Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2006 Urtarrila 30 Eibar
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Eibar

Azken aldian gertatzen zait ezin dudala Eibar gainetik kendu. Nahi ere ez, egia esan, ze, Eibar izena entzuten dudan guztietan, iruditzen zait lotura birtual eta blogistikoa baino zerbait gehiago daukadala herri horrekin. Iruditzen zait izen hori nire atzetik dabilela, inguratuta naukala, eta, Bagdadeko morroiaren antzera, nik ere Ispahanera alde egiten badut ere, Eibar hantxe topatuko dudala ezinbestean. Eta ni pozik. Konturatzen naiz ez zela kasualitatea txikitan, uda guztien amaieran sentitzen nuen zirrara, izeko eta osabarekin Arratera joaten nintzenean egun-pasa. Eta ez zela kasualitatea unibertsitatean, lagunik onenak, Gasteizko Aitorrekin batera, Balentzi, Groerk edo Elortza eibartarrak izatea. Oroitzapen horiek datozkit, eta blogean jartzeko modukoak ez diren beste batzuk. Horrelako lotura arraro bat daukat Eibarrekin, birtualetik baino harago doana.

Eta oraintsu ere gertatu zait gauza bitxi bat, Argiarako lau elkarrizketa egin ditudanean. Hasieran ez nintzen konturatu, baina elkarrizketa bat eta besteak errepasatu ostean, konturatu nintzen elementu bateratzaile bat zegoela lauretan: Eibar, jakina.

Aukeratu nuen lehenengo elkarrizketatua Bittor Kapanaga otxandioarra izan zen. Esan zidan gazterik joan zela Eibarrera ikastera, eta euskararen iraultza piztu zutela, bertan ezagututako Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta abarrekin batera. Esan zidan, halaber, hantxe ezagutu zuela Joxe Migel Barandiaran, eta ze ondo tratatzen zuen ataundarrak.

Bigarren elkarrizketatua Jose Pablo Arriaga markinarra izan zen. Datua ez nuen elkarrizketan jaso, baina esan zidan, Afrikatik zebilela, Gabonak Eibarko misiolari batekin pasatu zituela (ez dut gogoratzen haren izena), eta herri hartantxe geratu zela denboratxo batez, egurrezko eskola bat eraikitzen, Jose Pablo arotza baita.

Hirugarren elkarrizketatua Erramun Landa eatarra izan zen. Hau ere ez nuen elkarrizketan jarri, baina Erramunek luze eta zabal hitz egin zidan 2005eko hasieran Eibarren egin zuen erakusketa handiaz: "Denbora ez da distantzia" deitzen zen, eta bertan bere imaginariorik sakonena erakutsi zuen. Oso garrantzitsua izan zen erakusketa hori Erramunentzat.

Laugarren eta azken elkarrizketatua Angel Zelaieta mallabitarra izan zen, eta kontatu zidan noiz eta zelan ezagutu zuen Gabriel Aresti: "pertsonalki Eibarren ezagutu nuen, Juanito San Martinen etxean. Juanito bisitatzera joan nintzen, eta zoriak nahi izan zuen han egotea Gabriel ere. Hirurok batera afaldu genuen; eurak biak gorbatadunak ziren, eta, afaltzen geundela, diskutitzen hasi ziren, oso bero: "la ostia", "cojones" eta horrela. Sekula horrelakorik entzun gabe nengoen gorbatadun bati!".

Etengabe agertzen zait, eta ni gustura. Berdin dio larunbateko afarian, lagunak esaten duenean Eibarko drogazale-ohi bat ezagutu zuela Bolivian; edo berdin dio Bilborik ilunenean beltz batek esaten dizunean, Senegaletik irtenda, ezagutu zuen lehenengo herria Eibar izan zela; edo berdin dio Amets Arzallusekin komentatzen duzunean bere aitak 1993an Eibarren egin zuen agerpen miresgarri eta ezustekoa. Berdin dio, Eibar beti agertuko zait, eta ni gustura.

gabiria 2006/01/30

Re: Eibar

Magabila — 2006/01/30 20:27

Inkulto baina kuriosoentzat, non dago Amets Arzallusen aita? Zergatik agerpen miresgarri eta ezustekoa?


Ahal baldin badezu erantzun Julen.



Re: Eibar

bai — 2006/02/02 11:46

nik entzuna dudanez, ametsen aitaren agerpen hura iparraldetik hegoaldera pasa zen lehen saiokoa izan zen. Jendeak ez zekien muga pasatzerik izango zuen edo ez, eta pasa zuen nonbait. Horregatik gelditu zen agerpen hura sorgindua.



Re: Eibar

leire — 2006/02/03 12:38

Aupa, Julen


Eibar eta eibartarrok topiko asko jasan bihar dittugu: harruak garala, aberaskilluak, herri zatarra dakagula...inguruko askok Eibarren urtegi bat egittia be proposau dabe: zulua urez bete eta kitto! Bilbotxiki be deittu izan detse herrixari. Eibartar askok esaten dabe bilbotarren modokuak garala, baiña diruakin...Beste batzuk diñue Eibar dala irteera onenak danak herrixa...


Anekdota bat elgoibarko lankidiak kontautakua: eibartar lagun bateri galdetu zetsan "ze moduz" eta eibartarrak erantzun "Hobeto, nahi be ez"


Askotan inbidixia dala uste dot, diru asko egon dalako eta aurreko generaziño batzuek disfrutau egin dabelako, barra-barra gastauta.


Eibar, baiña, egunotan dago goxo, dultze. Bada astebete jentia sanblasak egitten hasi zana, eta kale kantoiak, atarixak, usain ederra dake. Ogixari be igartzen jako. Ummm! Gaur san blas, gozatzeko eguna!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema