Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Elena Odriozola ilustratzailearen Minimo erakusketa

Mikel Iturria 2006/09/27 08:00

En castellano

Ostiralean, irailaren 29an, inauguratuko dugu Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean Elena Odriozola ilustratzailearen "Minimo" erakusketa. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean).

Urriaren 21erarte, egunero bisita daiteke, jai-egunetan izan ezik: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 16:30etatik 20:30etara larunbatetan.

"Ilustratzea testu baten interpretazioa egitea da. Hau da, testua irakurri ondoren, sentitzen duzuna marrazkien bidez irudikatzea. Dena dela, testuan dagoena marraztea ez da nahikoa. Urrunago joan behar da. Irudimena erabili behar da, ezinbestean. Azken batean, testuak esaten dizu zer marraztu behar duzun” (Irutxuloko Hitza, 2006ko uztailak 3).

"Ez dut umeengan pentsatzen ilustratzen dudanean; gustatzen zaidana egiten dut (…) Idazleak ere ez du baldintzatzen bere lana: "Ezin dut egin beste baten buruan dagoena. Nire erara egingo dut. Nire istorioa da, nire ikuspegia. Gustatzen ez bazaio, beste norbait bilatu beharko du" (Berria, 2006ko maiatzak 21).

Publizitatean hasi zen lanean Elena Odriozola (Donostia, 1967) eta mundu horretan pasa zituen zortzi urte. Aldi berean, liburuak ilustratzen hasi zen, baina 1998 urtean publizitatea utzi eta bere lana marraztea, ilustratzea zela erabaki zuen. Testuliburu asko, kartelak, programak eta era askotako ilustrazioak egiteaz gain, hainbat liburu irudiz bete ditu (60 baino gehiago).

Espainiako 2005eko Gazte eta Haur Literaturako ilustrazio onenaren bigarren saria eskuratu du "La princesa que bostezaba a todas horas" (Carmen Gil, OQO Editora) libururako egindako ilustrazioengatik.

Erakusketan egongo dira, batez ere, azken urteko liburuen irudiak eta testu ezezagun batean oinarrituriko ilustrazioa.

Urriaren 21eko eguneratzea: hemen jarrai dezakezue sarean erakusketa honen berri agertu diren zenbait albiste, tartean Elenari eginiko elkarrizketa batzuk.

Realaren dekadentzia

Mikel Iturria 2006/09/25 01:30

En castellano

Denbora asko pasa da Realari buruz idatzi gabe, baina gaur gainezka eginda nago. Partida aurretik terraza batean geunden kafetxoa hartzen eta nire buruari galdetzen diot orain ea zergatik ez naizen bertan geratu…

Recreativok 2. gola sartu duenean, bazkide txartela eskuratu nuenetik lehenengo aldiz pasa zait burutik ea merezi ote duen abonua berritzea datorren urteari begira. A zer desastrea!

Makal jokatu dugu lehenengo zatia, tokia zelaian hartu gabe. Atsedenaldiaren ondoren, okerrago jarri zaizkigu gauzak, berehala sartu baitute andaluziarrek bigarren gola. Zailena lortu ondoren, markagailua berdintzea, azken jokaldian dena pikutara bidali dute txuri-urdinek.

Egoera konpontzeko azken itxaropen izpia Bakerorengan jarrita nuen, nahiz eta pentsatu botere gehiegi duela gizon honek Realean (are gehiago aulkian dagoela eserita kontutan hartuz eta emaitza onik lortu ezean, kalera joango dela. Eta ez dut atzetik inor aginteduna ikusten aurrera egiteko gaitasunarekin).

Esan bezala, itxaropena Bakero zen, baina ez dirudi buelta emateko moduan dagoenik. Harmailetan ez da giro: zaleak oso nerbioso daude eta ez dugu taldea laguntzen. Jokalariek konfiantza falta izugarria dute. Administrazio Kontseilua, zer esan!

Aitor Tornavaca jokalari gasteiztarrari eginiko elkarrizketa argitaratu dute aste honetan Berrian. Aitor Recreativoko jokalari da egun. Ez da ohikoa, baina Realaren egoeraz galdetuta, benetan pentsatzen zuena erantzun zuen. Traza txarra hartzen diola taldeari, urte asko daramagula jaitsiera postuetatik gertu. Antzeko egoeran zegoen Gijongo Sporting nola joan zen 2. A mailara gertutik ezagutu zuela berak.

Arrazoi du Tornavacak. Realaren dekadentzia bizitzen ari gara. Bitartean, Gipuzkoako saskibaloi zaleak pozez txoratzen daude datorren aste bukaeran hasiko den ACB txapelketari begira. 6.200 bazkide ditu jada Gipuzkoa Basket taldeak eta ilusioz gainezka dago ingurua. Zaila izango da maila mantentzea, baina.

Irailaren 26ko eguneratzea: Duela ordu erdi nire postara iritsi den mezua.

"Ens estem plantejant la opció de crear una penya de Barça a Donostia. És per això que us convoquem a tots els que estigueu interessats, a una reunió que tindrà lloc, el pròxim dijous 5 d’octubre a les 20:30 hores a la nostre seu Restaurant Vía Fora (Psg. Federico Garcia Lorca, 10 baixos) per informar-vos del projecte. Us esperem a tots!".

EH 2.0 (I) Lokalizazioa

Mikel Iturria 2006/09/23 15:00

Ostegunean Artelekun egin zen EH 2.0 mintegiaren lehen jardunaldia, Bipuntuzero elkartearen ekimenez antolatutako mintegia. Hemen jarriko ditut nik jasotako ohar batzuk. Seguraski ez da garrantzitsuena izango, baina antolatzaileek grabazioak online jarri arte...

Urriaren 1eko eguneratzea: Nire apunte guztiak jarri ditut jada sarean.

Localización

Josu Landa euskaraz

Internacionalización

Vicent Partal-ena euskaraz

Vicent Partal en castellano Joseba Kamio, glokalizazioa

MC lanetan aritu zen Patxi Gaztelumendik ongi etorria eman eta aurkezpena egin ondoren, ordu erdiko hitzaldia eskaini zigun Joseba Kamio irakasleak.

Euskal Herrian, Google bezala, beti gaude beta egoeran kontu hauetan.

Glokalizazio hitzak Japonian du jatorria.

Eguerdiko Tele 5 katearen informatiboan ikusitako gauza deigarria aipatu zuen, gaur egungo egoera laburbiltzen duena: soldadu bat, kolonbiarra, abizen euskaldunekoa, Armada espainiarreko kide, Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen indar armatuetako partaide.

Lasarte-Orian duela gutxi euskal kulturari buruz eginiko mahaingurua. Lau hizlari. Joseba Tapia eta Aritz Sound System, besteak beste. Musika beltzaren jarraitzaile amorratua da Aritz eta berarentzat Bob Marley euskal musika da. Ba da?

Euskal kultura heriotz zigorraren menpe dago eta horrek oso kreatibo bihurtzen gaitu (edo bihur gaitzake).

2.0 aktitudea da garrantzitsuena.

Jardunaldi hauetatik ikusezintasuna apurtzeko kolaborazio esparrua sortzearekin pozik legoke Joseba.

Bertsozale elkarteko kide da (Txapelketa Nagusian izan zuen Josebak komunikazio ardura). Bertsolari batzuk SGAEn daude eta besteak ez. Egile eskubide pribatiboen gaia ekarri nahi izan zuen aipamen horrekin.

Iban Arantzabal, internet eremu lokaletik

Goiena.net atariko editoreak bere esperientzia kontatu zuen. Editore multimedia da Iban, taldeak telebista, irratia, kazeta eta webgunea baititu. Kazetari multimediaren figura defenditu zuen. Izan ere, plataforma guztiak bat egitera doaz (telebista-ordenagailua, batez ere).

Azpimarratu zuen kaka asko dagoela euskal blogosferan eta hori logikoa dela, dagoen blog ugaritasuna kontutan hartuz. 101 blog ditu goiena.net komunidadeak, adibidez.

Interneten dagoen zarata ere handia da eta medio lokalek jasan beharreko presioak hor daude: herrietan denak ezagutzen dute elkar.

Udazkenean 5 urte beteko dituen Sustatun ere editore gisa aritutakoa da eta behin baino gehiagotan zentsuratzaile etiketa jarri bazioten, ez du damurik blog horretan egindako lanagatik.

Hamar-hamabost minutuko tartea izan zen galdera-erantzunak egiteko. Azpimarragarriena Iñaki Alegria irakasleak nola definitu zituen 1.0 eta 2.0: 1.0 Microsoft da eta 2.0 Google. Azken honek jada gaiztoaren rola jokatzen du sarean.

Mahaingurua: lokalizazioa Euskal Herrian

Parte hartzaileak: Gotzon Egia (Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendaria eta Eizie elkarteko kidea), Joseba Makazaga (EHUko irakaslea, UEUko partaidea), Arkaitz Zubiaga (Zabaldu.com eta Wikipedia) eta Luistxo Fernandez (CodeSyntax enpresakoa, Eibar.org-eko kidea). Moderatzailea: Iratxe Esnaola ingeniaria.

Hemen botatakoak ez ditut jasoko kronologikoki. Gaika ordenatuko ditut.

Luistxo lagunak egiten

Luistxok abiatu zuen mahaingurua, bezperan blogean aurreratu zituenak kontatuz: laburbilduz, ez ditut menuak behar euskaraz, jana behar dut. Mahaingurua aurrera joan ahala, berotzen joan zen.

Joseba Kamiori: euskaldunen ikusezintasuna aipatu zuela aprobetxatuz, Luistxok bera ez zuela ezagutzen esan eta ea non sartzen zen galdetu zion.

Euskaldunak garaiz harrapatu dugula blogen trena diotenen kontra: trenari begira gaude oraindik.

Sustatu.com erabiltzen duten euskaldun gehienek espainolez dutela konfiguratuta ordenagailua eta hori ez zaiela axola, nahiz eta egunero horri buruzko banner deigarria irakurri.

Duela hilabete batzuk EHU paralizatuta egon zen bi egunez, greba baten ondorioz, eta egoera horrek ez zuen izan inolako oihartzunik blogosferan. Aipamen bakarra Batxilergoko irakasle batek (Markos Zapiainek) egin zuela. Hori Europan sinetsi ezinezkoa da.

Arkaitz Zubiaga: Zabaldu.com eta wikipedia

Gainetik azaldu zituen Arkaitzek bi proiektu hauek. "Wikipediak dirulaguntzarik behar al du?" Luistxok botatako galderari, Arkaitzek ezetz erantzun zion. Bere ustez, laupabost lagun liberatzeak entziklopedia hori aurrera eramateko ez du proiektuaren filosofiarekin bat egiten. Luistxo ez zegoen ados kontu horrekin eta erantzun horrekin Eusko Ikaskuntza poztuko zela gaineratu zuen (dirulaguntzak banatzerako orduan Wikipedia ez dela kontrikante jakiterakoan). Dena den, bai geratu zela argi diru-iturri publikoak lortzeko modu ezberdinak egon daitezkeela eta horrek hausnarketa merezi duela.

Gotzon Egiak aipatu zuen programazioa ez dela neutrala. Arkaitzek hitz egiten zuen bitartean, webgunearen azala ikusi genuen eta ohar batek zioen "13,795" artikulu zeudela atarian jada. Hori zuzena da ingelesez, ez euskaraz, ezta frantsesez edo gazteleraz ere. Beraz, wikipedia gaizki lokalizatuta dago.

Gotzon Egia: 1+3

Boutadea hasieran: horrelako audientziaren aurrean blogik ez duen ardi beltza sentitzen zela. Exhibizionista deitu gintuen. Bere ustez, 2.0 abantaila da irakurlearentzat, batez ere, ez baita dena irakurri behar.

Itzultzailearen ikuspegia ekarri nahi izan zuen. Lan-katean du itzulpengintzak paper garrantzitsua, baina zer nahi dugun jakiteko epeak jarri eta diruaz ("vil metal") hitz egin beharra dago.

1+3 kontzeptua: webgune batean informazioa euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez jarri beharra. Bere kalkuluen arabera, orrialde bakoitzak 200 euroko kostua izango luke, bataz beste.

Neurketa kuantitatiboa baino kualitatiboa egitearen beharra. Hau da, Itzulist posta zerrenda % 100ean da euskaraz eta horrek, berez, ez du ezer adierazten. Berarentzat, Wikipediak 15.000 artikulu izatea baino garrantzitsuagoa da, gai zehatz bati buruzko artikulu baten bila joanda, hura interesgarria izatea.

Begi globalak behar ditugu, baina luma lokalak.

Joseba Makazaga: Software librea

Zergatik pagatu behar ditu Eusko Jaurlaritzak hainbeste lizentzia? Itxuraz hain atzeratua den Extremadurak linux-en alde eginiko apustua da begiratu beharreko ispilua. Ibarra lehendakari!

Luistxok gero azpimarratu zuen beste kontzeptu bat: ezagutza eta teknologia berrien demokratizazioa dakar software libreak eta ekonomian eragin positiboa du. Batzorde Teknologikoa sortzearen alde agertu zen Joseba.

Moderatzaileak Barrapunton agertutako notizia aipatu zuen: Donostiako Udalak software librearen alde egingo omen du. Gotzonek esan zuen Gipuzkoako Aldundia linux bertsio bat lokalizatzeko lanean ari dela aspaldi, baina sinesgarritasuna lortzeko nahitaezkoa dela erakunde publikoek beren ordenagailuetan jartzea lehenik.

Herri mugimendutan sortutako enpresen kulturak dituen ezaugarri positiboak aipatu zituen lagun batek. Halere, Patxi Gaztelumendik adierazi zuen Berriako kazetariek ez dutela firefox erabiltzen eta askok ez dakitela zer den. Ideologia ere aipatu zuen Gotzonek: zein da herriago Udala edo Herri Ikastola (ez publikoa)?

Gotzonek zioen teknologia bakarka erabiltzen dugula, intimidadean erabiltzen dugula ordenagailua. Software librea popularizatuko da saltoki handietan ordenagailu merkeena software libreduna denean.

Euskararen kalitatea

Euskararen kalitatea blogetan jarri zuen mahai gainean moderatzaileak. Gotzonek esan zuen blogek ikasliburuetako maila bera dutela (horrek ez du esan nahi kalitatezkoa denik bertako euskara). Makazagak zioen Xuxenek lagun dezakeela horretan, baina Alegriak ihardetsi zion Xuxenek hitz bat zuzena den edo ez esan dezakeela, ezin duela idazketaren kalitate maila hobetu.

Hurrengo jardunaldia: urriaren 28an. Internazionalizazioa.

Hona hemen jardunaldi hauen jarraipena Del.icio.us-en bidez. eh20 etiketa erabili.

Loretopetik (VI) Korta eta Kontxa

Mikel Iturria 2006/09/22 11:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan irailaren 22an argitaratutakoa.

1890eko abenduaren 2an Ondarroa eta Donostiaren artean jokaturiko estropadaz aritu ziren Nora Sagarzazurenean joan den astean Alvaro Bermejo eta ezagutu ez nuen gonbidatu bat.

Aipatu estropadak, bi herrien arteko apustu latza, hautsak harrotu zituen Gipuzkoako kostaldean, eta donostiarrek zein ondarrutarrek zituztenak eta ez zituztenak ipini zituzten jokoan. Luis Carril patroi zutela irabazi zuen Donostiako koadrilak.

Anjel Lertxundik idatzi zuen aurrekoan estropada hitzari buruzko apunte etimologikoa eta estropadetako sesio giroarekin lotu zuen (estropua baita Iparraldean istripua). Oriotarrak idatzi zuen ere Hamaseigarrenean aidanez liburua, jokozaletasuna bizi zuen lagun batena, Urtainen aitaren bizipenetan oinarritua. Orain dela hogei urte irakurri nuen liburua, baina filma urte hasieran ikusi nuen Zarautzko Putzuzulo gaztetxean.

Oriokoa da ere hurrengo protagonista, duela gutxi erretiroa hartzekotan zegoen Jose Luis Korta. Kontxako hamalaugarren ikurrina irabazi berri du, Bautista Olidenen marka hobetuz. Bandera lortuz gero, Donostiatik Castrora joango zela arraunean egin zuen promes. Lehenengo etapan, eguraldia lagun, Ondarroara ailegatu zen lau ordutan. Hurrengo egunean, goizez, eguraldia kontra zuen eta ozta-ozta iritsi zen Lekeitiora. Astelehen goizean atera zen Lekeitiotik eta Euskadi Irratiko kirol solasaldian parte hartu zuen arraunari eragiten zion bitartean.

Castrora joan da, baina gutxi iraungo du bertan, agur esango baitio datorren hilean bertako prestatzaile izateari. Zurrumurruek diotenez, oriotarra Donostiako Badian egon daiteke entrenatzen hurrengo denboraldian. Hori gertatuz gero, zenbat mekaguendios eta zenbat "no?" entzungo diren inguru hauetan.

Bi galdera: baga, gai izango al da Korta hamabosgarren bandera koadrila donostiarrarekin irabazteko?; biga, hamaseigarrenean (aidanez) erretiratuko al da?

Presta daitezela hemengo alkatea, zinegotziak eta klubeko zuzendaritzakoak. Presta gaitezen gu ere. No?

Post Scriptum: apunte hau idatzita dago pasa den astelehenean. Orain Kortak dio urte sabatikoa hartuko duela. Atzo Kalaka telebista saioan agertu zen, Astilleroko patroi den Izortz Zabalarekin batera. Markos Zapiain ere bertan zen.

Ama eta Katixa: 2.0

Mikel Iturria 2006/09/21 12:00

Atzo bete zituen 69 urte nire amak (aitak 74 ditu jada). Eta atzo agertu zen berriro Katixa sarean, amak nahikoa da esan ondoren.

Haurrak handitzen doaz kantatu zuen Jabier Muguruzak, Xabier Leteren letra. Nik esan dezaket: "Gurasoak zahartzen doaz". Bitartean, Katixa bezalako jendea "on the road" dagoela ikusteak pozten nau.

Post Scriptum: Arratsaldean EH 2.0 Artelekun. Agertzeko asmoa dut.

Quantas Veroir aka Julia Cristina

Mikel Iturria 2006/09/19 08:00

Julia Cristina

Cris Monge gisa ere bada ezaguna.

Etengabeko prentsaurre egoeran

Mikel Iturria 2006/09/18 08:00

En castellano

Iñaki Anasagastik idatzi zuen joan den astean bere blogean kontu honetaz. Politikari jeltzalea besteengatik ari zen, batez ere garai bateko Euskadiko Ezkerraz eta egungo Batasunaz. Bere ustez, EAJk prentsaurreko gutxi deitzen ditu eta, gehienetan, halabeharrez, besteak baino gutxiago ez izateko.

Udal eta foru hauteskundeetarako zortzi hilabete falta direla, alderdi guztiek dute helburu hori jomugan. Zoritxarrez, etengabeko prentsaurre egoera ez da maiatzean amaituko. Jada instalatuta dagoen zerbait da.

Donostiako Udaletxera prentsaurreko batetara agertu naizen bakoitzean harritu egin nau bertan eserita egoten diren kazetarien jarrerak. Unibertsitate garaian irakasleari begira egoten ginen denbora gogorarazten dit. Hau da, irakasleak bota beharreko txapa botatzen zuen eta gu apunteak hartzen. Kazetariak beren eserlekuan jartzen dira eta mahaiburutik pasatzen diren hizlariei apenas erreparatzen dieten.

Donostiako Udaletxean dagoen prentsaurreko egoeraren errudun nagusia alkatea izango da, Diario Vascoren laguntzarekin. Kazetari izandako lagun batek esan zidan behin Diarioak jarri zuela periodista bat udal informazioaren jarraipena egiteko eta haren atzetik jo dutela gainerako komunikabideek.

Anasagastik egindako komentarioa gehiegizkoa zela uste nuen, baina Imanol Murua kazetariaren blogean irakurri dut ezker abertzaleak irailaren 13an ordubeteko tartean 7 deialdi egin zituela. Nor ausartuko da errekorra puskatzera?

Urdaci Herri Irratian?

Mikel Iturria 2006/09/15 08:00

En castellano

Ez da gaurko notizia, udako atarian entzun nuelako lehen aldiz, baina atzo irakurri nuen Berrian (eskerrik asko Loretxoa loturagatik) Alfredo Urdaci kazetari nafarra fitxatu duela zutabegile lanetarako Donostiako Herri Irratiak. Atzo enteratu ez nintzenez, ez nuen hartu bere garaian hartu nuen sorpresa.

Mariano Ferrer erretiratu zenetik gutxi jarraitu dut irratia. Badakit aldaketa asko egon direla, baina ez zait buruan sartzen fitxaketaren arrazoia. Ikuskizuna ematen duelako bakarrizketetan? Blogaria delako? Ansonen Ahora doako egunkarian idatzitako kolaborazioengatik?

Xabier Riezu Herri Irratiko albistegieetako zuzendariak esandakoak jaso ditu Urtzi Urkizuk:

"Urdacirekin probokatu egin nahi dugu. Geure burua irrati libre gisa ikusten dugu, eta aniztasunaren aldeko apustuaren barnean dago Urdaci hartu izana".

Ah! Hori da. Probokazioa! Horregatik bada, lasai. Escolarrenean irakurri genuen herenegun Hater blogariak harrapatu duela Urdaci bere burua laudatuz. Baina ez bere izena emanda, bere azken liburuari buruzko komentario anonimoa foro batean utzi nahian baizik.

Tristea da Herri Irratiak horrelako jendilajea aukeratzea zer esana emateko. Emisora hau iparra galduta dagoela dirudi.

Hater-en erantzunetan batek utzitako mezuak azaldu dezake gure ezinegona: "Lo que pasa es que a Urdaci le tenéis manía porque es vasco..."

Eraikuntza nazionala beste zerbait da

Mikel Iturria 2006/09/12 23:20

En castellano

Iñaki De Juanak hilabete baino gehiago bete du jada gose greban. 93 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Garan plazaratutako bi artikuluengatik. Merkeagoa dirudi norbait akabatzea iritzia ematea baino. Erabaki horren atzean agertzen den estatuak justiziatik gutxi dauka, mendekua baino ez du gustuko, heriotza zigorra du maite.

Iñaki Bilbaok urteak daramatza preso, baina Joxe Aranzabalek blogean azaltzen duen sentimendu bera izan nuen nik ere Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean izandako agerraldia telebistan ikusi nuenean.

Aste Nagusian Uliatik Zorroagara doan mikrobusa erre zuten. Igande arratsaldean, berriz, istiluak egon ziren Donostiako Bulebarrean. Autobus bat kiskalita ikusi dut argazkitan. Asko haserretzen naiz horrelakoetan ere. Herritarraren ipurdiak jasotako ostikoa baita Gobernuari begira emandako abisua.

Presoek jasaten duten tratua ez da zuzena, baina kosta egiten zait ezker abertzaleak deitzen dituen ekitaldietan agertzea. Eta horrelako jende asko ezagutzen dut.

Anoetako espiritua eta prozesua blokeatuta daudela dirudi. Espainiako Gobernuak ez du mugitzeko asmo handirik eta ezker abertzalearen inguruko jendea urduri dago.

Agur esateko azken aukera duina du ETAk oraingoan; Espainiako Gobernuak hartzen duen jarrera aparte utzita, erakundeak herri honi zor dio agurra. Min asko egin diolako eta sufrimendu gehiago sortzearekin ez goaz inora.

Eraikuntza nazionala beste zerbait da.

Gorkalimotxo

Mikel Iturria 2006/09/09 08:00

Egilea: Gorkalimotxo

Ederra. Ausarta. Freskoa. Naturala.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter