Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Apirila 20 Harategizar (eta III)
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Harategizar (eta III)

Kebabeko okrea ez da hain okrea ere. Zurbil samarra da, lotsatia eta behargina. Esate baterako, zapatu gaua aurrera doala, ez du burua altxatzen fogoietatik, eta, zurbiltasuna galduta, gorri-gorri jartzen zaio aurpegia. Lanean murgiltzen da eta ez dizu ezertxo ere esaten, etengabe galdetu arren. Nik, adibidez, galdetzeko ohitura hartu dut, eta berak ere bai, ez erantzuteko ohitura. Ezin zehaztu, beraz, nongoa den, ze ez dit esaten. Izan daiteke marokoarra edo aljeriarra, eta berdin-berdin tunisiarra, baina mutua ez da, eta, hala ere, ez dit esaten.

Zuzenean galdezka hasi nintzen. Gero zeharka. Hurrengoan pistak eskatu nizkion. Gaur kebab bat eskatu diot, atera egin dit, jan dut, ordaindu diot eta barran geratu naiz bi ordu. Pertsiana jaisten duenean etxeraino jarraitzearen ideia bertan behera utzi behar izan dut, konturatzean tabernaren atzeko gelatxo batean bizi dela.

Galdetu diot ea Bilbo ezagutzen duen. “Bilbo...”, errepikatu du berak, izena ezaguna egingo balitzaio bezala. Nik kanpoaldera seinalatu dut: kalea, parkeak, plazak... ea ezagutzen dituen. Ezetz, buruarekin, baina baduela telebista; eta piztu egin du eta gero amatatu, nire dudak uxatzeko. Galdetu diot kapaz izango ote zen munduko mapa batean kokatzeko, exaktamente, bera non dagoen. Behargina da eta ez du alferrik berba egiten, baina duda egin barik erantzun dit “eta hori zertarako?”. Eta arrazoi zuela aitortu behar izan dut, burua makurtuta eta ezer esan barik. Zertarako jakin zein den zure kokapena atlasean, Kebab batean bizi bazara gau eta egun, eta soilik eguzki printzaren bat sumatzen duzunean irteten bazara atarira, Marokoko edo Aljeriako edo Tunisiako eguzki berak epel zaitzan, fogoiak epeltzen ez zaituen moduan.

Galdetu diot nor den lo aurreko bere instanteen jabe, nor den. Bihotzean daramana, nor den. Bere begietan gorderik, nor den. Telebista piztu, eta kate arabiar bat jarri du, berak baino ulertzen ez zuen hizkuntzan.

gabiria 2005/04/20

Re: Harategizar (eta III)

Madari — 2005/04/20 09:22

Atlasek zertarako balio dute zure etxetik mugitzen ez bazara? Ba amets ederrak edukitzeko. Bazen filosofo greko bat bere herria baino ezagutzen ez zuena. Ez zuen inoiz bidaiatu, baina Atlas eta liburuei esker bere buruak lurrari buelta asko eman zizkion. Langileak ez dio bizitzari gauza berezirik eskatzen, lasaitasuna izaten da langileen eta guztion helburua. Kebak behargina kebaken moduan dirua dagoen lekuan saltzen da, Bilbon, Turkian edo Amerikan berdin zaio lekua, berak lasaitasun hori lortzen duen neurrian.



Re: Harategizar (eta III)

Sagarra — 2005/04/21 11:25

Nire ustez, denetik tristeena da halabeharrak eraginda, ez dakit, kebab bat montatu behar izatea zurea ez den herrialdean, eta zazpi metro karratu dituen leku batean han jarraitzen duzula imajinatu behar izatea. Dena den, nik uste dut, ez zaiola askorik kostatuko burua bere mundutik ateratzea, hemendik aurrera gero eta jende gehiagok esaten baldin badio zein zoragarria den berak prestaturiko kebaba. (eta gainera egia da)2



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema