Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Ekaina 07 Zirko iluna
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Zirko iluna

Maiatzaren 28an estreinatu zen, Leioako Umore Azokan, Hortzmuga Teatroa antzerki-taldearen lan berria, Zirko iluna.

Beharbada ez nuke honi buruz idatziko, lan horren euskarazko itzulpena ez banu nik egin. Baina horrela izan da, eta norbera pozik dagoenean azken emaitzarekin, ez da disimuluan ibiliko, ezta?

Ez naiz itzulinguruka ibiliko: Zirko iluna zoragarria da. Paperean ikusi nuenean, gustatu zitzaidan, baina orain, kalean ikusita, hunkitu egin nintzen, izan nituen beste mila sentimendu ez aipatzearren.

Jumbo, arriskuaren maitalea; Kerkus, dama misteriotsua; Mirinda, ekilibrista paregabea; eta Fredo, fartsaren profesionala, dira zirku honetako protagonista nagusiak, baina ez bakarrak, ume eta helduek sekulako sorpresak hartuko dituzte-eta antzezlanak aurrera egin ahala. Horrela, elefante bat agertuko da, oilo bat, malabarista mutu bat, jirafa bat, bala-gizona... imajinazio hutsarekin, sekulako festa antolatu dute Hortzmugakoek.

Baina gauzak hasieratik daude garbi: aktoreak agertzen dira (ez pertsonaiak) eta argi esaten dute hau antzerkia dela. Mozorroak janzten dituzte, eta hau antzerkia da, bai; baina hau errealitatea ere bada, eta errealitatea ankerra ere izaten da batzuetan, gogorra. Baina errealitate zikin horrek, hain zuzen ere gure gustukoa ez delako, baditu esperantzarako eta edertasunerako zirrikituak. Eta dena nahastuko zaigu antzezlan honetan, errealitatearen tristura eta ilusioaren emozioa.

Zirku zahar batean gertatzen da dena. Lau artista baino ez dira geratzen han, lehen jendetza erakartzen zuen zirku hartan. Orain, mundua aldatu egin denez, lau protagonista horiek bizitza berriari ekin behar diote: batek abokatu izan nahi du, bestea ahizparen etxera joango da bizitzera... Lau galtzaile, beraz, umeentzako antzezlan batean. Gaia gogorra da, baina Hortzmugakoek badakite zelan jarri umeak txaloka, irribarrez eta emozioz beteta.

Kontua da, eta hori da nik espero ez nuena, helduentzako obra ere badela, eta zelan gainera. Emozioaren negarrari eutsi ezinda ikusi nuen bat baino gehiago Leioan, eta ni ere ozta-ozta libratu nintzen trantzetik. Irudi koloretsuak, mundu magikoak, txikitan denok amestu ditugun eta liluratu gaituzten ilusioak, denak bat eginda ordubeteko ikuskizunean.

Eta amaieran, pertsonaien partez berriro ere aktoreak agertu direnean, eta berriro ere tristura agertu denean (amaiera beti delako tristea, zer esanik ez zirkuari buruz ari bagara), kantu bat proposatzen dute, eta kantuan, lelo bat, esanguratsua, tristea, ederra: "buruan beti maletak prestatuta izan".

Izan ere, aldaketak egun batetik bestera etor daitezke, ezer ez da betirako, are gutxiago ilusioa.

gabiria 2005/06/07

Re: Zirko iluna

satortzulo — 2005/06/07 10:06

joe julen


ikuskizuna ikustera joateko ikaragarrizko gogooa jarri zaidak, atento ibili beharko diagu uda honetan
ikusi ahal izateko



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema