Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Uztaila 24 Hautsari buruz
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Hautsari buruz

Jacques Anquetil 1966ko Tourrean bihurtu zen pertsona. Beste inork ez zituen bost Tour, Anquetil heldu zen arte. Baina 1966an, seigarren Tourra jokoan zuenean, erretiratu egin zen, Lucien Aimarrek irabazitako lasterketa hartan. Beste hiru urtez jarraitu zuen txirrindularitzan, baina ez zuen atzera Tourrik zapaldu. Hautsa zer zen jakin zuen.

Eddy Merckx 1975ean bihurtu zen gizaki. Seigarrena zuen jokoan, baina bigarren geratu zen, Bernard Théveneten atzetik. Tour hartan, zoro batek ukabilkada itzela eman zion gibelean, Puy de Dôme mendatean, helmugatik berrehun metrora. Etapa hartan galdu zituen segundoek baino, aurrerantzean gibelean izan zuen minak urrundu zuen belgikarra garaipenetik. Hautsa jan zuen, eta gizakien mailara etorri zen. Beste hiru urtez jarraitu zuen mailarik gorenean, eta 1977an Tourrera itzuli zen, seigarren geratzeko. Ordurako, dena irabazita zuen, baina gizakia zen.

Bernard Hinault 1986an bihurtu zen haragizko. 1985ean Hinaultek zin egin zuen 86an LeMondi lagunduko ziola Tourra lortzen. Baina 1986an, promesa ahaztuta, bretoiak seigarrena nahi izan zuen. Jainkoentzat gogorregia baita gauetik egunera haragi bihurtzea. Batez ere, Alpe DŽHuezeko igoera da Tour hartatik gehien gogoratzen den unea, zeinetan taldekide biak eskutik helduta sartu baitziren helmugan. Urte hartan bertan erretiratu zen Hinault, LeMonden atzetik bigarren geratuta, hautsaren zaporea probatuta.

Miguel Indurain 1996an bihurtu zen lurtar. Bazirudien seigarrena irabaziko zuela, baina hamaikagarren amaitu zuen Tour hura, Bjarne Riisen oso atzetik. Txapeldun batentzat, hamaikagarren amaitzea hautsa tragatzea da, baina errepidean eta bizitzan txapeldun izaten ikasi behar da: estralurtarra zarenean eta lurtarra zarenean, bietan. Les Arcsen hasi zen Tourra galtzen, eta gero Val DŽIseren, Sestrièresen, Hautacamen eta Iruñan. Ez zuen gehiago bizikletan korritu.

Lance Armstrong ez da lurtar bihurtu, eta pena dugu Ramonek eta biok. Pena, ez zazpigarrenez irabazi duelako, ezpada errepidean ez diolako bere buruari aukerarik eman lurtar sentitzeko. Bizitzan bai, bizitzan lurtarra izan da. Eta Ramonek eta biok oihu egiten diogu datorren urtean ere Tourrean egoteko, txirrindularitzak (Ramonen iritziz bizitzaren lezioa ematen duen kirola baita) ezin duelako onartu garaipenean soilik oinarritzen den palmares bat, bizitza ez delako garaipena garaipenaren atzetik. Eta, armstrongauta bat ezagutu beharrean, zazpi Tour eta minbizi bat gainditu duen gizakia ezagutu nahi dugulako, dio Ramonek.

gabiria 2005/07/24

Re: Hautsari buruz

eneko — 2005/07/25 21:43

Gaur jakin dut korrikalari Keniaten ereduari esker hasi zela Armstrong hain azkar pedalei eragiten... eta, ondorioz, hainbeste watio/kilo (potentzia) lortzen bizikleta gainean. Eta argi dago keniatarrak lurtarrak zirela. Ramon eta Julenen pena apur bat gutxitzeko .


Batzuk ( matrallakoko lagunak ) Tourra bukatu delako pozik, beste batzuk Ramonen tabernan datorren urtekoaren zain ;-)


Artikulu sorta ederra egin duzu, zorionak!



Re: Hautsari buruz

Patxi — 2005/07/26 00:19

Enekorekin guztiz bat. Sorta zoragarria egin dezu. Tourrari ez diot minutu bat ere eskeini, baina zureak gozatu? Guzti guztiak.


Zorionak!



Re: Hautsari buruz

Julen — 2005/07/26 09:55

Eskerrik asko!


Orain merezitako oporrak hartuko ditut, txirrindularien antzera amaitu dut eta, hamar kilo gutxiagorekin. Banoa Ramonen tabernara, Zabriskie-tortillaz atiborratzera.


Ondo pasatu uda!



Re: Hautsari buruz

Ramon Etxezarreta — 2005/07/26 21:46

Atsegin handiz egon naiz Ramonen tabernan. Taberna horretan itxierarik gabe eztabaidan arituko nintzatekeen, inork irabazten ez dituem eztabaida hoietako batean, erabaki ezinezko auzi hoietan.
Benetan pasatu dudala ondo. Zorionak!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema