Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Hitz-korapiloak

Lagun batek esan dit...

Hitz-korapiloak

Mezu subliminala

Gaur irudi sinpatikoa ikusi dut Bilboko Plaza Eliptikoan.

Jakingo duzue Jose Antonio Agirre lehendakariaren estatua dagoela han, Ertzilla kalearen hasieran.

Bada, buruan neumatiko bat duela esnatu da. Ze pena aldean kamerarik ez izatea!

Urrunetik nentorrela, iruditu zait Agirrek pamela bat zuela, baina ez zen serioa. Gero pentsatu dut antzinako arrantzaleen kapera handi horietako bat zela, atzerantz jartzen zen horietakoa. Parean egon naizenean ikusi dut neumatikoa zela: haiek barreak, paretik pasatzen zen jendearenak!

Mozkorren batek jarriko zion akaso, baina igual oso zentzuduna den norbaitek.

Eta, horrela balitz, zer esan nahiko luke mezu subliminalak? Niri hiru aukera bururatu zaizkit:

a) Mitxelinak gainetik kendu behar dituztela.

b) Itotzear zegoen lehendakaria salbatzeko, norbaitek neumatikoa bota diola.

c) Gurpil hori aprobetxatu behar dutela, benetan aurrera egiteko.

gabiria 2005/06/23

Erraztiren hitz-korapiloak

Lehengo barikuan, elkarrizketa Begoña Erraztirekin Berrian, Imanol Murua Uria kazetari zarauztarraren eskutik.

Alderdi bat kanpoan geldituz gero, akordio gune gisa indarra galduko luke Eusko Legebiltzarrak, ezta?

Ez. Edozein kasutan, Eusko Legebiltzarra parlamentu demokratikoa izango da. Hori ezin da auzitan jarri.

Zilegitasun demokratiko osoa izango du, sektore oso baten ordezkaritza faltaz gero ere?

Bai. Legalitatetik ikusita.

Baina legalitatea eta zilegitasuna ez dira gauza bera.

Kontua ez da nor dagoen eta nor ez dagoen. Kontua da nola baliatu nahi duten alderdi sozialistak eta PPk, azken batean, soluzio bat pikutara botatzeko. Hori da begiratu behar duguna. Horretarako espazioak prestatu, landu behar dira. Horregatik bideratu nahi dugu alderdien mahai hori.

----------------------------------------------------------------------------------

Kontua ez da nor dagoen eta nor ez dagoen. Jakina kontua ez dela nor dagoen eta nor ez dagoen! Kontua da norbait ez dela egongo, berdin dio nor, baina ez dela egongo, eta badirudi horrek ez diola asko ardura Erraztiri.

Kontua ez da, ez, nor falta den. Akaso falta direnak falta beharrean, beste norbait faltako balitz, kontua bai izango litzateke nor falta den. Baina falta direnak falta direnez, ez zaigu hainbeste ardura. Eta, hala ere, zurekin bat nator, Begoña, diozunean kontua ez dela nor dagoen eta nor ez: kontua da, kontu bakarra, norbait falta dela. Baina falta da: f-a-l-t-a da norbait, falta. Ez dagoela, alegia. Existitu arren, ez da egongo parlamentuan. Eta hala ere, demokraziaren leziorik behar ez duzuenok lasai-lasai esaten duzue norbait hori gabe osatuko den parlamentua guztiz demokratikoa izango dela.

Lotsarik ere ez duzue. Lotsa falta erakusten duzuenero aurpegiaren zatitxo bat jausiko balitzaizue, aspaldi zineten aurpegirik gabe.

Imanol Murua Uria kazetariari, berriz, txapo. Ez dugu gaur deskubritu baina.

gabiria 2005/03/29

Atutxaren hitz-korapiloak

Atzo, Berrian, elkarrizketa egin zioten Atutxari.

Lehenengo galderari eman zion erantzuna antologikoa izan zen. EAJren tradizioari ondo eutsita, Atutxa gai izan zen esaldi bakarrean beltza eta zuria esateko, ekilibristarik onenen antzera:

Demokratikoa izango al da apirilaren 18tik aurrera eratuko den Eusko Legebiltzarra Batasuna ez badago?

Lehenik eta behin argi utzi nahi dut herritarrei aukera bat izateko modua mozten badiete, pertsonen eskubideak murriztu egiten direla. Guztiok izan beharko genukeelako nahi dugun hautagaiari botoa emateko aukera. Hori argi utzita, kontuan hartu behar da legeak betetzeko daudela, denak ez dira gure gustukoak izango, Alderdien Legea kasu, baina legeak betetzeko daude eta epaitegiek erabakiak hartzen dituzte. Eta erabaki horiek gustuko izan ala ez, onartu egin behar ditugu. Hori kontuan hartuta, datorren apirilaren 17ko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guztien boto-paperak zenbatu ostean sortzen den Legebiltzarra guztiz legezko eta demokratikotzat joko nuke.

A zelako hitz-korapiloa! Txikitan "Akerrak adarrak okerrak ditu" esaten genuen, edo "Tres tristes tigres..." edo holakoak. Baina oraingoan muga guztiak gainditu ditu Atutxa jaunak:

  • 1) Herritarrei aukera bat izateko modua mozten badiete, pertsonen eskubideak murriztu egiten dira
  • 2) Legeak betetzeko daude, nahiz eta gure gustuko legeak ez izan
  • 3) Legeak betetzeko daudenez, onartu egin behar ditugu
  • 4) Beraz... (danborren doinua rrrrrr...) apirilaren 17aren osteko Legebiltzarra guztiz legezko eta demokratikoa da.

Beltzez markatu ditudan hitzak ze erraz erabiltzen dituzten politikariek! Atutxak ere, aise. Baina, era berean, hitz horiek argi erakusten dute zein den Atutxaren pentsamoldea: demokratikoa da guk onartutako (nahiz eta gustatu ez) legeekin sortutako Legebiltzarra, pertsonen eskubideak murriztu arren.

Labur esateko: Atutxari garaipenaren arkutik pasatzen zaizkiola pertsonen eskubideak, beti ere bere eskubideak ez badira.

Legeak eskubideen aurretik, Atutxa? Noiz arte jarraitu behar duzu soka luzatzen? Noiz emango duzu su-etentxo bat demokrazia ulertzeko modu horretan?

gabiria 2005/03/21

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema