Harrikadak
Harrikadak
Eliztarrak uxatzen
Apaiz baten perlak.
Igande goizeko 11:00ak. Amaren lehengusu baten aldeko meza. Pare bat hileta-elizkizunetan eta ezkontza batean egonagatik ezagutzen ditut eliza eta apaiza. Gizon erretxina, elizara joateko denborarik ez duen jendearekin egiten omen du topo askotan. Gehienetan ez omen die ezer esaten, baina isilik gelditzen ez denean zera botatzen omen die: nolatan liteke Jaungoikoarekin egoteko nahikoa denbora ez hartzea? Hori bai, lagunekin egoteko, koadrilan eta parrandan ibiltzeko, auto bat, bi etxe… horretarako bai, baina Jaunarekin egoteko ez.
Hiru pega:
Baga, hori elizan esan zuela eta mezatara joaten ez den jendeari luzaturiko mezua zela.
Biga, Jaungoikoa ez al dago toki guztietan?
Higa, horrelako
apaiz erretxinekin, Afrikako eta Amerikako apaizak soilik ez, eliztarrak ere inportatu
beharko ditu Eliza Katolikoak. Beno, goseak eta globalizazio neo-liberalak laguntzen dute azken puntu hau bete dadin.
Volgako batelariak eta Fermin Muguruza
Volgakoen manifestua, Fermin Muguruzaren komunikazioa.
Lagun batek idatzi zidan aurreko batean. Azken bolada honetan irakurritako manifesturik onena bidaltzen zidala zioen. Prentsan ere egin nuen topo idatziarekin, baita Volgako Batelariak taldearen blogean ere. Gainera, norbaitek gazteleratu eta Porque lo digo yo blogean jarri du. Zaila egiten zait hemen laburpena egitea, beraz, irakurri manifestua eta zuek atera ondorioak. Nik behintzat horrelako idatziak eskertzen ditut.
Hori ez da izan azken egun hauetako nobedade bakarra. Aspaldiko partez, Fermin Muguruzak bere ibilbidearen berri eman du webgunean jartzen dituen komunikazioetako 42. zenbakian. Palestinarekiko elkartasuna, AHT proiektua gelditzeko kanta eta Euskal Herriko egoera penagarria aldatzeko ekimenak. Gelditour izan da hortik azaldu dena blogosferan eta komunikabidetan, baina nik hitz hauek ere azpimarratu nahi ditut:
“Euskal Herrirako bake akordioa gauzatzeko ekimenak. Salbuespen egoera, ilegalizazioak, torturak, atxiloketak, errepresioa eta erabateko errefusa eragiten didan Isaias Carrascoren hilketa bezalako ekintzekin amaitzeko martxan jarri behar diren ekimenen aldeko jarrera”.
Ez da lehenengo aldia (Barajaseko atentatua, adibidez), baina oraingoan ere esanguratsua da.
Bukatzeko egoera penagarri honetan bi albiste antidemokratiko nabarmenen berri izanez oheratu nintzen atzo gauean: bata, Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen gartzelaratzea; bestea, the organization-ek jarritako hiru bonbak.
Erredukzionismoa
Aizue Elhuyarrenean begiratu eta ontzat ematen du hitza.
Komunikabide nagusienak Arrasatera begira dauden honetan, hitzik gabe geratu naiz Luistxoren apuntea irakurtzerakoan. Arrasaten egon omen zen lanean Luistxo ostegunean eta, kamera guztiak pleno-aretoan zeuden bitartean, berak Isaías Carrasco zenaren alabarekin egin zuen bat herri bereko peajean. Bata autoan, bestea ordain-lekuan, kabinan peajea kobratzen.
Komunikabideek
Arrasateko eta Hernaniko mozio etikoak aurrera ez ateratzea Ezker Batua-Berdeak taldeari
egotzi nahi diote, batek daki zergatik. Javier Ortiz
kazetariak idatzitakoarekin ados nago. Interneten haren arrastoa jarraitzen
nuen bitartean topo egin dut Fernando
Martínez Hinojal arkitektoaren blogarekin. Eta irakurri dut bertan, ez
masa-komunikabide horietan, zer esaten duten Ezker Batua-Berdeak taldeko bi zinegotziek (hirugarrena Zutik-ekoa da).
Ikuspegi motzekoa iruditzen zait beste batzuetan hain interesgarria iruditu zaidan A sueldo de Moscú blogean Ricardok dioena: erakundearen konplizeak direla mozio horren alde egiten ez badute. Ai, ai, ai…
Ez da igarlea izan behar garai latzak datozela usaintzeko. Bakoitza bere astoari arreka ari baita soilik, iso esateko garaia urruti samar geratzen baita.
GPSa euskaraz laster
Bai, laster zure autoko GPSa euskaraz jartzeko aukera izango duzu.
Dena berriki hamar urte bete dituen eibartarrak posta zerrendan sortu zen. Gari hasi zen esanez GPSa euskaratu nahi zuela. Ideia ona iruditu zitzaidan eta horregatik izena eman nuen Garik galdetu zuenean ea nor zegoen prest laguntzeko. Jende gehiagok ere eman genuen izena eta horrela jarri genuen hitzordua pasa den barikuan, apirilaren 18an, Eibarren.
Jatsu teknikariaren aginduetara, Iban, Amatiño eta Leire ere arrimatu ziren. Gari egon zen dena kontrolatzen.
Ni iritsi nintzenerako, itzuli beharreko esaldien erdia baino gehiago euskaratuta zituzten. Geratzen zirenak itzuli, soinu-frogak egin eta grabaketa-lanak egin genituen.
Leirek argazki kamera eraman zuenez, frogak daude. Horietako batzuek Txargain flickr kontuan dituzue ikusgai.
Ondorengo urratsak, lana amaitzerakoan kontatuko ditu Garik, baina lasai zeren eta denen eskura egongo dira doan.
Nik orain dudan arazoa da, arrazoi teknikoak direla medio, Tomtom-erako egin dugula eta nik Michelin dudala etxean.
Astea arin
Abiadura handiko astea joan zait enteratu gabe.
Asteartean
etorri ziren Maria, Miquel eta Vicky. Mataró Euskal Herria connection. Miquel Torner Gerra Zibilaren
ondorengo memoria demokratikoa eta galtzailea oinez errekuperatzen duen Marxaires taldeko kide da. Oso pertsona
jatorra, hankak lurrean dituen horietakoa. Maria nire laguna da eta Vicky
Miquel-ena.
Aitzakia Ernest Lluch Kultur Etxeko asteazkeneko ekitaldia izan zen. Assumpta Montellà eta Toni Strubell ere egon ziren bertan. Assumpta beti bezain ondo hitzaren jabe denean, emozioa hitzez transmititzeko gai baita. Strubell ere hunkituta, batez ere Javier Vizcaínok solaskideei hitza eman aurretik jarritako lau minutu eskaseko korteagatik.
Denek merezi
dute nire aitortza, baina Javi
folloi ederraren erdian etorri zen Donostiara. Lorik egin gabe eta aurretik
kristoren plan tzarra duela kontutan hartuz, esker bereziak igorri nahi dizkiot hemendik. Eta zaintzeko ere esan
nahi diot, bizitza bizitza baita, ederrena, galtzen duenak, galtzen du dena (Atxagaren berbak moldatuz).
Kronika ezberdinak egin dituzte bertaratutako lagunek: Javier Vizcaíno aurkezleak bata, Love of 74 entzuleak bestea, laster esango du zerbait Assumpta Montellàk… Eta Begoña Del Teso kazetariak Miqueli eginiko elkarrizketa gaur publikatu da DVn.
Hauetako lagun katalan batzuekin Gu ta gutarrak taldearen kontzertua ikusi genuen ostegunean Loiolako Kultur Etxean. Donostia periferia tour. Aretoa lepo eta bizkaitarrak in crescendo, tempoak ondo maneiatuz. Joseba Tapia izan zen gutar gonbidatua.
Gainsbourg gainbegiratuz
Ostiral arratsaldean, Eibartik pasa ondoren, Elgetara igo ginen. Espaloia Kafe Antzokian genuen zitak merezi baitzuen. Diskoa publikatu ondoren estreinakoz igo zen taula gainera Gainsbourg gainbegiratuz lana zuzenean defenditzera Jocanok bildutako tropa. Diskoa emanaldiaren aurretik erosi egin nuen eta zinez da ederra. Emanaldia, berriz, ez zen gutxienekora iritsi. Inguruan nuen jendea, nirekin eta niregatik igo zena kasu batzuetan, ni baino harrituago zegoen ikusi zuenarekin. Ezin baita 13 euro pagatu dituenari entsaio batera gonbidatu.
Zaila egin zen aurretik sarrerak saltzea, hori kontatzen du Iban Arantzabal antolatzaileak bere blogean. Eta zuzenekoa oso berde dago oraindik. Hurrengo hitzordua Victoria Eugenian dutela aintzat hartuz, ni kezkatuta egongo nintzateke taula gainera igo behar izanez gero. Bi gauza dituzte alde: denbora eta proiektua perla bat dela.
Bueltaka
Ostirala-larunbata-igande-astelehena. Donostia-Gasteiz-Bilbo-Donostia.
Aste bukaera etxetik kanpo pasa dugu. Larunbat goizean autoa hartu eta Gasteizera joan ginen. Karrera elkarrekin egin batzuk elkartu ginen egun-pasan. Ume ardurarik ez genuenok, gainera, Baskonia-Bartzelona saskibaloi norgehiagoka ikusi genuen. Bizpahiru aldiz baino ez naiz joan saskibaloi partidaren bat ikustera, estreinakoz Gasteizen, baina oraindik ez dut lortu inoiz etxeko taldeak irabaztea.
Gauean Bilbora hurbildu ginen lotara. World Café delako ebentoa iragarri zuen Radio Euskadik 25. urteurrena ospatzeko. Ostiralean eguraldi txarra iragarrita zegoela-eta, antolatzaileek ospakizuna atzeratzea erabaki dute maiatzaren 18ra.
Plan-aldaketa ondo atera zitzaigun: etxetik kanpo egin genuen lo, paseotxoa eman genuen igande goizean Bilbon zehar, lagun batzuekin bazkaldu eta arratsaldean, jada euritan, etxerako bidea hartu.
Goizean argazki-makinaren bateriak aguantatu zuen bitartean argazki batzuk atera nituen.
Bilboko Guggenheim zuri-gorria alde batera.
Eta Bilbo berdea beste aldera. Erretratu gutxi batzuk igo ditut flickr kontura.
Bilbon geundela beste lagun batek deitu zidan esateko castellers-ak zeudela Antigua auzoan, Donostian. Entzuna neukan etortzekoak zirela, baina uste nuen Hondarribian zirela aritzekoak soilik. Luistxo famosuaren flickr kontuan ikusi ditut castellers hauen argazki batzuk. Bertara segi giza-dorreak nola eraikitzen dituzten ikusi nahi baduzue.
En castellanoKanposantuan
Duela hamar egun tanatorioan nengoen lagun baten aitaren heriotza zela-eta. Ez zen astebete pasa eta berriro beste bisita bat: amautxia (ama besoetakoa) hil zen apirilaren 3an.
Aspaldian ez
nion bisitarik egin. Alzheimerraren eragina nabarmena omen
zen, baina oraindik ere elkarrizketa bat mantentzeko gai zela esan didate. Tuteran hil zen gurpildun aulkian paseatzen zuten bitartean. Han bizi zen alaba gazteenarekin.
Larunbat goizean izan zen enterrua. Lehenengo Irungo tanatoriotik pasa ginen eta ondotik karabanan joan ginen Blaiako kanposanturaino. Eguraldi zoragarria, argitsua eta eguzkitsua. Blaian geundela jada, apaizak errezatu ostean hilerriko bi langileen atzetik joan ginen familiaren panteoira.
Panteoian sartu ondoren eta harlauza gainean jarri aurretik, hildakoaren suhi batek bezperako gauean idatzitako zenbait lerro irakurri zituen. Unerik hunkigarriena izan zen (niretzat behintzat). Gizon honen nobia zen hildakoaren alaba eta 2007ko ekainean hil egin zen. Hitz sentituak leitu zituen Ramonek.
Nengoen tokitik, San Martzial mendiaren goialdean dagoen ermita ikusten zen. Irungo nekazal eremuan dagoen Ibarlako lurrak ere bai. Zelai berde-berdeak erdibitzen dituen autopistaren grisak, noski. Autopistatik eskuin aldean Irungo zonalderik urbanoa.
Apirilean hil da amautxia eta Irunen bera da ezkondu arte (edo nobiarekin bizi arte, behintzat) opila oparitzen dizuna San Markos egunaren bueltan (apirilaren 25ean). Badira zenbait urte jada ez nuela opila harenean jasotzen, baina aurten seguru berarekin gogoratzen naizela egun hori iristerakoan. Goian bego.
Gurasoekin joan nintzen gero beste zenbait hilobi ikustera. Beste behin denbora zein azkar pasatzen den konturatzeko balio izan zuen. Ustez duela urte gutxi hildako jendearen benetako heriotz-datari erreparatu eta zer nolako sorpresak: hamar, hamabost, hogei, hogeita bi, hogeita lau urte pasa dira…
Eskerrak oraindik nire aitak, hildakoaren anai gazteenak, urteak betetzeko ohiturarekin jarraitzen duen. Atzo egin zituen 76. Gida-baimena kendu berri diote, baina uste baino hobeto hartu du albistea.
Elnako amaetxeari buruzko erakusketa Donostian
Gaur, apirilak 3, inauguratuko da Elnako amaetxeari buruzko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean. Ekitaldi gomendagarriak daude apirilean zehar.
Duela urtebete, 2007ko martxoaren bukaeran, ezagutu nuen Assumpta Montellà. Orduan ezagutzen ez nuen Txaro Barinaga etorri zitzaidan bere lagunak La maternidad de Elna liburua Kultur Etxean aurkeztu nahi zuela esanaz. Eta hitzordua itxi genuen. Kronika moduko bat idatzi nuen Elnako Amaetxeari buruzko liburuaren aurkezpenari buruz.
Orduan ez nekien liburu-aurkezpen hark halako ibilbidea izango zuenik. Uda aurretik gauzak mugitzen hasi nintzen Generalitatearekin, enteratu bainintzen Katalunian prest zeukatela erakusketa ibiltari bat. Materiala euskaratzeko asmotan zebilen Memorial Democratic izeneko erakundea eta lotu genuen Giza Eskubideen VI. Zinemaldiaren barruan aipatu erakusketa Donostiara ekartzea.
Uztailean egon nintzen Elna herrian. Jada ez naiz gogoratzen ea kontatu ote nuen edo ez, baina zirraragarria izan zen Elisabeth Eidenbenz ekimenez, batez ere, ia 600 haur jaio ziren amaetxe hartan hankak jartzea. Bertan zuten paraturik Donostiara ekarriko den erakusketaren antzekoa.
Hementxe duzue erakusketaren berri emateko prestaturiko postala. Hauexek dira ekitaldiak. Gaur ezin baduzue etorri, apuntatu beste bi hitzorduak
Erakusketaren datak: Apirilak 3 – maiatzak 3
Lekua: Ernest
Lluch Kultur Etxea. Anoeta pasealekua, 7 (Anoeta estadioko 8. atearen
aldamenean)
Ordutegiak: 16:00 – 20:30 Astelehenetik
ostiralera /
17:00 – 21:00 larunbatetan
Inaugurazioa: Apirilak 3, osteguna, 19:30ean.
Ekitaldi osagarriak:
Apirilak 9. 19:30ean. Ernest Lluch K. E. areto nagusia.
“El legado de la maternidad de Elna”. Assumpta Montellà-k eta Toni Espinosak idatzi eta zuzendutako dokumentalaren proiekzioa eta egileekin solasaldia ostean.
Apirilak 16. 19:30ean. Ernest Lluch K.E. areto nagusia.
Mahai-ingurua, ondorengo solaskideekin: Assumpta Montellà (historialaria); Miquel Torner (Marxaires Mataró-Canigó); Toni Strubell (Comissió de la Dignitat). Moderatzailea: Javier Vizcaíno (kazetaria).
Apirilak 17. 19:30ean.
Espai Catalunya Topalekuan (Federico García Lorca, 10, behea).
“El setè camió: el tresor perdut de la república” liburuaren aurkezpen-afaria. Assumpta Montellà egilea bertan egongo da.
Apirilak 17 eta 18. Erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak ikastetxeei zuzenduta. Aurretiko txandarekin soilik (943 481919 telefonoan).
Figuranteak
Huelvan akabatu egin duten bost urteko neskato gaixoaren harira.
Ostiral arratsaldea. Tele 5 kateko Está pasando saioa. Nazkatu arte errepikatu dute goizean bizilagun batzuek Mari Luz Cortés haurraren krimena egiteaz akusatua dagoen anaia jipoitu egin dutela telebista bereko beste programa bateko kazetari baten aurrean. Eta bai, irudiak ere bota dituzte.
Halako batean, hiru konexio egin dituzte. Bartzelona, Madril eta Valentziako hiru auzoetara bidalitako beste hainbeste kazetariak sartu dira zuzenean. Guztietan errepikatu da eszenatokia eta figuranteak. Auzo txiroetako jendea. Hogei bat lagun, gazte eta ume asko tarteko. Asesino, que le cuelguen, cadena perpetua, que nos lo dejen a nosotros eta antzeko espresioak, argazki batzuk (telebistak berak banatutako fotokopiak?) kameren aurrean astintzen zituzten bitartean.
Goragalea ematen du. Telebistak manipulatzen duela argi dago, baina baita jendea gustura aritzen dela jolas horretan.
P.S.: hobeto kontatzen du, noski, Javier Ortiz kazetariak.
Guardia Zibilaren ereserkia jarri zuen kazetaria
Espainiako periodikoetan Alderdi Komunistaren legeztatzearen berri eman zuen kazetaria izan zela gogoratzen dute heriotza-oharrean. Baina nik Benemeritaren ereserkia jartzeagatik gogoratuko dut tipoa.
Alejo García irrati-gizona hil zen pasa den ostiralean Malagan. 71 urte zituen. Igandeko periodiko batean irakurri nuen PCEren legeztatzearen berri eman zuen kazetaria izan zela. Gaur konprobatu dut sarean beste askok gauza bera errepikatzen dutela.
Nik, berriz, 1997ko uztailaren hasieran buruan iltzatuta geratu zaidan beste gauza batengatik oroitzen dut. Autoz gentozen Andaluziatik, hogei eguneko oporraldiari amaiera emanez. Urte t´erdiz bahituta zegoen Ortega Lara askatzea lortu zuen Guardia Zibilak uztailaren 1ean. Albistea ona zen, dudarik ez, baina komunikabideak erakunde armatuaren merituak behin eta berriro goraipatzen ari ziren ondorengo orduetan.
Irratia entzuten gentozen. RNEn egiten zuen lan garai hartan Alejo Garcíak, goizeko saioan. Albistegietatik bueltan izan zela uste dut, hara non hasten den gizona: “Atendiendo a las múltiples llamadas recibidas, a continuación nos disponemos a escuchar el himno de la Guardia Civil”. Hortxe bukatu zen irratsaioa guretzat.
Diotenez, PCEren legeztatzearen berri ostiral santu batean eman zuen eta beste ostiral santu batean, ia hogeita hamaika urte beranduago zendu da. El Mundo periodikoaren webgunean entzun daiteke nola eman zuen albistea. Kostatu zitzaion arrankatzea.

Iturri twitter-en