Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Azaroa 27 Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

Bistan da Zinebiko epaimahaikideek eta ikusle soilek ez dugula bat egin gustuetan. Ezagun batzuekin eta besteekin berbetan ibili naiz, palmaresa ulertzen ote duten, eta gehienak apur bat harrituta geratu dira Zinemaldiko Sari Nagusiarekin: Txileko Obreras saliendo de la fábrica lanak irabazi du sari hori.

Atzo ez nintzen sari-banaketara joan eta, ondorioz, ezin izan nituen pelikula sarituak berriro ikusi. Beraz, filmok eragin zidaten lehen eta azken inpresioarekin geratu naiz, pelikula horiek erredimitzeko aukerarik gabe.

Esan egingo dut: Obreras saliendo de la fábrica pelikularekin lo seko geratu nintzen. Zer zen hura aspergarria! Langile batzuk lanean, langile horiek fabrikatik irteten, eta langileak hondartzan, itsasoari begira: 21 minutu berbarik egin gabe, makinen zaratekin eta itsasoaren soinuarekin. Oraindik ez dut pelikula hori gustatu zitzaiola esan didan inor aurkitu.

Fikziozko pelikuletan, sari nagusia Jyu-go hun okure no heimon japoniarrak irabazi du. Pelikula sinpatikoa, baina, nire ustez, ez dena batere nabarmendu zinemaldiko beste faborito askoren artean. Sinpatikoa, hori bai.

Bigarren saria, berriz, Solace filmak irabazi du, baina ez dut ikusi produkzio estatubatuar eta britainiar hori.

Dokumentaletan, lehenengo saria Hl’adanie ilúzií eslovakiarrak lortu du. Faboritoen artean sartu nuen, eta pozten naiz, ezagutu beharreko gaia delako eta filmaren estetika ere ederra zelako.

Bigarren saria Rising tide estatubatuarrarentzat izan zen, eta hor ere bat nator epaimahaikideekin. Estatu Batuetako herri aberats bateko komertzio txikiek aurrera jarraitzeko dituzten estuasunak kontatzen da dokumental honetan.

Animazioan, lehenengo saria Zero degree irandarrarentzat. Esan nuen luzetxo egin zitzaidala bere 8 minutu eskasetan, baina, egiaz, ideia inteligente eta originala du filmak, eta merezi du saria.

Bigarren saria, berriz, Jam session fim poloniar eta alemaniarrak lortu du. Ez dut ikusi, ezin ezer esan.

Horraino sari nagusiak. Ondoren, sari-apurrak datoz:

Espainiako Zinemari emandako Sari Nagusia: El gran Zambini (pelikula hori euskal zinemaren gauean eskaini zitzaigun baina...). Niri ez zitzaidan gustatu, baina badakit jendeari sinpatikoa egin zitzaiola.

Euskal Zinemari emandako Sari Nagusia: La gallina ciega, Isabel Hergueraren animaziozko filma (...eta El gran Zambini euskal zinemaren gauean eskaini bazitzaigun eta Espainia mailako saria irabazi badu, zelan ez du irabazi, bada, Euskal Herri mailakoa?). Bisualki polita da pelikula hau... baina mundu guztia ados dago zinemaldi honetako pelikularik onenetakoa eta, duda barik, edizio honetako euskal zinemako pelikularik onena Sintonia izan dela.

Latinoamerikako Pelikularik Onena: Dalva pelikula brasildar loarazlea.

Aipamen berezia: Oh my God estatubatuarra (ez dut ikusi).

Publikoaren saria: La apertura britainiar-argentinarra (ez dut ikusi).

Interpretazio onenaren saria: Sintonia filmeko Josean Bengoetxea eta Tania De la Cruz aktoreei.

Euskal gidoirik onenaren saria: Jose Mari Goenagaren Sintonia eta Ugo Sanzen Los ojos de Alicia.

gabiria 2005/11/27

Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

patxi lurra — 2005/11/27 22:39

*"Dokumentaletan, lehenengo saria Hl’adanie ilúzií eslovakiarrak lortu du. Faboritoen artean sartu nuen, eta pozten naiz"*


Neu be pozten naz, batez be irabazleen zerrendan hori bakarrik ikusi nebalako, bai eta gustukoa hartu be.



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

leire — 2005/12/01 14:24

Aupa, Julen


Lehengo egunian buruari bueltaka ibili giñan ia zein zan Zinebiko kartelian agertzen zan aktoria. Danori oso ezaguna egitten jakun, halan eta be ez genkixan zein zan. Frantsesa dala esango neuke, baiña.


Blogian kuxkuxeatzen okurridu jata zuk jakin zeinkiala.


Ondo ibili



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

Julen — 2005/12/01 15:39

Efektibamentean, frantsesa da: Charlotte Rampling. Oin bai, ezta? Hemen topauko dozuz haren argazki gehiago.


Zinebiko paseen hasikeran, karteleko irudia proiektetan eben pantailan, eta fondoan Charlotteren barrea entzuten zan, oso-oso sensual. Elkarrizketaren batetik-edo egongo zan hartuta audio hori, seguruenik; argazkian ikusten zana polita bazan, zer esanik ez emakume haren irudia eta barre bero ha parean ipini ezkero. Buff! eta hementxe itxiko dot komentarioa, astokeriak botaten hasi baino lehen...



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

patxi lurra — 2005/12/01 18:45

Neuk neurean saiatu nintzan aurtongo kartela ipinten, baina ez neban topau. Haren ordez, beste bat sartu dot. Kontua da estrenau nazela blogean argazkiekin!


PD Atzo Arrasaten egon nintzan guardian, zelan Irakurlearen Txokoa?



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

Julen — 2005/12/01 19:36

Patxi,


pena izan zan ezin izan zinalako etorri: gustauko jatzun Alberto Barandiaranen hitzaldia. Interesgarria, benetan.


Hurrengoa, gogoratu: abenduaren 14an, Lutxo Egiaren "Ezker hanka falta zuen" (Susa).



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

leire — 2005/12/02 09:54

Milla esker, Julen "Google" Gabiria


Oin bai, izena irakorri eta, jakiña!
Holako monumentuen aurrian normala da artega jartzia! Neuri be beti oso andra erakargarrixa egin jata! Gaiñera badaka holako misterio toke bat. Bestiok nahi gendukena.


Ondo ibilli



Re: Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

p — 2005/12/03 21:54

Ba, kasualitatez, "Ezker hanka falta zuen" oparitu deusta orain dala gitxi. Gero "berton"-en ikusi neban "Tartea"-ra ekarriko dozuela, eta poztu egin nintzan.


Bidxar hasiko naz irakurten, eta hilak 14garrenean, gauzak ondo, berton egongo naz.


Au revoir!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema