Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Irakurketak eta film bat

Mikel Iturria 2007/01/30 21:37

En castellano

Irakurri dut Euskadi Sariak direla-eta Jon Alonsok Argiaren Urtekarian idatzitako sei orrialdeak. Hautsak harrotuko ditu.

Irakurri dut Gaztesareak publikatutako salaketa, Gregorio Ordóñezen hilobiaren aurkako erasoagatik Auzitegi Nazionalaren aurrera eramandako gazteei buruzkoa. Ez dakit egia izango ote den bertan diotena, baina zaila izango da hori gailentzea "denak balio du" unean.

Irakurri dut Donostiako Udalean PSE-EE, EAJ eta EA korrika eta presaka ibili direla gaur errauskailua Zubietan jartzeko erabakia hartzeko orduan. Moyanok dioen bezala, Reala, kartzela eta errauskailua Zubietan, a zer pagotxa!

Irakurri dut Hasier Etxeberriak idatzi duela pikutara doala liburua, euskal literaturan zaila dela jada liburu batek 1.000 ale saltzea. Gauza on bat ikusten dut: duela zenbait urte baino hobeto gaude, kontziente baikara gauzak gaizki egiten ari garela. Eta hori da lehenengo urratsa. Bigarren urratsa ez da etorriko PVC eta antzeko erramintak diseinatuz. Ez dut plana irakurri, baina inguruan dabiltzan batzuekin hitz egitea nahikoa da hori ez dela bidea jakiteko.

Dena ez da izan irakurketa. Borja Cobeagaren laburmetraia ikusi dut, Oscarretako bidean dagoena. Kalean ikusita, tipo despistatuaren itxura du Borjak. Tipo jatorra dirudi, baina derrepentean atera zaion lagun piloarekin adi egon beharko du Intxaurrondokoak.

Katixak bidalitako memeari erantzunez

Mikel Iturria 2007/01/28 11:45

Katixak bidali dit enkargua, "nitaz ez dakizkizuen bost gauza" kontatzeko hemen.

Baga: Hamazazpi urte betetzear nengoela, hirugarren lan-egunean, nirekin beharrean zegoen lehengusu bat hil zen lan-istripuz.

Biga: Bizitzaren lehenengo 24 urteak baserri batean pasa nituen. Hau da, jatorriz baserritarra naizela.

Higa: Nire lehenengo taldea Bartzelona izan zela, Johan Cruyff jokalari zen garaian.

Laga: Pasa den mendearen bukaeran, gaur egungoa baino askoz ere atseginagoa zen María San Gil ezagutu nuen.

Boga: A-8an pasa nituen bi uda bidesaria kobratzen.

Eta memea ondorengo boskoteari bidaliko diot: Lo, Patxi Lurra, Leire, Etiam eta lozorroan dagoen Gabiria.

Javier Ortizen hileta-oharra

Mikel Iturria 2007/01/24 23:12

En castellano

Aldez aurretik, argi dezagun ez dela hil Ortiz (lasai gera daitezke zaleak, atsekabetuta etsaiak). Ez da hil, baina gaur, 59 urte bete dituen egunean, bere hileta-oharra utzi digu prest sarean.

Goizean mezua bidali diot zorionak emateko eta, segituan, irakurri dut apuntea. Hasieran ez nekien zein aurpegi jarri, baina horrelako gauzekin jolasteko ausardia aitortu behar izan diot gero.

Arratsaldean, Javierrek esan dit ideia ez dela originala, AEBetako editore batek (ustez New York Times-eko kazetariak) egin zuela gauza bera.

Ni baino 20 urte gehiago ditu Ortizek. Berak esaten duen bezala, hiltzen ez zen jendea orain hil egiten den garaian dago eta horrek gauzak ikusteko modua asko aldatzen du. Egoera berdintsuan dago nire ama (10 urte gehiagorekin) eta ez dakit zein bizilaguna, ezaguna edo ezezaguna, hil egin dela esateko deitzen dit askotan.

Gehienok beldurrez begiratzen diogu heriotzari. Ez dugu horretaz gehiegi hitz egin nahi. Juristek gazteleraz esaten duten esaldia bururatu zait egoera laburbiltzeko: "la ignorancia de la ley no exime de su cumplimiento".

Egin dezagun nahi duguna, begira dezagun beste aldera hala nahi izanez gero, baina guri ere iritsiko zaigu egoera horri aurrez aurre begiratzeko tenorea.

Niri dagokidanez, oraindik ez dut batere presarik.

Amen.

Oharra: bihar beteko du ofizialki urtebete Pedradas blogak.

Pentsatzeko gaitasuna, zalantzan

Mikel Iturria 2007/01/23 20:31

En castellano

Lok esan zuen duela zenbait egun jokoz kanpo egongo zela hainbat astez. Kontuak ez du zerikusirik euskal aberiarekin, bizimodua aurrera ateratzeko egin beharreko denbora inbertsioarekin baino.

Dena den, hiriko patroiaren jaia ospatzen zen aste bukaera honetan, berriro zabaldu du leihoa eta aritu da zenbait gauza denon bistan jartzen. Asko gustatu zait kartel hau

Realak Anoeta espirituarekin dituen arazoak ikusirik, uste dut Batasunak ez zuela izen horrekin asmatu ezker abertzalearen garai bati amaiera emateko hautatu zuenean.

Rocky gorroto dut, baina asko gustatu zait kartela. Asko gustatu zaidan bezala blog lusitaniar batek nire pedrada bati lotura egitea Elena Odriozolari buruz hitz egiteko aitzakiarekin.

Aipatu blog horren goiko partean ageri den esaldi hau ere esanguratsua iruditu zait:

"Porque nós, caro Presidente Bush, nós, os povos dos países pequenos, temos uma arma de construção massiva: a capacidade de pensar!" - Mia Couto.

Uste dut pentsatzeko gaitasuna badugula pertsonek, baina uste dut ez dagoela boladarik onenean. Hipotesi baikorrenari erreparatuz gero, Realak fitxatu berri dituen hiru jokalarien egoerari buruz Lotinak esan bezala, aurre-denboraldian dago ahalmen hori.

Imanol Murua Uria Menéamen

Mikel Iturria 2007/01/21 11:09

Tokatu zaigun garai ilun honetan argia ematen duten argiketari koadrilan daukat Imanol Murua Uria kazetaria.

Atzo ere bikaina iruditu zitzaidan Auzitegi Gorenak Haika-Segi-Jarrai auzian eman duen epaiaren analisia.

Nola edo hala gazteleraz jarri eta Pedradas blogean argitaratu nuen.

Norbaitek (eta ez naiz ni izan) Menéamen jarri du.

Nola konturatu naizen? Normala baino mugimendu handixeagoa zegoelako gaztelerazko blogaren komentarioetan. Stat counter zerbitzuaren bidez kontrolatzen dut jendea nondik datorren eta horrela konturatu naiz bisita batzuk nituela Menéame zerbitzutik.

Oraingoz boto gutxi ditu notiziak eta ez dut uste azalera pasako denik, baina ilusioa egin dit zerbitzu horretara ailegatzea nire ahalegina.

Eta horregatik erabaki dut hemen kontatzea.

Revilla populistaren errezetak

Mikel Iturria 2007/01/19 17:25

En castellano

Atzo ez zen Moncloara Ibarretxe bakarrik joan. Arratsaldean Revilla agertu zen Zapaterok okupatzen duen etxetik.

Tipo berezia da Revilla. El Paísen irakurri dugunez, Kantabriako presidentea taxian iritsi zen Moncloara eta 12 euro pagatu zituen karreragatik. Ez hori bakarrik, taxista aurkeztu zion Zapaterori (Cope entzuten duen horietakoa ez zuen eramango). Argazkilarien aurrean Espainiako eta Kantabriako banderak musukatu ondoren, antxoak eta herriko beste zenbait produktu oparitu zizkion Leongoari.

Pasa den astean elkarte autonomoetako presidenteen biltzarrean, Zapaterok Barajasko atentatua trágico accidente gisa kalifikatu omen zuen (nahiz berehala zuzendu eta "atentado" esan jarraian). Revillak Errioxako presidenteari egozten dio hori filtratu izana komunikabideetara bilera amaitu aurretik.

Terrorismoarekin amaitzeko errezeta bushzalea du: "Esan diodana da ni Espainiako gobernuburu banintz, zera esango niela: 'egin lerroa hemen, jarri nortasun agiria ahoan eta pistolak eta bonbak alde batera utzi'". Seguru kasu egingo diotela.

Ez dakit Zapaterok kasu egingo dion, baina badirudi antzeko errezetarekin saiatuko dela Auzitegi Gorena Haika-Segi-Jarrai auzia nola konpondu duten ikusi ondoren.

Garai txarrak lirikarako, baina ez dakit lirikak noizbait garai onak bizi izan dituen.

Neka-nazkatuta nago

Mikel Iturria 2007/01/16 21:22

En castellano

Gaur arratsaldean goiz atera naiz lanetik. 5etan edo. Etxera iritsi eta tonto moduan aritu naiz telebistari begira: ETBn Pásalo (Javier Ortiz zegoen) ikusten ari nintzela, lo seko geratu naiz. Esnatu eta bi kate pribatu españoletan poligrafoa berriro boladan dagoela ikusi dut. Batean, Aramis Fuster, bestean Poli Díaz boxeolari ohia. Bietan aurkezle lirainak, neska-mutilak, galdezka.

Gero, España Directo, TVE 1eko saioa sintonizatu dut. Madril inguruko poblatu txiro batean sartu dituzte kamerak. Programaren tonua ezin dut orain kalifikatu. Dirudienez, hiru mutikok, ijitoak hirurak, auto bat lapurtu zuten Vicálvaro inguruan eta herriko polizia atzetik zutela ihesari ekin zioten. Harritzekoa bada ere, hiru mutiko horiei elkarrizketa egiten utzi diete ingurukoek eta hipermerkatu batean bezain lasai paseatzen zen kazetaria pobreziaren erreinutik.

Aristik idatzi zuen igandean Berrian "inoiz ez dut onartuko objektuak pertsonen aurretik jartzea. Oso joera arriskutsua da, autoa urratzen badiozu jabea zakur bihurturik hurbiltzen zaizun gizarte batean".

Sentitzen dut esatea Pako, baina objektu bihurtuta gaude jada. Batzuk, Poli Díaz edo De Pedro objektu baino, jostailu izan dira eta orain jostailu puskatuak bihurtuta daude.

Oharra: gustatuko litzaidake beste tonu bat idazterakoan, baina neka-nazkatuta nago.

Autobus eroak

Mikel Iturria 2007/01/14 12:00

En castellano

Ostiralean Processblack-ek aipatu bezala, manifestazioak zehar-kaltetu gehiago eragin ditu. Adibidez, inprentakoak: leloa gora, leloa behera, kendu hitz hauek, jarri besteak, tipografia aldatu…

Beste kaltetu batzuk autobus konpainiakoak izango ziren.

Asteartean: Aizue, Donostiatik deitzen dizuet, casa del pueblotik, 10 autobus behar ditugula larunbatean militanteak Bilboko manifestaziora eramateko.

Asteazken goizean: Aizue, gu garela berriro. Oraindik ez dakigu autobusak beharko ditugun edo ez. Dena den, guk erabiltzen ez baditugu, ezker abertzalekoek hartuko dituztela. Beraz, mantendu, erreserba.

Ostegun arratsaldean: Iepa. Bai, gu ez goazela esateko deitzen dizut. Definitiboa, bai. Hitz egin Josebarekin, beraiek hartuko dituztela autobusak.

Ostiral arratsaldean: Kaixo berriro ere. Bagoazela! Ahaztu atzokoa. 10 autobus, beraz, Amarako autobus geltokian, arratsaldeko 15:00etan. Buelta manifa bukatu ondoren. 20:00ak inguruan. Bai. Faktura betiko moduan.

Erakusleihoa: 2007ko urtarrila-apirila

Mikel Iturria 2007/01/10 08:00

En castellano

Atzo aurkeztu genuen prentsaurrean 2007ko lehen lau emanaldiak. Hona hemen prentsa-oharra moldatua. Propaganda, beraz.

2004aren hasieran Ernest Lluch Kultur Etxeak abian jarri zuen Erakusleihoa programa. Urritik apirilera, hilean behin, arratsaldeko 19:30etan, areto nagusian esperimentatzeko asmoz sortutako formatu txikiko diziplina anitzeko ikuskizunak aurkezten ditugu doan. Hiru urteko ibilbidean eremu ezberdinetako euskal artisten 22 emanaldik osatzen dute orain arteko bilduma.

Oraingoan, hurrengo hilabeteetan programatu ditugun lau emanaldi aurkezteko zuzentzen gara zuengana. Lau emanaldi hauen ardatza musika da eta euskaraz, gazteleraz zein ingelesez lanean ari diren lau hamarkada ezberdinetako artistak bildu ditugu.

Urtarrilaren 11n Jon Goya eta Carlos Toro bikoteak osatzen duen Fairlight taldeak zabalduko du urtea. Musika elektronikoa egiten du bandak eta bere eraginak 80. hamarkadako techno-tik hasita gaur egungo IDM (Intelligent Dance Music) berrira doaz. Musika eta bideoak nahastuko dituzte zuzenean.

Carlos (Cali, Kolonbia, 1975) eta Jon (Donostia, 1982) 2005ean elkar ezagutu zuten, baina proiektu honetan 2006ko ekainean hasi ziren lanean. Geroztik, 14 kanta moldatu eta auto-ekoiztu dituzte. Dena 2 ordenagailu eramangarriekin (beste musika-tresna bat izango balitz bezala), 2 teklatu eta 2 gitarrekin egina dago, Jonen ahotsaz aparte, proiektuaren beste ezusteko bat.

Otsailaren 15ean, berriz, Julen Gabiria eta Txuma Murugarren elkartu ditugu emanaldi berezia presta dezaten. "Mathilde maitatzeko moduak" ikuskizunak musika eta literatura uztartzen ditu. Txuma abeslariaren 10 abesti harilkatuta, Julen idazleak istorio bat kontatuko du, eta elkar osatzera etorriko dira musika eta hitzak: Gabiriaren istorioak kontatzen ez diguna, Murugarrenen kantuek kontatuko digute, eta alderantziz.

Martxoaren 15ean etorriko dira Rafa eta Iñaki Berrio. Emanaldi hau ere enkarguz egina dago eta prosa laburra, Iñakiren letrekin egindako kantuak eta Jean Condéren proiekzioak nahastuko ditu. Oinarria Iñakiren "Ultravioleta" poemarioa izango da. Ametsak eta amesgaiztoak, surrealismoa eta egunerokotasuna.

Apirilaren 19an, bukatzeko, FasTFatum proiektua aurkeztuko digu Igor Calzada kantugileak, bere lehenengo bakarkako proiektua. Iraganean murgilduta ibili den proiektu musikaletan bezala, hibridotasun ukitua mantenduko du: musika (kantu bezala ulertua) eta literatura (istorio bezala erabilia).

Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak

Mikel Iturria 2007/01/09 08:00

En castellano

Marijo dezplazatuarentzat, mezu hau gogoan.

Kostatu zitzaidan larunbat gauean Anoetara iristea. Etxeko lanak (bokadiloak) egin gabe irten nintzen eta aldamenean dagoen taberna batera joan nintzen bokaten bila lehenik. Ordu erdi luze egon behar izan nuen zain.

Antiguatik Anoetara doan autobus bat hartzera abiatu nintzenean, partida hasteko 25 bat minutu gelditzen zirela, sorpresa: manifestazioa zela-eta, autobusik ez. Primeran! Erdigunera doan autobus bat pasa zen beste aldetik (handik hamar minutura) eta igo nintzen bertara. Urbieta kalean beste bat hartu eta halako batean iritsi nintzen Anoetara (epaileak oparitutako penaltia baino zeozer lehenago).

Betiko eserlekuan eseri nintzenerako, beste sorpresa bat: ez nuen kalkulatu larunbat iluntzea zela eta batzuk ondo beteta agertuko zirela. Tartean, nire aldamenekoa, ondo edanda gizona.

Lehenengo zatian, tira, agoantatu zuen Realak, baina bigarren zatian, Bravo atezainaren opariaren ondoren, larri ibili zen taldea. Zein kalitate gutxi duten jokalariak ikusita, ernegatuta nengoen zelaira begira. Inoiz ez bezala, etxeko jokalariak babestea gustatzen baitzait.

Halako batean, txiripaz sartu zuen gola Aranburuk eta aurreratu zen Reala. Hori bai, bost minututan hiru bat aukera sortu zuten gorritxoek. Baina bukatu zen norgehiagoka. Haserre nengoen taldearekin eta, nola ez ba, harmailetan zeuden zenbait zalerekin. Badakit oso gaizki pasatzen ari garela, baina gauza batzuk ezin ditut ulertu.

Adibidez, atzean zegoen mutil batek, partida amaitu ondoren, hara non hasten den Osasunakoei "españoles" deitzen. Ezin izan nuen agoantatu eta erran nion ea zer kristo ari zen oihukatzen. Ez dut ulertzen "español" irain gisa erabiltzea Real Madrid-ekoen aurka, baina nafarrei español deitzea? Ezin nuen sinetsi.

Zahartzen ari naiz eta ez dakit merezi ote duen horrela ibiltzeak. Are gutxiago hil honen bukaeran Donostiara Athletic-a datorrela aintzat hartuz, Luis María Ansonen begiko taldea: athleticzaletzat du bere burua, Espainiako jokalariz eginiko taldea delako.

Xabier Letek kantagintza lehen aldiz utzi zuenean bezala esateko gogoa pizten ari zait: "Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!".

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter