Lagun batek esan dit...
Hara-honakoak
Agur
Honaino heldu da bloga, lagunok. Pertsiana jaitsi dut, bukatu da akabo, hauxe da despedidea: zuek aukeratu agurrerako gehien gustatzen zaizuen formula, ni banoa eta. Blogak bete du bere funtzioa eta orain beste fase batean sartu nahi dut, ez hain fase publikoan, ezkutuan lan egiteko gogoa baitaukat.
Eskerrik asko hor egon zareten guztioi, benetan: plazer bat izan da. Beste hartan idatzi nuen moduan, "ondo esandakoak zuentzat opari. Txarto esandakoak, badakizue: sutara".
Besarkada bat pantailaren beste alderaino.
Gure blog literario bakarra
Ostiralean Blogak eta literatura hitzaldia egin zen Donostian, eta zain nago interneten ere ager daitezen han esandakoak. Ez nintzen joan, ez ordea interes faltagatik. Niri ere deitu zidaten hitzaldi horretan parte hartzeko, baina ezetz esan nien, hori ere ari bainaiz ikasten.
Beraz, ez neukan asmorik gai honi buruz idazteko ere, baina joandako astean zerbait harrigarria gertatu zen euskal blogosferan, eta horrek eraman nau testu hau idaztera. Kontua da pasa den astean sortu zela euskal blog literario bakarra, eta hori zen esan nahi nuena: blog literario bakarra dugula, eta gainontzeko guztiak, nahi dugun izen eta abizenekin, izan daitezkeela literaturari buruzko blogak, idazleek idatzitako blogak edo nahi dugun guztia, baina bakarra ere ez dela blog literarioa: hain izen ponpoxoa duen zerarik ez dago euskal blogosferan. Edo bai, orain bai: ostiralean, Luistxo Fernandezek Estilo ariketak bloga sortu zuen, gogo biziz irakurri nituen lehenengo hiru "post"-ak, eta egiaztatu nuen susmatzen nuena: blog literarioa dela, petoa eta bakarra.
Aurretik eman zen beste saiakera bat, nahiz eta hura ez zen bloga izan, Koldo Izagirre nobela bat idazten saiatu zenean denen bistara, internet bitartez eta jendearen iritziak jasoz. Ez zen bloga, baina antzeko zerbait bai. Baina gero, blogak sortu, eta horrelako zerbait egiteko bidea inoiz baino errazagoa izan denean, inor ez da ausartu. Ulertzen dut, beste alde batetik: nik neuk ez nuke zoratuta ere idatziko nobela bat jendearen aurrean.
Hain zuzen ere, eta blog literarioaren definizio arin eta birritan pentsatu gabeko bat egin beharko banu, horixe dela esango nuke:
- Sortu ahala, jendearen aurrean publikatzea.
- Osotasun bat daukan obra bat publikatzea, dela nobela, poesia, itzulpena edo dena delakoa.
- Testuaren tripak erakustea.
- Ez derrigorrez, baina interesgarria da autoreak berak testu horri buruzko argibideak ematea; zergatik jarri duen hau edo bestea.
Beste adibide bat Markos Zapiain filosofoaren Etakideen ametsak izeneko sail harrigarri eta flipantea da. Bere horretan hartuta, hori blog literarioen barruan sartuko nuke.
Luistxok oso argi esan du zein izango den bere blog sortu berriaren helburua: "Pixkanaka testu horiek pikatzea erabaki dut, eta blog probisional honetan itsatsiko ditut. Hemen geratuko dira nire itzulpen saio horiek, kontestuan jarrita beste bertsio batzuekin. Amaitzen dudanean transkribatze lana, ez da beste post-ik izango". Nire ustez, planteatu duen helburuarekin soilik, blog literario baten definiziora (nire definiziora, hori ere eztabaidagarria baita) asko hurbildu da Luistxo: testuak dauden bezala transkribatzea, testuak kontestuan jartzea eta blog hori soilik testu horietarako erabiltzea.
Merezi du Luistxok Estilo ariketak blogean argitaratzen dituen testuen irakurketa patxadatsua egitea, ez soilik itzulpengintzan saiatu nahi duen edozeinentzat duten interesagatik, ezpada literaturan saiakerak egin nahi dituenak ere bertan klabe asko topatuko dituelako, testuen sorreraz.
Euskaltelen timoak
Lagun batek eskutitz hau idatzi du Euskaltelera bidaltzeko. Ez dut aparteko azalpenik emango, eskutitzak dena azaltzen du eta.
"Bilbon, 2006ko otsailaren 13an
Arduradun hori:
Eskutitz honen bitartez nire kexua adierazi nahi dizut: duela urtebete zuen eskaintza bat jaso nuen, adieraziz bi urte baino gehiago neramatzala zuekin kontratupean eta, horregatik, asteburuetako dei guztiak doan izango nituela.
Zein izan da nire sorpresa, 2006ko urtarrileko faktura jaso eta ikusi dudanean ohi baino askoz ere garestiagoa izan dela. Orduan konturatu naiz asteburuetako deien doakotasun hori eten egin didazuela.
Uste dut zuen betebeharra zela abenduko fakturarekin batera ohar bat bidaltzea, adieraziz urtarriletik aurrera ez nuela izango doako deirik asteburuetan.
Horrexegatik, jakinarazi nahi dizut prest nagoela zor dizuedana ordaintzeko, baina ez ditudala ordainduko asteburuetan egin ditudan deiak, eta gauza bera gertatuko dela otsaileko lehen bi asteburuetan egindako deiekin. Izan ere, nik ez nituzke dei horiek egingo, jakin izan banu ordaindu egin beharko nituzkeela.
Beraz, espero dut beste faktura bat bidaliko didazuela, zuzenketekin. Bien bitartean, bankuan atzera bota dut urtarrileko fakturan adierazitako diru-kopurua. Erabakitzen duzuenaren arabera, neuk ere erabakiko dut zuen zerbitzutik baja hartu ala ez.
Adeitasunez,"
La amatxu y el aitá
Batzuetan iruditzen zait euskaldunok, euskaldun zintzook, lau guraso ditugula, eta itolarria jasanezina da. Izan ere, gure ohiko bi gurasoez aparte, azken bi gurasoak konturatu gabe sartu dira gure bizitzan, ezarian-ezarian eta isil-isilka.
Denon ama paraleloa, zelan ez, la amatxu da, la amatxu de Begoña. Pijada hori entzuten dudan bakoitzean, gogoa sartzen zait txiza parraztadaka botatzeko Begoñako basilikako atean. "La amatxu de Begoña" hitzak ezin ditut jasan, nazkatu egiten nau derrigorrez Begoñako egur-pusketa horren seme sentitu beharrak, egur-pusketa hori hainbeste maite beharrak. Goragalea ematen didate hitz horiek harro-harro esaten dituzten bilbainoek, bilbotar petoak izateko zer gehiago egin dezaketen ez dakiten horiek, bilbotarrek nahi duten lekuan jaiotzen direla esango dizuten horiek.
Denon aita paraleloa, berriz, el aitá da, Euskal Herriko "el aitá" bakarra, denon "el aitá": entzuten dudan bakoitzean Luis Chillida hitz horiek esaten, gogoa ematen dit "el aitá"-ren eskultura bat grafitiz pintatzeko, hori ere artea izango baita, noski (mendi bat barrutik hustea bezain beste).
Gauza jakina den moduan biktimei izen-abizenak jartzean biktima horiek geure egiten ditugula, hurbileko bihurtzen ditugula eta identifikazioa askoz ere handiagoa dela, Euskal Herriko ama eta aita paraleloek ere izenak dituzte jada, eta apurka-apurka gure bizitzan ari dira sartzen, poroetatik edo batek daki nondik, egur-pusketa bat eta eskultore bat, "la amatxu" eta "el aitá". Kontuz ibili, egunen batean benetako gurasoekin nahastuko ditugu bestela.
Lizardi, beste bat zulora
Aritzak, liburu-dendei buruzko informazioan dudan Eztarri Sakonak, abisua pasatu dit: Deustuko Lizardi liburu-denda gaur zarratuko dute. Verdesen itxieraren berri ere berak eman zidan, bide batez esateko.
Atzo arrastian pasatu nintzen handik eta bai, gaur dute azken eguna, eta igartzen zen: denda handia izanagatik, hustu samar zegoen, baina oraindik ere liburu interesgarriak han-hemenka. Batez ere, euskarazko liburu zaharrak eskuratzeko modua aurkituko duzue gaur joanez gero: Elkar argitaletxearen literatura sailaren hasierako edizio haiek, Erein aspaldikoak, Susa hasiberriak, Literatura Unibertsaleko aurrenekoak... oraindik ere perlak daude Lizardiko apaletan. Erdaretako literaturan, berriz, libururik onenak salduta daude, antza, baina eskuratzeko moduko ale eder batzuk geratzen dira oraindik.
Eztarri Sakonak esan didanez, iturri ona baita Aritza, arrazoi nagusi bi egon dira dendak pertsiana jaisteko: batetik, lokalaren jabeak alokairua dezente igo du eta dendaren arduradunek ezin izan dute kopuru hori ordaindu; bestetik, testu-liburuen denboraldia ez omen da ona izan, Lizardi ezin izan delako lehiatu prezio merkeagoak eskaintzen dituzten merkataritza gune handiekin.
Baina iruditzen zait beste zerbaitek ere huts egin duela, eta bitxia da: Lizardi nahiko leku onean dago kokatuta, Deustuko Unibertsitatetik oso gertu, baina hango ikasle euskaldun gehienek ezagutu ere ez dute egiten, eta ez euren erruz hain zuzen. Iruditzen zait Lizardikoek ez dutela asmatu euren burua saltzen eta garai berrietara egokitzen, esate baterako, unibertsitateko ikasleentzako erakargarria izan zitekeen materialean espezializatuz. Ez espezializazioan ez euren buruei buruzko irudia saltzeko orduan, Lizardik eta taldekide dituen Kirikiño eta Lauaxeta liburu-dendek ez dute asmatu, eta hor ere egon daiteke itxiera honen arrazoietako bat. Baina beharbada asko esatea da, eta ni (aitortzen dut) ezjakintasunetik ari naiz berbetan.
Edonola ere, arrazoiak arrazoi eta taktikak taktika, beste liburu-denda bat itxiko dute gaur, eta hori beti da esanguratsua, beti da zerbaiten adierazle, eta beti da galera kulturarentzat.
Joan nahi baduzue, Heliodoro de la Torre kalean dago. Hemen duzue mapa:
Lander Garroren bloga
Beste idazle bat gehiago pasatu da blogintzara: Lander Garro. Atzo lagun batzuei bidalitako mezu batean jakinarazi zigunez, "ikusita blog-ak elkar komunikatzeko tresna bilakatu direla, eta naizenez tipo bat banitate izugarria duena, eta, beraz, bere gogoetak plazaratzeko lotsa gutxi duena, blog propioa egitea erabaki dut".
Hasi ere, indartsu hasi da idazle eta kazetari oreretarra, Izuaren hitzak izeneko artikulu interesgarriarekin. Blogaren izenburua bera ere ez da makala: "Eta garro nago!" deitu dio, nahiz eta aitortu duen ez dela berak asmatua.
Garro ez da isilik egotekoa, eta ederto astinduko ditu bazterrak. Animo Lander!
Urtebeteko balantzea
Iraultza zapatistarik egiteko asmorik gabe, baina erraz gogoratzeko fetxa bat zelako, iazko urtarrilaren 1ean jarri nuen martxan blog hau. Urtebete bete zuen atzo, eta gaur pizten dizkiot kandelak, egun bateko atzerapenaz, azken aldi honetan hartu dudan erritmo lasaiarekin jarraituz.
Iruditzen zait urtebete baino gehiago daramadala bazter honetan, egia-usteak eta gezurrak kontatzen. Urrun ikusten dut lehenengo testu hura. Denbora, blogosfera gero eta zabalago honetan, astiro pasatu zait.
Hasiera ia-ia profesionala izan zen: Berbak atalari hasieratik garrantzia eman nionez, eta atal horren ezaugarria zenez Euskal Herriko egunkarietako kultura orriak egunero errepasatzea eta, elkarrizketa interesgarriren bat aurkituz gero, elkarrizketa horren pasarte esanguratsuren bat hemen jartzea, bada, nik ere serio hartu nuen kontu hori, eta (sinestuko ote didazue) goizeko bostetan altxatzen nintzen interneten sartzeko eta egun horretako prentsa errepasatzeko. Hasierako ilusioa zer den! Bi-hiru hilabetez ibili nintzen horrela, baina paliza bat zen. Edozelan ere, "Berbak" atala oraindik ere asko interesatzen zait, eta, azken aldiko isiltasun luzea nolabait haustearren, urte berri honen hasieran ere garrantzia emango diot atal horri, ez iazko profesionaltasunarekin baina. Batzuetan nire komentarioak jarriko dizkiet berba horiei, beste askotan ez. Joxe Aranzabalek basurdearen egun gogoangarrian esan zidan moduan, komentariorik ez jartzea ere iritzia emateko modua izan baitaiteke.
Azken aldian, gero eta adiago nago hango eta hemengo sortzaileek esaten dituzten hitzei, nire hitzak buruz dakizkit eta. Denbora luzea daramat horretan, baina azken hilabeteotan areagotu egin zait interes hori, eta hemen jarri nahi ditut, uste dudalako, gainera, eztabaida interesgarriak izan ditzakegula horien kontura.
Horrela hasi zen urtea, eta intentsitatez jarraitu du aurrera. Hasieran ilusioz, gero bertigoz, hurrena ikaragarri gozatuz. Gero, udatik bueltan, idazteko gogo biziz nengoen, baina ez nuen blogera begira bizi nahi. Gogoz nengoen koadernoan (blok-ean) idazteko, eta horretan nabil orain ere. Antza, literaturaren eta literatoen bistara, laudagarriagoa da egunero blok batean idaztea, egunero blog batean idaztea baino. "Idazle izateko, idazle ona izateko alegia (nahiz ez dakidan azaltzen zer den idazle ona, jakin badakit ere zer ez den), egunero idatzi behar, sukaldari txukuna izateko egunero aritu behar den bezala sukaldean, eta maratoilari ona izateko egunero errepidean ibili beharra dagoen bezala", idatzi zuen Felipe Juaristik duela gutxi, Pako Aristiren azken liburua dela eta. Egunero idazten duten blogariak, baina, beste zerbait kondenagarriagoa egiten ari direla ematen du, idazteaz haratago dagoen gauza satanikoagoa. Nahiz eta, finean, egunero idazten ari diren, idazle ona izateko nahian beharbada.
Ni ere, orain, egunero ari naiz idazten, anilladun blok Papyrus batean, horia datu gehiagorako, punta fineko Pilot beltz batekin, ezin baldintza literarioagoetan. Baina, noizean behin, hemendik agertuko naiz kukuren bat egitera, eta, bien bitartean (momentuz behintzat), beste sortzaile batzuen hitzak topatuko dituzue hemen, beharrezkoak baititut ingurukoen hitzak, sorkuntzan ari naizenean zertan ari naizen jakiteko. Eta ezin aipatu gabe utzi: aste honetan bertan hasiko dut Bertan Bilbo sailaren bigarren denboraldia, Zazpi Kaleak utzi eta beste auzo batera salto eginez. Aurten ostegunetan jarriko ditut kronika horiek.
Eta hau luze geratzen ari da honezkero. Gogoratzen zarete? Hau bezain luzeak eta luzeagoak ziren hasiera-hasierako haiek, antzinako blog laranja hartan edo, Traperoak esaten zuen moduan, "blog loritoan". Aldaketa onerako izan zen, ezta? Nor gogoratzen da orain laranja euskalteliar harekin? Denborarekin, laburrago idazten ere ikasi dut, denon onerako eta nire atsedenerako.
Amaitzeko, zuri, pantailaren atzean zaudenari, eskerrik asko. Beste inork ez du nigatik egingo, eta neuk eman beharko ditut balantzearen datuak, horrelako gauzen zalea ez banaiz ere: urtebeteko tarte honetan, 200 testu irakurri ahal izan dituzu blogean; 550 erantzun baino gehiago jarri dituzue, alde zein kontra; 56 harpidedun juntatu zarete Bloglinesen, koadrila ederra. Eta, Eibarnauten afarian jakinarazi zutenez, Eibar.org gunean euskara hutsez argitaratzen diren blogen artean, hauxe da bisitatuena. Aurretik daude Mikel Larreategi, Luistxo Fernandez eta Eneko Astigarragaren blogak, zeintzuetan gaztelaniaz eta ingelesez ere argitaratzen baitira testuak.
Horregatik eta etorriko den guztiagatik, irakurle, biba zu!
Mendia gurera
Beharbada hauxe behar nuen erabakia hartzeko, mendiak jausten hastea. Aurrerantzean, ez dut A8ko peajeetan ordainduko, ahal dela behintzat.
Ez da kapritxoa, ez umekeria, espero dut ahoberokeria ere ez izatea: potroak puztuz joan ostean, hauxe behar nuen erabakia hartzeko.
Autopista txarra, zuloz beterikoa, kurbaz josirikoa, beti obretan eta beti narras, zer eta, gainera, garestia.
Galdakao eta Zornotza artean, bidea estututa dago, arriskutsu.
Eibar inguruan, kontrako noranzkoa duten karrilak plastikozko konoekin daude banatuta, segurtasunaren alarde batean.
Errenteria bueltan, autopista larritasuneraino estutzen da, kamioi bat eta kotxe bat ozta-ozta kabitzeraino.
Tunelen segurtasuna ez da zulatutako kondoi batena baino handiagoa.
Aritzetako restopean OTA jarri dute, eta langileek orain ezin dituzte euren kotxeak han utzi, denak kotxe bakarrean joateko lanera.
Eta hori guztia ordaintzea nahi dute? Bada, mendiak autopistaren gainera jausten hasi diren honetan, nahikoa dela uste dut.
Ez dakit horrelakoetan zer egin behar den: peajera joan eta ez dudala ordainduko esan, eta horren ostean zer gertatzen den ez dakit. Matrikula apuntatuko dute seguruenik, eta gero salaketa-edo jarriko dute, ez dakit. Eta ez dakit "A8 doan" plataformak laguntzarik ematen ote duen holakoetan, jakin nahi nuke.
Beharbada mendiak mugitzen hastea behar nuen: Mahoma ez badoa mendira, mendia etorri da gugana, gure kotxeen kontra. Eta nahikoa da, A8; nahikoa da lapurretarekin.
Baratzea ernatu da
2004ko azaroaren 13an artikulu bat idatzi nuen Berrian, Sorgintxulo gaztetxea bisitatu osteko inpresioekin.
Gero, gauza jakina da, itxi egin zuten, eta beste hau idatzi nuen blogean.
Amorrutik idatzita zegoen lehenengoa, esperantzatik bigarrena.
Orain, gehiago esperantzatik amorrutik baino, "Ametsen baratza" liburua argitaratuko dute Sorgintxuloko gazteek, Elea argitaletxearekin. Horren arduradun ibili dira Josu Martinez, Alain M. Urrutia eta Adur Larrea, eta liburuaren azala Jose Luis Zumeta pintore handiak egin du. Sorgintxuloko lorea ebaki zuten lekuan baratze osoa ernatu da orain.

Azala polita iruditu bazaizue, barrukoa ere ez da makala: 41 idazlek eta beste hainbeste marrazkilarik hartu dute parte. Azken horien zerrenda osoa ez daukat, baina idazleak nortzuk diren aurreratzeko moduan nago.
Hona zerrenda: Itxaro Borda, Asel Luzarraga, Gotzon Barandiaran, Karmele Jaio, Joan Mari Irigoien, Paddy Rekalde, Pako Aristi, Tere Irastorza, Patxi Zubizarreta, Unai Elorriaga, Bertol Arrieta, Amets Arzallus, Javi Cillero, Uxue Alberdi, Felipe Juaristi, Goizalde Landabaso, Iban Zaldua, Xabier Mendiguren, Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Xabi Borda, Julen Gabiria, Maddalen Lujanbio, Gerardo Markuleta, Ixiar Rozas, Mikel Taberna, Asier Serrano, Lander Garro, Fernando Morillo, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Mikel Peruarena, Eneko Bidegain, Castillo Suarez, Juan Luis Zabala, Kirmen Uribe, Aritz Gorrotxategi, Edu Zelaieta, Eider Rodriguez eta Urtzi Urrutikoetxea.
Liburuaren aurkezpena hurrengo asteazkenean izango da, hilaren 23an, 11:00etan, Santutxuko Karmelo plazan. Gonbidatuta zaudete.
Komuneko liburutegia
Nire esku balego nire etxea nire gustura diseinatzea, duda barik komunean apalak jarriko nituzke, akristalatuak (humedaderik ez larregi sartzeko), eta apalotan liburuak.
Tronoaren parean, atriltxo bat disimuluan, nonbaiten engantxatuta, indarkuntzan zabiltzanean liburuari eutsi beharrik ez izateko.
Eta komunean, esandako moduan, liburuak. Baina liburuak, komunerako egokiak direnak bakarrik. Gauza jakina baita liburu guztiek ez dutela balio komunerako, baina komunerako balio duten gehienek balio dutela beste lekuetarako, oherako edo sofarako, adibidez. Atal laburrez osatutako liburuak izan behar dute, bestela akabo.
Besteak beste, apal akristalatu horietako batean izango nuke Xabier Mendigurenen "Egunen harian" (Elea). Oso ona da komunerako! Oherako eta sofarako ere bai, baina komunerako itzela, Galeano, Sarrionandia batzuk eta Txiliku izan daitezkeen moduan.
Bost minutuko komun-jardunean ti-ta, konturatu naiz Mendigreenek blogean idatzitako artikuluek, orain paperean jarrita eta urtebeteko distantziarekin, ez dutela indarrik galduko denborarekin: alderantziz, handitu egingo zaie indarra eta balioa.
Serio kalibratzen hasi beharko da, bai, komunean apalak jartzearen ideia hori.