Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2006 Otsaila 20 Gure blog literario bakarra
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Gure blog literario bakarra

Ostiralean Blogak eta literatura hitzaldia egin zen Donostian, eta zain nago interneten ere ager daitezen han esandakoak. Ez nintzen joan, ez ordea interes faltagatik. Niri ere deitu zidaten hitzaldi horretan parte hartzeko, baina ezetz esan nien, hori ere ari bainaiz ikasten.

Beraz, ez neukan asmorik gai honi buruz idazteko ere, baina joandako astean zerbait harrigarria gertatu zen euskal blogosferan, eta horrek eraman nau testu hau idaztera. Kontua da pasa den astean sortu zela euskal blog literario bakarra, eta hori zen esan nahi nuena: blog literario bakarra dugula, eta gainontzeko guztiak, nahi dugun izen eta abizenekin, izan daitezkeela literaturari buruzko blogak, idazleek idatzitako blogak edo nahi dugun guztia, baina bakarra ere ez dela blog literarioa: hain izen ponpoxoa duen zerarik ez dago euskal blogosferan. Edo bai, orain bai: ostiralean, Luistxo Fernandezek Estilo ariketak bloga sortu zuen, gogo biziz irakurri nituen lehenengo hiru "post"-ak, eta egiaztatu nuen susmatzen nuena: blog literarioa dela, petoa eta bakarra.

Aurretik eman zen beste saiakera bat, nahiz eta hura ez zen bloga izan, Koldo Izagirre nobela bat idazten saiatu zenean denen bistara, internet bitartez eta jendearen iritziak jasoz. Ez zen bloga, baina antzeko zerbait bai. Baina gero, blogak sortu, eta horrelako zerbait egiteko bidea inoiz baino errazagoa izan denean, inor ez da ausartu. Ulertzen dut, beste alde batetik: nik neuk ez nuke zoratuta ere idatziko nobela bat jendearen aurrean.

Hain zuzen ere, eta blog literarioaren definizio arin eta birritan pentsatu gabeko bat egin beharko banu, horixe dela esango nuke:

  1. Sortu ahala, jendearen aurrean publikatzea.
  2. Osotasun bat daukan obra bat publikatzea, dela nobela, poesia, itzulpena edo dena delakoa.
  3. Testuaren tripak erakustea.
  4. Ez derrigorrez, baina interesgarria da autoreak berak testu horri buruzko argibideak ematea; zergatik jarri duen hau edo bestea.

Beste adibide bat Markos Zapiain filosofoaren Etakideen ametsak izeneko sail harrigarri eta flipantea da. Bere horretan hartuta, hori blog literarioen barruan sartuko nuke.

Luistxok oso argi esan du zein izango den bere blog sortu berriaren helburua: "Pixkanaka testu horiek pikatzea erabaki dut, eta blog probisional honetan itsatsiko ditut. Hemen geratuko dira nire itzulpen saio horiek, kontestuan jarrita beste bertsio batzuekin. Amaitzen dudanean transkribatze lana, ez da beste post-ik izango". Nire ustez, planteatu duen helburuarekin soilik, blog literario baten definiziora (nire definiziora, hori ere eztabaidagarria baita) asko hurbildu da Luistxo: testuak dauden bezala transkribatzea, testuak kontestuan jartzea eta blog hori soilik testu horietarako erabiltzea.

Merezi du Luistxok Estilo ariketak blogean argitaratzen dituen testuen irakurketa patxadatsua egitea, ez soilik itzulpengintzan saiatu nahi duen edozeinentzat duten interesagatik, ezpada literaturan saiakerak egin nahi dituenak ere bertan klabe asko topatuko dituelako, testuen sorreraz.

gabiria 2006/02/20

Re: Gure blog literario bakarra

markos zapiain — 2006/02/20 10:10

milesker, julen, amets bakarra gelditzen da nik dakidala, antton ihartzegarairen bigarrena


laster, beraz, etakideen 21 ametsak izango dira sarean



Re: Gure blog literario bakarra

Luistxo — 2006/02/20 11:05

Eskerrik asko aipuagatik. Baina euskaltzainerako proposatu ostean, lartxo ez ote da esparru honetan bakarra neu izatea. San Frantziskoko zure mezuek ere mereziko dute, bada, izenlagunen bat, ezta?


Zapiainek esan zigunaren parte bat jaso du gaur bere blogean (baina askoz dibertigarriago egon zen zuzenean). Iban Zalduaren eszeptizismoa ere jasoa dago Volgako batelarienean: testu hori irakurri zuen, dialogo eran, moderatzailearen laguntzaz.


Baina egia da, bost blogista egonda mahaian, mahainguruan emandakoaren berri espero zitekeela blogosferan.


Queneaurekin sosiuz egingo dut aurrera, baina egingo dut.



Re: Gure blog literario bakarra

Julen — 2006/02/20 11:16

Bale, baina Bertan Bilbo nire blogaren atal bat baino ez da: atal horretan ahalegin literarioa dago, baina nire blogak, osotasunean, ez du aparteko ahalegin edo asmo literariorik, eta hori da diferentzia, nire ustez: "Estilo ariketak" blogak hasieratik amaierara daukala ahalegin literarioa.


Osotasunean asmo literarioa duen beste blogik ez dago, literaturari buruzko blogak beste kontu bat direlako eta idazleek idatzitako blogak beste bat.



Re: Gure blog literario bakarra

Jozulin — 2006/02/20 17:25

Niri esaldi honek ditu dit arreta:


"...lan hura ez dut berriro galdu nahi paperetan. Googlek aurkituko ahal du nire lana eta bere zerbitzarietan gordeko betiko!"


Eternitateaz ari dela, alegia...



Re: Gure blog literario bakarra

gorka autobonboan — 2006/02/20 18:26

Nireak zure kondizio horiek agian beteko ditu, zeuk esan... Agian literatura izen handiegia da baina... ez dakit...


(...baina bisitak zenbat igoko diren, hori bai badakit, zeren Queneau bada blog literario bakarra, zure hau da euskarazko irakurrienetarikoa!)



Re: Gure blog literario bakarra

patxi lurra — 2006/02/20 18:35

"Blogak eta literatura", Iturrirenean.



Re: Gure blog literario bakarra

Magabila — 2006/02/20 23:32

Gu ere bizi gaituk!



Re: Gure blog literario bakarra

Magabila — 2006/02/20 23:32

Beste maila batean, baino...


literaturaren pariak gaituk, okerrenak, txarrak, guetto-tan elkartzen gaituk...



Re: Gure blog literario bakarra

mahen — 2006/02/21 10:29

Julen "bakarra" esateak kriston arriskua deko, bakarrak diren gauza gitxi ezetan dodaz eta beraz, uste dot, zihurrenik norbait egongo dala zure hitzak bere lanantzako harrikadalez hartuten.



Re: Gure blog literario bakarra

Asier — 2006/02/21 12:29

Dana dala, literatura zer dan, beronen zein jenero den autentikoena (poesiari eta ipuinei ekitea ei da orain benetako literatur zale garen seinale)eta beste batzuk argitu beharko lirateke, argitzerik badago. Orain inguruan ditudan ikasleak ere, poeta hutsak dira, metafora metaforaren gainean erabiltzen baitute (erdaraz gehienetan):
Kaka/Kakazaku/kakajale hutsa zara zu...



Re: Gure blog literario bakarra

balaklaba — 2006/02/21 13:22

Ez daukat putaidearik ze kristotaz ari zareten baina badirudi Zinea bigarren gerrateko filmetara murrizten ari zaretela. Eta bigarren gerrateko filmak, amerikano eta alemanetara, eta hauek on eta gaiztoetara; irabazi eta galtzera.


Literario hitzaren anbiguetatea ez da zirraragarria, beraz zergatik ez ditugu gauzak
argitzen? Urtean gizaki batek endakitzenbat tona zerrikeria pilatzen du bere auzoko
kontenedorean, baina oraindik ere gai da, interneti esker, beste hainbeste zabor pilatzeko bere blogean. Honi kiratsa dario, Andereak, hau kaka da. Kaka zahar haundi bat, oraindik kea dariola.


Batzuek konpresak gordetzen dituzte, eta beste batzuek ortzadarrak eta maitearen begirada.
Linuxaren ikaragarrizko abantailak hemen, eta pedante onanistak zodiakean han. Hau zorakeria
bat da, eta gu, tratamentu profesionalei uko egiten diegun eskizofrenikoak. Horrela ez gara
sendatuko, baina bitartean, hemen jarraituko dugu Diogenesenak eta bi pilatzen.


Esan bezala:


kaka zahar haundi bat da hau
, Jaunak.
Eta dena guretzako da.
Dena-dena guretzako.


Blogak.
Zaborraren literatura.








Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema