Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Paperetik birziklatuta

Lagun batek esan dit...

Paperetik birziklatuta

Kultura sinpatikoa gara

Bide luzea egin dugu inoren eskutik joan gabe. Heldu gara honaino, eta konturatu gara eskuak libre ditugula, inork ez digula lagundu errepidea zeharkatzen, geure kabuz ikasi dugula usaimena zorrozten arriskua nondik etor zitekeen sumatzeko, konturatu gara urrun heldu garela eta pauso guztiak, lehenengoak eta azkenak, inoren laguntzarik gabe eman ditugula. Euskal kulturak jakin du, hiru pauso aurrera eta bi atzera, bidea egiten, eta leku eroso samarrera helduta, muinotxo honetara helduta, ingurura begiratu du eta alboko kulturen sinpatia irabazi nahi izan du, kultura sinpatikoa baita izatez, txikia eta singularra.

Ordea, euskal kulturak ez daki gauza txiki eta singularrak ez daudela lar ondo ikusita alboko erraldoien begietara. Bitxikeria moduan bai, bitxikeria moduan ondo daude, zirkuan ondo dauden bezala nanoak. Baina bitxikeriatik harago, nanoek ez dute ezertarako balio, erraldoiaren begietara. Kultura txiki eta singularrek, berriz, pozik begiratzen diete elkarri, baina urrunegi daude, eta alferrikakoegi izaten jarraitzen dute.

Eta gertatzen da, baita ere, gauza txikiak arriskutsuak direla, indigenak eta indigenteak, ezkerrekoak maiz edo ia beti, eta, txikiak izanagatik, gehiago txikitu beharrekoak.

Baina ondo dago bidelagunak aurkitzea, saiatzea behinik behin aliatuak lortzen. Besterik ez bada ere, bide onetik ari ote garen jakiteko, gutaz geuk bakarrik ez hitz egiteko; normaltasuna lortzeko nahi honetan, normalak izateko ahalegina egin behar dugulako. Azken batean, bakarka arituta, betiko esparrutxoan jarraituko dugulako, gure lekua munduan zein den oso ondo jakin gabe. Edo gure lekua zein den jakinda, baina gure lekutik mugitu gabe, geuretzat produzitzen eta geuretik edaten, beren zakilak txupatzen dituzten kontortsionisten antzera, plazer izugarri eta autonomoarekin.

Patxi Zubizarretak berriki esan duen moduan, inertzian sartuta gaude, noragabetuta. Eta, berari bezala, niri ere poz berezia eman dit Bertsozale Elkarteak hartutako bidea. Bertsolaritzaren irudia gizarteratzeko apustua egin dute, eta ondorioak nabarmenak dira. BECera Belodromora baino 5.000 pertsona gehiago joan ziren, eta horren arrazoiak beste asko izango badira ere, arrazoietako bat da ohikoak ez ziren medioetan ere agertu zela bertsolaritza. Baina bertsolariek beraiek ere onartzen duten moduan, oro har, interes berri hori ez da etorri publiko erdaldunetik, baizik eta medio erdaldunak kontsumitzen dituzten euskaldunetatik. Euskaldun horiek euskal kulturaranzko pausotxo bat eman dute eta ez da gutxi, baina geure buruak engainatzea izango litzateke interpretazio horretan geratzea.

Andoni Egañak behin baino gehiagotan esan du gure ondoan bizi diren baskoengana iristen ez bagara, oso etorkizun urria daukagula herri moduan. Bat nator. Denborak erakutsi digu hori, baina gertatzen dena da alboan ditugun horiek ere gogoa izan behar dutela guri eskua emateko, errepidea zeharka dezagun (edo, esaldiari buelta emanda baina gauza bera esanda, gogoa izan behar dute errepidea zeharkatzen lagun diezaiegun). Eta ez nago batere seguru gogorik duten. Salbuespen eredugarri batzuk alboan utzita, alboan dugun erdal mundu horrek ez gaitu ikusten. Sekulakoa bota dezaket zutabe honetan, eta inor ez da enteratuko. Euskal kulturari begiratzerakoan, "euskal" etiketari begiratzen diote, kulturari beharrean.

Euskal Herriko idazle erdaldunek esango dizute euskal literaturak ez lukeela erdarazko argitaletxeen iragazkirik gaindituko, eta diru-laguntzei esker bizirauten duela euskal literaturak. Durangoko Azokari begiratuta, albiste bakarra aipatuko da: Zutabe aldizkariak agertu zirela. BECeko erakustalditik, albiste bakarra: presoen aldeko oihuak eta Iturriagaren kamixeta. Hori da alboko baskoek ikusten duten euskal kultura: euskal, oso euskal, baina kulturarik ez dute ikusten batere. Eta eurek ez badute gogorik guri begira jartzeko, alferrik ariko gara gu eskua luzatzen. Oso sinpatikoak bagara ere.

gabiria 2006/03/06

Mozorrorik gabeko festa (eta VII)

Hori jakinda, irakurleak ulertu behar du liburu hau ez dela etxeko lasaitasunean eta urtebeteko isilaldiaren ostean ondutako artikulu-bilduma, baizik eta guztiz alderantziz: lanorduen tarteak aprobetxatuz eta urtebetez isildu barik egonda idatzi du Mendigurenek. Hortaz, liburu hau blogaren erritmoan irakurri beharko litzateke: aleka-aleka dastatu beharko genituzke artikulu hauek, egunean bat, dosi txikitan, konturatu gaitezen zeinen lan ikaragarria dagoen hemen.

Kontua ez da soilik egunero idatzi eta argitaratzea, kontua ez da soilik burua egunero aktibo izatea, kontua da, batez ere, egunero literatura egiteko pretentsioa izatea. Eta Xabierrek erronka jarri zion bere buruari, eta urtebetea amaitu eta gainditu egin du erronka, zelan gainera. Literaturatik hurbil egoteko pretentsioa izan zuen 2004ko uztailean, eta, 2005eko uztailera helduta, dudarik ez dago ondo baino hobeto bete duela asmo hori, zailtasunak zailtasun.

Nahi baduzu, artikulu-bilduma deituko diogu esku artean duzun liburu honi. Nik urtekaria dela esaten jarraituko dut, ze, orriotako artikuluak irakurrita, gogoratuko ditut ikusitako pelikula eta antzerki-obrak, irakurritako liburuak, bizitako gertakari politikoak, lagun artean egindako hausnarketak. Eta, hori gogoratuta, nire bizitzaren beste pusketatxo bat ere gogoratuko dut, eta memoria txar honi erremedioa jartzeko balioko duen beste liburu bat izango dut apalean, eta osatuz joango naiz iragandako denboraren puzzle amaigabe hau.

gabiria 2005/12/04

Mozorrorik gabeko festa (VI)

Asmo hori betetzea zeinen zaila den laster jakingo du blogean egunero (eta ondo) idazten saiatzen denak. Izan ere, blogak eta literatura uztartzean, nik uste bereizketa egin behar dela. Batetik, blogak, literatura plazaratzeko bide gisa. Bestetik, blogak, literatura idazteko bide gisa. Oraintxe azalduko dut diferentzia txiki baina garrantzitsu hori.

Literatura patxadaz gozatzekoa bada, zer esanik ez idazterako orduan. Literatura patxadaz irakurri eta, batez ere, patxadaz idazten da. Patxadaz eta isilpean.

Blogak, literatura plazaratzeko bide gisa. Blogak tresna ezin hobea dira literatura, albisteak, burutazioak, argazkiak edo beste edozer plazaratzeko. Edozeren hedapenerako baliabide bikaina da. Etxeko estudioan, patxadaz eta isilpean literatura egin ostean, blogean argitaratzea bide ezin hobea da idazlearen lana hedatzeko, paperean argitaratuta baino leku gehiagotara helduko baita horrela. Beraz, lehenengo idatzi egin behar da, eta, idazleak uste duenean lanok argitaratzeko unea heldu dela, blogean argitaratu. Kasu honetan, blogak ez du apurtzen sorkuntzaren prozesu logikoa: lehenengo helburua sortzea da, eta geroagoko helburua, lana guztiz onduta dagoenean, argitaratzea. Egunero idaztea ona izan daiteke idazlearentzat; egunero argitaratzea, berriz, zoramena.

Blogak, literatura egiteko bide gisa. Hau da, literatura plazaratzeko ez ezik, blogak literatura egiteko aitzakia ere izatea. Mendigurenen eredua hartuta, urtebetez testu bat argitaratzen badugu egunero, literatura egiteko helburua zaildu egiten da. Eguneroko erritmo horretan, bloga oso bat-bateko tresna da: zerbaitekin konparatu behar badugu, poesia eta bertsolaritza izan daiteke konparazio hori. Etxeko estudioko patxadan egindakoa poesia izango litzateke, eta blogean egindakoa, berriz, bertsolaritza. Konparazioak maite ez baditut ere, horra konparazioa. Zuzenketa gutxiko lana da eguneroko blogintza, eta patxadaz egindako literaturarekin duen desberdintasun nagusienetakoa, hain zuzen, hori da: hitz perfektuaren bilaketa asko murrizten dela. Gogoratu lehen esaten genuena: zirriborroa ez dela idazleak eskaini nahi duen azken emaitza. Bada, eguneroko erritmoko blogean goitik behera jausten da jokaera hori.

Eta, berriro ere, mozorroaren kontua agertzen zaigu hemen: gakoa ez da egunero idaztea, ezpada egunero argitaratzea. Lehenengo kasuan (blogak, literatura plazaratzeko), idazleak egunero idatz dezake, eta aldian-aldian baino ez argitaratu (soilik testurik onenak, adibidez). Bigarren kasuan, idazleak egunero idazten eta argitaratzen du. Kasu horretan, apurtu egiten da sorkuntzaren prozesu logikoa: lehenengo helburua sortzea bada ere, idazleak beti dauka buruan testu hori argitaratzeko erabiliko duen bitartekoa, eta, kasu askotan, argitaratzearen helburua ia-ia sortzearenaren parean egon daiteke, ez bada aurretik. Kontuan hartu "idatzi" edo "sortu" esaten dugunean, literaturari buruz ari garela, ez kazetaritzako artikuluei, kronikei, eguneroko pertsonalei edo dibulgazio-artikuluei buruz. Beste maila estilistiko bateko idazketari buruz ari gara, beraz. Maila estilistiko gorena, eguneroko erritmoan.

gabiria 2005/12/03

Mozorrorik gabeko festa (V)

2004ko apirilaren 1ean, Luistxo Fernandezek mezu bat bidali zuen Eibartarrak posta-zerrendara: blog hitza orduantxe entzun zuten zerrenda horretako askok, lehendik ere Sustatu blog kolektiboa (eta Erabili, Uztarria.) existitzen bazen ere. Fernandezek oso gainetik azaltzen zuen blogaren inguruko rollo hori, esteka pare batean oinarrituta. Eta, amaitzeko, esaldi bat: “Egiazki, rollo bat da, eta astuna gainera, baina rollo inportantea, sinistu!”. Egia zen: teknologia berrietatik aparte samar bizi zirenei (gehienei, beraz) txinera iruditu zitzaien blog hitza bera, baina denborak (eta ez da denbora askorik behar izan horretarako) erakutsi du rollo hura inportantea izango zela. Ikustea besterik ez dago, 2004ko eztandaren ostean, 2005ean blogen munduan izan den tantakada etengabekoa. Beharbada, euskal munduak garaiz harrapatu duen lehenengo fenomeno informatiko-mediatikoa da. Hori adituek esan beharko dute, baina hala iruditzen zait niri.

Handik hiru hilabetera, uztailaren 16an, Xabier Mendigurenek “Egunen harian” izeneko bloga inauguratu zuen, Asel Luzarragaren "Hamaika ispilu ganbil" (Labayru, 2003) liburuaren kritika eginez. Lehenago ere bazeuden beste blog pertsonal batzuk euskal blogosferan, ez gehiegi ere: Jabi Zabalaren Sarean (2003ko otsailetik) edo Luistxo Fernandezen Ingelesen hilerria (2004ko martxotik), ezagunenak baino ez aipatzearren. Uztail hartan bertan, Mendigurenek lehenengo artikulu hura argitaratu zuen garaian, Eibarko (eibar.org) blog komunitatea sortu zen, Euskal Herriko lehenengoa. Gero Goienaren (goiena.net) komunitatea ere etorri zen, blogak beste euskarri batzuetan sortu zituzten blogariak ahaztu gabe. Eta eztanda etorri zen: blogak nonahi, Joxe Aranzabalek "Medikuak esan dit minbizia dudala" (Elkar, 2005) liburua argitaratu zuen Sustatun idatzitakoetatik abiatuta, egunkari eta aldizkariak blogei begira jarri ziren, gero eta egunkari gehiagok jarri zituzten blogak euren edizio digitaletan... baina beste inork ez zuen hartu Mendigurenek bere buruari jarritako erronka hura: urtebetez, urtebete luzez, egunero idaztea.

Geroztik, beasaindarra goizeroko erreferentzia izan da Internet erabiltzen dutenen artean; alde batetik, literatura, zinema, antzerki eta artearen alorretan ikuspuntu aberasgarri eta espezializatua planteatu duelako, eta, bestetik, hausnarketa eta pasadizo pertsonal ederrak eskaini dituelako, besteak beste. Baina, batez ere, irakurlearengana heltzen asmatu duela azpimarratuko nuke, ez errazkeriarekin baizik eta kalitatearekin. Eta hori gutxi balitz, bokazio eta asmo literarioarekin.

gabiria 2005/12/02

Mozorrorik gabeko festa (IV)

Bada, Xabier Mendiguren mozorrorik gabe agertzen zaigu liburu honetan, uztailetik uztailera bere blogean egunero idatzitako artikulu hauetan. Mozorrorik gabe eta, beraz, irakurlearen pare-parean. Blogaren fenomenoak hori duelako, batez ere: alde batetik, edonoren esku dagoela idatzi eta argitaratzeko tresna berri hori; bestetik, edonor jar daitekeela idazlearen maila berean edo gorago, seguruenik idazketaren (literaturaren, esan dezagun) historian lehen aldiz.

gabiria 2005/12/01

Mozorrorik gabeko festa (III)

Ezinezkoa delako urtebetez idazlearen mozorroarekin idaztea, egunero idazten baduzu. Zehaztu dezadan: idazle batek urtebetez mozorroarekin idatz dezake, baina egunero idatzitako hori egunean bertan argitaratzen badu, mozorroa jausi egiten zaio. Argitu egin beharko dut hor esandakoa, ea ba.

Idaztea gauza pertsonala da, eta idazleei, oro har, ez zaie gustatzen amaitu gabe duten liburua inori erakustea, lan hori guztiz amaitu arte. Irakurleren batek (eta, batez ere, idazleren batek) gustura irakurriko lituzke zirriborro horiek, baina zirriborroa ez da idazleak eskaini nahi duen azken emaitza, eta gehienak urduri jartzen dira esku artean dituzten izkribuak erakusteko eskatzen badiezu. Normala da: perfekzioaren edo esan nahi dena hitz egokiekin esatearen bilaketa horretan, eta azken zuzenketa sartu arte, idazleak bere buruaren kontrako iruzurtzat hartzen du amaitu gabeko lana argitara ematea. Lan inperfektua da, bere iritziz, azken zuzenketa sartu arte.

Beraz, idazle horrek egunero eta mozorroa jantzita idazten du, etxeko estudioaren babesean, jakinik liburua amaitu arte inork ez dituela lerro horiek irakurriko, eta lasai beraz. Egunero idatzi eta mozorroa jantzita izatea erraza da. Egunean bertan idatzitakoa egunean bertan argitaratuz gero, aldiz, mozorroa jausi eta, idazlearen itzal luzearen gainetik, pertsona horren aurpegia agertuko zaigu. Hori gogorra da idazle askorentzat. Literaturaren munduari esker ematen duten itxura (intelektuala, edo distantea, edo goxoa, edo ironikoa, edo eruditoa, edo iraultzailea, edo madarikatua, edo interesgarria...) apurtu egiten da, eta pertsona agertzen da. Esango nuke idazle askok nahiago dutela liburu txar bat argitaratu, pertsona arruntaren mailara jaistea baino. Eta konbentzituta nago, idazle askorentzat, eman nahi duten itxuraren edo irudiaren gotorlekua dela literatura: literatura, mozorroen biziraupenerako eremu gisa. Ez sorkuntzarako lurralde gisa, ezpada itxuraren estatusa mantentzeko lurralde gisa. Tristea bada ere. Baina, zer egingo diogu: jende triste asko dago bazterretan.

gabiria 2005/11/30

Mozorrorik gabeko festa (II)

Baina beste mota bateko urtekaria da esku artean duzuna. Urtekaria denik ere ezin esan, arrazoi nabarmenak direla medio: gaurkotasun politikoa, ekonomikoa edo kirol arlokoa ez du bere horretan jorratzen, ez dauka ikuspuntu objektiborik (benetako urtekariek ba ote dute horrelakorik?) eta ez du albisterik ematen. Ez duzu aurkituko larunbat eta igandeetan idatzitako artikulurik, gainera: dena da aste barrukoa. Ez da urtekari osoa, baina urtekaria da hala ere.

Uztailetik uztailera, urtebetea biltzen duen lana da hau, euskal kulturaren mundua lehenengo eskutik bizi duen pertsona batek idatzia. Idazle eta editorea izateagatik da ezaguna Xabier Mendiguren Elizegi, baina 2004ko uztailetik 2005eko uztailera bitartean egunero-egunero idatzi izan duen blogaria ere bada, eta, ondorioz, nahi eta nahi ez, egunero-egunero idaztearen indarrez, idazle eta editorearen gainetik pertsona ere agertu da.

gabiria 2005/11/29

Mozorrorik gabeko festa

Gaurtik hasita eta igandera arte, zazpi ataletan, Xabier Mendigurenen Egunen harian libururako idatzi dudan hitzaurrea jarriko dizuet hemen. Dena kolpean irensteko luzetxoegia iritzita, koilarakada txikitan emango dizuet, gusturago irakurriko duzuelakoan.

Mozorrorik gabeko festa

Nire lehenengo urtekaria ezin hobeto gogoratzen dut: 1982koa zen eta hamar udaberri betetzear nengoen. Egin egunkariak argitaratzen zuen urtero, eta ez dakit hori baino lehenago besteren bat argitaratu ote zuen, baina 1982koa da dudan lehenengoa, eta, horri esker, esan daiteke horixe dela ia goitik behera gogoratzen dudan lehenengo urtea.

Aurreko urte guztiei buruzko zantzuren bat izan dezaket, gurasoen argazki-albumetik erreskatatuta edo, ezustean, buruan gordeta geratu zaidan detaileren batengatik. Baina urtekariak bereziki maite ditut 1982az geroztik, ze, zeharka bada ere, nire bizitzari buruz ari dira.

Zabaldu dezagun, esate baterako, aipatzen ari garen urtekari hori. Zabaldu dezagun, hain zuzen ere, Xabier Mendiguren Elizegik bere bloga hasteko hartu zuen egun beretik: uztailaren 16a, beraz, baina 1982koa. ETAk Alianza Popularreko militante bat hil zuen Algortan, tiroz. Alberto López Jaureguizar deitzen zen. Ez naiz horrekin oroitzen: gazteegia nintzen edo ohituegi nengoen. Zertxobait beherago, aldiz, Lemoizko langileei buruzko albiste bat dakar, eta segituan gogoratu naiz Lemoizen kontrako martxekin, hitz batek oroitzapen sorta osoa dakarrelako eta oroitzapen sorta batek iraganaren zati handi bat dakarrelako. Gogoratzen naiz, zehazkiago, zelan aitaren sorbaldetan joan nintzen martxa horietako batean, eta gogoratzen dut jende asko zegoela, denak oinez, zelaietatik. Batez ere, jendearen buruak gogoratzen ditut, txanoak eta abarrak, goitik ari nintzelako ikusten eszena hura.

Hatxe maiuskula duen Historia ez da horrela idazten, badakit; baina norberaren historia idazteko ez dago beste modurik: nire kasuan, behintzat, eta nire memoria txarraren erruz, hatxe handiko Historiatik abiatu beharra daukat, hatxe txikiko historia eraikitzeko. Eta esango nuke gehienok behar izaten dugula erreferentzia hori, oharkabean pasatu zaigun bizitza berreraikitzeko.

gabiria 2005/11/28

Kaspa eta piperra

Urteak baditu garai bi, asmo berrietarako aproposak: urtearen hasiera bata, iraila bestea. Irailean kioskoak bildumaz betetzen dira, jendearen asmo ona faszikuluka eraikitzen da, eta telebistek aurpegi berria erakusten dute. Tira, batzuek ez dute sekula erakusten aurpegi berririk: betiko aurpegi gogorrarekin jarraitzen dute, irailetik irailera eta buelta morena.

Iaz, gure telebista publikoak "Galanta dator" esan zigun, eta ez zuten gezurrik esan: ETB1 katearen iazko balantzea galanta izan da, dardarka hasteko modukoa. Eta aurten, iraila heldu eta ze lelorekin harrituko gintuzten zain geundela, gure bizitzetan "Gatza eta piperra" jarriko dutela agindu digute, eta gogoratu naiz uztailean eztabaida izan nuela kate horretako aurkezle batekin, Euskal Herrian eta euskaraz eskaini beharko litzatekeen telebista ereduari buruz.

Iazkoa galanta izan zela esateko arrazoietako bat gabonetan Harry Potterren pelikula dontsua euskaraz eta gaztelaniaz une berean eman izana da. Gero entzun dut horren atzean eskubide kontu batzuk egon zirela, ezin zirela pelikula haren bi bertsioak eman, ez bazen une berean. ETBko arduradunek bi bertsioak batera ematea erabakitzen dutenean, ze ikuslerenganako begirunea dute? Dudarik gabe, publiko erdaldunarenganakoa: datuek argi diotenean gero eta ume gehiago matrikulatzen dela D ereduan, eta badirudienean A ereduari teleberri bi geratzen zaizkiola, ETBko buru-argiren bati (nori zehazki? Zergatik ez du dagoeneko dimititu, lotsaren lotsaz?) bururatzen zaio umeentzako pelikula bat euskaraz eta gaztelaniaz ematea une berean. Euskal Herriko ume gehienak euskaraz mintzatzeko gai direnean, ETBk begirunea die gai ez diren horiei. Eta, jakina, gaztelaniazko bertsioa ikusi zuen mundu guztiak, euskarazko eta gaztelaniazko bikoizketen arteko lehian euskarak ez duelako zereginik. Horretarako erremedioa argi asko eman zuen Urtzi Urrutikoetxeak aldizkari honen 1.974. zenbakian: erremedioa azpitituluak dira, baina ETBko arduradunak itsu eta gor daude kontu horretan.

Urtea era galantean hasi ostean, beraz, ETB1en miseriek aurrera jarraitu zuten, zerrenda amaiezinean. ETBren miseriarik handienetakoa da ez duela lortu ETB1ekin hazi ginen umeak, behin heldu bihurtuta, ETB1era lotzea. Argi esan beharko da ETB1ek programazio ona daukala umeentzat, ondo bikoiztutako marrazki bizidunekin eta euskara egokian. Baina hortik aurrera, ume horiek heldu bihurtzen direnean, aukera ez da sekula ETB1 izango, ezpada beste kateren bat, tartean ETB2. Euskara txakurren eta umeen hizkuntza dela ondo erakusten du, beraz, ETB1ek.

Uztaileko eztabaida hartan, telebistako aurkezlea eta ni bat gentozen gauza batean: euskaraz egiten diren saioak, oro har, ez direla erakargarriak. Ez gentozen bat hori konpontzeko moduetan: bere ustez, euskara kontu serioekin erlazionatzen da, eta euskarazko saioetan umorea sartu behar da, gatza eta piperra gehitu behar da. Basetxea edo Sorginen Laratza bezalako saioak behar direla esan zidan, kontuan izan gabe saio horietan, askotan, gehiago entzuten dela gaztelania euskara baino. Ezin bat etorri berarekin: ETB1ek dituen saiorik onenak, nire ustez, saio serioak dira: Sautrela, Teknopolis, Hitzetik Hortzera, Beste Gu, EiTB Kultura, Wazemank (kalitatezko umorea egiten dute, beraz saio serioa da), esate baterako.

Euskarak, telebistan zein kalean, kalitatea behar du lehenengo eta behin: kalitatezko saioak egin behar dira, eta, kalitatearen premisatik abiatuta, saio horietakoren baten ardatza umorea bada, umore hori kalitatezkoa izango da.

ETBko arduradunei, baina, ez dakit askorik ardura zaien euskara. Gatza eta piperra proposatzen digute, konturatu barik euskarak zauri handi bat duela, konturatu barik zaurietara ez dela gatzik bota behar.

(Zaldi Eroari lapurtua, baimenik eskatu gabe baina mirespen osoz)

gabiria 2005/10/28

Sutara

Joan den astean, Eroskiko poltsa bat hartuta, etxeko liburu batzuk sartu eta erretzera eraman nituen, San Joan suetara. Ez zen lan erraza izan: ez asko kostatu zitzaidalako nire apaletako liburuei agur esatea, baizik eta liburu txar guztiak ez zitzaizkidalako poltsa txiki hartan kabitzen. Zakarretarako poltsa beltz handi horietako bi hartu behar izan nituen, beraz.

Hantxe agertu nintzen, bada, poltsekin. Segituan etorri zitzaidan andre bat, harrituta, kezkatuta, fedea galdu ote nuen galdezka. Ezetz erantzun nion, lehen bezala edo gehiago sinisten nuela. Orduan, nire jokaera are okerragoa zela esan zidan, pertsona kabalak ez dituelako liburuak botatzen. Ea inkisidoreen moduan jokatu gura nuen, ea ez zitzaidan bururatu liburuok liburutegira eramatea. Gazteek gutxi irakurtzen dutela lehendik ere, eta ez emateko eredu txarrik.

Ze gustura ikusi nituen erretzen, ze pozik egiten zuten gazteek salto suaren gainetik! Liburu haien artean, o sakrilegioa, euskal literaturako zenbait ale zeuden. Liburuak sakratutzat baditugu, zer esanik ez gure hizkuntza nano eta jainkotuan idatzitakoak badira. Liburuei modu desberdinean begiratu nien lehenengo eguna ikastolan izan zen, munduko jakituria guztia liburuetan dagoela esan zigutenean. Literaturari dagokionez behintzat, hori gezurra zen, baina sinistu egin nuen. Institutuan esan ziguten liburuak goitik behera irakurri behar zirela, eta sinistu egin nuen. Orain, galdetzen didatenean ea garrantzitsua den liburu-azokak antolatzea, erantzuten diet ez dakidala literatura bera garrantzitsua ote den. Ez: literatura ez da garrantzitsua. Literatura gozamena da, leiho ederra; baina garrantzitsuak, benetan garrantzitsuak, beste gauza batzuk dira, sarritan ahaztu egiten ditugunak. Hori esanez hasi nintzen atal honetan, 2003ko azaroan, eta horrelaxe amaitzen dut.

Plazer bat izan da. Ondo esandakoak zuentzat opari. Txarto esandakoak, badakizue: sutara.

gabiria 2005/06/28

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema