Harrikadak
George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Gaur goizean, jaiki berritan, irratia piztu eta Javier Vizcaínok kazetari ingeles bat elkarrizketatu behar zuela entzun dut. Honen izena Nicholas Rankin da, BBCko kazetaria. Liburua idatzi omen du George L. Steeren bizitza kontatzeko asmoz: Crónica desde Guernica. Beste liburu bat du Robert L. Stevenson idazleari buruzkoa.
Gaurko irratsaioak duela pare bat urteko beste irratsaio bat ekarri dit gogora. Uste dut autoan gindoazela Santanderrera. Irratia piztua generaman kotxean. Radio Euskadi, Javier Vizcaínoren Más que palabras saioa. Georges L. Steer kazetari hegoafrikarrari buruz ari ziren. Seguraski Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bueltan. Uste dut orduan ere Nicholas Rankin elkarrizketatu zutela.
El árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, 2002an argitaratu zuen Txalapartak. The tree of Gernika. A field study of modern war zen 1938an publikaturiko jatorrizko liburuaren izenburua. Paul Preston historiagilearen hitzetan Espainiako Guda Zibilari buruzko hamar liburu garrantzitsuenen zerrendan dagoena.
Steer 1909 urtean jaio zen Hego Afrikan eta 1944 urtean, 35 urterekin, hil egin zen, auto istripuz, Birmanian. Bi aldiz ezkondu zen. Mundua korritu zuen, abentura piloa biziz. Gernikako bonbardaketa kontatu... eta oraindik gazte zela hil egin zen, tontamentian.
Siglo XXI argitaletxeak publikatu dio liburua Rankini. El Correon azaldutako elkarrizketa batean badago atentzioa deitu didan erantzun bat. Iñigo Gurrutxaga kazetariak botatzen dio Steer EAJren alde ageri dela El árbol... liburuan eta Rankin-ek zera erantzuten dio:
"BBCk liburu potoloa ematen die kazetariei, Produktoreentzako arauak, eta objektibotasun hitza ez da inoiz agertzen. Kazetari batek ezin du objetibo izan. Ezinezkoa da. Britainiarra edo espainiarra zara, baduzu iragan bat, hizkuntza bat, agian paratxutista baten gisara erori zinen historian. Horrek guztiak osatzen du zure subjektibotasuna. Baina inpartziala izan beharko zenuke. Kazetariaren obligazioa egia kontatzea da. Egia da Steer abertzaleen alde zegoela, baina era berean Larrinagako kartzelako sarraskiaren kontakizun osatuena eskaini zigun eta, orokorrean, Guda Zibilarena Euskal Herrian. Propagandista batek ez du bere aldekoen gehiegikeriak kontatzen".
Apirilaren bukaeran, Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin batera, Nicholas Rankin eta George Steer jr. Euskal Herrira etorriko dira. Semea, gainera, lehenengo aldiz. Ongi etorriak izan daitezela, kanpoko horrelako ahotsak behar ditugu-eta gaur egunean ere.
Re: George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Kaixo, Mikel
Astelehenean Javier Rioyoren Estravagario saioan izan zen Nicholas Renkin. Han kontatu zuenez, Agirre Lehendakariak oparitutako erlojua zeraman George L. Steerek Birmanian istripu hura izan zuenean.
George Steer juniorrek erabiliko du orain erlojua?
Ah, ondo zelebrau aitaren eguna.
Laster arte.
Re: George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Steer bezalako kazetariei esker Gernikan 1937an zer gertatu zen jakinarazi zuen mundu guztiak. Gaur, duela 69 urte Gernika, euskaldunon hiria, suntsiturik geratu zen baina Gernikarron oroitzapenak ez dira suntsitu.
Ni Gernikarra naiz, eta egun hau oroitzapenez beteta bizi dugu askok. Egia da gu ez ginela bertan egon, zorionez. Baina, kalera irten eta aguretxoek kontatzen dutena entzunda melankolia izugarria sortzen zaigu. Hauen ahotik entzundakoa oso latza da, pairatu behar izan zituzten une gogorengatik.
Egun hau ahaztezina izango dugu baina ez bakarrik Gernikarrak garen heinean, baizik eta Euskaldunak garen heinean!
Re: George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Kaixo Itxaso:
Bai, ez da komeni Gernika ahaztea. Are gutxiago, mundua dagoen bezala egonda (Irak, adibidez).
George L. Steer eta Nicholas Rankin-en kontu honekin loturik, Anasagastik bere blogean kontatu du joan den astean Steer-en semearekin eta Rankin-ekin izandako afari bat.
Adi bukaerari: "Sinceramente, me lo pasé bomba".
Ez da oso egokia Gernikako bonbardaketaz ari dela kontutan hartuz.
Agur.