Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Mariaren Bihotza plaza (II)

Mariaren Bihotza plaza (II)

gabiria 2006/03/02 06:29

Gustatzen zaigu aniztasuna, gustatzen zaizkigu koloreak, hizkera arrotzak eta ñabardurak. Gustatzen zaizkigu, eta urrun badaude, askoz ere gehiago gustatzen zaizkigu.

Eman paseo bat San Frantziskon behera, San Anton zubiraino. Bitxia da: paseoa amaitzerakoan, 800 metro inguruko jaitsiera horren ostean, berdin-berdin esan dezakezu sekulako aniztasuna ikusi duzula edo sekulako homogeneotasuna ikusi duzula. Aniztasuna, bidean ikusi dituzulako beltzak, marroiak, horiak, jonkiak, ijitoak eta zuriak. Homogeneotasuna, talde horiek guztiak behin edo behin baino ez direlako elkarrekin nahasten, eta, hala egiten dutenean, tabernetan izaten da, benetako aniztasunerako gogoz. Esate baterako, Bere-bar zoragarrian, zeinetan berdin aurkituko baituzu Meirelle musulmanei barreka, atso bilbotarra mutil argentinar batekin hizketan, zaharrak tutean eta tabernari berberea euskaraz.

Gutarrekin egoteko beharra dugu beti, ulertuko gaituenaren alboan. Azaleko kolore bera badugu, edo antzeko lapurretak egin behar baditugu txuteak hartzeko, edo urte luzez fabrika berean egin badugu lan, edo tabernetan sartzen uzten ez badigute, edo Mekara begira hildako arkumea jaten badugu, gutarrak gara. Paddy Rekaldek idatzi zuen, Bilbori buruzko poema batean, "Nire zauriak / nire ametsak / dituztenak / dira / nire aberkideak". Eta ametsik ez baduzu ere, aberkideak erraz topatuko dituzu hemen, zauri berekoak bazarete. Eta, azken batean, zauri berekoak zarete, batek daki ze ilusioren atzetik heldu zaretelako honaino, ametsak bidean ahaztuta, lehenengoa dela dioten mundu puta honetako auzorik bazterrekoenean agertu arte.

Mariaren Bihotza plazako tabernara sartu naiz gaur ere, etorkin espainiarren artera. Santiagok Erandion egin du lan bizitza osoan, tailerrean. Gaur karta onak etorri zaizkio, errege bi. Beranduegi, hala ere. "Hobe hamazazpi urte nituenean etorri izan balitzaizkit", esan dit, eta azaldu dit beti buruan daukan Zamorako herritxo hori nolakoa den, ze ondo bizi zen han txikitan. Anisa eskaini dit eta eskuarekin ezetz egin diot. Trago batean edan du anistasun osoa.

etiketak: Bertan Bilbo
asier
asier dio:
2006/03/04 17:32

Kentzeko bada ere, ipini egin dut txapela nik. Ederra, Maisu.

patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/03/03 20:50

Kapela edukiko banu (ez jatan txarto etorriko), kenduko neuke. On-ona, Julen.

Joxepo
Joxepo dio:
2006/03/03 02:58

Julen, zelan esan behar zaizu bada, edukazio txarrekoa dela zerbait eskeintzen dizutenean ezetz esatea..gainera, ondo etorriko litzaizuke zuri,hainbeste trina eta mosto barik, anis pixkat, 800 metroko jaitsiera horretan irristatuz, anistatuz, San Anton zubiaz bestaldean aurkituko duzun aniztasunaren zuriaz mozkortzeko! "...y un ingles vino a Bilbaooooo!!!..."

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.