Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak Artxiboa 2009 Apirila

Artxiboa Apirila 2009

Hainbeste maite genuen Javier

Ortiz hil zaigu, bai.

Hogeita lau ordu pasa dira jada Javierren heriotzaren berri jaso nuenetik. Mundu honetan pertsona izateko soilik hogeita lau ordu behar baldin badira, beste hainbeste beharko dira ba pertsona hil dela egiaztatzeko, ezta?

Eta bai, horrela da, Javier Ortizen webgunean ez dago jada normalean goizeko 6:00etan egoten zen eguneko artikulua. Joan aurretik idatzitako obituarioa dago, Jamaika-Itakan elkar ikusiko dugula dioena (oraindik irakurri ez dudana) eta Europako hauteskundeei buruz Público egunkarira bidalitako azken artikulua. Beno, eta ia 200 elkartasun mezu. Hauek ere ez ditut irakurri, baina egongo da aukera lasai-lasai irakurtzekoa.

Azken egun hauetan atzoko albiste txarra edozein momentutan gerta zitekeela hasia nintzen barneratzen. Hilabete luze egina zuen jada ospitalean eta haren osasun egoerak ez zuen buelta hartzen. Baina gero desorduetan esnatzen zaituen telefonoaren txirrinak ematen dizu lehenengo abisua: zerbait gertatu da. Eta albisteak ez dira onak.

Atzo gauean Haile Gerima zuzendari afrikarraren Teza film luze eta kitzikagarria ikusten egon nintzen Victoria Eugenian. Zuzendari hau Javierren adinekoa da, gutxi gora behera, eta bere herriaren historia kontatzen digu herrira bueltatu nahi duen medikuaren ikuspuntutik. Haile Estatu Batuetan bizi da, Washington-en. Han bera tokiz kanpo dagoela esan omen zuen prentsaurrekoan, etxeko altzariak sutetik salbatu nahian. Asmo bakarra bere herriaren historia kontatzea omen. Edo bakarrik Hollywood-ek izango al du ba kontatzeko eskubidea?

Javierrik gabe, orain nork kontatuko digu berak bezain ondo gure inguru hauetan, eta munduan barna, gertatzen ari dena? Umezurtzago nago ni atzodanik. Aita bat, osaba kabroi bat, lagun handi bat galtzen dut. Jada ez da berdin izango. Berarekin gozatzeko zientoka artikulu geratuko bazaizkigu ere.

Orain bezala triste gaudenean, beti izango dugu Javier Vizcaínorekin 2004an izaniko solasaldia entzuteko aukera. Gertuko Javier baitago hor. Lagun batekin berbetan. Gertutik ezagutu izan dugunok ikusten genuen bezala. Lastima.

Hainbeste maite genuen Javier. Hainbeste maite zaitugu. Hainbeste maitatuko zaitugu.

Adiorik ez, Javiertxo.
Mikel Iturria 2009/04/29

Carlinen zurrunbiloan

Krisi hotsak nagusi Donostian ere, baina, oraingoz, kultur jarduerek aurrera darraite.

Asteartean John Carlin idazle eta kazetariaren solasaldi ederra entzuteko aukera izan genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. John aurkezteaz gain, Jesús Torquemadak  bertan bildutako jendeak egiteko zituen galderei paso eman zien. Elkarrizketa asko eskaini zituen egun horretan Carlinek. Bat aipatzearren, Hego Afrikako hauteskundeen eta Euskal Herriko gatazkaren harira, Iñaki Sotok egin eta Garak argitaratutakoa.

Carlin beste liga batean dago jada, baina, ikusi nuenagatik, tipo jatorra ematen du. Beste liga batean dagoela diot, bezperan Bartzelonako Lionel Messi jokalaria elkarrizketatu baitzuen eta pasa den hilean zenbait egun pasa baitzituen Hego Afrikan bere liburua oinarri hartuta egiten ari diren filmaren errodajean. Protagonistak ez dira nolanahikoak: Morgan Freeman izango da Mandela eta 1995ean Hego Afrikan ospatutako lehiaketa irabazi zuen Spring Boks talde txapelduneko kapitainaren rola jokatuko du Matt Damonek. Hori gutxi balitz, zuzendaria Clint Eastwood da.

Oraingo planak betez gero, pelikula urte bukaeran estreinatuko da Estatu Batuetan eta bizpahiru hilabete beranduago Europan ikusteko aukera egongo da.

Hori, txerri gripeak edo krisiak (biek ala biek, agian) gurekin bukatzen ez badute...

Amaitu da Erromako oporraldia

Astebete pasatxo etxetik kanpo eta bihar lanera.

Azkenetako mezuren batean aipatzen nuen oporrak hartu eta Erromara gindoazela apirilaren hasieran. Hilaren 2an hartu genuen abioia Hondarribian Madrilera joateko. Handik Fiumicinora. Booking.com zerbitzua erabiliz, ostatu hartu genuen Hotel Brasile izenekoan. Ez dago txarto. Terminiko tren geltokitik eta Piazza Reppublicatik hamar minutura dago, gosaltzeko ugari eta ohe ederra genuen. Garesti samar, hori bai, baina Aste Santuaren atarian Erroman ostatu hartzea ez da merkea.

Aipatu dut ederra zela ohea. Probatu genuen, bai. Apirilaren 6ko gauean lurrikara egon zen L´Aquila herrian. Goizaldean esnatu egin gintuen ohearen mugimenduak, norbait gu kulunkatzen ahalegindu izan balitz bezala, eta armairuko pertxen hotsak (kasu honetan, haizeak mugitu izan balitu bezala).

Seko lo geratu ginen berriro eta hurrengo egunean etxeko deiek eta SMSen bidez jakin genuen zer gertatu zen. Vaticanoan nengoen lehen SMSa jaso nuenean eta lehenengo deia Piazza Spagnatik erantzun genuen. Harritu naiz nolatan gaur egunean ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitzeko abildade landua dugun. Segi diru makinari eraginez.

Gidari lokalak izan ditugu (hemengo lagun bat eta Italiako hiriburuan bizi den bere andregaia) eta horrek aukera asko ematen ditu hiria hobeto ezagutzeko. Asko gustatu zait Erroma: tamaina aproposekoa oinez ibiltzeko alde batetik bestera.

Ostiralean etxera etorri aurretik, azken bi egunak Viterbon pasa ditugu, B&B Dei Papin, bed & breakfast polit askoan. Herria Erdi Aroan Aita Santuen oporgune izandakoa da eta ardo onak edan ditugu hango pare bat tokitan. Jan ere ederki jan dugu.

Argazkiak flickr-eko nire kontura igotzeko komeriak ditut, baina batzuk igo ditut behintzat. Apaiz sotanadun gutxi ikusi ditugu, baina harrobi hori ez da agortzen. Berdin korte kontserbadorea duten Espainiako neska-mutil gazteen harrobia ere. Etxetik uniformearekin ateratzen direla dirudi.

Ah! Apirilaren 4an CGIL sindikatu italiarrak manifestazio nazionala antolatu zuen Erroman krisiaren kontra. Eta guri hotelean ahaztu argazki kamera. Jendetsua, koloretsua, zaratatsua izan zen martxa.

Aurkitu dut bideo bat Interneten apirilaren 4ko manifestazioaren ideia bat egiteko:

Mikel Iturria 2009/04/13

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31