Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Akordatzen

Lagun batek esan dit...

Akordatzen

Plazako oroitzapen urduriak

Josu Martinez Olegarioa ehun eta bi saltsatan sartuta dabil, ez baita alferrik ikus-entzunezkoetako ikasle, akordeoi-jole promesa, gitarra-jole hertziano, larrujolearen semen, bertsolari ohi, idazle nagi, Santutxuko gazte (zinez diot hori lan nekeza dela, gauzak dauden moduan egonda), jotica-kantari porrokatu, blogari arrakastatsu eta kazetari udatiarra. Eta, gainera, astelehenero edo ia, bertsolaritzari buruzko artikuluak argitaratzen ditu Gararen azken orrian.

San Silbestre egunean deitu zidan, urtarrilaren 2ko alerako artikulua behar zuela eta ea elkarrizketa bat egingo zidan, ni ere gaztetan ibili bainintzen bertso-saltsan sartuta, hori larregitan aipatzen ez badut ere.

Artikulua idatzi zuen, beraz, eta hemen jarriko dut gaur. Espazio faltagatik, bertsolaritzaren historiarentzat batere garrantzitsuak ez diren baina nire oroitzapenerako ederrak diren mila kontu geratu ziren sartu gabe, baina berdin dio: ze bertsolari eskasa nintzen ikusteko ez da hau baino askoz ere artikulu luzeagoa behar.

Soil-soilik gauzatxo bat: elkarrizketan kabitu ezinda geratu ziren izen batzuk gogoratu nahi nituzke, nirekin egin zuten lanaren esker onean. Eta zerrenda horretan daude, artikuluan aipatutakoez gain, Anizeto Ajuriagogeaskoa, Jon Enbeita, Kepa Urrutikoetxea, Unai Ormaetxea eta Mikel Urdangarin. Lehenengo hirurak, irakasle izan nituelako; azken biak, Arkaitz Estiballesekin batera, nirekin ibili zirelako egin nituen plazarik handienetan (uler bedi: 50 bat entzule).

Hemen, bada, artikulua:

--------------

Sasoi batean plazaz plaza ibili zen Galdakaoko idazlea, Arkaitz Estiballes bertso-lagun zuela

Julen Gabiria: «Ekilibristak dira bertsolariak. Beti soka gainean dantzan»

Hiru minuturoko maiztasunaz Julen Gabiriak buruaz ezetz egin eta hala dio elkarrizketak iraun bitartean, «baina nik oso txarto pasatzen nuen oholtza gainean, nik banekien momenturo noraino hel nintekeen bertsotan eta ez zen urrunegi». Esaldia bukatuta ordea, hiru minutuko maiztasunaz begiak apur bat itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala eransten du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan dabiltza, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».

Izan ere, idazle izan aurretik bertsotan aritu zen hainbat urtez Julen. «Nik hamar bat urte nituenean Jon Lopategi ikastolara etortzean sartu nintzen lehenengoz bertso munduan».

Giro hartan murgilduta, denborarekin bat-bateko saioak etorri zitzaizkion galdakaoztarrari eta honezkero hiru minutu pasa direnez hala adierazi du, «Nik ordea, oso txarto pasatzen nuen jendaurrean. Erraldoia iruditzen zitzaidan Markinako plazan egindako saio baten imajina bat daukat gogoan adibidez. Aritz Lopategi zebilen kantuan eta ni haren atzean eserita, hankak dardarka. Haren bertso itzelen ostean zer esan behar nuen ba nik?».

Oroitzapen politak ere gordetzen ditu hala ere, «Kanpantxuko barnetegira joan ginen behin, nik hamahiru bat urte nituela. Han zeuden Aritz Lopategi, Igor Elortza, Unai Iturriaga… Holako jende abilaren artean pribilegiatua sentitzen nintzen ni, baina behatzaile pribilegiatua, ez bertsolaria. Bada, gogoan dut puntuka zebiltzala denak "ai" errimarekin. Batek "bai" esango zuen, hurrengoak "alai"…. Ni taldetik aparte nenbilen, neure rollora. Orduan, kantuan zebilen bat trabatuta gelditu zen eta nik bazterretik "bonsai" bota nuen. Ez zait ahaztuko artean txiki txikia zen Igorren aurpegia, "tipo hau jenio bat da" zioen begirada harritu bat bota zidan behetik gora».

Beste hiru minutu pasa dira eta berriro tokatzen da, «Baina nik banekien noraino hel nintekeen» esan du idazleak. Horregatik, Jon Lopategik txapelketa garrantzitsu batera aurkeztera animatu zuenean, Julenek ezezkoa eman zion. Ordutik aurrera, inguruko herrietako saioetara, ekitaldi politikoetara eta omenaldietara mugatu zen bere bertso jarduna, ia beti Arkaitz Estiballes lagun zuela.

Egun baten ordea, Julen nekatu egin zen eta oraindik oso gazte zela, jendaurrean kantatzeari utzi zion. «Ongietorri, euskararen aldeko ekitaldi eta abar errutinarioek asko erretzen badute, ni batez ere nerbioek erre ninduten. Eta horren sakoneko arrazoia pentsatzen hasita, perfekzio nahia da, bertsotan nik ezin nuen perfekzio puntu hori lortu eta horregatik hasi nintzen bertso idatziak idazten eta beranduago, errima eta doinua ahaztuta, neurri bako testuak egitera, literatura egitera».

Geroztik, bertso jarriak idatzi izan ditu eta Bertso Eskolako irakasle ere izan da. «Baina ni, batez ere bertsozalea naiz», azaldu du. Esate baterako, 1997ko Txapelketa Nagusian saio guztietarako bonoa erosi eta ez omen zuen bat ere galdu, «Larunbatean saioa Getxon bazegoen eta biharamunean Iruñean, batetik bestera zuzenean nindoan, kotxean lo eginda».

Oraindik ere sufritzen omen du besteak bertsotan aditzean, «Perfekzio nahi hori da… oso txarto pasatzen dut», errepikatu du buruaz ezetz eginez. Esaldia bukatuta ordea, apur bat begiak itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala erantsi du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».

Josu MARTINEZ

gabiria 2006/01/23

Irakurketaren munduan sartu nintzenekoa

Gaur goizean Bloglines zabaldu eta Xabier Mendigurenen testu batekin egin dut topo, zeinetan bere gazte garaiko sari batekin gogoratzen den.

Sorpresa izan da, ze gaur gauean horrekin egon naiz pentsatzen, edo ia. Ez justu sari horrekin, baina bai Mendigurenen beste batekin: ea ondo kontatzen dudan, aspaldi da-eta honen berri irakurri nuela Nerabearen biluzia liburuan.

Kontua da literatura lehiaketa bat irabazi zuela, eta horren saria liburu sorta bat izan zela. Ez naiz ondo gogoratzen, baina esango nuke 100 bat liburu izan zirela, hango eta hemengo klasikoak denak ere. Hortik hasi zen edaten gure Mendigreen.

Horrekin egon naiz pentsatzen gaur gauean. Normalean, gauez izara artean nagoela, ez dut berarekin pentsatzen, baina gaur bai. Horren arrazoia da gogoratu naizela zelan zaletu nintzen ni irakurketara, eta pentsamendu horrek eraman nau Mendigurenengana.

Gero bururatu zait polita izango litzatekeela jakitea euskal idazle bakoitzak literaturarekin izan zuen lehenengo harreman kontzientea zelakoa izan zen jakitea, bost lerrotan kontatuta. Beharbada email bat bidali beharko nieke idazle guztiei, hori eskatzeko.

Hori guztia izan dut buruan gauean, interesatzen zaizkidalako gazteen joerak eta, zehatzago esateko, literaturara hurbiltzeko dituzten arrazoiak. Dena eginda ematen den garai honetan, zeure kabuz zerbait egitera derrigortzen zaituen alor batera hurbiltzea da zailena. Lehen ere bai, baina orain zailagoa, eta, hala ere, institutuetako hitzaldien ostean, beti hurbilduko zaizu bat edo beste, esanez zenbat gustatzen zaion irakurtzea. Eta zuri esaten dizute, euren gustuak izan ditzakeen inguruko "bakarrari". Literaturzaleek, gazte-gaztetatik, gustu bereko jendearengana egiten dute, konpartitzeko eta liburu batzuek uzten duten gozatua askatzeko. Miresgarria da. Ez irakurketa, berez, hobea edo txarragoa delako, baizik eta lan hori hartu dutelako, ez lanik errazena gainera.

Eta nik? Zein izan zen nire lehenengo harreman kontzientea literaturarekin? Bada, Galdakaoko liburutegian. Eta horrekin gogoratu naiz, ze, gaur, hitzaldi bi eman behar ditut Galdakaoko Udal Euskaltegian, hain zuzen ere lehen liburutegia zen leku berean.

Berrian idatzitako artikulu batean azaldu nuen, labur, zelan joan nintzen zaletzen.

Kontua da Galdakaoko liburutegiak hiru gela handi zituela: umeena, gazteena eta helduena. Ni beti umeen eta gazteen geletan ibiltzen nintzen: umeenean, bertan zeudelako komikiak, eta gazteenean, lotsagarria zelako umeen gelan jesartzea, umez inguratuta. Beraz, komikia umeen gelan hartu eta gazteen gelara joaten nintzen irakurtzera.

Baina egun batean, helduen gelako liburuak egunero-egunero urrunetik ikustera ohituta, erabaki nuen jauzia eman behar nuela, komikietatik liburuetara. Hasi nintzen helduen apaletatik begira, eta nik uste dut orduak eman nituela bueltaka (ez zen hainbesterako izango baina), zer hartu jakin ezinik, hainbeste eta hainbeste autoreren artean igerian. Denak ezezagunak egiten zitzaizkidan. Izango zen 1985-86 ingurua, hor nonbait.

Azken datu hori jarri dut, nolabaiteko azalpena eman nahi diodalako neure buruari, ulertzeko zelan heldu zen liburu hura nire eskuetara, oraindik ez zait buruan kabitzen eta. Izan ere, Julio Cortázarren bat hartu nuen. Horrela izan zen, horrelako sinplea. Inork ez zidan berba egin Cortázarri buruz, baina huraxe izan zen hartu nuena, eta akaso Cortázar 1984an hil izana (eta, ondorioz, han edo hemen bere izena entzun izana) izan zen "Un tal Lucas" liburua hartzera eraman ninduena. Baina ez dut horren oroitzapenik. Nik dakidan bakarra da hura hartu nuela, nor zen jakin barik. Eta txundituta utzi ninduela, artean literaturara sartu berri.

Mirari bat izan zen. Hari hartatik tiraka, Hego Amerikako beste zenbait autore deskubritu nituen, eta handik Europakoetara, eta hortik Errusiakoetara, eta... Gero esango dute Cortázar topiko bihurtu dela euskal idazleen artean, Euskal Herrian ezin zarela idazlea izan ez baduzu Cortázar aipatzen. Gogoratzen dut ze apaletan zeuden Cortázarren liburuak. Gogoratzen dut liburua esku artean hartu nuenean ere. Dena gogoratzen dut garden. Gogoratzen naiz, liburu hura irakurri ahala, sentitzen nuela betiko sartua nintzela irakurketaren munduan.

Geroztik, ez naiz irten.

gabiria 2005/04/28

Iya guriak egin du

Ingurukoek badakite oso memoria txarra dudala. Ez soilik despiste kontuetan, despistatuetan despistatuena bainaiz; baina, gainera, memoria txarra daukat txikitako, nerabezaroko eta nire bizitza osoko gauzetarako.

Gauza asko horregatik idazten ditut nik, gogoratzeko. Normala denez, ez ditut idazten gertatu ziren modu-moduan: nire oroimena pizteko balioko duen izpitxo batetik abiatuz, irakurle guztientzat balioko duen zerbait idazteko ahalegina egiten dut. Baina, bai: kasu asko eta askotan, gogoratzeko idazten dut. Gogoratzeko beharra dudalako eta nire oroimenak ez duelako hainbesterako ematen.

Atzo bete ziren 170 urte direla Xenpelar jaio zela. Euskadi Irratiko "Arratsaldekoa" saioan esan zuten. Gero "Iya guriak egin du" bertso sortaren zenbait bertsio jarri zituzten, tartean, jakina, Xabier Leterena, eta bat-batean etorri zitzaizkidan mila irudi, nire gaztarokoak.

Gianni Rodariren "Fantasiaren gramatika" liburu zoragarria etortzen zait horrelakoetan burura. Gehien maite ditudan hamar liburuen zerrenda inoiz eskatzen badidate, zoritxarrez liburu asko geratuko dira kanpoan, baina Rodariren hori barruan egongo da, egon zaitezte seguru. Bada, Rodariren liburua etortzen zait burura, memoria lantzeko jolas bat proposatzen duelako bertan, gero nik ere erabili izan dudana literatura tailerren batean edo bestean. Baina horretaz beste egunen batean egingo dugu berba.

"Iya guriak egin du" bertso sortak beti jarri izan dizkit ileak tente. Atzo berriro entzun nuen, eta hotzikara sentitu nuen. Ez dakit musika den, ez dakit hitzak diren, ez dakit ez ote den dena batera. Biek ala biek, musikak eta hitzak, badute halako harrotasun bat, burua tente eramatera bultzatzen gaituen halako indar bat... eta hunkitu egiten nau.

Gaztetan hunkitzen ninduen modu berean. "Iya guriak egin du" lehenengoz noiz entzun nuen? Bada, ez dakit ziur, baina izango nituen 13-14 bat urte, hor nonbait. Garai hartan bertso eskolan nenbilen, eta aldian-aldian afaria egiten genuen Muxikan (batzuetan Muxikan bertan eta bestetan Ariatza auzoan), gure irakaslea Jon Enbeita zelako, muxikarra bera. Afalostean, zelan ez, bertsotan aritzen ginen, eta gero unerik politena heltzen zen niretzat, bat-bateko lana utzi eta kantuan hasten ginenean. Eta horrelako afari batean, Jon Enbeita eta Ireneo Ajuria, ahots bitan, "Iya guriak egin du" abesten hasi ziren. Eta lehen aldia izan zen entzuten nuena, eta harrituta geratu nintzen, ileak tente. Harrituta musikarekin, aho zabalik hitzekin.

Baina afari hura baino, niri hurrengoa geratu zitzaidan buruan: ondo gogoratzen dut Ariatzan izan zela, elizaren ondoan dagoen soziedadean. Afalostean, bertsoak; eta bertsoen ostean, kantuak. Mordotxoa kantatu genituen, baina "Iya guriak egin du" ez. Gogoratzen naiz denbora gutxi falta zela mahaitik altxatzeko eta etxera joateko, edo inpresio hori daukat gutxienez, erloju kontra nenbilela eta nire abestia ez zela heltzen. Eta gogoratzen naiz Enbeitak, keinuren batekin, adierazi zuela abestiak amaitzen ari zirela eta bazela ordua altxatzeko. Eta orduan, ikusita aukerak amaitu egin zitzaizkidala, eskatu egin nuen: "abestu hori... buruen tirue jotiena".

Eta sekula ahaztuko ez dudan une bat izan zen: Enbeitak irribarre egin zidan, eta gero biek, Jonek eta Ireneok, bataren besoa bestearen sorbaldan jarri zuten, eta kantuan hasi ziren. Eta niri begira kantatu zuten bertso sorta osoa. Lelokeria dirudi gaurtik ikusita, baina ahazten ez den gauza horietako bat izan zen niretzat, gauzak ez ahazteko idatzi egin behar baditut ere.

Eta abestu zuten, besteak beste, "buruen tirue jotiena":

Ez naiz ni gerraren zale
baizik pakearen alde.
Zeinek nai duen galde,
berari tira alde,
bala bat sartu buruan.
Aspertuko da orduan.

Ahots bitan eta niri begira.

gabiria 2005/01/13

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema