Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Apirila 22 Doisneau etorri duk hitaz galdezka
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Loritoa joan eta Doisneau etorri da, Robert Doisneau.

Lagunen gomendioei kasu eginda, blogaren diseinua aldatu egin behar zela erabaki genuen. Kolore laranjak "distraitu" egiten zuen irakurketa, kontuan izanda, gainera, nire testuak luze samarrak izaten direla batzuetan.

Bloga pertsonalizatu egin didate, beraz. Beste zenbait diseinu ere izan ditugu esku artean, baina Doisneauren argazki horrekin egindakoa ikusi genuenean, ez zen dudarik egon.

Akaso galdetuko didazue: eta zer ikusi dauka argazki horrek zure blogarekin? eta "Lagun batek esan dit lagun batek esan diola" izenburuarekin?

Ez gara orain azalpen metafisikoak ematen hasiko: argazki horrekin eta Doisneauren gehienekin maiteminduta nago.

Datozela orain egile eskubide eske. Ez diegu ezer ordaindu, jakina: artelantzat har dezakegu argazki hori, eta bada. Baina artelan soiltzat hartzea, izango litzateke bizitza bera artelantzat hartzea. Eta orduan, nori ordaindu egile eskubideak? Doisneauri? Berak ez du bizitza asmatu, berak bizitzari (artelan eder horri) argazki hau atera zion, eta zoragarri geratu zitzaion. Bai, badakit: plan horretan jarriz gero, literatura ere bizitzan oinarritzen da, eta, beraz, idazleei ere ez zaie egile eskubiderik ordaindu behar. Lasai denok, eta gogoratu blog honen izena: "Lagun batek esan dit lagun batek esan diola". Hau da: gezurra, egia, gezegia, egiurra edo nahi duzuena. Esaten dudan guztia ez da egia, ez gezurra, FOAF bat da hau, ez egin kasurik niri, egiazko engainua da, edo gezurretako errealitatea.

Nik imajinatzen dut Robert Doisneau Parisko kafetegi bateko terrazan jarrita, eta marmolezko mahaiaren gainean argazki kamera. Eta, bat-batean, bere aurrean, bikote bat muxu ematen. Egon dira segundo batez, eta Doisneauk ikusi ditu, baina kafea hartzen jarraitu du. Egon dira segundo bi muxuka, eta Doisneau begira geratu zaie. Egon dira hiru segundo, eta Doisneau konturatu da bizitzak argazki bikain bat oparitu nahi diola: bikote bat muxuka, eta inguruan bizitza presaka pasatzen. Euren mundua geldi, enfokatuta; besteena azkarrago, desenfokatuago. Muxuetan sortzen diren irla horietako bat topatu du Doisneauk pare-parean, eta laugarren, bosgarren, seigarren segundoan ahalik eta arinen prestatu du kamera, eta zazpigarrenean, bisoretik begiratu barik, klik egin du, zortzi, bederatzi, hamar.

Argazkiek istorioak kontatzen dizkigute. Batzuetan egia esaten digute, beste batzuetan ez. Lagun batek esan dit lagun batek esan diola.

Edo interpreta dezakezue bikotearen atzean dagoen betaurrekoduna ni neu naizela. Eta eszena hori ikusi eta blogean zuei kontatzera natorrela: "Gaur bikote bat ikusi dut kalean muxuka. Mundua gelditu egin dute, baina nik presa handiegia neukan euren munduan geratzeko". Horrela hasiko litzateke agian. Neu naiz betaurrekodun hori.

Edo bikoteak ondoan duen andre kuxkuxero horrek (konturatu zarete begi ertzetik begira dagoela?) kontatu didala niri. Lagun batek esan dit. Esan dit gezurra, esan dit egia. Ez dakit zer esan didan, baina esan egin dit, hori da inportanteena.

Edozelan ere, maiteminduta nago argazki horrekin. Datozela orain, bizitzari egile eskubideak ordaindu behar dizkiodala esatera.

Baina batez ere, azalpen metafisiko guztien gainetik, eskerrik asko eta muxu bat Maiteri.

gabiria 2005/04/22

Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

satortzulo — 2005/04/22 08:40

bai jauna! benetan ederra da argazkia,
segundu zatiki batean hainbeste gauza gerta daitezke


diseinu arrixkutsuagoa espero nian baño ongi etorria bedi hau ere, oraingo diseinua ere gustatzen zait, baño aurrekoa frexkoagoa ikusten nuen, oraingoa klasiko xamarra iruditzen zait


halaere edukia da garrantzitsuena, horretan arrixkua eta majia ziurtatu daukagu egunero (edo ia egunero)


segi horrelaxe!



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Iturri — 2005/04/22 08:40

Kaixo Julen:


Oso polita.


Nik ere nahi dut.


Aio.



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Luistxo — 2005/04/22 09:46

Sentitzen dot, baina nere papera da gauzak fastidiatzea: argazkikoak aktoreak dira, eta dena prestatua zegoen:


A Life assignment in 1950 on young love in Paris led Doisneau to set up a number of scenes of young acting students kissing in various locations around Paris. 'Le Baiser de l'Hotel de Ville' (Kiss at the Town Hall) can be seen on walls and in poster shops around the world. It is a far more successful picture than the others in this series, more authentic and immediate. By working from behind a cafe table and including passers by on the pavement and traffic behind we get the impression of a moment snatched (like perhaps the kiss), while the other shots seem more contrived and set up. The models too are acting more naturally, with an air of abandon missing elsewhere - perhaps because it is more public than the other scenes he tried. The reactions of the passers by - a man avoiding the pair, looking steadfastly forward, while a woman's eyes are swivelled round to watch the couple, also reinforce the feeling of spontaneity. Importantly it also makes deliberate use of a slight technical imperfection to suggest a candid shot, with shallow depth of field and a slow shutter speed that gives some blurring, particularly of some of the pedestrians. Overall it is a fine mixture of carefully planned spontaneity and a little luck helping the prepared photographer.


Doisneau About.com-en



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

3ARRANO — 2005/04/22 10:11

Diseinu hau askoz hobea da. Nik lehengoarekin ezin nuen gustora irakurri. Bejondeizula!



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Julen — 2005/04/22 10:19

Luistxok:


"argazkikoak aktoreak dira, eta dena prestatua zegoen"


Horrek sendotu egiten du nire tesia, blog honetan dena gezurra, dena egia, dena irakurlearen araberakoa dela. Ez duzu ezer fastidiatu, beraz.


Eskerrik asko informazioagatik. Ez nekien hori horrela izan zenik.



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Jozulin — 2005/04/22 15:19

Uaaaauuuuuu! ze politeeee!
Aizu, eta hor ezkerrean ageri den txapeldun gafosue ez da ba Lauaxeta, ala?



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Julen — 2005/04/22 16:36

Nahiz eta aurrekoan errazago irakurtzen nuen (letra handiagoa naranjaren gainean, hori al da arrazoia?), hau oso ongi dago.
Zorionak beraz, Maiteri. Zuk jarraitu idazten, animoa eta indarra duzun heinean.



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Patxi — 2005/04/23 16:53

Ze gauza polita dan, esan dezun horixe: inoiz bizi izan dezue? Muxu bat, begirada bat, topo egite bat... Mundua gelditu egiten da.


Neri ere izugarri gustatzen zait argazki hau. Eta egia da, hemen sartuta nagoenean, mundua geldirik egoten dala. Halaxe sentitzen naizela askotan. Zirrara batek nere bizkarrezurra zeharkatzen duenean.


Beraz, diseinua, oso egoki. Zuritasuna, nik oso gustoko. Eta aldaketak suposatzen duen zantzu ona: luzerako izango zaitugula aurrean, gauza politak kontatzen.


Loritoaren nostaljia pixkat, baina erraz ezabatzen da, egunerokoa gauza politez karga eginda datorrenean.


Zorionak sariarengatik.



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Nerea — 2005/04/24 18:58

Eskerrik asko Julen!!


Eskerrik asko, bariku gabaz zure bloga zabalduta argazki hau aurkitu izan ez baneu, seguruenik sekula ez nintzatekelako hemen idaztera ausartuko eta izkutuko irakurle mireslea izaten jarraituko neukelako.
Baina argazki horrek orain dala urte asko maitemindu ninduen nik ere, eta ordutik nigaz jarraitzen dau (Parisera joateko aukera izan dodanetan Hotel de Villetik pasadatxoa egin izan dot beti, eta orain, ohean nire ondoan lo egiten dauanari baimenik eskatu gabe ere gure logelan daukadalako)
Argazkiari buruz nik beste konturen bat nekien. Argazkia famatua egin eta gero Pariseko aldizkariren batek protagonisten benetako identitatea ezagutzeko deialdi publiko bat egin eban. Txarto gogoratzen ez badot behintzat, bikotea ordurako banatuta egoan, eta betaurrekoduna aurkitzea ez eben lortu, nahiz eta milaka gizon aurkeztu ziren azkenean eskaintzen eben ordain sariaren bila. Egia dan ala ez, ezin dot ziurtatu, baina pozten naz noizbait irakurri edota lagunen batek kontatu eustan hori hemen agertzeko aitzaki ederra eskeini deustazulako.



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

Ana — 2005/04/25 07:12

Oso polita. Klasikoa, garbia, fina eta erromantikoa. Niri bestea asko gustatzen zitzaidan, ausarta zen, eta kolore biziak (eta bizipen koloretsuak) maite ditudanez, laranja-jantzia gustuko nuen. Baina onartzen dut orain askoz ere errazago irakurtzen dela, eta uste dut diseinuaren garbitasunak lagundu egiten diola mezuari, errazago heltzen baita begietara eta garunera. Zorionak, beraz, eta segi horrela!



Re: Doisneau etorri duk hitaz galdezka

iigo m. — 2005/04/25 21:44

Argazki horretaz gaur egin dute berba telebistan: enkantean saldu omen dute 155.000 eurotan, eta hori dela eta argazkiko protagonistetako bat ere agertu da, emakumea hain zuzen ere. Musukatzen ari den bikoteak zortzi hilabetez iraun zuela esan du. Euren oroimena askoz gehiago duda barik.
Zorionak denagatik Julen, bai saria, baita diseinu berriagatik ere!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema