Lagun batek esan dit...
Musika
Emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar
Urteak neramatzan Anari kontzertuan ikusi barik, "Anari" (1997) lehenengo disko hura atera zuenetik: Kafe Antzokian eta Algortan ikusi nuen orduan, oso formatu txiki eta intimistetan, gitarra eta biolontxeloarekin.
Geroztik, azkoitiarraren ibilbidea etxeko musika-ekipotik jarraitu dut, eta, bere diskografiaren barruan, sekula ez dut hainbeste gozatu Zebra diskoarekin bezala. "Anari" (1997) hura sorpresa izan bazen, "Habiak" (2000) sekulako diskoa izan bazen, "Zebra" (2005) bonba bat da, Anariren diskorik onena nire ustez. Egia da hasieran zati bi ikusten nituela disko horretan: askoz ere gehiago disfrutatzen nuen hasierako abestiekin, erditik aurrerakoekin baino; denbora kontua izan zen: orain ezin dut "Zebra" diskoa ulertu azken abestirik gabe, bere osotasunean behar dut disko hori, eta emozionatu egiten nau hasieratik amaierara zebra osoak, Z-tik A-ra.
Ostiralean ikusi nuen Anari kontzertuan, 8 edo 9 urte pasatu eta gero. Elorrioko Arriola Antzokian izan zen: ez ahazteko moduko kontzertua. Ahotsa apur bat kraskatuta zuela hasi zen kantuan, eta kontzertua amaitzerako erabat zeukan ahotsa hautsita. Une batzuetan sufritzen ibiliko zela pentsatu nuen, eta ez dakit sufritu zuen edo ez, baina entzulearentzat zoragarria izan zen, kantaria amildegiaren ertzean ibili baitzen denbora guztian, arriskatzen, bere kantuen bertsioak egiten, hitzak agoniaraino luzatzen, oihu egiten eta esaten ari zen guztia bizitzen. Bai, dudarik gabe, asko arriskatu zuen kontzertu osoan. Eta ondo irten zitzaion, itzel. "Inoizko erotikoen", esan zidan Peru Magdalena lagunak, kontzertua amaitzean.
Hain zuzen ere, Txaman taldeko Peruk hasi zuen ikuskizuna: goitik behera zuriz jantzita, atzeko pantailan irudi bat zuela eta doinu goxoen artean inguratuta, testu begi-irekitzailea irakurri zuen, zirraragarria. Hamar bat minutu egon zen Peru eszenatokian, eta niri oso labur egin zitzaidan: astia eman zion arteaz, sorkuntzaz, bizitzaz eta Anariren ileaz hitz egiteko, eta, une batetik aurrera, testua gorputzarekin interpretatzen ere hasi zen, irakurtzen ari zena sentituz bezala. Peruk esandakoetatik, esaldi batekin geratu nintzen, eta entzun bezain laster konturatu nintzen huraxe izango zela kronika honen izenburua, esaldiak aurreratzen baitzuen zer izango zen kontzertua: "emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar. Emozionatzeko oso behera apuntatu behar da, oso barrura". Horrelako zerbait izan zen, baina politago esanda. Edozelan ere, niretzat nahikoa izan zen: Anariren azken diskoa entzuten dudan guztietan, beti pentsatzen dut oso-oso barrura apuntatu duela azkoitiarrak lan hori egitean. Ez oso urrutira, ezpada oso barrura (entzun diskoko hirugarren abestia, "Sustraiak" izenekoa, eta konturatuko zarete -...hegodun zuhaitza balitz, eta ez eman inori sustrairik... behin eman nituen eta-).
Eta halaxe izan zen: kontzertu sentitua, arriskutsua, barru-barrukoa, bestiala. Arriola aretoan 200 lagun inguru bildu ginen, kanpoan "eguraldi txarria", Anarik esan zuen moduan. Disko berriko kantu guztiak jo zituen, eta aurreko bi diskoetako beste 7 edo 8 abesti. Eszenatokian, Anariz gain (kontzertua teklatuan hasi zuen), Inoren Ero Ni taldeko kideak: Borja gitarran, Drake baxuan eta Mikel Abrego baterian. Gainera, beste mila instrumentu eta saltsatan (gitarra, teklatua, tronpeta, zerra eta beste tramankulu batzuk) identifikatu ez nuen mutil bat (Karlos Osinaga "Txap", agian?). Soinu aldetik arazo txiki batzuk egon ziren, eta kontzertuaren hasieran iruditu zitzaidan soinua apur bat saturatuta zegoela, baina huskeriak baino ez ziren izan. Apurka-apurka, gauzak finduz joan ziren, eta ez nintzen gehiago akordatu txikikeria horiekin.
Anarik berba gutxi egin zuen kontzertuan (taldekideak ere ez zituen aurkeztu): laugarren abestiaren ostean, kontzertuaren erdialdean, eta amaieran baino ez zuen berba egin, baina, horren ordainetan, kontzertuari erritmo bizi-bizia eman zion, ia tarterik ere utzi gabe abestien artean. Alde batetik, faltan bota nituen hitz batzuk, azalpenen bat, biluztasunen bat (diskoa biluztasun nahikoa bada ere), baina, bestetik, eskertzekoa izan zen musika eta talentu zurrunbilo hura. Izan ere, talde osoaren sendotasun elektrikoaren barruan zein bakarka eta zerraren soinupean kantari, Anari marabilla bat da. Anari, gitarra elektrikoa zintzilik duela, dagoen piztiarik erakargarriena da.
Eta martxoaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Ez harritu han ikusten banauzue berriro, emozionatzeko prest, urrutiegi apuntatu beharrean barru-barrura apuntatzen duen Anariri begira.
Hankak preso, gogoa dantzan
Eta itzuli egin da. Jarri zuen pianoa eszenatokiaren bazter batean, kokatu zen bera ilunetan, eta argitan utzi zituen taldeko beste kide guztiak. Gonzalo Tejada kontrabaxuan eta Fernan Irazoki baterian, lehendik ere ezagutzen genuen hiruko formazioan. Fondoan, haizeen sekzioa: Andrej Olejniczack saxoan, Ruben Salvador tronpetan eta Alberto Urretxo tronboian.
Eta gozatu egin genuen, lehenengo doinuetatik bertatik, hankak Arriagako butaketan preso dantzan.
Patxik euskararen aldeko 12 orduak goitik behera kontatu ditu, eta aitortu behar dut ni kontzertura baino ez nintzela joan, beste askoren antzera, pentsatzen dut. Baina gozagarria izan zen, gau berezi horretan, lagunak aurkitzea han eta hemen, musika ederraren jiran: Mikel Irizar eta Fatima baserritik hirira jaitsita; Maite Rementeria eta Maialen Araolaza, kontzertuaren saltsa non, perrexil biak han; Patxi Gaztelumendi eta Jabi Zabala aurre-aurreko butaketan, eta Gotzon Barandiaran, Txuma Murugarren, Erramun Landa eta despistez ahaztu zaidan besteren bat, seguruenik. Kontzertuaren aurretik, kontzertuan zehar eta ondoren, gau polita bizi izan genuen lagunekin.
23:00etan hasi zen ikuskizuna: lehenengo, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak agertu ziren oholtzan, eta ez zuten askorik behar izan jendea barreka jartzeko "Lau teilatu" abestiaren inguruan egindako parodia batekin. Abestien hitzak ze puntutaraino izan daitezkeen absurduak ondotxo genekien lehendik ere, baina Bilboko aktore bi hauek ederto zorroztu zuten punta larunbatean.
Gero Amaren Alabak taldeko hiru kide agertu ziren, melodia ezagunak a capella abesteko, Zuberoako tradiziorik onenean baina, gainera, estetika apurtzailearekin. Aginte makila eskuan, koreografia sinple baina erakargarriarekin, oin batean Marteens bota jantzita eta bestea galtzerdi hutsean zeramatela, arrakadak ere bakoitzak bere boten kolore berekoak... eta sekulako ahotsekin. Gogoz geratu ginen taldea bere osotasunean entzuteko, kide guztiekin eta ahotsen doinu guztiekin.
Ondoren, Harkaitz Cano irten zen, pauso lasaiz, txaloak dastatuz. Manifestu bat egin nahi zuela, baina ordenadoreak ez ziola utzi. Horren ordez, Manifesté bat zekarrela. Eta irakurri egin zuen. Eta, beste behin ere, flipatu egin genuen lasartearrarekin. Geniala. Idazteari uzteko tentazioa sartzen zaizu Harkaitzen hitz bakoitzeko: hori du txarra Harkaitzek, eta hori du ona. Erraz egiten du, samur. Genialidadea erraza balitz bezala. Manifestu dadaista biribil hura irakurri zuen, barre egin genuen, eta, hori gutxi balitz, zer pentsa eman zigun euskararen normalizazioaz. Gero joan egin zen, astiro, txaloak gozatuz.
Agertu ziren gero bost musikari, denak JC Perez izan ezik. Eta jotzen hasi eta segituan konturatu ginen larunbat gauekoa desberdina izango zela, oso desberdina entzutera ohituta gaudenetik. Haizeek zuten erruaren zati handi bat: lehenengo pieza hartatik bertatik, tronpetaren sordinarekin eta jazz talde baten espirituarekin, jakin genuen handia izango zela larunbatekoa. Arriaga ez zegoen beteta, San Mames bai. Batzuei damutuko zitzaien katedrala aukeratu izana, antzokia aukeratu beharrean.
Doinu berri batekin itzuli da JC Perez, baina espiritu berberarekin. Ala doinu berberarekin eta espiritu diferentearekin? Ezin izango nuke esan. JC Perezen musikarekin, gozatzen nuen lehen eta gozatzen dut (gehiago, akaso) orain.
Lau urte pasatu dira azkenekoz oholtzetan jo zuenetik, eta nik jazzaren eragina nabarmenduko nuke bereziki. Baina, esango nuke, era berean, ezinbestekoa zela horrela gertatzea: JCren abestietan sarri aipatzen da giro jazzistiko hori, haize-orkestra handien giroa: Benny Moré, Xavier Cugat bere begitxo pekindarrekin... Esango nuke, ez soilik hitz horietan, baizik eta bere musikaren zenbait zertzelada txikitan ere, lehendik ere sumatzen zitzaiola JC Perezi jazz latinoarekiko joera ezkutua, eta orain azaleratu egin duela erabat. Eta azaleratu, jazz ona eginez gainera. Kontzertuaren momentu batean pentsatu nuen ez lukeela inongo arazorik izango udako jazz jaialdiren batean jotzeko, benetan.
"Hiriko istorioak" izeneko emanaldi honetan bere bakarkako hiru diskoetako ("Atlantic River" 1994-, "Hau berua" 1996-, eta "Ikaro" 2000-) piezak jo zituen, eta, sorpresa handi bat: Itoizen lehenengo diskoko ("Itoiz", 1976) "Astelehen urdin batean", Mario Clavell Larrinaga bilbotarraren flautarekin, ordurako Juan Carlos pianotik altxatuta eta gitarra zintzilik zuela.
Gutxitan izaten da aukera holako kontzertu bat ikusteko, Euskal Herrian, behintzat. Itzuleragatik, estiloagatik, espirituagatik, elegantziagatik eta, zergatik ez, euskal musikaririk handienetako baten apustu berriaren lekuko izateko ohoreagatik. Hankak Arriagako butaketan preso, baina gogoa dantzan.
Hamaika Lauaxeta
Atzo Ehungarrenean hamaika kontzertua izan genuen Bilboko Arriaga Antzokian.
Lehendik ere, Joxek, Etiamek, Marijok eta Mikelek idatzi dute kontzertu honi buruz, eta ez naiz batere originala izango: asko gustatu zitzaidan.
Kontzertua, bere osotasunean, ederra izan zen: tarterik gabekoa, aurkezpen eta azalpenik gabekoa, arina eta estilo ugarikoa. Ezin aipatu gabe utzi, beste alde batetik, Argia Gardeazabal aktoreak egin zuen antzezpen sentitu eta hunkigarria, Edorta Jimenezen testuetan oinarrituta (kontzertuaren amaieran, Edorta bera ere oholtzara igo zen).
Kantariak, berriz, hamaika bider esan den moduan, hamaika izan ziren: Gari, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda (kontzertu osoan presente dago, baina abesti bat ere badauka), Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Díez, Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Petti.
Kantarien artean, sei nabarmenduko nituzke:
- Eñaut Elorrieta: ezin hobeto asmatu duelako ukitu indartsua ematen Antton Valverdek hain ezagun egin zuen "Dana emon biar yako..." horri. Zaila da hain errotuta dagoen melodia bat ahaztu eta berria sortzea, baina sekulako abestia lortu du, eta Eñaut bera ere guztiz inplikatzen da kontzertuan.
- Petti: indarra, indarra eta indarra. Lehendik ere Berakoa maite genuenok, atzo sendotu egin genituen gure sinesmenak; ezagutzen ez zutenek, flipatu egin zuten. Arriagan zegoen atsoren batek sustoa ere hartuko zuen, ordea, "non sartu naiz?" galdezka.
- Xabi Strubell: ez nuen ezagutzen, eta kristoren sorpresa hartu nuen. Oso abesti goxoa egin du, iradokitzailea, eta abesteko eta interpretatzeko duen modua ere erakargarria da oso. Itzela bere gitarra.
- Txuma Murugarren: kantu poperoa, ederra, bere estiloan. Txuma kalitatearen seinalea da niretzat.
- Xabier Montoia: lotsati antzean, arin egin zuen alde eszenatokitik, txaloei itxaron barik. Itzelezko ahotsarekin, itzelezko presentziarekin.
- Rafa Rueda: mozkorraren goxoa erakusten duen abesti bizizale bat musikatu du, eta kantu bizizalea irten zaio, sartuta geratzen den melodia horietako batekin. Kontzertu osoan ere, Rafa bikain egon zen.
Nik ere pena dut, bestalde, neskarik egon ez izana kantarien artean. Anari bota nuen faltan, eta gero, eskaileretan ikusi bainuen, Aiora Renteriaren falta ere sumatu nuen. Adibidez.
Eta, azkenik, grazia egin zidan gauza bat: Arriaga antzokia atsoz eta agurez beteta zegoen. Alderdiak, Lauaxetaren kontu honekin puztuta, buzoneo kanpaina gogorra egin du, antza, eta gonbidapenak ere barra-barra banatu ziren atzoko kontzerturako, bati baino gehiagori entzun bainion bera "ere" gonbidapenarekin zetorrela. Barregarria zen ikustea andre horiek burua ezker-eskuin mugitzen, María Ostizen kontzertu batean baleude bezala, "Un pueblo es, un pueblo es, un pueblo eeeees...". Batzuek ez zuten burua hainbeste erritmoz mugitu, Jose Antonio Agirrek mitina eman zuenetik Abandon, treintaixeixean.
Guztiarekin ere, gozatu egin nuen atzokoarekin, eta talde handi honen beste emanaldiren batera joateko gogoa piztu zitzaidan: Durangon emango dutenera, adibidez.
Beste urtebeterako satisfazioa
Titularra ez da nirea, ezpada gaur gauean ezagutu dudan Araolazatar batena : beste urtebeterako satisfazioa. Horrela zen, ezta Maialen?
Izan ere, titular bila ibili naiz gaur Ruperrek eman duen kontzertuaren ostean, inkesta bat eginez Bilboko Kafe Antzokian bildutako jendearen artean. Ez bainintzen gai neure kabuz titular bat aurkitzeko. Ez da erraza, abeslariak bost aldiz irten behar izan duenean bisak kantatzera.
Itzela izan da, baina horrek ez du ondo laburbiltzen hangoa. Hasi, oñatiarra abesti berri batekin hasi da, bera bakarrik eszenarioan. Antzoki osoa isil-isilik hari entzuten: euli baten hegaldia ere entzungo litzateke, handik pasatu eta isiltasuna apurtzera ausartuko balitz. Hortxe ikusi da ondoen Patxi Lurrak zergatik deitzen zion tenplua Kafe Antzokiari: denak isilik geundelako Jaungoikoari entzuten.
Hori izan da abesti berri bakarra: hortik aurrera, festibala. Bata bestearen atzean, gozamena. Abesti zaharrak, berriagoak, denak Ruperren azalpenekin eta pentsatzeko gonbita egiten zuten esaldi biribilekin.
Guztira, ordu biko kontzertua. Tartean, "Hautsi da anphora" lehenengo diskoko abesti bi: "Fas fatum" eta "Bertso berriak" (sekula ez diot gaur arte abesti hori entzun kontzertuetan). Sorpresa ere eman digu, Eñaut Etxamendiren abesti zahar bat jotzean, eta, amaitzeko, biribiltzeko, kirioak dantzan jartzeko, "Berandu dabiltza" himnoa. Esan bezala, bost bis ordu biko emanaldian. Itzel.
Ikusleen artean ere, aurpegi ezagunak han eta hemen: Lutxo Egia, Juanra Madariaga, Josu Goikoetxea, Anje Duhalde, Josu Martinez, santa Ines Intxausti, san Fermin Etxegoien edo Maite Rementeria, gogoratzen ditudan gutxien artean (goizaldeko lau eta erdietan ari naiz kronika hau idazten: ezin zaie gehiago eskatu neurona koitadu hauei).
Gero titular bila hasi naiz. Galdetu diot Etiami, baina ez dit erantzun, lotsabakoak (erraz barkatu diot, hala ere). Galdetu diot Josu Martinezi, baina ez diot ulertu, gñrfñprf. Galdetu diot mundu guztiari, eta, azkenean, Maialenek esan dit beste urtebeterako satisfazioa geratu zaiola barruan. Bai, arrazoi zuen: urtebete itxaron beharko dugu (udazkenetik udazkenera, ohi bezala) oñatiarrak berriro jo arte Kafe Antzokian, baina tarte hori ondo justifikatuta dago.
Itxarongo dugu, oroitzapena mastekatuko dugu bitartean. Kalera irteten ari nintzenean aspaldiko lagun batek esan didan moduan, "urtebete ensegida pasatzen da eta".
Aingeruak, ezarian
Gustavo Martin Garzo idazle espainiarraren El lenguaje de las fuentes liburuan, Maria haurdun utzi zuen aingerua agertzen zaio Jose zaharrari. Ez da irudi goxoa, ordea: ez liburuan azaltzen den aingeruarena (izaki kupidagabe eta krudelak baitira Martín Garzoren ikuspuntutik), ezta Joserena ere (beste edozein gizon zaharren antzekoa baita Jose hau, oroitzapenez betea eta barkatzeko asmorik gabekoa).
Gure egunerokotasunean, sarritan aipatzen da aingeruen sexua, ez ordea aingeruen ahotsa. "El lenguaje de las fuentes" irakurri ostean, seguru nengoen ahots gogorrak izango zirena, metalikoak.
Bart jakin dut ezetz, aingeruen ahotsa neskarena dela, inon estorburik egiten ez duena eta, aitzitik, beste behin ere entzuteko irrikaz uzten zaituena. Atzo entzun genuen ahots hori, Bilboko Kafe Antzokian, eta Mireia Otzerinjauregi eibartarrarena da. Itxi begiak eta aingeru bat entzungo duzu, ez dago beste ezer entzuterik.
Gero, jakina, Jabier Muguruzaren ahots beroa dago, eta bere akordeoia, zer esanik ez. Eta, jakina, Angel Unzuren gitarra multikolorea dago, kapaz dena jazzaren mundua edo bossa-novaren mundua edo folkaren mundua edo musiken munduan dauden mundu guztiak helarazteko entzuleari.
Eta hor, albo batean, aingeru bat: eskuan kolorez betetako paleta dauka, ahotsean pintzela. Gitarraren, ahotsaren eta akordeoiaren pasarterik ederrenak azpimarratzen ditu pintzel horrekin, eta entzuleen gainetik pasatzen da ezarian, hotzikara batean.
Non sartzen da jendea?
Hori da jaietan eta asteburuetan jendeak sarri-sarri egiten duen galderetako bat, eta hori da, egunotan, gure artean egin dugun galdera, herria jaietan baitugu.
Badirudi denboran atzera begiratzen dugunean, guztiak izan behar duela derrigorrez hobea. Jai kontuetan ere, atzera begiratu eta gogoratzen ditugu taberna eta plazak topera beteta. Orain ez. Pentsatzen dut gazteak euren lokaletan sartuko direla eta bertan emango dutela gaua, ondo baino hobeto ulertzen ditudan arrazoiengatik: tragoak dezente merkeagoak irteten zaizkie, epeletan daude, masifikaziorik gabe, eurek nahi duten musikarekin, nahi duten lagunekin, nahi duten moduan. Seguru nago, gainera, lokalak osasunerako sanoagoak direla herritik bueltaka ibiltzea baino: tabernako beroan sartu, kanpora irten eta euria, hurrengo tabernan aire girotua...
Aldatu egin dira ohiturak, baina ez da hori kontua: jendea egon, badago; ez dakiguna da non. Hori galdetzen duzunean, esaten dizute jendea beste nonbaitera joan dela, baina bigarren herri horretara bazoaz ez duzu lehenengoan baino askoz ere giro handiagoa topatuko, eta, edozelan ere, batean zein bestean, jende eta giro gutxiago topatuko duzu aurreko urteetan baino.
Kontua da, aurreko ostiralean, hiru kontzertu egon zirela herrian: Arean, Gari eta Kokein, zein baino zein interesgarriagoa. Arean ikustera heldu ez banintzen ere, 40-50 bat pertsona geunden Gari eta Kokein ikusten. Non eta 30.000 biztanleko herri batean.
Hori ikusita, lagunen artean kezka sortu zen, eta kezka ez zen jakitea jendea non sartzen den. Gure kezka zen jakitea zer gertatuko litzatekeen Euskal Herritik kanpoko beste edozein lekutan dohainik jartzen badituzu, esan dezagun, Arean, Gari eta Kokein taldeen kalitateko beste hiru talde, edo horiek hirurak.
Ez dakit den erraztasunera ohitu garela eta uste dugula kontzertuek derrigorrez izan behar dutela dohakoak, edo, alderantziz, uste dugula kontzertuak dohakoak direnez ez direla hain onak. Edo, aurreko batean esan nuen moduan, munduko talderik entzutetsuena ekarri behar dela bostehun pertsona biltzeko eszenatokiaren aurrean (asko ari al naiz eskatzen?).
Berez, aisialdia okupatzeko moduei buruzko kezka bat izan zitekeen hau, edo gazteen ohitura berriei buruzko galdera, baina, atze-atzean, kulturaren definizio baten bila nabilela uste dut, izan ere, kalitatezko kultura jendearen eskuetan jarri eta jendeak hartzen ez duenean, definizio guztiak zulora doaz.