a Poch zenari omenaldia egin nahi ziola, musikariaren heriotzaren 10. urteurrena betetzen zela irailean aitzaki gisa hartuta. Ezagutu zuen jeniorik bakarrenetakoa izan ei zen Ejecutivos Agresivos, La Banda Sin Futuro edo Derribos Arias bezalako taldeetan ibilitako musikaria. Beltza Records-en foroan jarri dute jada Berriok eginiko deialdia.
Ez naiz Poch-en jarraitzaile izan, baina bizpahiru gauza bai gogoratzen ditudala Gros hondartzeko mutilik zurbilenari buruzkoak.
Gogoan dut Kortatu goi-goian zegoen garaian Gasteizko Bideo Jaialdiaren berri ematen zuen argazki bat publikatu zela duela hogei urte baino gehiago Devórame gehigarriaren ale batean. Muguruza anaia gazteenak ageri ziren scooter baten gainean. Fermin gidatzen, Iñigo atzean, sidecarrean eserita Poch. Batxiler garaiko karpeta batean nuen itsatsita argazkia eta hari begira gogoratzen ez nuen beste detaile txoro batekin egin dut topo: Iñigo asto belarriak jartzen Pochi, ezker eskuko behatzekin.
90. hamarkadan sartuta jada, Madrilen egin zioten omenaldi diskoa Poch-i, El chico más pálido de la playa de Gros izenekoa, Gasak publikatu zuena 1991. urtean. Bertso-Hop dendan izan nuen diskoa nire eskuetan, baina ez nuen erosi. Oker ez banago, bi kanta zeuden euskaraz: Tupeak gora Hertzainak taldearen bertsioa bata, Jainkoak gorde beza lehendakaria Negu Gorriak-en bertsioa bestea.
Handik gutxira ikusi nuen lehen aldiz Poch. Atotxa zaharreko harmailetan izan zen. Sevillaren kontrako partida zela esatera ausartuko nintzateke (Maradonaren garaiko Sevilla izan zitekeen?). Fruta Merkatuko harmailetan ikusi nuen pertsona bat zutik egoteko zailtasun izugarria zuena, gorputz guztia dardara etengabean, balantzaka. Ez dakit norbaitek esan ote zidan hura zela Poch edo ni neu konturatu ote nintzen. Huntington endekapenezko gaixotasunaren zantzuak nabarmenak ziren.
Ez nuen gehiago ikusi Groseko artista. Berriok altxatu du bandera Beltza Records disko dendaren webgunean jarritako komunikatuan. Laguntza eskatzen du. Underground izan nahi duen omenaldiaren bila ari da Rafa. Donostiarra, gainera, nahiz eta Miqui Puig musikari kataluniarra izan laguntzeko prest agertu den lehenetarikoa.
Donostia 2016ko bidearen aparretan gal ez dadin, komeni da ere horrelako gauzei erreparatzea. Ea omenaldi xarmangarria egiteko gai den Donostia musikazalea.
Jainkoak gorde beza Poch lehendakaria.
PS: Artikulua bidali ondoren eta post hau ilustratzeko, Fermin Muguruza jaunaren webgunean topatu dut Muguruza anaiek Poch-ekin batera ateratako argazkia. 1985ekoa da eta egilea Maribí Ibarrola omen da. Nire karpetan baino kalitate hobeagoa du eta honen azpian doa.
