Gasteizko seminarioa
2009ko gabonak inguruan, tartean elurra zela, bisita bat egin genion Gasteizko seminarioari. Bada beste bat alde zaharrean, “seminario zaharra” deritzena, baina hau berau, Mexiko eta Tomas Zumarragakoa Doatsuaren kaleen artean dagoena, handiena eta beharbada ezagunena da. Demaseko historia dauka, bere garairik loriatsuena baliteke XX. mendearen lehen erdia izatea. Orduan abadegaiak mordo-mordoa ziren, ehundaka batzuk, milaka izatera ez baziren heltzen.
Eraikina demaseko neurria dauka, bai zabaleran, 150 metro inguru, bai luzeran, beste horrenbeste. Ez da pentsatu behar dena dela karratu bat denikan, ez, barruan baditu hiru patio, bere forma, gutxi gora behera, lau haginetako sarda batena da eta.
Horrez gain, inguruan dituen zelaiak kontutan izan behar dira. Zabalgune horretan bada gaur egun: a) ekialdean, UNEDaren alderdian, frontoi bat, zelai zabal bat (batzutan arku jaurtiketa egiteko darabilena), aparkaleku bat eta gaur egun atzeratuentzako zerbitzua ematen duen prefabrikatu itxurako etxetxo bat, hori ere erakunde publiko batek darabilena; eta b) hegoaldean golferako tarte bat (enpresa batek hartutako zatia, ez da golf zelai bat, aterpe batetik, toki fijo horretatik bolak botatzeko tokia baino, aterpetik landa zabal-zabal bat pelotatxoek gura beste hegan egiteko.
Hasteko, bideo honetan fatxada nagusia ikusi ahal izango duzue:
Etxea hain handia izanda erabiltzeko orduan hiru zati egin dute gaur egun.
A.- Mexiko kaletik sartuz gero (sarrera librea da), hegoaldeko partera sartuko zarete, aparkalekua dagoen tokira. UNEDek alkilatu du zati hori eta bere jarduera akademikoetarako darabil. Nahiko berritua da barrutik eta beharbada gaur egun gehien erabiltzen den alderdia da.
B.- Etxearen erabilera-alderdien arteko belargune barruko komunikazioa hesi batzuek eteten dute gaur egun. Kotxez ezin da barrutik pasa, eta oinez neu ere ezetzean nago. Alderdi nobleenera sartzeko lehenengo urten eta berriro Tomas Zumarragakoa Doatsuaren kaletik sartu behark. Hor fatxada izango duzue, elizak bere zereginetarako gorde duena. Atean kontserje bat dago eta inora joan nahi baduzu berak jakin eragingo dizu nondik jo. Hortik sartuta, besteak beste bibliotekara joan zaitezkete (hirugarren pisuan?). Bertako liburuzainak erakutsi zidan, jende guztiarentzako dago zabalik, guzti-guztientzako, eta batez ere garai bateko liburuetan da itzel aberatsa, ez hainbeste gaur egungoetan. Erabiltzaile hutsa dena harrera gela apal bat besterik ez du ikusi eta ezagutuko. Biblioteka horren fondoak ikusita begi bistakoa da sasoi batean esaten zena, huraxe zela pobreen unibertsitatea, eta nik gehiago esango nuke: unibertsitate ona. Gasteizko intelektualitatea, Arabakoa, eta Euskal Herriko zati batena, hor zegoen, zalantza barik.
Elizak berak darabilen zati horren egoera ez ei da lar ona, berritze lan handiak behar omen ditu, teilatua berritu (fotografiak egin eta aste batzutara hor ikusi nuen garabi bat horretan), barruko gelak konpondu... Egia da ere bai, bertan toki pila, baina pila, hutsik dutela, egoera eskasean, horrekin zer egin ez dakitela. Zer izan diren eta zenbat bajatu diren.
Gaur egun badarabiltzate seminario legez, abadegai berriak prestatzen. Asko ez dira eta hauentzat, normala den moduan, ondo atonduta dute. Talde txikia dira eta bere edadeko ikasle jendearengandik pixkat aparte gelditu dira, euren ikastetxea bestelako unibertsitatioengandik fisikoki bereizita gelditu delako. Niretako historikoa, baina historikoa, da elizak azkenengo 50 urteetan izan duen beherakada. Bi mila edo mila bostehun edo mila urtetan ez dute horrelako krisirik izan, eta badirudi elizaren agintariak ez direla kontziente, nahiz eta eurak, seguru, halaxe uste.
C.- Azkenean etxearen eskumako aldea frontisatik begiratuta Eusko Jaurlaritzak alkilatuta dauka Herri Kontuen Euskal Epaitegitegiaren zereginetarako, Tribunal Vasco de Cuentas Públicas horrentzat. Honek ere sarrera bereizia dauka, Tomas Zumarraga Doatsuaren kaletik, aurreko atalerako bezalaxe, baina hau hogei bat metro gehiago urrunduz. Sartzeko hemen kotxeek nolabaiteko baimena behar dute, sarrera langa altzagarri batekin zainduta dago eta, ostean oinez ez dago batere arazorik aurrera egiteko. Egona nintzen lehenago, paseatzen, eta igarri da bai PSOE-PP gobernuaren aldaketa, normaltasun ikur moduan Espainiako bandera (toki nagusian nola ez) eta ikurrina eta Europakoa jarri dute eta.
Zalantzan nengoen, nik pentsatzen nuen etxe guztia elizarena zela eta halako zatiak alkilatuta eta bakarrik alkilatuta zeudela, baina bandera horiek ipinita neure buruari galdetu nion: “ba beharbada E.J.ak erosita dauka”. Baina ez, seminarioan barruan beharrean dabilen batek halaxe baieztatu zidan, ezetz, bakarrik alkilatuta, salduta ez dago ezer. Eta horretara, elizaren eraikin batean, alkilatuta izanda ere, halako banderak jartzea, edo beste edozein esango nuke nik, zer da? Kristo bati pistola batzuk jartzea legez? Onargarriagoa litzateke Kristo hori jabe pribatu batena balitz? Hori bultzatu eta egin egin dutenek onartuko lukete elizaren eraikin batean ikurrin bat jarriko balitz? Eliz katolikoak berak ontzat emango luke? Espainiako komunikabideek ez lukete sekulakoa montatuko? “Normala” zer den norberaren gustoaren eta interesen arabera doa? Edo segun eta zeinek zer egiten duen orduan Amen esan behar?
"Coca-cola Erdi Aroan", Migel Angel Mintegik idatzia
Ibaizabal argitaletxeak benetan lan dotorea eta merituduna egiten dihardu ahal dena bizkaieraz argitaratuz. Esan egin behar da, literaturan batua da nagusi eta euskalkiak zokoratuak gelditu dira. Batua bultzatuz, batua bultzatuz, bizkaieraz egin dena, nagusientzako arloan batez ere, eskasa izan da eta beharbada molde zaharrei lotua. Errua ez da beste inorena, bizkaieraz idatzi ez dutenena baino.
Ume eta gazteontzako titulu gehiago dugu, edadeka edo sail diferentetan banatuta. Gaur eskutartean darabilguna, Ekin sailekoa, gaztetxoentzako dago pentsatuta. Jatorrizkoa, Migel Angel Mintegik egin zuena, batuaz egin zen, eta gero, bizkaierara Sabin Barruetabeñak aldatu du.
Berbeta aldetik ez dago arazorik, bizkaieraz bai baina grafia guztiz homogeneizatuta. Inongo euskaldun alfabetatuk errez-errez adituko luke, ostiangoak aitzakiak.
Eta zer kontatzen da? Abentura liburua da, Ataun-Beasain inguruan banderizo gerren sasoian kokatua. Gaur egungo mutil pare bat denboran atzera egin eta orduantxe agertzen da, jazartzen diete, askatzen dira, neska askatu, ihes egin, burrukak... Ba horixe, ondo pasatzeko aproposa, gazteok eta ez hain gazteok, bestelako asmo barikan. Egon behar da ere halako literatura mota euskaraz. Gazteentzako pentsatuta dago eta bere helburua ondo betetzen du, esanda dago.
Gosaria Tiffany’s-en, Truman Capote-rena, itzultzailea Koro Nabarro
"Gosaria Tiffany’s-en", Truman Capote-rena, itzultzailea Koro Nabarro, Elkarrek 1989an plazaratua.
Truman Capote nobela beltzaren maisutzat saltzen digute eta horregatik hartu nuen eleberri hau, mesfidati, liburuaren kontura pelikula ezaguna egin zutelako aspaldi, Audrey Hepburn protagonista zela, eta gogoratzen nuenarengatik nahiko film indargea. Belaunaldi kontua da, seguru, eta ni ez naiz aparta, zuribeltzezko pelikula horiek, 60 urteetakoak, aspertu egiten naute. Mentalidadea aldatu da, gure estetika, gure bizikera aldatu da.
Baina liburua diferente izan zitekeen. Askotan esaten da, eta da, pelikulek ez dutela letretan dagoena jasotzen. Eta esperantza horrekin, literaturan zinean baina konfiantza gehiago jarriz, liburua hartu nuen.
Ba ez. Liburua 1958an idatzi zen, 50 urte baino gehiago bete dira harrez gero, eta bai ematen dit urteek atzean laga dutela egilea eta obra hau behinik behin. Baliteke aspaldiko urte horietan zeozer berri eskaintzea Capotek. Esate baterako, ez dago konparatzerik 58 horretan euskal literaturan egiten zenarekin, baina egoera ere horrelakotxea zen, frankismo bete-betean ez zegoen toki askorik euskal literatur sorkuntzarako.
Baina gaur, liburudenda eta liburutegietan topatzen duguna aldean jarrita, eta behin nobela hau irakurrita, nik ez nuke “Gosaria Tiffany’s-en” hau gomendatuko. Generoak bere bidea egin duelako eta gosari hau, bera jasotzen zuen pelikula legez, arestian esan dudan moduan, indarge gelditu da, geza. Izan liteke garai bateko literaturaren erakusgarri, baina gaur egun gozatzera joanez gero, deskafeinatua. Bukatu orduko ahaztu egingo dut eta apaletatik beste bat hartu.
Martxelo Otamendi Katalunian Egunkaria kasua eta torturak azaltzen
Urtarril honetan Martxelo Otamendi Kataluniatik jiran dabil bere eta Egunkariaren kasua azaltzen: egunkaria ixtea, torturak, inguru politikoa... Hainbat komunikabidetan azaldu da, hainbat elkartetan berbaldiak eman, eta oraindik emateko dituenak.
Blog honetan agertuerain ditugun bidaietan legez baina alrebes, ikusten baino, ikustarazten ahalegintzen. Guk hainbat urtetan Martxelok Katalunian izandako agerraldiak jaso ditugu, berrienetik hasita (aurtengoak) eta topatu ditugun zaharretaraino.
Guztietan formato bera erabili da, guretzako beharbada bitxia, galderak katalanez, erantzunak espanieraz. Eta bada beste bitxikeri bat: ez dut uste elkarrizketzaile batekin errepikatu duenik!
Hara ba, abiatuko gara:
1) Lehenengua 2010eko urtarril honetan TV3n izandako ordu erdiko elkarrizketa
2) Bigarrena egun batzuk lehenago 15 minutuko elkarrizketa Catalunya Radion. Horretaz badugu bideo formatua:
http://www.youtube.com/watch?v=UTadnGl4aOU
2b) Eta badugu solasaldi bera soinu formatuan:
3) Aldi honetan bertan Kataluiniako kazetariekin ere bildu zen:
http://www.vilaweb.tv/?video=5989
4) Eta hilabete bat lehenago, 2009ko abenduan, minutu bateko berria eman zuten TV3n
5) Urte bat lehenago, 2008an, TV3an izandako berbaldia dugu:
6) Lehenago juanda, 2007an TV3n izandakoa:
7) Eta lehenago juanda 2005ekoa, hau ere TV3koa. Hauxe, topatu dugun azkena:
http://www.tv3.cat/videos/181896518
Gabonetako Umeen Parkea, Hegoalde gizarte etxean
Gabonetan hotz izaten da, umeek asti mordoa daukate eta gurasook halanola bete behar. Hainbat herritan izaten da aterpeko toki bat, zabalagoa edo txikiagoa, gaztelu puzgarriz eta bestelako jolasez beterik. Gasteizen toki hori Hegoaldeko Gizarte Etxea da, Zumakera eta Alberto Schommer kaleak gurutzatzen diren puntuan. Aurten Baskoniaren Kirol Hirian beste bat jarri ei dute, baina ezin izan dugu bertara joan, berandu jakin genuen. Hegoaldekoa, berriz, klasikoa da. Prezioa 2009-2010eko gabonetan erregalatua da, ume bakoitzeko bi euro eta erdi, nagusiok dohan daukagu.
Zenbat solairu ditu etxe horrek? Hiru bat bai? Lau ere bai, eta denak hainbat aretotan banatuta. Inportanteena, gabonetako jardueretarako, behe aldeko polideportiboa da, berau da tokirik zabalena. Umeentzako gaztelu puzgarriak jasotzen ditu, hauexek izan litezke egintza guztien artean neska-mutiko gehien erakartzen dutena. Horiei gehitu saltoak egiteko uhalak eta koltxonetak, gehi bideojoz beterik dagoen karraju bat, gehi eskalatzeko tokia, gehi sokazko zubia, gehi tirolina altu bat. Eta hauxe hasiera besterik ez da. Lehenengo bideo honetan ikusi dezakezue.
Beheko plantan ere, beste albo batean, normalean “Bilera aretoa” deritzen gela zabala dago. Urtearen zehar jendeak prentsa irakurtzeko, kartetan jolasteko, umeekin egoteko eta erabiltzen da. Geu gabonetan egon garenean berriz, arpegiak pintatzeko eta musika zuzenean entzuteko gertatu dute, kasu honetan Magrebeko musika.
Are gehiago jaitsiz, sotoan, ping-pongarentzako tokia eta arku jaurtiketarako arloa jarri dute. Mahai librerik topatzen baduzue zorte izango duzue, bestela mahairen batean daudenekin txandakatu beharko duzue.
Pisuetan gora egiten lehenengo pisuan bilarrak topa zenitzakeen.
Eta batez ere tailerrak: pentsa tailerra, sukaldaritzarena, “diskoteka”, “telebista tailerra” ..., toki interesanteak dira, alderdi pegagokotik beharbada landuenak. Argazkirik ez, nahiko kalitate eskasekoak irten zitzaizkidan. Zaletu hutsa naiz.
Eta bigarren pisuan beste plater inportante bat, batez ere edade batetik gorako ume eta gazteentzako: bideojokoen gela nagusia. Hormetan sartuta pantailak ipini dituzte, kable batetik lotuta aginteak, eta, hara, jolastera. Baliteke hau gela desiratuenetakoa izatea. Ez ei da pegagikoena (zenbat diskutidu litekeen horretaz!) eta horregatik beharbada da izkutuena. Seme-alabak gustora badaude ez da hain txarra izango. Benga, jolastera!
Epa!, eta kanpora irteten baduzue cars-entzako, kotxe txikientzako, pista bat jartzen dute, urtero. Kotxe txiki elektrikoak, pedaletakoak eta zutunik ibiltzeko diran bi erroberetako asmakizun moderno horiek, segway edo izenekoak, ekilibrioz dabiltzatenak. Ihaz ibili ginen haiekin. Aurten euria sarri izan zela eta Baskoniako jolas tokira eraman zituzten. Tira ba, ezin dena eskura izan.
Labur bukatzeko, Hegoalde gizarte etxea klasiko bat da gabonetan umeak ditugunontzat. Ezagutzen ditut beste herri batzuetakoak, Bilboko famatuak esaera batean, baina, konparazioan, nik nahiago Gasteizkoak. Egunen arabera baliteke jende larregi izatea, baina aurten oporretako bigarren zatian behintzat oso ondo ibili gara, eta Bilbokoetan egon ginen halako urte batean eta, ai ene!, hori bai jende andana, gurasook behintzak handik hegan egiteko gogoa. Baietz! Hobeak Gasteizkoak!
Elurra gauez Arriagako parkean
Tirria hartu diogu fotografiak ateratzeari gero blogean jartzeko eta elurra zela ikusita kamara hartuta joan ginen lanera. Ez genuen ganorazko ezer lortu baina bueltatzean, gauez zela, elurra orduantxe jausten ari zela eta Arriagako parketik igarotzen ginela, kamara gauerako moduan jarri eta aprobetxatu genuen ea nola geldituko ziren ikusteko. Etxean begiratzean pozik gelditu ginen, estetika aldetik bazeukaten bere interesa.
Gehienetan blog honetan alderdi dokumentalari erreparatzen badiogu, zer dagoen azaltzeari, baina oraingoan lehentasuna edertasunari jarriko diogu, erretratu politak dira eta.
Aurreneko hirurak Arriagako parkean daude aterata:
Hau laugarren hau Forondako Etorbidekoa da. Bertan badago inoiz trenbidearentzako zubia izan zen estruktura bat, orain, aspaldi, hara eramana gauza bitxi legez, inguru hori edertu asmo hutsaz. Beti eritzi izan diot benetan aproposa.
Eta Euskaltzaindia plazan bukatuko dugu, bertan bada eskultura bat, konkurtso batean irabazle suertatu zena, printzipioz ura bota behar zuena baina auzokoak busti eta amorrarazten ei zituena eta betiko agorra egin diena. 2010 honen bukaera alderako plaza horretan Gasteizko auditoriuma altxatzen hasiko dira eta eskultura hori kendu egingo dute. Beste nonora eroateko? Ez dakigu.
Printzea, Nikolas Makiavelo-rena
.
Ez neukan asmorik hau ere leitzeko baina behin baino gehiagotan gertatu zait ezustea onerako izatea, ez nago hain lotua nire aurreikuspenei, eta euskal bertsioa Elexpuruk egina zela ikustean gogoa bizitu zait. Juan Martinen “Bergara aldeko hiztegia” ezagutzen nuen eta hango jakinduriaz hornituta lan honetan behar polita egin zezakeela pentsatu nuen, grazia aparteko itzulpena egin zezakeela. Ba ez, kontua ez da batuaz egitea, hori normaltzat jotzen dut, baina Elexpuruk honetan, nire gustorako, oso erregistro estandar-estandar erabili duela, bai, erosoa irakurtzeko, baina alegria gutxikoa. Alde horretatik, tira, beste itzulpen bat, edonorena izan zitekeena.
Egin da lehenago liburu honen beste euskaratze bat eta baliteke nik ere irakurria izana hor galdutako denboraren batean. Liburu bat, atzerriko liburu bat, euskarazko itzulpen bi izatea ez dut uste hain arrunta denik. Liburu horrek neuronaren bat ikutzen die euskal letragizonei harrera hori izateko. Bai klasiko bat da, baina zer dauka klasiko honek beste batzuek baino atentzio gehiago merezi izateko? Sarreran, Iñaki Vazquez Larreak egindako horretan, ondo azaltzen dala uste dut eta nik nire berbekin kontatuko dut. Horri horiek 1513an idatzi ziren, bostehunean, ez seirehunean, ez zazpirehunean, pentsa noiz, eta Erdi Aroa beti erlijioarekin lotu dogula hara non honetan fedea, kristau etika... ez dira agertzen. Ez, kontua, inporta dena, poterea eskuratzea da, bideek ez diote ardura, ez bada ondorioa eskuratzeko tresna moduan. Asmua agintea lortzea eta hari eustea da, nola? Makiavelo plan gaizto eta korapilatsuekin lotzen da gaur egun, horixe da makiavelikoa izatea, eta ez, liburua irakurrita ikusten da hori ez dela egilearen mezua. Sinplea da gizona, ez katramilatsua. Baliteke inor hil, hondatu, izorratu behar, baina gure Nikolas zaharrak askotan gomendatzen du onena jendea zintzo, artetsu zaintzea dela, horrelaxe egon litezkeelako pozik printzearekin.
Makiavelo bere bizitzan lanbidez “printzeen” aholkulari izan zen, eta liburuari bere burua saltzeko, bere jakinduria nabarmentzeko traza hartzen diot, “kontrata nazazue” dio azken batean. Eta kontatzen duena gaur egun film eta liburu askotan jasotzen dena da: goikoak behekoak izorratzen dituztela, gaiztoak irabazi dezaketela, agintariei menpekoak bost ardura diela, tranpak egin egiten direla... Gaur egungo teleberrien eta fikzioen eguneroko mezua, baina bostehun urte lehenago idatzita. Ehundaka eta ehundaka urtetan kaleko gizajoek erlijioaren izenean “fedegabeak” akabatu dituzte “errekonkistetan” eta kruzadetan (eta euren lurrak eta diruak ohostu), terrorismoaren kontrako gerren kontura pobreak bidali dituzte heriotzara (eta poteretsuak petrolio putxuak eskuratzera), komunismo maltzurraren gerra horietan dirudunek beren propietateak zaindu dituzte frontean besteak hiltzen ziren artean.
Hori guztiori agintariei aholkatuta zuriaren gainean beltzez jarri zuen Makiavelok orain bostehun urte. Baina bera ez zen, inondik inora, beste asko eta asko baino zitalagoa, dongeagoa. Izatekotan garbiagoa zen, berak idatzi zuelako beste askok ixildu eta egiten zutena, egiten dutena.
Lisboa 8: Buelta trenean, bistak
Eta heldu da bueltatzeko eguna. Gure kamarak oraindikan badauka memoria nahikoa eta bideoekin gastatzea pentsatu dugu. Trenan badugu gelatxo bat, sofa moduko bi bata bestearen aurrean, eta afaltzera juan garenean itzultzean logela zegoen bihurtuta, hiru literak aterata.
Arratsaldeko lauretan hasi ginen etxerako bidea eta Portugalgo paisaia gorde gura genuen gurekin. Joan aurretik zer topatuko genuen ez genekien, hain ezezaguna egin digute herrialde hau berau! Ondorengo lau bideoetan Espainiako muga bitarterako Portugalgo zatiaren ikuspegi bat erakutsiko dugu, Tajo errekaren bailada zabala, hori da eta korritzen duguna. Soro lauak, berdeak, mendi zapalak, basoak... horixe da. Eta gure bueltaren egunean hori dena egun argitsu batekin osatua. Agur Lisboa, agur Portugal, hurrengora arte.
Lisboa 7: Zoologikoko ur ikuskizuna
Zoologikora joan ginen, umeekin ibiliz gero beti da aukera ona. Dudetan egon ginen, prezioa ere ez zelako makala eta mapan ikusita handiegia ere ez zelako. Baina asmatu genuen, beste batzuekin konparatuta bai, txikia izan liteke, baina kontzentratua eta egun osoa pasatzeko nahikoa eta sobra. Berez animali gehienak libre bisitatu daitezke egunaren edozein momentutan, baina badira hiru-lau ikuskizun eguneko ordu zehatzetan gertatzen direnak: hegazti harrapakiena, pelikanoena, beste batzuk, eta ur ikuskizuna. Argazki kamararekin ez naiz orain ezkerok oso lagun ona eta fotografia gehienak nahiko eskasak ziran, horregatik ur ikuskizunarenak baino ez ditutu argitaratuko, salbatzen diren bakarrak dira.
Ikuskizuna hastear dago, jendea sartu da, esandako orduan, eta gutxika-gutxika, libre dagoenaren artean, gura duen jezarlekua aukeratzen du.
Fokekin hasten gara. Ezetz! Ez direla fokak, itsas-lehoiak direla! Aldia non dago? Batzuk belarriak dituzte, besteek ez, batzuk... Ez dakit zeintzuk dira zer, baina hauek belarriak dituzte eta itsas lehoiak dira.
Saltoak, jendeari agurrak, entrenatzaileekin dantza barregarriak, umeez gain helduok ere barre egiten dugu. Bai jauna, ondo pasatzera joan gara!
Eta itsas lehoiekin bukatzean (ez dira txikiak, pertsona bat baino gehiago bai, 150 kilotik gora) jende artean pasatzen dira, denon harridurarako eta fotografiak ateraz eta jendeari salduz estra bat aterata. Kamararekin ikusten bazaituzte ez dizute fotografiarik egingo, badakite ez duzula erosiko.
Bigarren zatia, laburragoa hala ere, izurdeekin hasiko da, ikusten da joku gutxiago ematen dutela. Bada alde bat itsas lehoiekin: ezin dute uretatik urten eta kanpotik paseatu, aldi txiki batzuetan izan ezikan, baina, dena dela, dena dela, ahal baduzue, juan zaitezte ikustera.

























