Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak Artxiboa 2005 Iraila 24 Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma
Dokumentu Akzioak

Harrikadak

Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Asteazkeneko post-ean Donostiako San Martin merkatu berriaz aritu nintzen eta ostegun arratsaldean San Martineko martxa entzun genuen Kursaalaren atarian. Ez nekien martxa horren izena San Martin zenik, baina Edu Mendibilek Sustatun jarri duen berriarekin enteratu naiz. Gustatu zitzaidan XXI. mendeko euskaraz egindako lehen luzemetraia. Ramon Etxezarretari ez zitzaion gustatu, atzo Euskadi Irratian goizeko tertulian esan zuenez.

Arratsaldeko 18:30etan genuen zita Kursaaleko kubo txikiaren atarian. Atarian baino, iladan, zeren ni iritsi nintzerako jende asko zegoen zain. Sarrera efektista muntatu zuen filmaren produkzioak: Mercedes-a garabian zekartela azaldu baitziren zuzendaria eta aktore protagonistak Kursaalera, Bergarako Udal Bandak bidea irekitzen zuen bitartean.

Kronika soziala ez dut egingo, baina jende asko egon zen, lehendakaria barne. EAJ-ko kargu asko, Aralar-eko baten bat... Ramon Etxezarreta etxean, baina kanpoan egongo balitz bezala. Portzierto, non demontre zegoen San Martin merkatua inauguratzerakoan ipurdia galtzen duen alkatea? Ah, noski! Hau euskarazko pelikula da. Hots, bigarren mailakoa?

Pelikula gustatu zitzaidan. Txukuna, duina, barre algarak egiteko egokia, baina baita pentsatzeko ere. Uste dut horrelako filma behar genuela orain martxa pizarra emateko euskarazko produkzioari.

Hurrengo goizean, Euskadi Irratia piztuta nuen sukaldean. Politikoak egoten dira ostiraletan. Ramon Etxezarreta, Markel Olano, Mikel Basabe eta Laura Garrido. Azken honen abizena ez dakit hori den, baina, bide batez, auzo lotsa ematen du euskaraz, gazteleraz ezer gutxi duela esateko iruditzen bazait ere.

Manu Etxezortuk ireki zuen solasaldia bezperako estreinaldiaren inguruan Ramoni galdera botaz. Gustatu zitzaiola esanez hasi, baina aitortu zuen ez zegoela oso gustura emaitzarekin. Iji eta aja ari dela bilakatzen euskal kultura ulertu nion.

Ramonek dioen banalizazio horren kontra nago ni ere, Klaudio Landa eta enparauek egiten dutenaren kontra. Edo Kutsidazu bidea Ixabel antzezlana, txarra baino txarragoa iruditzen zaidana niri eta kristo guztiak ikusi duena. Edo...

Baina, nik ez dut pakete horretan sartzen Aupa Etxebeste! filma. Ezin da sartu pakete horretan. Beste gauza bat da. Kostunbrismoa egiten dela esan da, baina istorio hori ere unibertsala da: nahi eta ezin agertu nahi duen jendearena.

Bukatzeko, Donostiako Kultura eta Euskara zinegotziak horrelakorik ezin duela esan ere iruditu zitzaidan. Ondo da pentsatzen dena esatea, baina, tamainan.

Inaugurazio ekitaldian ateratako zenbait argazki

Mikel Iturria 2005/09/24

Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Ramon Etxezarreta — 2005/09/24 14:29

Inoren kontra aritzeko kapaz izan naiteke, tamainan, baina ez neure buruaren kontra, ezta euskararen kontra ere. Isiltasunak, askotan, kalte gehiago egiten digu "tamaina" desegokiak baino. Euskal kulturaren etorkizunak kezkatzen nau "Aupa Etxebeste" edota gisakoak ikusita. Esplikatuko didazu, ahalik eta harrikadarik leunenarekin, zergatik den ona "aupa Etxebeste" eta zergatiik "txarra baino txarragoa" Kutxidazu antzezlana eta zein "tamaina" dagokigun gutako bakoitzari. Lasai, ez zaitutu intelektuala deituz irainduko, ez naiz EBBkoa



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Iturri — 2005/09/25 00:08

Aupaelerandio:


"Kutsidazu bidea, Ixabel": ez dut liburua irakurri, baina egunen batean ekin beharko diot. Duela urtebete-edo ikusi nuen Antzoki Zaharrean antzezlana eta ez zitzaidan batere gustatu. Barre batzuk bota nituen, hori bai, baina ez zait iruditzen gaur egungo euskal antzerkiak bide horretatik jo behar duenik. Sinmas!


Espero dezagun pelikulak "Aupa Etxebeste!" filmaren bidea jarraitzea. Hori bai.


Aupa Etxebeste!



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Luistxo — 2005/09/26 07:26

Ez dut Etxebeste ikusi eta ezin dut, beraz, filmaren muinaren inguruko iritzirik eman: ea kostunbrismo txepel hori den koxka, ala nahi eta ezin unibertsala den gaia.


Baina egia da, bai, bi bizio horietatik badagoela gaur egunean Euskal Herrian. Eta nahi eta ezin probintzianoaren adibide garbi garbia, Donostiako Zinemaldia iruditzen zait.



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Markel Olano — 2005/09/26 18:20

EBBkoa aipatu dute, eta EBBkoak erantzun egin beharko du…


Pasa den ostiralean Ramonek eta biok izan genuen debatetxoan ba zen seguruenik osagai estetikorik, eta estetika kontuak idazlearentzat garrantzi berezikoak izaki, horregatixe aipatu nuen Ramonen kritikak intelektualaren ikuspegia zuela. Berak irain moduan hartu izanak agerian uzten du espresioa ez zela egokia izan. Edozein kasutan, nik intelektualari miresmena diot, ziurrenik neroni ezer sortzeko gauza izan ez naizelako. Barka, beraz, Ramon.


Onartzen dut nor berak eskubide osoa duela euskal kulturaren langa nahi duen altueran ipintzeko. Hala ere, neure gustu propioak ditudala ezkutatu gabe, nik nagusiki bi gauza eskatzen dizkiot egungo euskarazko kultur produkzioari: aniztasuna eta arrakasta.


Aniztasuna izateko, produktu berriak sortzea ezinbestekoa da, eta nire ustez hor arazo estrukturala dauka gure kulturak: “Aupa Etxebeste"-ra itzuliz, aspaldi honetan euskaraz egin den luzemetrai bakarra sortzeko ekoizleek gorriak pasa izana oso esanguratsua da. Kasu honetan, gainera, ezin zaie Autonomia Erkidegoko erakundeei inplikazio falta leporatu: zinema ekoizpena hain garestia izanik, erakunde publikoen babesa aski izan ez, eta enpresa pribatuen inplikazioak huts egiten duenean sortzen dira arazoak. Finantziazio gabeziak egitura sendoa eraikitzea galarazten du eta hori aniztasunaren aurka doa…


Arrakastaren inguruan, berriz, behin baino gehiagotan ETB1 ahotan hartu eta “kaka piloa” dela aipatzen denean, Basetxea edo Wazemank bezalako produktu arrakastatsuen “mailari” egiten zaio erreferentzia. Pertsonalki nahiago dut ikus-entzuleengan arrakasta izatea, audientzia indizeetan arrastaka ibiltzea baino, besteak beste, ikus-entzunezkoen finantziazioa bermatzeko audientziak garrantzi izugarria duelako.



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

gaztelumendi.org — 2005/09/28 19:09

Hobe lukete bai, blogetako eztabaidak beraien tertuliatara eroango balituzte. Bariku honetan agian. Ikusiko. Entzungo



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

Iturri — 2005/09/28 22:48

Kaixo Patxi:


Nik ez dut prolemarik politikariak inguru honetan ibiltzeagatik.


Hori bai, ez dakit Euskadi Irratian zeozer kobratzen ote duten. Larre honetan ez behintzat.


Sinatua: Iturri


(Buen-rollitoaren-emotikonoa-egin-nahian-baina-
ezinean-ez-dakielako).



Re: Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma

patxi lurra — 2005/10/04 13:35

Atzo ikusi dot pelikula eta neuri be gustau egin jat. Ez da aparteko ezer, baina euren lehenengo filma da, ezta? Argumento ederra eta Ramón Agirre eta Elenea Iruretaren interpretazinoak... chapeau!


Atzo aretoa nahikoa beteta egoan, Bilboko Renoirretan. Esnatu gara azkenean euskaldun kontsumitzaileak?



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31
WP Ander, 2011/12/31