Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak Artxiboa 2006 Iraila 25 Realaren dekadentzia
Dokumentu Akzioak

Harrikadak

Realaren dekadentzia

En castellano

Denbora asko pasa da Realari buruz idatzi gabe, baina gaur gainezka eginda nago. Partida aurretik terraza batean geunden kafetxoa hartzen eta nire buruari galdetzen diot orain ea zergatik ez naizen bertan geratu…

Recreativok 2. gola sartu duenean, bazkide txartela eskuratu nuenetik lehenengo aldiz pasa zait burutik ea merezi ote duen abonua berritzea datorren urteari begira. A zer desastrea!

Makal jokatu dugu lehenengo zatia, tokia zelaian hartu gabe. Atsedenaldiaren ondoren, okerrago jarri zaizkigu gauzak, berehala sartu baitute andaluziarrek bigarren gola. Zailena lortu ondoren, markagailua berdintzea, azken jokaldian dena pikutara bidali dute txuri-urdinek.

Egoera konpontzeko azken itxaropen izpia Bakerorengan jarrita nuen, nahiz eta pentsatu botere gehiegi duela gizon honek Realean (are gehiago aulkian dagoela eserita kontutan hartuz eta emaitza onik lortu ezean, kalera joango dela. Eta ez dut atzetik inor aginteduna ikusten aurrera egiteko gaitasunarekin).

Esan bezala, itxaropena Bakero zen, baina ez dirudi buelta emateko moduan dagoenik. Harmailetan ez da giro: zaleak oso nerbioso daude eta ez dugu taldea laguntzen. Jokalariek konfiantza falta izugarria dute. Administrazio Kontseilua, zer esan!

Aitor Tornavaca jokalari gasteiztarrari eginiko elkarrizketa argitaratu dute aste honetan Berrian. Aitor Recreativoko jokalari da egun. Ez da ohikoa, baina Realaren egoeraz galdetuta, benetan pentsatzen zuena erantzun zuen. Traza txarra hartzen diola taldeari, urte asko daramagula jaitsiera postuetatik gertu. Antzeko egoeran zegoen Gijongo Sporting nola joan zen 2. A mailara gertutik ezagutu zuela berak.

Arrazoi du Tornavacak. Realaren dekadentzia bizitzen ari gara. Bitartean, Gipuzkoako saskibaloi zaleak pozez txoratzen daude datorren aste bukaeran hasiko den ACB txapelketari begira. 6.200 bazkide ditu jada Gipuzkoa Basket taldeak eta ilusioz gainezka dago ingurua. Zaila izango da maila mantentzea, baina.

Irailaren 26ko eguneratzea: Duela ordu erdi nire postara iritsi den mezua.

"Ens estem plantejant la opció de crear una penya de Barça a Donostia. És per això que us convoquem a tots els que estigueu interessats, a una reunió que tindrà lloc, el pròxim dijous 5 d’octubre a les 20:30 hores a la nostre seu Restaurant Vía Fora (Psg. Federico Garcia Lorca, 10 baixos) per informar-vos del projecte. Us esperem a tots!".

Mikel Iturria 2006/09/25

Re: Realaren dekadentzia

Gari — 2006/09/25 07:27

Iturri, erabaki okerra hartuta daukazu. Errealaren abonua baino, Anoetaren abonua daukazula pentsatu, eta etortzen diren ekipo onen jokoarekin gozatu, ABAOko edo Kursaaleko abonua dutenak bezala. Teoria honen problema da egun batean 2.B-ko ekipoekin ibiliko dela Reala, baina hori izango da berriz ere errealzale bihurtzeko momentu egokia. ;-)



Re: Realaren dekadentzia

iturri — 2006/09/25 09:21

Kaixo Gari:


Arrazoi osoa duzu: Anoetako abonua dut. Egunero etortzen bainaiz hona lanera eta igandetan ere... sufritzera.


Atzo, atsedenaldian, Anoeta Estadioko langile batekin egin nuen topo. Esan nion ez kexatzeko, bera behintzat lanean ari zela, ni ez bezala (aisialdian).


;-)



Re: Realaren dekadentzia

satortzulo — 2006/09/25 13:23

sentitzen dut ba, baina niri ilusio berezia
egingo lidake erreala bigarren mailara jaisteak,
niretzako erreala diru publikoa bereganatzen ari
den enpresa pribatu bat besterik ez da, langileek
milioiak kobratzen dituzten enpresa pribatu bat


eta futbola nahikoa ez, eta saskibaloia, txirrindularitza... berdin



Re: Realaren dekadentzia

newton — 2006/09/25 14:57

Bai tamalgarria atzokoa, ez nintzen zelaian izan baina bai anaia abonuarekin eta duela dexente ez nuela ikusten hain haserre ikusi taldearekin.
Aurten Euskal Taldeak behealdean izango dute beraien liga, zer gertatzen da zaletua eta A.Rekarterekin? Akaso aulkian egon beharko luke, zenbait partidu.



Re: Realaren dekadentzia

Beñat — 2006/09/26 10:11

Nik ez dut abonua utziko, baina gero eta gogo gutxiagorekin joaten naiz Anoetara. Zinemaldian murgilduta ibili naiz aste bukaera honetan, pelikula piloa ikusten, orokorrean maila onekoak. Igandean The tiger's tail eta Veinte años no son nada ikusi ondoren neskalagunari zera esan nion, urtero kusten dugula drama kaxkarren bat zinemaldian, aurten oraindik tokatu ez zaiguna, baina sentsazioa nuela aurtengo pelikula txarra Anoetakoa izango zela eta hala izan zen.


Gipuzkoa Basketen 6200 bazkide horietatik asko Errealaren bazkide dira ere, nik 4 ezagutzen ditut. Gauzak horrela segi ezkero askok errealekoa utzi eta saskibaloira pasako dira.



Re: Realaren dekadentzia

patxi lurra — 2006/09/26 10:30

Aurton Peña Mujika taldeak 25 urte bete dau, eta pasa dan domekan omenaldi xumea egin eutsien Anoetan, jokalariek eurek be txaloak dedikau egin eutsiezan.


Gogoratzen naz zelan orain dala 17 bat urte, Atotxan genbilzala orduan, P.M. taldeko bategaz ibili nintzan eskutitzak trukatzen. Eskatu neutsan euren bufanda bat bidaltzea, Madrilen karrera ikasten nenbilen eta, eta bufanda bakarrik ez eta "pegata subertsibo" batzuk be bidali eustazan morroi horrek, uste dot hernaniarra zala bera. Etxean edukiko ditudala eskutitz horiek uste dot (espero dot Garzon-ek eta enparauek blog hau ez irakurtzea). Kontua da P.M.-ko mutil horreri bidalitako gutuna euskaraz idatzitako neure lelengoa izan zala.


Nostalgia albo batean lagata, 17 urte pasa dira, 25 urte be bai, eta gaur egun Mujikakoak dira taldea animatzen daben ia bakarrak. Beste 20.000 pertsona horiek, egon badagoz fisikoki estadioan, baina oso isilak eta diskretoak dira, eleganteegiak "forofoarena" egiteko eta txaloak edo aupadak emoteko. Bigarren mailara jaitsiz gero (ez dot espero holakorik eta ez dot uste ganera gertatuko danik), hor segiduko eben, geldirik, mutu, 20.000 "lagun izoztu" horiek guztiak.


"Kontxo! Bigarren mailara jaitsi gara! Agian animau behar izango dogu ekipoa zulotik ateratzeko..."Pentsauko dabe, agian, lagun izoztu horietako batzuk, Gari-k iradoki legez, orduan errealzale bihurtuta. Arazoa hortxe berton ikusten dot neuk, jentea Kursaalera moduan joaten dala Anoetara, ikusle/entzule huts moduan. Ikusi, entzun eta ixildu. Batzuk izaera kontua dala esaten dabe, gipuzkoarrak ez baitira cadiztarren edo huelvarren modukoak, esate baterako. Noski. Baina pasa dan domekan bina ipini ginanean ederto txalotzen eben guztiek, baita lagun izoztuek be. Baita geure atzealdeko "kirol kritikari aditu" marmartiak be, eta inguruko Rekarteren aurkako txistulari temati guztiek be. (Urteetan Larrañaga izan zan "zaletuen" turko-burua, orain Aitor da).


Esandakoa, zoridxonak Mujikakoei eta aupa Real. Gauzek holan segiduz gero, baina, txikira hordagoa bota behar izango dot Ahuntzaren Eguerdiko Domistikuan ,txuri-urdinen alde.



Re: Realaren dekadentzia

alajaina! — 2006/09/26 17:53

orain bartzelonaren penya Donostian ateratzea... Haritz eroriari orok egur



Re: Realaren dekadentzia

iturri — 2006/09/26 17:58

Ala: Donostian ez, baina Irunen badago Bartzelonaren peña. Sukurtsala ireki beharko dute kapitalian.



Re: Realaren dekadentzia

alajaina! — 2006/09/26 18:22

Irunen etzegok gauza onik :-DDD



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31