Barrenkale (III)
Irakurle gazte batek mezua bidali dit posta elektronikoz, esanez Barrenkale eta enparauetako kontu hauek fin-fin irakurtzen dituela, eta, MCDk Barrenkaleri eskainitako abestiak zioen moduan, burua lehertu beharrean duela azken asteotan idazten ari naizen nesken kontuarekin. Nahikoa duela larunbateroko sufrikarioarekin, nahikoa begiratu eta gozatu ezinarekin, zer eta orain agure buruzuri oilanda zalea etorri eta deskribatzen hasteko zelakoa den Barrenkaleko gau-fauna arropa bakoa. Ia-ia literalki esan dit hori dena, arropa bakoarena neuk gehitu dudan arren. Beste detaile bat ere ematen zuen: "gero beltzak eta moroak daude", eta barkamena eskatzen zidan hori aipatu beharragatik, ez dela arrazista eta hori dena. Gero, mutikoa kexu agertzen zen, etorkinek neskak kentzen zizkietela eta ea hori ere aipatuko nuen inoiz.
Bada, aipatu dut. Baina ez horrek kezkatzen nauelako, ezpada etorkinen gaia buruan mailuka izaten dudalako ia egunero: urteak pasatu dira kolore guztietako lehenengo pertsonak gurera heldu zirenetik, baina iruditzen zait orain egiten dugun banaketa nabarmenagoa dela. Lehen, banaketa azalaren kolorearen araberakoa zen. Orain etorkinaren jatorria da aipatzen dena: errumaniarrak, ekuadortarrak, marokoarrak. Inpresio hori daukat, sailkapena gero eta gehiago mugatzen dela eskuaira eta kartaboiz egindako marra (geo)politikoetara, edo, bestela, erlijio eta sineskeretara. Eta akaso oker egongo naiz, baina iruditzen zait gaur egun azalaren kolorearekin ahaztea bezain zaila dela jatorriarekin ahaztea, komunikabideek gogoraraziko digutelako gizon batek Orioko emakume kolonbiarra jipoitu duela edo Kortezubiko lapur ukrainarrak kartera kendu diola elizatik irteten ari zen andreari. Eta, bitartean, ez dakit Larrabetzuko bikoteak adoptatutako ume txinatarrak noiz arte jarraitu beharko duen txinatar izaten, jendearen begietara.
Eta, esate baterako, Barrenkale baino hiru kale harago, Andra Mari kaleko eskolan, etorkinak pilatzen dituzte, gainontzekoekin elkartzeko aukera barik, eta kartaboia ze asmakuntza ona den irakasten diete.
Trenean non jarri
Egunero bezala, atzo ere trenean etxera.
Bat-batean, zarata itzela. Segundo bat duzu pentsatzeko, eta nik pentsatu nuen deskarrilatzen ari ginela, halako zarata izan zen. Jendeak oihu egin zuen, eta niri beroa sartu zitzaidan tripatik gora, bularrera. Belarrian ere min sentitu nuen, zaratagatik ziurrenik.
Ez ginen deskarrilatzen ari: kristal bat apurtu zen, ez besterik. Trenak aurrera jarraitu zuen, eta denok elkarri begira geratu ginen, zer gertatu zen apurka-apurka ulertuz.
Segundo gutxiren buruan harria aurkitu genuen kristalaren azpian. Harri itzela, esku batean kabitzen ez zena. Kilo erdi pisatuko zuen.
Kasualitatez, harriak apurtu zuen kristalaren ondoko aulkietan ez zihoan inor, bai aulki bat aurrerago eta bai pasilloaren beste aldean ere. Hasierako sustoa gaindituta, irribarreak irten ziren, ikustean ez zela ezer gertatu (neska bati ilea kristalez bete zitzaion, baina kito). Nik ere irribarre egin nuen apur batez. Gero pentsatu nuen zergatik sartu zen harri hura kristal hartatik, eta zergatik ez kristal bat aurreragotik. Zergatik ez zen ezer gertatu pentsatzen hasi nintzenean, joan zitzaidan irribarrea.
Pentsatu nuenean zergatik bota behar izan zuen norbaitek harritzarra jende ugari zeraman trenaren kontra, urduri jarri nintzen. Pentsatu nuenean harriak metro bateko aldeagatik ez ziola agure bati buruan jo. Pentsatu nuenean gaur edo bihar ere berdin gerta daitekeela, eta edonor egon daitekeela hor jarrita. Pentsatu nuenean laneguna amaitu nuela eta pozik nindoala etxera, apur bat idazteko esperantzarekin. Pentsatu nuenean beste norbaiten asperduragatik pikutara joan zitekeela trenean zihoan errugabearen patxada. Ez zait "erru" hitza gustatzen, baina horixe sentitu nuen: errugabeak ze erru ote duen buruan kilo erdiko harria hartzeko. Eta "errugabe" hitza etorri zitzaidan, treneko jendeari begiratuta.
Eta oraindik ezin ulertuta nabil. Zergatik? Ze poz bilatuta? Ze emozioren bila? Harria bota zuena akaso gehiago poztuko zen harriarekin norbaiti jota? Frakasoa izan ote zen kristala bakarrik apurtzea? Zenbat gabezia, zenbat asperdura, zenbat ezintasun, zenbat amorru kabitzen da horrelako pertsona baten barruan? Jakin nahi nuke, apur bat gehiago ulertzeko jendearen izaeraz.
Geltokian jaitsi eta, etxera bidean, kristalaren zarata ezin nuen kendu eskumako belarritik. Molestiak nituen. Atzamarrarekin ukitu eta konturatu nintzen odoletan neukala belarria. Ez zen ezer, beste belarritako bat jartzeko moduko zulotxo bat besterik ez, baina berriz ere pentsatu nuen inork ez dizula sekula ziurtatzen norantz eramango zaituen bizitzak: etxerantz, nire kasuan bezala; edo ospitalerantz beharbada. Aulki bat harago edo aulki bat honantzago jesartzen bazara, bizitzak bide bat edo bestea emango dizu. Eta inoiz ez dakizu non jarri, batez ere trena hutsik doanean eta aulki guztiak dituzunean aukeran.
Portaleko giltza
Gernikako Bgbiz aldizkarian irakurria, kaleko inkestan:
Galdera: Udabarrian odola berotzen jatzu?
Dolores Ruiz Sagasti, 83 urte, aspaldiko garaiak gogoratuz:
Orduen domekatan pasilekuen eitten gendun jantzan, musika bandie egoten zan eta. Praka zuridun beraniantiek gustetan jakuzen, trenien Busturittik etorten zien mutil elegantiek. Akordetan naz, hareetako bategaz agarraue jantzan ibili nintzela behin, eta zeozer igerri neban hanka artien. Pregunteu ein notson, "zer dekozu hor ba"?, "Portaleko giltze" esaban, eta nik pregunteu notson "ene! Artieko kastiloan bizi zara ala?".
Bartali eta elitearen garaia
Gaurko egunez hil zen, duela bost urte, Gino Bartali, 85 urterekin. Ziklista handia, itzela.
Gogoratzen naiz Giroan, etapa amaieran, zelan beti egoten zen gizon zahar bat esponsorraren bisera jantzita, jendeari eskua ematen zoroen moduan. Huraxe zen Gino Bartali.

Tour bi irabazi zituen Bartalik. Institutuetan-eta hori aipatzen dudanean, gazteek purrustada egiten dute. Nik uste dut oso esanguratsua dela hori: sentsazioa daukat (ziklismoa adibide hartuta, baina ez ziklismoan soilik) inork ez zaituela kontuan hartzen Tour bi "baino" ez badituzu irabazi. Zazpi Tour irabazi behar dituzu norbait izateko. Sei irabazi badituzu, hain ona ere ez zara: gehienez, esango dizute onena zarela, baina Armstrongekin enpatean. Ziklismoan eta beste gauza guztietan, jarrera hori zabaltzen ari dela iruditzen zait.
Eta niri jarridazu Armstrong, jarridazu Indurain, jarridazu nahi duzuna Bartaliren ondoan, eta Bartalirekin geratuko naiz duda barik. Tour bi irabazi "baino" ez bazituen ere. Tour bi, bai, hamar urteko aldearekin: hori inork ez du errepikatu. Bartalik 1938ko eta 1948ko Tourrak irabazi zituen. "Eta tartean zer? Potrojorran?", galdetuko du norbaitek. Tartean II. Mundu Gerra egon zen, eta ez zen Girorik, Tourrik ez ezer korritzen. Pentsatu ziklistak zaretela. Imajinatu egoera: urteak aurrera doaz, gerrak ez du amaierarik, Tourrik ez da egiten eta ez dakizu egingo den ere, edo, inoiz egiten bada, ez dakizu parte hartzeko adinean egongo ote zaren. Eta, hala ere, entrenatzera irteten zara. Jakinda aurten ez dagoela Tourrik. Sumatuta hurrengoan ere ez eta hurrengoan ere ez. Horrela zazpi urtez, 1940tik 1946ra bitartean (biak barne) ez baitzen Tourrik egin.
Gaur egun, onena ez bazara, ia-ia txarrena zara. Sentsazio hori daukat. Kontzertuetan ere sumatzen dut hori. Talderik ospetsuena ekarri behar da aretoa betetzeko. Eta zelan bete ere! Sarrerak egunean bertan agortzen dira, danbor eta turutekin abisatzen dizutelako talderik ospetsuena dela (ez derrigorrez onena, baina horrek ez du ardura), eta ibiltzeko adi, ensegida amaituko dira-eta sarrerak. Amaitzen dira, jakina. Eta ensegida gainera. Horren ostean, egin beste berrogei kontzertu talde apalagoekin, eta berrogeien artean ere ez duzu lortuko hainbeste jende.
Elitearen garaian bizi gara, sekula baino ikono gehiago ditugu, sekula baino pertsonalizatuagoak eta sekula baino espezializatuagoak. Eta eliteko idoloetatik behera ez dago inor. Gazteak guztiz sartuta bizi dira elite-nahiaren giro horretan.
Baina nik Bartali maite dut, eta bere moduko bartaliak. Tour gutxiagorekin, baina Indurain baino askoz ziklista hobea. Seguruenik, Armstrong baino hobea.
Hurrengo asteetan Bartaliri buruzko zenbait anekdota kontatuko dizkizuet, gustu baduzue eta astia ateratzen badut.
Barrenkale (II)
Begiak zabalik, kieto, hormaren kontra egon nintzen horietako batean, nire ezkerreko belarriaren ondotik neska batek oihu egin zuen: "Vaneeeeee!". Bera zen. Izan behar zuen. Patxik abisatu zidan, eta, geroztik, sarritan ikusi dut. Ezagutu, lehen ere ezagutzen nuen, baina izena jartzea falta zitzaidan, eta hori Patxiri zor diot. Vanessa ez dela neska bakarra esan zidan: Vanessa, Vanessak direla, azken tribu handia. Esan zidan kontuz ibili behar nuela eurekin, sorginak zirela. Erretratua zehatza zen oso: plataformak, dena ondo markatzen duten kanpaidun praka arrosak, piercingdun zilborra agerian uzten duen kamixeta laburra, ile lisua (aukeran, ile beltz naturala, botilako hori barrakeroa edo metxa laranjak fondo beltzaren gainean) eta uztai formako belarritakoak. Beste pista bat ere eman zidan: Vanessak, askotan, ez dira Vanessa deitzen, baina beti egongo da Vanessaren bat tartean, tribuko gurua, hain zuzen. Gainontzekoak Ainara deituko dira, esate baterako. Eta derrigorrezkoa: euren artean oihuka komunikatzen dira, esku batean zigarroa daramatela, besoa -erakunde autonomo hori- altuera erdian balantzaka, parean tokatzen zaien edonor erretzeko puntuan. Iturri fidagarrietatik jakin dudanez, Vanessa batek zigarroarekin erretzen bazaitu, zugana joan eta alkandora astintzen dizu errautsa kentzeko, eta lehenengo kontaktu hori galbidea da: maitemindu egiten zara berarekin, alkandora astintzeko modu horrekin, bere azazkal pintatu eta ipurdi estuarekin, kamixeta laburraren azpitik irteten den gerri txitxiarekin, eta orduan akabera da: zu bere Charly bihurtzen zara apurka-apurka, eta denbora gutxi beharko duzu plastikozko praka eta jaka zuriak erabiltzen hasteko, eta betaurreko ilunak, eta ilea bale-koipez bustiko duzu eta rottweiler bat paseatuko duzu Zazpi Kaleetatik, eta zeure burua tunningduko duzu, eta Gueñesko kartingeko bazkide egingo zara, eta kotxeko antenatik sokatxo laranja bat zintzilikatuko duzu, eta okerrena da Vanessarekin seko maiteminduko zarela, eta okerragoa akaso: bera ere zurekin seko maiteminduko dela.
