Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak Artxiboa 2007 Abuztua

Artxiboa Abuztua 2007

Impresión! erakusketaren inaugurazioa

Bihar, abuztuaren 31n, inauguratuko dugu Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean Impresión!. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean).

Ordu horretan Few & far between dvd-a emitituko da. Chris Mulhernen bideo honek AEBetako Ekialdeko kostaldean (Filadelfia, besteak beste) dagoen skater eszenaren berri ematen du.

Irailaren 22rarte egunero bisita daiteke erakusketa, jai-egunetan izan ezik, ondorengo ordu hauetan: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 17:00etatik 21:00etara larunbatetan.

Argazkiak, serigrafiak, x-izpiak, pintura

... eta sticker-art

Artistak

Javi Cobo, Alex Mosterin, Unai Pascual, Naiara Goikotxea, Juanma Fernández, Toño Geosk8, Xabier Ilarregi, Joseba Cortazar gehi Francisco Chávez peruarra.

Mikel Arbizak koordinaturiko ekimenak jarraipena emango dio iaz kultur etxean antolatutako Parafernalia: cultura skate bildumari. Oraingoan ere, Street Zinemarekin batera skateboarding munduarekin lotutako artisten erakusketa bat egin da.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/30

Feedburner, bloglines, statcounter...

Processblack jaunak gaztelerazko blogean utzitako erantzun batetik abiatzen da gaurko hau.

Feedburner

Miguelek dio blog baten harpidedun kopuruaren berri zehatza izateko modurik eraginkorrena feedburner erabiltzea dela, besteak beste agregatzaile ezberdinetan harpidetutako jendea hartzen baitu kontutan (bloglines-ek lehen zuen hegemonia galdu egin du). Alta eman dut zerbitzu berri horretan eta ikusiko dut zerbait atera daitekeen hortik (ziur zer edo zer gaizki egin dudala eta atera daitekeen etekinaren herena ere ez diodala ateratzen!)

Bloglines

Bloglines agregatzaileaz ari naizela, atzo jaso nuen jarioan bertsio berriaren notizia. Jada hasi dira euskal geekak beta bertsioari buruzko iritziak plazaratzen. Besteak beste Ikteroak eta Teketen.

Nik faltan botatzen dudana da irakurritako albiste bat kontserban gordeta edukitzeko aukera. Hau da, batzutan asteak edukitzen ditut nik aktibatuta zenbait albiste, del.icio.us-era edo zakarrontzira botatzeko zain. Eta orain ez dut aukera hori ikusten bertsio berrian (kontrakoa, orain klikatuz gero, irakurri duzula esan nahi baitu eta desagertu egiten da).

Statcounter

Blogaren trafikoa ikusteko statcounter erabiltzen nuen. Joan den astean antibirusaren epea bukatzear nuela-eta, Kaspersky (Kaspersky Internet Security 6) instalatu nuen eta geroztik ezin ditut kontsultatu estatistikak. Zerbait ezabatu al dut? Ez dut irtenbiderik topatzen. Norbaitek badu laguntzerik? Fororen batean saiatu naiz, baina abuztuan gaude eta ez dut topatu erantzunik oraindik.

Gainera, Kasperskyren bertsio hori erosi ondoren, 7.a ingelesez prest dutela konturatu nintzen. Kaguenlasoria!

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/28

In fraganti

Ostegun arratsaldean in fraganti harrapatu ninduen Haritz Rodriguez-ek.

Atzo gauean irakurri nuen elkarrizketa eta gustatu zait emaitza.

Hala ere, badago akats bat paperean zuzendu ezin dena eta edizio digitalean datorren aste hasieran-edo konponduko dena: ez ditut 200 harpidedun gaztelerazko blogean, 20 baizik.

Eskerrak Haritzi nitaz akordatzeagatik eta eskerrak ere edizio digitalean agertzen ez diren argazkien egileari, Argazki Press-eko Juan Carlos Ruizi.

Ez badakizu zer den Gaur 8 klikatu hemen.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/25

Loretopetik (XVI) Reala, Praileaitz eta kirol etika

Irutxuloko Hitzan abuztuaren 24an argitaratutakoa.

Ondarroan egon nintzen ostiralean Arrantzale Eguna ospatzen. Athletic zale amorratu diren pare bat lagunek gelditu ninduten kalean, Realak kategoria galdu zuela-eta doluminak emateko. Pozik ziren beraiek ni zirikatuz, zer egingo diogu ba.

Larunbatean aurkeztu zen Reala Anoetako zelaian. Webgune ofizialak dio 3000 zale hurbildu zirela goizeko 10:30etan, baina beste zenbait komunikabidek erdira jaitsi zuten kopurua. Dena den, asko zirela iruditzen zait, zalegoa pozez txoratzen ez dagoela aintzat hartuz. Kalean jendeak komentatzen dituenak entzutea baino ez dago-eta (azido urikoa ondo baduzue, sartu txuri urdinen aktualitatea jarraitzen duten interneteko foroetan).

Ate joka dugu denboraldi ofiziala eta aspaldiko partez 2. Mailan gaude. Entrenatzaile berria eta plantillaren osaketari dagokionez azken ukituak zehazteke oraindik. Itxura guztien arabera, ez da sorpresa asko egongo, baina abuztuaren bukaera arte itxoin beharko da. Denboraldi aurrean apenas ikusi dugun pulamentuzko ezer, gazte batzuek tokia hartzeko prest daudela (Carlos Martínez nafarra, adibidez: ez al dago gipuzkoar adoretsurik ala?) eta zaleek pazientzia poto handia beharko dugula igandean arratsaldeko 7:00etan hasiko den sufrikarioari aurre egiteko.

Athletic alde batera utzita, inbidiaz ikusten dut Osasunak azken denboraldi hauetan izan duen bilakaera. Garai batean haiek guri begira egoten ziren bezala, kontrakoa egin beharko genuke guk oraingoan. Hau da, komeni zaigu aztertzea nola egin dituzten gauzak Taxoaren azken urte hauetan. Futbolean, bizitza modernoaren beste alorretan bezala, dena azkar doa eta lo geratuz gero, zezenak harrapatzen zaitu. Eta hori gertatu zaigu txuri-urdinei.

Udan jakin dugu, berriz, Construcciones Amenabar izango dela bigarren babesle (lehenengoa Belca izango da). Ondo dago hemengo enpresek bertako klubetan dirua inbertitzea, baina badago aintzat hartzeko datu bat. Luistxo Fernandez blogariari irakurri diodanez, Amenabar da Debako Sasiola harrobia ustiatzen duena eta han bertan dago Praileaitz kobazuloa, Paleolitiko garaiko pinturak dituena eta ustiaketaren ondorio larriak paira ditzakeen aztarnategia. Sesioa dago honen inguruan eta, zenbait adituren arabera, zalantzazkoa da Eusko Jaurlaritzak argitara emandako dekretua nahikoa ote den gure ondarea behar den bezala babesteko. Futbolean ondo dago harrobia lantzea, baina Amenabarrek Sasiola babestea eskertuko nuke nik (eta ez bakarrik Reala).

Realarekin batera aritzekoa da 2. Mailan Granada 74 talde berria. Liga horretan aritzeko plaza erosi omen dio Murtzia Hiriari. Espainiako Futbol Federazioa, FIFA eta UEFA lagun, kontra azaldu da, kirol etikaren aurkakoa ei baita. Hori entzun dut irratian eta barrez lehertzen nago oraindik.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/24

Buelta gehiegi telefono zenbaki bat topatzeko

Demagun oporren azken astean zaudela (honetan jada lanean nago, zoritxarrez). Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, orrialde batzuk akasdunak direla konturatu zara gauean.

Hurrengo goizean gogoratu zara gauekoaz eta pasa den astean eman zizuten tiketa aurkitu duzu mahaiaren kaxoian. Tiketan ez du liburudendaren telefonorik jartzen (Aste Nagusia da eta jakin nahi duzu ordutegia). Elkar megadenda soilik eta Donostian duten liburudendetako baten helbidea (Bergara kalea 6). Buelta eman diozu tiketari: elkar.com eta logoa errepikatzen ditu behin eta berriz.

Zuk, baina, ordenagailua itzali berri duzu eta nahiago ez piztea. Garai bateko medioetara jo duzu telefonoaren bila: paperezko orrialde zuriak. Elkar jartzen duen orrialdera jo, baina bertan bakarrik Elkarlanean SL ageri da, Portuetxeko telefonoa. Hori ez duzu behar. Liburudenda eta Librería sarreretan ere ez dago ezer. Megadenda izango da? Ez, hori ere ez. Albo batera utzi dituzu orrialde zuriak.

Probatu paperezko orrialde horiak. Liburudendak atala 372. orrialdean dago, baina han ere ez da azaltzen Elkar megadenden berri. Euskal Kulturgintza SA bai, baina nik liburudendako telefono zuzena behar dut.

Dei baten truke informazioa ematen duten telefono zenbakiak ahaztuta ditut (eta gainera ez diet beraiei deitu nahi). Ez dago beste erremediorik: ordenagailua piztu beharko da.

Ordenagailua piztu eta sarean sartu naiz. Elkar.com jarri diot Google-i. Liburuak, CDak eta beste kultur produktuak saltzeko orrialdea ateratzen zait, baina hor ez da bat-batean ikusten non arraio dagoen megadendei buruzko informazioa. Beheko aldean 1998-2007 Elkar Megadenda; dioen atalaren gainean jarrita Nor gara agertu zait. Eta hortxe bai, hortxe badago Bergara kaleko dendaren telefono zenbakia.

Egun batzuk pasa dira hori gertatu zitzaidanetik eta pasa den astean emandako urrats guztiak errepikatzen ari nintzela pentsatu dut telefonoak ez direla Telefónicaren orrialdetan agertuko beste enpresa batekin kontratatu zutelako telekomunikazio zerbitzua. Baina hori ez da horrela: sarean Páginas Blancas bilatu dut Googlen eta bertan Elkar megadenda jarri eta hamalau emaitza atera zaizkit.

Ez dut uste ezer gaizki egin dudanik (oporren amaieraren sindromepean nago eta zalantza dut oraindik), baina arraroa dirudi Euskal Herrian hain sare zabala duen liburudenda kateko telefono zenbaki ziztrin bat topatzeko hainbeste buelta eman beharra.

Gauzaren bat edo beste dute hobetzeko, bezero ez digitalak bereganatu nahi badituzte bederen. Adibidez, liburudenda bakoitzaren telefono zenbakia jartzea tiketean.

Oharra: Hau txorakeri bat da. Serioagoa Hatxeri atzo gertatutakoa. Bordelera joan zen preso dagoen lagun bat bisitatzera. 423 kilometro alferrik. Animo, Hatxe.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/21

Tio Migel

Arratsaldeko 8:00etan emango diogu gaur azken agurra. 71 urterekin alde egin du amaren anaia ezkongabeak. Gauza gutxi behar zuen ondo egoteko. Horietako bat ehiza: basurdeak akabatzeko batidetan txakurrak eraman izan ditu urteetan. 14 edo 15 urterekin hasi zen lanean Porcelanasen eta bertan jubilatu zen. Lana besterik egiten ez zekien belaunaldi bateko kide, Usategietako lagunek ondorengo bertsoa jarri dute hilberrian:

Beti alai umore onez
zinen toki guztietan
hutsune handi bat utzi duzu
gure zelai hauetan
hamaika ordu pasa dituzu
gurekin Usategietan
Migel Barraka itxaron lasai
hor goiko parajetan.

Astelehen arratsaldean hil egin zen eta gaur arte ezin izan dugu enterratu (atzo jai-eguna zelako). Tanatoriotik pasa direnen artetik, bere lagun min batek esandako hitzekin geratuko naiz. Diurtxiok laurogei urteak beti ditu jada eta on puska da. Malkoak begietan zituela zera esan zion:

"Aski gorra hintzen Miel, baina hi baino gorragua etorri dek".

Diurtxio txapela buruan eta zotza ezpainetan erdi ezkutuan erdi agerian zuela joan egin zen.

Niri, berriz, haur garaiko heroi bat joan egin zait. Aio, osaba. Agur Barrakako Migel.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/16

Ajoblanco eta Pepe Ribas

Kanpoan pasatako egunak alde batera utzita, hasi beharko dugu zer edo zer jartzen blogean. Kontu asko joan dira aste hauetan: tourra eta dopinga, El Jueves eta printzeen azala, hamalaugarren itsas ontzia oparitu diotela erregeari, Nafarroako show penagarria… kontu asko.

Gauza horiek guztiak alde batera utzita liburu bat aipatuko dut. Hannot-i esker izan dut José Ribasi eginiko elkarrizketa honen berri:

Ajoblanco aldizkariaren zuzendariak, Los 70 a destajo. Ajoblanco y Libertad liburua argitaratu du udaberrian, 70. hamarkadaren kronika pertsonala. Donostian egon zen uztailaren hasieran, baina pasa egin zitzaidan haren egonaldi laburra.

Ekimen potoloa da (zazpi urteko lana omen eta ia 600 orrialde). Oraindik ez naiz erdira iritsi, baina Ribasen eginahalak merezi due irakurraldia. Izan ere, 90. hamarkadan (bigarren etapan) gustura jarraitzen bainuen aldizkaria (uste dut José Luis Sampedro maisuari eginiko elkarrizketagatik deskubritu nuela 1992an edo 1993an). 1999an pertsiana jaitsi zuten eta pista galdu nion Ribasi.

Nafarroan gertaturikoa burura etorri zait liburuaren 146. orrialdean ageri den Ricardo Mella idazle libertarioaren esaldi hau irakurritakoan. Parlamentu burgesaren kontrako opuskulu batean jasotzen ei da:

"La actividad política cuando implica delegación de nuestra responsabilidad y soberanía es perniciosa porque los hombres que se meten en la vida política se acordarán de cualquier cosa menos de los intereses de sus representados".

Egileari eginiko elkarrizketa batzuk eta liburuari buruzko zenbait aipamen biltzen dira atal honetan. Etorkizunari buruz zera dio El Cultural aldizkarian: "Transformada la clase obrera española en clase media, el proletariado actual son los inmigrantes. Cuando tomen conciencia plena de las condiciones en las que sobreviven viviremos situaciones dramáticas".

Askotan entzun dut Ajoblanco berpiztu daitekeela eta Ribasek dio azken elkarrizketa honetan 2008an baino lehen itzul daitekeela interneten. Ikusiko dugu, denbora gutxi falta baita.

En castellano

Mikel Iturria 2007/08/12

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31