Erosotasuna eta epeltasuna
Duela larunbat bi Zinegoak jaialdira joan nintzen, 16:00etako saiora, aldez aurretik egitaraua gainbegiratu eta ikusi ostean ordu horretan ematen zutela "Wild side" pelikula frantziarra, iazko Berlinalen ere sariren bat jasotakoa. Pelikula horren bila joan nintzen, beraz, eta bai aurkitu ere! Ez zen ordurik egokiena pelikula bat ikusteko (hobea siestarako), lekua ere (Bilborock-Mesedetako Eliza) ez da lar erosoa zinema patxadaz ikusteko, baina, ze arraio, Zinegoak jaialdian ematen dituzten pelikulak ere ez dira erosoak, eta, azken batean, eroso egoteko sofan geratuko nintzateke.
Bada, joan, pelikula bakarra ikusi, eta asmatu: berak irabazi zuen Zinegoak-en sari nagusia. Ez da zinemaren historiara pasatuko, baina interesgarria eta sentsibilitate handikoa da, edozelan ere. Zatika oso ona ere bai. Zinegoak jaialdian hiru dira gai nagusiak: homosexualitatea, lesbianismoa eta transexualitatea. "Wild side" filmaren gaia azken hori da, hain zuzen ere.
Protagonistak hiru dira: Stephanie, Jamel eta Mikhail.
Stephanie Frantziako herri txiki batean jaio zen, eta Pierre izena jarri zioten. Flash-backak erabiliz, jakingo dugu Pierre zelan doan apurka-apurka Stephanie bihurtzen, eta zer den atzean utzi duena eta zer bidean galdu duena. Eta zer bidean irabazitakoa, oso gutxi bada ere.
Gero Jamel eta Mikhail daude. Jamel gazte magrebtarra da, Parisko geltokietako komunetan prostituitzen dena. Mikhail, berriz, Ukrainarra, Odessakoa, Parisera heldu berria. Hirurak etxe berean bizi dira, maitasuna eta sexua hiruren artean konpartituz. Lehen esan bezala, sentsibilitate handiko eta isiltasun luzeko filma da, gogorra batzuetan eta samurra besteetan.
Hirukote horren kontrapuntua Stephanieren amak jarriko du, eta hori izan zen niri gehien interesatu zitzaidan gaia: ama hiltzear dago, eta Stephanie zaintzera joan zaio. Amak ez zekien bere Pierre neska bihurtuta dagoela, eta haurtzaroko oroitzapen ugari etorriko zaizkio kolpean. Amaren ikuspuntu hori benetan izan zen ederra, pelikulako gauzarik onena.
Bada, eszena labur batean, amak oso gauza esanguratsua egiten du. Detailetxo bat baino ez da, eta pelikulan ez dauka inongo jarraipenik ez aparteko garrantzirik. Benetako garrantzia duten gauzen moduan, beraz. Ni eszena horrekin geratu nintzen.
Ama hiltzear dago. Denak egiten dio min. Hotzak dago. Ez du apenas jaten. Eta holako batean, besaulkian jarrita sutondoaren aurrean dagoela, patxada handiz, isilik eta inor konturatu barik, kojina hartu eta sutara botatzen du. Gero, jertsea kendu eta sutara botatzen du. Eta hortxe amaitzen da eszena, besterik ez.
Bakoitzak bere moduan ulertuko du, baina nik beti miretsi izan dut amek isilik sufritzeko duten gaitasuna eta joera. Amak kapaz dira erosotasunari eta epeltasunari (kojinari eta jertseari) isilik eta oharkabean uko egiteko, badakitelako euren benetako arazoa ez dela ezerosotasuna eta hotza, baizik eta kojinez eta jertsez epeldu ezin daitekeen beste min bat. Eta oharkabean jasango dute euren mina, inori ezer esan barik, inorekin konpartitu barik, alferrik konpartitu barik, eta, deskuidatzen bazara, irribarrez. Baina horretarako, beharbada, ama izan behar da ezinbestean. Akaso arrazoi dute emakumeek, esaten dutenean gizonezkoak edozergatik kexatzen garela.
Tolerantziaren aldeko monumentua
Eduardo Txillida hil zenean, arranguraz esan zen haren amets guztiak errealitate bihurtu zirela, bat izan ezik. Eta Tindayako proiektuaren kontra zeudenei egozten zitzaien Txillidak amets hura bete ez izana. Ez da gutxi bizitzako amets guztiak, denak bat salbu, bete ahal izatea. Gutako edozeinek sinatuko luke: gure bizitzako azken ametsa ez betetzea, beste amets guztiak bete ahal izateko. Ez da gutxi pertsona bezala, eta asko da artista bezala. Izan ere, pertsona baten ametsak amets humanoak dira, nolabait esateko: izan daitezke handiak, txoroak edo beharrezkoak, eta lortu ahal izango dira edo ez, diruz ordainduta beteko dira edo utopia hutsa izango dira, baina amets humanoak dira.
Artistaren ametsak, aldiz, bestelakoak dira. Artistari, esan dezagun pintoreari, akaso bururatuko zaio figura bat perspektiba guztietatik ikusi behar dela, eta halaxe islatu behar duela koadroan: perspektiba guztiak erakutsi behar dizkiola ikusleari. Eta egin egiten du, Picassok egin zuen bezala. Esan dezagun idazleari, esan dezagun zinegileari, esan dezagun musikariari, esan dezagun eskultoreari, bururatzen zaizkien ametsak diruz lor daitekeena baino harago joaten dira: errealitateari buruzko ikuspegi berri bat emateko, estetikaren kontzeptuak iraultzeko, etikaren bosgarren hanka bilatzeko, forma plastiko batekin giza izatearen zimenduak dardarka jartzeko.
Zelako inbidia Txillidak bere bizitzako amets guztiak, bat izan ezik, bete bazituen!
Oraintsu jakin dugu Tindaya mendiko proiektuaren bigarren faseari ekingo zaiola, zundaketen faseari, hain zuzen. Lehenengo fasearen helburua mendiaren azala aztertzea izan zen. Orain, mendia osatzen duen haitzaren ezaugarriak ezagutu nahi dira, eta, horretarako, ehun metroko sakonerako eta hamar zentimetroko diametroko 14 zulaketa egingo dituzte, guztira 1.705 metro haitz ateratzeko. Txillidaren asmoa tolerantziaren aldeko monumentua egitea zen, mendia barrutik hustu eta gizakiaren txikitasuna sinbolizatuko zuen 50 metroko kuboa sortuz. Bertatik eguzkiaren eta ilargiaren argiak ikusiko lirateke, eta, ondorioz, Txillidaren hitzez esateko, "uste duguna baino txikiago sentituko ginateke bertan, eta uste duguna baino berdinago elkarren artean. Tolerantziarako gune zoragarri bat".
Gero ekologistak proiektu horren aurka agertu ziren, eta apurka-apurka jakin genuen ekologismo hutsa (ekologismoa zerbait hutsa izan badaiteke) baino arrazoi sendoagoak ere bazituztela aurkakotasun hartarako. Geologoek diotenez, Tindaya Kanaria Uharteetako naturaren mirarietako bat da; botanikoek mendi hartako espezie endemikoak aipatzen dituzte, desagertzear daudenak; zoologoek hango arrano, bele eta bestelako txori bitxiak salbatu nahi dituzte; arkeologoek aspaldiko guantxeek harrian grabatutako podomorfoak goraipatzen dituzte, eta etnologoek gogorarazten dute Tindaya mendiaren inguruan sortu direla bertako tradizioak eta, beraz, mendi sakratua dela. Hori guztia gutxi ez, eta proiektua Kanarietako politikarien ustelkeriak estaltzeko amarrua zela ere jakin zen, eta jokaldi inmobiliario ikaragarria.
Ez dakigu hau guztia zelan amaituko den, baina gu ere ez ginateke auzi honetatik aparte egon behar. Indiferentzia ere jarrera politikoa den aldetik (gaur egungo jarrera politikorik indartsuena), ez nuke indiferentziaz ikusi nahi euskal herritar baten azken ametsa herri baten nahiaren gainetik pasatzen dela. Ez artearen izenean, ez ezeren izenean.
Arteak errealitateari buruzko galderak plantearazi behar dizkigu, errealitatea kuestionatzeko leihoak zabaldu behar dizkigu, errealitatearen gainean pauso berriarekin ibiltzeko bideak ireki behar dizkigu, baina arteak ez du errealitatea suntsitu behar. Tolerantziaren aldeko monumentu eder bat izango litzateke Tindaya dagoen-dagoenean uztea. Gizakiaren txikitasuna ulertzeko ez da zertan naturaren handitasuna apurtu.
Ametsak, askotan, politagoak dira ametsetan.
Elurra eta biok
Azkenean denok berdinak gara. Denborak ez dira hainbeste aldatu ere. Pertsona izan ginen, gara eta izango gara, eta natura izan zen, da eta izango da. Eta tartean agertu dira Spectrumak, Tamagotxiak eta Nintendoak, eta jaioko dira berriak, txikiagoak eta karuagoak. Baina, azkenean, barru-barruan, gauzak ez dira horrenbeste aldatuko.
Gu txikiak ginenean sudurra talo-talo pegatzen genuen ikastolako leihoetara, elurra jausten ikusteko. Eta irakasleek esaten ziguten bueltatzeko mahaietara, ea ez genuen sekula elurrik ikusi. Eta bueltatzen ginen, baina begi-ertzetik zaintzen genuen leihoaz bestaldeko mundu zuria. Jakina mila bider ikusi genuela elurra, baina sentsazio itzela zen, eta dena nahasten zitzaigun buruan:
1) oraindik negua zela pentsatzearen gozamena
2) maluten patxada euri zakarraren aurrean
3) ahoa zabaldu eta elurra irensteko gogoa
4) gora begiratu eta zerua begietara jausten ari zitzaizula sinistearen harridura.
Eta itxaropena, zelan ez: desiratzea arrasti osoan eta gau osoan horrela jarraituko zuela, eta elurrak guztiz estaliko zuela etxetik ikastolara genuen kilometro bateko aldatsa, eta etxean geratuko ginela edo, hobeto esanda, kalean.
Dena nahasten zitzaigun. Sentimendu horietako batzuk oso atzean ditugu jada, esate baterako azkena, pentsaezina zaidalako elurte batek etxetik lanera dudan bidea estaliko duela. Baina beste laurak oraindik gordetzen ditut, batez ere laugarrena: elurra jausten ari dela, kalera irten eta zerura begira jartzea da, oraindik ere, naturak ematen didan oparirik ederrenetakoa. Barkatu kursia izatea, baina horrela da.
Bada, kontua da nik lan egiten dudan lekuan, aurrez aurre, leihoz leiho, eskola bat dugula. Neskato moñoñei begira pasatzen dugu eguna, beraz. Ume txikiagoak ere badaude, eta gaur horiekin fijatu naiz, elurra mara-mara hasi eta sudur-taloak kristalean pegatu dituztenean. Eta euren atzean irakaslea ikusi dut, zerbait esaten. Seguruenik betikoa: inoiz ez duzue ikusi ala?
Irakasleari ere, garai batean, bere irakasleak esaten ziona. Eta irakasleari, haren irakasleak. Eta horrela izan da eta izango da, elurrak goitik jausten segitzen duen bitartean eta umeak harritzeko prest dauden bitartean. Tamagotxi guztien gainetik eta Nintendo guztien azpitik.
Jean Haritxelhar
Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohiari egindako elkarrizketa dakar gaur Garak, aprobetxatuz hamasei urtez izan duen kargua gaur utziko duela, Andres Urrutiak hartzeko.
Euskarak Iparraldean duen egoera larriaz
Ez dakit larritasun hori egiazkoa den. (...) Iparraldean, beherakada izan da baina hori bukatua dela uste dut. Ordokia iragan da, eta erran dezaket hasi dela pixka bat maldan gora. %23 edo %24 dira euskaraz ikasten dutenak; hori ez da sekula ikusi. Egia da laborarien etxe-baserrietan galtzen ari dela, hizkuntza transmisioa ez baita egiten, baina beste alderdi bat ere bada: sekula baino gehiago entzuten eta agertzen da euskara. Eskolako mintzaira bilakatu da, ez bakarrik haurretan, baita unibertsitatean ere. Nik uste dut euskara ez dela gehiago laborari edo sehien hizkuntza, baina diplomak dituzten jendeen hizkuntza da. Ez da xumeen hizkuntza, hala izan baita garai batean, baina beste maila batera pasatu da.
---------------------------------------------------------------------------------
Lehen aldia da entzuten dudana, euskarak Iparraldean duen egoeraz hitz egiterakoan, larritasuna ez dela egiazkoa. Eta harriduraz irakurri ditut adierazpen horiek, sinistu ezinik.
Ezjakintasunetik egiten dut berba, datuak ondo ezagutu barik, eta horregatik botatzen ditut zalantza hauek airera, inork argitu nahi baditu.
Baina ikuspuntu baikorregia iruditzen zait Haritxelharrena. Baikorra baino, "Mundos de Yupi"ko ikuspuntua. Iragarritako heriotza baten aurrean senideek aipatzen dutenean bezala "gaur begi bat ireki du" edo "gaur ezagutu egin nau".
Iparraldeko egoerari buruzko datu gehiago beharko nituzke, baina, bien bitartean, errespetu osoz, nik ez dut Haritxelharrek esandakoa sinisten. Egoera larria ez dela esatea, hori iruditzen zait larria.
Somera (II)
Tabernan sartzean ez naiz konturatu musikarekin. Mahaia libre zegoela bai, eta lasai egongo naizela bertan, kaleko zaratatik urrun. Gero konturatu naiz, kafea eskatu eta mahaian jarri ostean, Sabina ari zela abesten orain beranduegi dela, printzesa, bilatu zaunka egingo dizun beste txakur bat, printzesa.
Gaztaroan, artean Sabina gustatzen zitzaidan eta, artean, halako abestien beharra izaten nuen neskaren bat ahazteko. Auskalo zer gogorarazten dion gorputza barraren kontra botata duen gizonari, txanponjalean ari den emakumeari, tabernako ugazabandre ezatseginari. Ondoen ikusten dudana gizona da, eta gustura joango nintzateke galdetzera zer gogorarazten dion. Erantzungo lidake, esate baterako, garai hartan Euskaldunan zebilela borrokan, baina "badakizu", esango zidan, "orduan gazteagoak ginen, amorratuta geunden, eta, abesti hau entzutean, sentitzen genuen nagusiari egiten geniola oihu: bila ezazu beste txakurtxo bat, nagusi". Hori izango litzateke bere erantzuna, edo beste bat, oso desberdina. Seguruenik beste erantzun bat, bai, oso desberdina.
Gero magiak hartu du taberna. Hurrengo abestiaren lehen konpasekin batera, taberna isilik geratu da. Emakumeak ez du txanponjalean dirurik bota, semeak ez dio aholkatu bonusak hartzeko, ugazabandrea pentsakor geratu da, barrako gizonak teilatura begiratu du eta gero edalontzira. Nik ere, ezustean, ezin izan dut lerrorik idatzi. Eta dena, harrigarria bada ere, Victor Manuel kantuan hasi delako, juntos de la mano se les ve por el jardín... Eta isiltasun horretan, bat-batean, bakoitzak bere kolkorako abestu du no puede haber nadie en este mundo tan feliz, eta entzun egin da: isiltasunaren barruan, xuxurla kolektibo bat entzun da, txanponjaleetako emakumearena, Euskaldunako langile ohiarena, ugazabandrearena eta, akaso, konturatu ez banaiz ere, akaso nirea ere bai.
Gero, Euskaldunako langileak tragoan edan du geratzen zitzaiona, eta agur esan barik joan da, pentsatuz gezurra esan duela abesti horren letra abestean.
Harkaitz Cano Bilbon
Bihar, asteazkenean, 19:30ean, Harkaitz Cano izango dugu Txurdinaga-Santutxun, Belarraren ahoa bere azken liburuaz berbetan, Asapala Elkarteak hilero-hilero antolatu ohi duen "Irakurlearen Tartea" solasaldiaren barruan.
Hitzaldiok hileko azken asteazkenetan egiten dira beti, AEK-k Txurdinagan duen euskaltegian. Hilabete lehenago, irakurleei jakinarazten zaie zein izango den irakurriko dugun liburua eta aurrean izango dugun idazlea; oraingoan, esan bezala, Harkaitz Cano izango da gurean, iazko azaroan argitaratu zuen liburuarekin.
Ekimen hau 2003ko urtarrilean hasi genuen, eta, geroztik, euskal literaturako makina bat idazle ekarri ditugu gure artera. Aurtengo ikasturtea Eider Rodriguezekin hasi eta Fernando Morillorekin jarraitu genuen, eta, abenduko ohiko geldialditxoaren ostean, urtea gogor hasiko dugu, gaur eguneko idazlerik oparo eta interesgarrienetako batekin.
"Belarraren ahoa" (Alberdania) narrazioan, autoreak Historia berrasmatu eta berreraiki egin du, ohi duen ukitu poetikoarekin eta imajinazio itzelarekin. Honela dio liburuaren kontrazalak:
"Demagun Hitler ez zela Berlinen hil 1945ean. Demagun ez zuela gerra galdu eta Europa osoaz jabetu zela, Britainia Handia barne. Demagun itsasoz doala Manhattanen jabe egitera. Itsasontziko sotoan preso, Charles Chaplin komediantea.
Demagun, 1886an, Frantziatik New Yorkera Askatasun Anderea puskatan daramaten itsasontziaren soto haietan Olivier Legrand izeneko polizoia doala Ameriketara.
Askatasun pertsonalaren alegoria ederra egiten du Harkaitz Canok bi historia horiek bat egiten duten unetik aurrera, kontakizun bizkor, samur, poetiko honetan".
Liburu ederra, lagunarte ederrean gozatzeko. Egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 19:30
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
--------------------------------------------------------------------------------------- Hurrengo zita: otsailaren 23an, Andoni Egaña "Hogeita bina" liburuari buruz berbetan.
Hamar urte
Bart entzun nuen irratian, Roge Blascoren "Levando anclas" zoragarrian, Eneko Etxebarrietak eta Elza Miyuki Okabek larunbatean hasiko dutela euren proiektu berria: munduari itzulia tandemean.
Eneko Etxebarrieta gasteiztarrak lehen ere eman zion itzulia munduari, 46.000 kilometro eginez 1.420 egunetan, hau da, ia 4 urtetan. Bidean Miyuki ezagutu zuen, eta orain biek batera ekingo diote bigarren bira honi. Baina, esan bezala, oraingoan tandemean.
Proiektuari "Acercando el mundo / Mundua hurbilduz" izena jarri diote, eta web orria ere sortu dute (gehien-gehiena gaztelaniaz dago). Bertan, besteak beste, ederto azaldu dute zer egin nahi duten eta zer egin zuen Enekok aurretik, eta buletin bat ere badute, euren berri posta elektronikoz jasotzeko.
Babesle nagusi bi (F-3.net eta cdtarjeta.com) eta kolaboratzaile mordoa lortu dituzte, ez nolanahikoak gainera: Canon, The North Face, Santa Maria Katedrala Fundazioa, Etxeondo, Karlosnet, Orbea, Nokia, Geo Planeta, Ikatz...
Enekoren lehenengo itzuliaren berri astero jarraitu nuen "Levando anclas" saioan, eta orain ere gauza bera egiteko asmoa daukat. Baina atzo, irratia entzuten jarri eta, berandu zenez, erdi lokartzen hasi nintzen, eta ezin izan nuen dena entzun. Hori bai: oso argi esan zuten zenbat iraungo duen proiektu honek, eta harrituta geratu nintzen. Hamar urte. Hamar urte munduari bira ematen.
Lo geratu aurretik, burutik pasatu zitzaidan zer diren hamar urte. Pentsatu zuek ere.
Zer gertatu zaizue azken hamar urteotan?
Zer gertatu da munduan azken hamar urteotan?
1995etik hona, zer gertatu da zuongan, barruan eta kanpoan, edo munduan, edo herrian?
Zenbat ume izan dituzue hamar urtetan?
Zenbat jende hil zaizue inguruan?
Zenbat lanpostu izan dituzue eta zenbat neska edo mutil-lagun?
Zenbat etsai eta zenbat lagun egin daitezke hamar urtetan?
Zenbat hazi da zuen umea?
Zenbat zahartu zarete zuek? Zenbat gaztetu?
Zenbat zahartu da mundua? Hamar urteko zenbat bira gehiago eman behar zaizkio munduari, erabat zahartu dadin?
Zelan irteten da hemendik?
Blog hau inauguratu genuenean, urtarrilaren 1ean, zapatistak aipatu genituen.
Itzulpengintza literarioko eskoletan erabiltzen dugun materialetik, bada testu bat bereziki ederra dena. Unai Elorriagak aurkitu zuen 2001eko martxoaren 25eko "El Semanal" aldizkarian, eta geroztik eskola horietan erabiltzen dugu. Bertan, Marcos komandanteordeak kontatzen du zelan heldu zen mundu indigenara. Horixe da gaur blogerako berreskuratu dudan elkarrizketaren hasiera.
Gaur sail berri bat inauguratuko dut: “Lurrekoak”, Gotzon lagunaren iradokizunez. Gozatu, beraz, lurreko jendearen jakituriarekin.
-------------------------------------------------------------------------------
Zelan heldu zinen mundu indigenara?
Mozkortuta.
Ideologiaz mozkortuta?
Ez, benetan nengoen mozkortuta eta autobusez nahastu nintzen. Nik Acapulcora nahi nuen, eta autobusak Chiapasera eraman ninduen. Mozkortuta segitzen nuenez, eta mozkorra kentzeko modurik onena beste mozkor bat hartzea denez, berriro nahastu nintzen lineaz eta Ocosingora heldu nintzen. Han, itsasoa non zegoen galdetu nion indigena bati, eta Miramar urmaelera bidali ninduen, Lacandona oihanean; beraz, han erabiltzen dituzten kamioi horietako batera igo eta, oraindik mozkortuta, errepidea amaitzen den lekura heldu nintzen. Berriz ere itsasoaz galdetu nuen, eta esan zidaten "hoa harantz", eta oihanean sartu nintzen baina inoiz ez nintzen urmaelera heldu: komunitate indigena batera heldu nintzen eta mozkorra pasatu zitzaidan, eta, orduan, Acapulcon ez nengoela konturatuta, Antonio zaharrari galdetu nion ea zelan irteten zen handik, eta, labur, erantzun zidan: borroka eginez.
Oso kontu ederra da. Oraintxe asmatu duzu?
Ez, ez, bai zera! Egia hutsa da: beste dena propaganda da.
Ez gara fashionak, baina...
Atzo, Patxi Gaztelumendi pozik zegoen bere blogean, Kukuxumusuk telefono mugikorretarako jolas arrakastatsu eta original bat sortu duelako, Pernan Goñiren eskutik.
Gaur, ni berriro poztu naiz, eta arrazoia Kukuxumusu bera izan da. Lanera nentorrela, Bilboko kaleetatik paseatzen eta eskaparateei begira, bat-batean iruditu zait txarto irakurri dudala: instintiboki, pentsatu dut "Rebajas" jartzen zuela, baina zerbait arraroa zuen kartel hark. Berriro begiratu dut: "Revacas". Kristorena iruditu zait publizitatea, oso ona, kontuan hartuta Kukuxumusun behiek duten garrantzia.
Baina, segituan, barruan dudan itzultzailea esnatu egin da (gutxitan lokartzen da, baina gaur nekatuta zegoen), eta buruan galdera-ikur erraldoi bat agertu zait, eta beldurra ere galanta. Batez ere azken hori: beldurra. Galanta.
Segundo laurden batean, erreakzionatu egin dut: "Revacas", zelan jarriko genuke euskaraz? "Vaca", "Behia". Beraz, "Behierapenak" edo antzeko zeozer. Hitz-jokoa egiteko modukoa zen. Eta orduan bai, orduan sartu zait beldurra, pentsatzean Kukuxumusukoek errazenera jo eta ohiko "Beherapenak" jarriko zutela. Eta joan naiz dendaren beste eskaparatera, eta... arnasa gustura hartu dut: "Behirapenak". Zelako poza! Hitz-joko bikaina lortu dute euskaraz eta gaztelaniaz. Ez dakit zein izan zen lehenengo: euskarazkoa ala gaztelaniazkoa; ez dakit zein den jatorrizkoa eta zein itzulpena, baina ez da igartzen, eta asko da hori. Itzel daude biak, eta poztekoa da.
Gero, kalean aurrera eginez, Bilboko Udalak sustatutako SheŽs in fashion kanpainako pegatinak ikusi ditut eskaparateetan. Bilbo hiri fashiona da, eta eskaparate horietan, "Rebajas, soldes, saldi..." ikusi dut, munduko hizkuntza guztietan, euskaraz izan ezik. Fashiona da Bilbo, euskarari bizkarra ematea bezain fashiona. Hiri honi aukerarik ere ez zaio ematen euskaraz bizi ahal izateko, pentsa ze fashionak garen.
Euskara ez dago modan, baina pozak ematen dizkigu noizean behin. Ni, behintzat, irribarre batekin geratu naiz Kukuxumusuren erakusleihoa ikusi ostean.
Hurrengo kanpainetarako, iradokizun txiki eta apal bat, hartu nahi badute. Behi eroak ez daudenez guztiz ahaztuta, eta "Rebajas locas" askotan erabiltzen denez, "Revacas locas" ere oso polita izango litzateke, eta euskaraz, berriz, "Behieropenak" edo antzeko zerbait. Edozelan ere, txapo, Kukuxumusu!
Somera (I)
Somera kaletik ibili naiz paseatzen, Unamuno plazan hasi eta Erriberarantz. Baina leku lasaia behar dut patxadan ikusitakoa patxadaz idazteko. Koadernotxoa badaukat, beti eramaten dudana irekita jakaren poltsiko batean, eta boligrafoa ere poltsiko berean, disimuluan zerbait idazteko. Oinez noala, itsuan, zirriborroak egiten ditut koadernoan, eta gero, letra horiek, hankak tintaz bustitako euli batek idatzitakoak diruditenak, tabernaren baten epelean deszifratzen saiatzen naiz.
Erriberatik gertu taberna zahar txiki bat aurkitu dut. Somera kaleak hori dauka: tabernak ezagunegiak zaizkidala, ezagunak eta gazteak. Eta ez daukat gogorik giro horretan sartzeko, ezin izango nituzke-eta lerro bi segituan idatzi. Konturatu naiz oso taberna klase konkretua behar dudala: lasaia, ez derrigorrez kutrea. Mahaia eta jarlekua izan behar ditu, hori bai. Eta, azkenik, oso garrantzitsua: ahal bada, nik kanpokoa ikusi behar dut, baina kanpokoek ni ez. Aurkitu dudan tabernak, izenik aipatuko ez dudanak, goitik behera betetzen ditu baldintzak, gehigarri batekin: ukitu kutrea duela. Eta niri ikaragarri gustatzen zait hori.
Garai batean argazkiak ateratzen ibiltzen nintzen, eta nire proiekturik handiena Espainiako kutretasunaren trilogia egitea zen. Buruan sartuta neukan, tematuta. Trilogiaren gaiak ziren, batetik, erlijioa: sentitzen nuen Espainian itzelezko pasioz bizi dela erlijioa, eta, batzuetan, kutretasun itzelez. Oso gauza fotogenikoa da kutretasuna, zer esanik ez erlijioarekin nahasten denean. Bigarren gaia zezenak ziren, eta horren inguruko guztia. Eta hirugarrena, gehien erakartzen ninduena, bazkalosteko giroa, bere domino, puru eta guzti. Beste gai askorekin ere osa nezakeen trilogia, baina hiru horiekin egiten nuen amets, gazte eta zoro.
Tabernan, nire mahaiaren atzean, makina txanponjale bat. Emakume bat jokoan, eta hamar bat urteko semea alboan. Semeak errieta egin dio: “¡ama, tienes que conseguir cofres, no campanas!”. Garai batean argazki bat egingo nieke, zuri-beltzean. Lotsabakoagoa nintzen. Orain hobeto nabil, eta nire koadernotxoan jasotzen dut mundua, isil-isilik, guztiz ikusezin.
