Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Artxiboa 2005 Otsaila 11 Tronpetaren soinua
Dokumentu Akzioak

Lagun batek esan dit...

Tronpetaren soinua

Lehengoan Sorgintxulo zenaren azpitik pasatu nintzen. Horrelakoetan begirada joan egiten zait, bertan egon beharko lukeenaren bila beti. Egon beharko luketen baina ez dauden lekuetara begira ibiltzen naiz, eta ez ditut aurkitzen. Bada, begiratu nuen gora oraingoan ere, eta Sorgintxuloko atea zarratuta ikusi nuen. Aterik ere ez, egia esan: zemento kapa bat, gris-grisa.

Beheko kaletik nindoan ni, eta gogoratu nintzen zelan. Zelan hau eta zelan hura. Zelan dena.

Pentsamendu horietan nengoen, Sorgintxuloren azpian dagoen garaje bateko atea zabaltzen hasi zenean. Ate automatiko horietako bat. Zabaltzen hasi zen eta zarata egin zuen, olio faltan. Baina ez nion kasu handirik egin, hirian eta zaraten artean ibiltzen ohituta.

Aldiz, nire ondoan zihoan andre zahar batek bai, erreparatu egin zion zaratari. Hain zarata berezia ere ez zen, gñññek antzeko bat, luzeagoa akaso: gñññeeeñññek. Zarata desatsegina, esate baterako, Tahitiko hondartza batean bazaude. Zarata artistikoa, berriz, Guggenheimen bazaude. Edozelan ere, zarata bat, beste hainbesteren antzekoa, hirian izaten diren horietako bat besterik ez. Baina andreak erreparatu zion, eta bitxia iruditu zitzaion agian, eta inguruetara begira hasi zen, gorantz eta alboetarantz. Horrelakoetan gertatzen zaidan moduan, ilargiari baino, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratu nintzen: zaratari baino, atsoari.

Eta unetxo batez biak geratu ginen geldi espaloian: nik zarata entzuten nuen, andreak auskalo zer. Nik garajea zabaltzen ikusten nuen; andrea inguruetara begira ari zen, zarata nondik zetorren asmatu ezinda.

Azkenean, begiratu eta esan zidan:

-Alguien está tocando la trompeta, pero no se donde.
-Ahí arriba -gezurra esan nion, Sorgintxulora seinalatuz.
-Ah! ¿Los del gaztetxe?
-Sí. Están ensayando para Semana Santa, para salir con una cofradía.
-¿Pero no lo habían cerrado? -galdetu zidan, harrituta, erosketako poltsak lurrean uzten zituen bitartean.

Egia esatea pasatu zitzaidan burutik. Pentsatu nuen esan behar niola zarata hura alboko garajetik zetorrela, ez zirela tronpetak. Are gutxiago Sorgintxuloko gazteenak. Eta uste dut denbora larregi geratu nintzela isilik, zer esan jakin barik. Izan ere, berak, poltsak lurretik hartu eta, alde egiteko keinua eginez, berriro galdetu zidan:

-Lo han cerrado, ¿no?

Baina azkenean, disimuluz, belarrira hurbildu, eta esan nion:

-No se lo diga a nadie: entran por la ventana.
-¿Los del gaztetxe?
-Sí.
-Pues me alegro -esan zidan, eta joaten hasi zen. Gero, burua jiratuta, aitortu zidan-: porque a mí el sonido de la trompeta me encanta.

gabiria 2005/02/11

Re: Tronpetaren soinua

Patxi — 2005/02/11 10:58

Buuuuuuffa!


Goizaren erdian, zerbeza bat edan det, aspaldiko partez, eta txorabio puntu bat daukat, errealitatea diferente ikustarazten didana,


Baina ez ez, ez diferente eta ez ezer, ipuin hau demasa da. Zoragarria.



Re: Tronpetaren soinua

satortzulo — 2005/02/11 11:10

erabat ados patxirekin, bikaina



Re: Tronpetaren soinua

Gabi — 2005/02/11 11:31

Ipuin laburren balizko liburu berri baterako materiala erretzen zabiltza (je je). Ona, oso ona!



Re: Tronpetaren soinua

Xabi — 2005/02/14 16:44

Bazkalosteak gogorarazi dit gaur txoko honetan oso gustura irakurtzen ditudan kontuak agertzen direla sarri, eta... zer esango dut ba, perla hau irakurri ondoren begitantzen zait ordenadorearen zurrumurrua bibolin baten soinua dela. Mirari txiki bat, inondik ere.



Re: Tronpetaren soinua

IGELA ! — 2005/02/14 20:51

Aupa!


Gaztetxe horretatik ibiltzen zen bibolin-jole bat ezagutzen dut. "Sorgintxulo" eta Xabik aipatutako "bibolina" irakurri ondoren gomutatu dut eta hango sorginkeriaz lagunduta edo, nire lehenengo korreoa bidaltzera animatu naiz.
Irudimenari bidea laga eta barruan ikusi dut ene burua. Benetako tronpeta batekin ez dut inoiz topo egin barruan egon naizenetan. Antzeko instrumentuekin gozatzeko parada izan nuen,bai.Ederra izango zen soinu haiek tronpeta batekin nahastea, errezeta bikaina!!!(Oi! doinuak agian?).
Aspaldiko giroetan "oka egiten" laguntzeagaitik... eskerrik asko!! eta segi zazu horren majo idazten!!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema