Lagun batek esan dit...
Zer da euskal zinema?
Blog honetan eta Xabierrenean nahikoa lore bota dizkiogu Jose Mari Goenaga zinegile ordiziarraren "Sintonía" laburmetraiari, ondo merezita gainera.
Aurrekoan, elkarrizketa egin zioten Berrian, eta hortik ataltxo bat aukeratu dut, interesgarria iruditu zait eta. Sarritan galdetu izan da zer den euskal zinema, edo, beste modu batez esanda eta zinemaren esparrutik irtenda, kultur produkzioan zeri jar dakiokeen eusko labelaren etiketa eta zeri ezin zaion jarri.
Bada, Goenagak argi dauka, zinemari dagokionean:
"Zinema-sormen bakoitza gauza askoren isla da, eta gure lanetan bizipenen arrastoa geratzen da. Hortaz, gure-gurea den ingurunearen isla ere badago. Euskal zinema hemen ekoizten den guztia da nire ustez. Hemen gertatzen dena erakusten ez duen zuzendari baten lana ere hemengoa da, Euskal Herrian ekoiztua bada betiere, erakutsi nahi ez izate hori ere zerbaiten isla baita. Batzuetan euskaraz sortzen da, eta besteetan beste hizkuntzatan, baina hori ere hemengo errealitate baten isla da".
Re: Zer da euskal zinema?
Eta? Ados, hemen egiten den guztia da euskal zinema?
Ni ez nator bat definizio horregaz. Eta uste nuen, eztabaida hoiek duela 25 urtekoak zirela.
Bistan da, eztabaida mailan ez dugula askorik aurreratu, kultura eta hizkuntzaren alorrean behinik behin.
Oraindik ere, zer den "euskal" eztabaidatzen badugu.
Hemengo izatetik, hemen sortzetik, euskal-dun izatera badago alde bat.
Besterik da, eztabida gaztelaniaz edo frantsesez burutzen dugunean, argi baitugu basque edo vasco zer izan daitekeen.
Oker gabiltza, oraindik, antza.
Re: Zer da euskal zinema?
Eta zer da ekoizpena? Money? Baina diruak badu aberririk? Eta kanpoan ekoitzi eta euskaraz egin bada filma? Aitzpea Goenagak TVEk ekoitzita Bartzelonan errodatzen badu, euskal filma da? Eta Alex de la Iglesiak Bilbon eta Madrilen errodatzen badu filma, hango produktora batekin, talde erdia Madrilen diharduten euskal teknikoz osatuta? Bai baina ez? Oscarretarako hautagai joandako Nacho Vigalondorena zer da? Bera kantabriarra (baina, Athletic-ek dioen legez, hemen "formatu da"), kortoa Madrilen errodatua, dirua Jaurlaritzarena, Kimuak-i esker...
Utzi "euskal" eta bestelako berbak listoei eta oso listoei eta bakoitzak berea, idatzi, egin gidoiak, bota ideiak, eta osatu daitezela behingoan hemen gelditu eta lan egiteko baldintzak...
Re: Zer da euskal zinema?
Euskal zinema tostoi bat da.