Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Uztaila 21 Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan

Tabernan sartzean, Ramoni esan diot izugarri gozatzen dudala bere oroitzapenekin, baina nik ere baditudala nire istoriotxoak, eta ziklista gutxi ezagutu dudala, baina hurbiletik ezagutu ditudan horiek mito izatera heldu direla, eta esan diot mesedez isiltzeko, gogoa dudalako txikikeria batzuk kontatzeko. Eta telebista itzali eta ukondoak barraren gainean jarri ditu Ramonek, adi.

Ezagutu nuen lehenengo karrerista handia Jesus Loroño izan zen. Garai hartan bizikletan ibiltzen ginen inguruko errepideetatik, eta egun haietako nire oroitzapenik argienak dira aldapan gora ondo nenbilela, jaitsieretan txarra nintzela eta egun batean Jesus Loroñorekin gurutzatu ginela. Ganguren mendi inguruko errepideetan izan zen: gu Artxandarantz, maldan gora, eta bera beherantz, lasai-lasai, txistuka. Entzunda genuen harroa zela, eta guri ziklista harroak gustatzen zitzaizkigun. Gurutzatu ginen, hortaz, eta berak, aldapan beherako lasaitasunean, "¡que no podeis, chavales!", bota zigun, eta nik, gorantz eta arnasestuan, "¡tu ya podrás cuesta abajo!" esan nion, nor zen ere ohartu gabe. Azeriak irribarre egin zigun, eta orduan konturatu ginen nor zen. Barre ederrak egin genituen pasadizo horren kontura, eta, batez ere, Loroñok, ziklista harroak, mitoak, desafioa bota zigulako. Eta ezin dut ahaztu bere irudia, aldapan behera, txistuka.

Ezagutu nuen bigarren txapelduna Lance Armstrong izan zen, Euskal Herriko Itzulia Arrasaten hasi zen batean, 1992 edo 1993an, ezin gogoratu. Aitarekin nengoen, eta irteera baino lehenago Raúl Alcalá ikusi genuen taberna batean, taldekideekin. Mirespenak eramanda, barrura sartu nintzen, eta mexikarrari galdetu nion ea argazki baterako kalera irten zitekeen une batez. Oso modu txarrez esan zidan ea zelan bururatzen zitzaidan karrera hasteko puntuan zegoen ziklista bat molestatzea. Hain zakar jokatu zuen, bere taldeko ziklista gazte bat aulkitik altxatu eta nigana etorri baitzen, esanez bera prest zegoela argazkirako. Ordurako izango zuen zerbait irabazita, ze segituan ezagutu nuen. Eta kanpoaldera irten ginen eta euria ari zuen, baina ziklista hura ez zen euriagatik arduratu, eta nik argazkia atera nion, konturatu barik bere ondoan jarri behar nintzela argazkirako. Zelan jakin zazpi Tour irabaziko zituenik! Gero esan nion "good luck, Lance", eta eskua eman zidan irribarrez, pozik, akaso, norbaitek ezagutu zuelako.

Ez dakit zergatik kontatu diodan hau Ramoni. Ez dakit zergatik entzun didan hain adi. Ez dakit zergatik ez duen telebista piztu arratsalde osoan.

gabiria 2005/07/21

Re: Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan

Gabi — 2005/07/21 14:50

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan neuri ere. Umetan, Zornotzako Udaberri Saria izaten zen egunean, goiz-goizetik esnatu eta hor joaten ginen argazki kamera eta boligrafoa eskuetan txirrindularien bila: Marino, Etxabe, Gorospe... Urte baten, Reynolds taldearen autoan Marca irakurtzen bakar bakarrik zegoen txirrindulari ezezagun bat ikusi nuen, "honek firmaukoste ba!", esan nion neure buruari. Berarengana hurbildu eta gazteak poz-pozik zikindu zidan orri zatitxoa. Oraindik ere etxean daukat artean Tourrik irabazi gabeko Atarrabiako txirrindulari baten errubrika.
Julen, hurrengo batean kontatuko dizut zein abeslari ona den Anselmo Fuerte...



Re: Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan

matrallako irratixa — 2005/07/21 21:32

Ene Juliantxo biyotzekua
Kalamuako parlamentuan gagoz, zuzenian. Martxelino, Martzinkus eta Lili.
Zure bloga aaaasko gustatzen jaku, baiña oiñ, Berriako Tourran gaiñeko artikuluak aprobetxatzen Turrada galanta emoten diharduzu!!!
Aupa zu, gure hurrengo lehendakarixa!!!


Kalamuako parlamentarixuak


Postdata: Lehengo egunian, parlamentarixo batzuk Durangoko taberna italiano baten egon giñan afaltzen, Giroko argazki mordua dakaz. Esan genduan: gure hurrengo lehendakari txit argixan neurrixan eginda dirudi!!!
Abe lehendakari!!!



Re: Karrerista bi ezagutu nituen gaztetan

Julen — 2005/07/22 06:41

Biba zuek, parlamentarixuak! Noz da nire inbestiduria?


Animo, gitxi falta da-eta Tourradia amaitzeko!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema