Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Uztaila 14 Egunkari bat bularrean
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Egunkari bat bularrean

Galibier aurtengo Tourreko mendirik garaiena da, baina, gainera, mitoa da, Tourmalet eta enparauak baino handiagoa. Henry Desgrange Tourraren sortzaileak esan zuen beste mendi guztiak "animaliatxo zurbil eta arruntak" direla Galibierren ondoan. Gaur, baina, Galibier derrigorrez pasatu beharreko mendatetxo bat izan da, eta Ramonek eta biok apenas egin diogun kasu telebistari. Mendia baino lehenagoko esperantzak zakurraren putz bihurtzen dira etapa biren ostean. Pirinioetarako ere ados gaude: ez da ezertxo ere gertatuko; akaso igandean, irabazitakoa galtzeko beldurrik ez duen ziklistaren baten eraso suizidan. Eta, pronostikoak egiten hasita, "amets egin dut" bota dit Ramonek: bihar (zuretzat, irakurle, gaur) Iñigo Landaluzek irabaziko duela etapa. Esan dit, asmatzen ez badu, barra osoa tortillaz bete eta atea barrutik itxiko duela, neuk jan ditzadan denak. Tira: barrutik itxi barik ere, berdin, ze hona ez da arimarik ere sartzen, badakitelako Ramonek huevinarekin egiten dituela tortillak. Hori bai: niri tortillak benetako arrautzekin egiteko abisatu diot, Landaluzek bihar (hau da, gaur) irabazten ez badu.

Bada, Galibier itzela da. 1935eko Tourrean, hemendik gertu hil zen Francisco Cepeda bizkaitarra, eta Tourrean hildako ziklisten zerrenda inauguratu zuen. Ramonek gogorarazi dit kontu hori, txirrindulariak ikusi ditugunean bularrean egunkariak sartzen Galibierreko tontorrean: "nire garaietatik aldatu ez den kontu bakarra" esan du. Haizea kentzen eta izerdia zupatzen duelako, mendateak jaisteko sistemarik onena da egunkariarena. Baina Galibierren, 1947an, afizionatuen karrera batean, zerbait izugarria gertatu zen. Musset karrerista gazteari gertatu zitzaion: zale batek egunkaria eman zion, gazteak maillotaren azpian jantzi zuen eta hankei gogor eragiten hasi zen, ihes eginda zihoazenak harrapatzeko. Briançoneko helmugan haiek baino hobea zen, eta arin zihoan, bihurgune bat bestearen atzetik, ezker-eskuma, zirt-zart. Gero kolpea etorri zen, buelta bat airean. Lurrean etzanda geratu zen, odolik isuri gabe, lotan bezala.

Segituan heldu zen medikua, eta gero kazetariak, flash, flash. Medikuak maillota askatu zion karreristari, arnasa hobeto har zezan, konturatu barik arnasa bizidunen pribilejioa dela. Bularrean zeraman egunkaria kendu zion. Izerdiz bustitako orriek hizki handitan zekarten heriotzaren albistea, argazki eta guzti: argazkian, medikua zegoen ziklista haren ondoan belauniko, eskuetan egunkari izerditu bat zeukala, bertako argazki bati harriduraz begiratuz.

gabiria 2005/07/14

Re: Egunkari bat bularrean

eneko — 2005/07/14 17:36

Oso historia polita, Julen, baina uste dut datak nahastu egin dituzula.


Musset eta medikuarena 2047an gertatu zen, paper digitalean argitaratzen ziren egunkariek, bide ertzeetan zeuden zaletu eta kazetariek bere kamerekin atera eta bidalitako argazkiak momentuan argitaratzen zituztenean ;-)



Re: Egunkari bat bularrean

Julen — 2005/07/14 18:40

Eneko, zu beti prospektiba egiten!


Txirrindularitzaren kontuan, zergatik ez da inoiz etorkizunera begiratzen? Ba, batetik, istoriorik politenak (hain zuzen ere, bizi ez genituelako) iraganean daudelako. Eta, bestetik, inork ez dakielako txirrindularitzak zenbat denbora iraungo duen maila honetan.


Esan nahi dudana da iruditzen zaidala, dopinaren kontuarekin, beldurra dagoela aurrera begiratzeko, egoera hau jasangaitza ari delako bihurtzen eta honek guztiak eztanda egin beharko duelako egunen batean (txirrindularitzaren onerako edo txarrerako).


Gauzak horrela, helduko ote da maila honetako ziklismoa 2047ra? Eta ze ziklismo mota izango da? Perfekzioa perfekzionatzeko, ze lagungarri gehiago beharko dute replikante hauek? Gaia hortxe dago, baina beldurra ematen du dopinari buruz hitz egiteak, are gehiago txirrindularitzaren etorkizuna zelakoa izango den imajinatzeak. Nik ez dut pentsatu ere egin nahi...


Zure prospektiben zain geratzen naiz, kezka hauei erantzunen bat aurkituko diezulakoan...



Re: Egunkari bat bularrean

eneko — 2005/07/14 21:40

Dopina diozu? Txirrindularitzan diozu? eta bizitzaren beste arloetan? Begira zer dioen gaurko Guardian-ek


Gaur ikusi eta ondo apuntatu dut: Aldous Huxley eta bere soma famatuaren arrastoari jarraituz zientifikoek uste omen dute bururako pilulei esker etorkizun zoriontsuagoa izango dugula.


Ezin dituzula telefono zenbakiak gogoratu? ekaineko azterketak dituzula? tabakoa utzi nahi duzula? ala, hartu ezazu pilula pare bat eta listo!


Ezin duzula Galibierren gora tropelaren erritmoa jarraitu? bada, hori...


Baina, ez, egitan ez dut uste horrela izango denik, orain bezela mugak jarriko dira. Hau bai, hau ez. Honaino bai, honaino ez. Eta horiek izango dira kirol honen arauak, horiekin jolastuko dute guztiok, eta horiekin edo antzerakoekin korrituko dute 2047ko Tourra.


Eta, seguru, edozein taberna, ziber-txoko edo elkargunean, Julenek eta beste askok kontatuko dugu zein aspergarria izan zen Galibierren igoera 2005ean, Armstrongek zazpigarren Tourra irabazi zuen urtean (Klaro, ez zuten etapa L'Alpe d'Huez-en bukatu eta zer nahi zuten ba). 2047an bakoitzak bere erara kontatuko du Galibierren igoera aspergarria, Moncoutieren ihesaldia, Etxabe eta Mayorenak Alpe d'Huezen eta txirrindularitzako beste mila historia... :-)



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema