Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak Gizakia IV

Burutapenak Gizakia IV

Jon Etxabe 2016/07/18 10:55
Gizakiaren jarrera ezberdinei buruzko burutapenak

Jarrerak 

 

Ekintzailea

* Ahaleginik eza da uztarik ez dakarrena, ahaleginak beti du usta, helburu betetzen ez denean ere.

* Ahaleginik eza da uztarik ez dakarrena, ahaleginak beti du etorkizuna, norberaren duintasun kontzientzia besterik ezean.

* Bere baitan soilik bizi denak ez du ekarpen handirik eskainiko, sortzaile bada ere, ez baitu inguruari lotutako ganorazkorik asmatuko. Dela maitatzeko, dela gorrotatzeko, dela edozein harremanerako, norberen baitatik irten beharra du gizakiak. Isolatuarena oso bizitza mugatua da.

* Edozertan zerbait izan nahi duenak erantzukizun orekatu bat du beharrezkoa, okerbideetan sar ez dadin.

* Bilatzen duenak soilik aurkitzen du.

* Galtzeko arriskurik hartzen ez duenak ez du sekula irabaziko. Bestaldera begiratuz eskurik ez hartzeak irabazleari laguntzen dio, ez da inola ere neutraltasunik, neutrala inozoa da, eta bere burua engainatu nahi du. Neutralak parte hartzaileen adina interes eta erantzukizun du.

* “Neurriko aukeraren zain egotekotan inoiz ez diagu egingo; aukeraren neurrira makurtzea beste konponbiderik ez zegok”. Aukerarik baletor, baliatu, baina aukeraren edo neurriko aukeraren zain dagoenak ezer gutxi gauzatuko du. Aukerak sortzea da aurrera egiteko aukera bakarra.

* Egonean ibili nahi du askok. Edo ametsetan soilik ibili. Baina dagoena ez da inora joango, agian eraman eginen dute, baina ez nahiko luken lekura.

* “Galapan, trostan edo pausoan, mugitzea da kontua, libre sentitzeko” M A Meabek diona egia izanik ere, geldi dagoena ez da inola helduko, baina dabilena ere ez da beti aske izatera, ezta helburura ere,  heltzen.

 

Kanpolarrosa

* Askok, gehienek, irakurtzen ari den azken liburuaz hitz egiten du soilik. Jantzienek izenburuez eta autoreen izenez. Ez da seinale ona izaten. Horiek ez dira liburu kontsumitzaile ere, liburu baten erakusleiho baizik.

* Meneko bezala begiratzen eta tratatzen zaituzte funtzionarioek, zeregin ofizialeko mostradore osteko gehienek, poliziek, herrizainek, atezainek, ..., uniformea jartzen duen orok, uniformeak edo kargutxoak munduaren jabetza eman balie bezala.

* Kanpolarrosak ohi gara!!!. Ahaztu egiten zaigu denok garela amaren titia hartutakoak.

* Norberaz edo besteez komedia bat antzezten denean bizitzan edo gizartearen aurrean, itxurakerietan alegia, errealitate baten isla da beti, errealitate bat gordetzen du sakonean edo azpian, gehienetan, azkenerako, jakin edo azaltzen den egia.

* Sentipenen erakusle da aurpegia, arimaren ispilu dela esan zuen norbaitek, horregatik gara hain maskara zale, eta aratusteak ditugu maite, nortasun ezberdin bat hartzeko..

* Okerreko gizonari keinu zuzena, beste bati okerrekoari ikasitako keinua: sarriegi gara kanpolarrosa.

* “Zorte on”, tik bat da gehienetan, irtenbide erraza. Baina baita bihotzetik opa dena ere.

* Erreberentzia orok darama beti bere baitan mespretxua: gorroto du men-egileak menpeko izatea, aldi berean men-hartzaileak gutxietsi egiten du menpekoa

 

Iheslaria

* Ibilian ibiliz edo leku mingarrietatik aldenduz eramangarriagoak dira doluak,  baina ibilian ibiltzea edo zauria eragin diguten lekuetatik aldentzea arazoei bizkar emateko teknika ohikoa ere bada.

* “Horretxek ateratzen nau neure onetik. Jendeak bi aldiz esan behar zerbait, modu horretan, zuk lehenengoan ametitu eta gero”. Zer esan gutxi duelako izan ohi da askoren esandakoa errepikatzea, motz geratzen zaio esan beharrekoa, hurrengo hari-mutur baten bila dabil, edo ez du esateko besterik. Agian tematia da

* Ez isiltzea da zer esan asko edo handirik ez duen askoren abilezia; edo zer isildu duenarena.

*  Esperoan, beti esperoan: ezinaren ondorioa, amets hutsaren muina, gizakiaren aldarte normala.

* Gizakiak badu aurrera joz arazoak konponduko direla ustearen uste ustela. Bide okerra gehienetan, aurre egiten ez zaion arazoa, zornatu egin ohi da. Aurrera nondik jo asmatu behar da lehenengo, jotze itsua antzua ohi da.

* Isilean gordetzea da gizakiak gehienetan duen aukera errazena, ez umildadez, erosotasunez baizik.

* Ia inor ez da ikusi ahal irakurtzen opor egun eta bidaietan. Inor gutxik baliatzen ditu oporrak kulturarako. Museo bat bisitatu eta ikuskizuna bat gozatu, liburu bat irakurri, … gehiago da opor edo bidai egunetako ordu galduan betetzeko trikimailua. Errazagoa eta atseginagoa zaigu hondartzako  etzana edo kafetegiko mahaitxoko mokadu edo tragoxka:  pobreen kultura ez, gizakiaren kultura dela esango nuke.

* Egunez eguneko  bizimodu kateatua bizi dugunean, berbera eta bakarra dirudite kate-begi guztiek, ez diegu aldaketei antzematen, eta sortzen zaigu etsipena. Ondorioz dator gizakiaren egunerokoari ihes ahalegina, ihes ezinaren frustrazioak. Horregatik behar dugu goitikako begirada zabala, ikuspegi eragilea izan dezagun.

* Pentsatzeak balizko asmatzea dakar, eta  asmatzeak erantzukizuna. Horrez gain, pentsatzen duenak eragina du. Horregatik diogu beldurra pentsatzeari. Horregatik ere pentsatu eta ekin litzake jarrera eraginkorrena.

* Gaur ez bada bihar izanen dela esaldiak balio dezake une batean norbaiti arnasa emateko,  baina gauza gehienek gaur gertatzen dira soilik biharkoa beti da balizkoa, eta horrek gutxi du ziurtasunetik. Itxaropen antzua, besterik ez, gehienez irauten laguntzen duena. Atzeratzeak, taktikoak zein koldarrak, porrotaren hazia darama gehienetan.

* Gauzak bere horretan edo usteltzen uztea erabaki bat da, baina erabakirik okerrena izan ohi da.

* Ihesa da gehienetan beti akzioan egotea. Baina baita pentsatzeko  gaitasunik ezaren ezaugarri eta ondorioa ere.

* Isilik egotea ez da zuhurtzia gehienetan, zer esanikr ez edukitzea baizik.

 

Carpe diem

* “Zeren gu guztiok behin bakarrik hiltzen baikara, eta gizon handiak, aldiz, birritan: lehen aldiz, mundua uzten dutenean, eta, bigarrenez, heien obrak galtzen direnean”. Azkenez, denok hiltzen gara, bakar gutxi batzuk diraute agian mendeetan, baina hauek ere hilko dira, anonimo bihurtuko dira edo bere izenak lauso dirauko, lanak mendez geroago liluratzen gaituztenean ere. Bizi dezagun ahalik duinen une bakoitza, handikeriak eta betikotasuna ahaztuta.

* Eduardo Galdeanok: “Geu hilkor suntsierrazontzat unean unea zaigu betikotasun bakarra, eta hobe da unetxoa edatea hari negarrez aritzea baino”. Suntsierraza da gizakia. Carpe diem

* Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua eta garrantzia gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio horiek egiten dute letra larriko Historia, istoriok izan behar lukete autoestimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan.

* Ze helburutan jartzen dugun interesgunea, arreta eta ahalegina, hor data pertsona batengatik bestearenganako ezberdintasuna, hor datza perfekzioaren eta arrunkeriaren arteko tartea, maisulan eta erdizkako lan baten aldea. Edozein arlotan, dela artelana, dela idazlana, dela kirola: inguruaz abstraditu eta ari denari lotzen zaionak soilik hartzen  du perfekziorako bidea, arreta beste zerbaitetan darabilkienak, burua beste zerbaitetan  daukanak edozein lan burutzean, ez du bere zeregina borobilduko. “Age quod agis”.

 

Norkeriak

* Berenaz arduratzen da bereziki jendea, bakoitzak berea bizi du, zurea bigarren mailako zerbait da bestearentzat.

* Asko dira ogi opil osoa edo erdia mauka-mauka zuzenean eskutik bertatik haginka jaten dutenak platerekoaren lagungarri. Deneko ohitura dugu hori ere. Harritzen nau portaera batzuk nola errepikatzen diren herri guztietan,  gizakion barne lege orokor batek  eraginda bezala.

* Bakarrik geratu delakoan, alboetara begiratu ondoren, inork ikusten ez zuela eta platera eskuetan hartuz zurrut egin du zukua batek,  ohiturari jarraikiz beharbada.

* Telefonoa dugu geletan, baina hotel sarrerako telefono publikoan erreskada ernegatu bat ikusten da gauero telefonoz deitzeko. Giza portaeraren misterioa, bere psikologia legeak dituen arren.

* Jendea gauza askotaz konturatzen da, baina bereaz soilik arduratzen, besteen onerako ari dela uste duenean ere.

* Mila aldiz esperientziak egiaztatutako egia borobila da, niri argia eta begien bistakoa zaidana ez dela inoiz hala izaten gainerakoentzat. Baina hor tematzen gara bakoitza  berean. Eta hortik datoz ezin konpondu gehienak.

* Komuneko paperaren kanporako ertza, praktikotasunaren eraginez, nik kanpo aldera jartzen dut erroilua bere gailuan jartzerakoan. Kideak, ostera, barrualdera, estetikari begira. Bi izaera, bi joera. Leundu beharrezko elkarbizitzako ezberdintasunak.

* Dela ausardia, dela ahulezia, jarrera oro da eromena neurri ezegokiz, leku aldrebesean, edo modu okerrez erabiltzen bada.

* Huskeria batek gidatzen ditu azken erabakiak. Baina huskeria hori edalontzian gainezka egiten duen ur tanta izan ohi da. Katearen azken begia. Eta ez dago begi bakarreko katerik.

 

Gizaerak

* Denok aldatzen ditugu ideiak une batean, ideiak baino lehenago ideiak mozorrotzen dituzten jokabide, harrera eta jarduerak. Sakonean beti berdinak izaten jarraitzen dugula uste dut. Gakoa da inork gutxik onartzen eta aitortzen dituztela aldaketa edo mozorrotze horiek.

* Egoera arrunt batek aldarazi dezake gure portaera, ustekabe batek eten dezake gure ohiko jarduera. Horrelako stop bat behar dugu sarri geurean temati garenean. Agertzen zaizkigu stop iragarpenok, horregatik egin ahal dugu aurrera, bai bizitzan bai harremanetan. Adi aldarte zailetan stop hori noiz agertuko, ihesari eman gabe.

* Ezaugarri mentalak ez omen dira berez oso analizagarriak, beren ondorioetan bakarrik hautematen omen ditugu. Ezaugarri mentalak edo ez mentalak, zenbat juzku egiten eta ondorio ateratzen pertsonez, beraien azaleko itxuretan oinarrituak soilik. Nola ez gara ba elkarrekiko mesfidati, haserre edo sintoniarik gabe biziko. Xake jokoan bezala,  bestearen barnea zelatatuz bizi gara, besteak ze joko eginen.

* Bere baitan bizi denak ez du ekarpen handirik eskainiko, sortzaile bada ere ez baitu inguruari lotutako ganorazkorik asmatuko.

* Galderei galderekin erantzuten dietenak dira elkarrizketa ezinezkoa egiten duten mintzakide gogaikarriak,

* Norberaren akatsei itsu, besteei kontuak eskatzea da lotsarik ezaren ondorioetariko bat.

* Zer esanik ez duenaren hitz-jarioa da aspergarriena.

* Burugogorrari, edozein dela eta edonolakoa, kasurik ez.

 

Gizalegeak

* Edonondik, edonoiz, edonolako mintzoak datozkigu, entzuteko gai izatea da arazoa.

* Etsipena amore ematea da, helburua aurrez galdutzat ematea

* Etsipena landare zaharra dela intelektual euskaldunetan, irakurri dut,  eta etxe barruan sortua gainera. Merezi du ikerketa, hausnarketa edo sakontze bat.

* Etsitzea beti da porrota. Aldarte egokiago baterako erabakia luzatzea, beste zerbait da.

* Pertsona tristeak iruditzen zaizkit beti alai algaratsu agertzen diren horiek.

* Ikuspegi globala duenak harreman erosoagoak ditu. Izarrei begira bezala, aurrean eta erraz  ikusi ahal dena begiratu, zeharka begiratu ordez. Zirrikituetan galtzen gara sarri, sakondu nahi horrek urrutiragotu egiten gaitu egiatik.

* Konturatu gabe irensten ditugu era ezberdinetako mamuak, eta ondorioz, usterik onenean ere, geu gara mamu portatzen.

* Pazientzia gutxi izan ohi dugu geure eta bestearekiko. Denak du bere erritmoa, denbora eta unea. Zirt zart nahi ditugu gauzak, errazegi  mozten ditugu ere lokarriak, korapiloak askatzeko deborarik eman gabe. Ezer ez dator berez, baina ezer ezin da behartu, are gutxiago berezkoa.

 

Gizatxartuak

* Damu sentimendu bat du ondorio haserreak, eta kalteren bat sarri. Itsua eta gorra baita haserrea, helbururik gabekoa.

* Gizarte orotan eta gizarteko maila guztietan daude pribilegiatuak, gizarte eta maila zapalduenetan ere.  Eta beheragokoa zapaldu egiten dute.

* Autoestimu ezak besteengandik aldenarazi egiten gaitu, azpiratu bezala besteen zola pean, deuseztatu. Autoestimu larregiak besteengandik aldenarazi egiten gaitu ere, baina norabide ezberdinean, besteengandik goragoko mailan jartzera, gailenaraziz, zolapekoa oraindik zapalduagoa eginez.

* Aurpegiko giharrak kontrolatzea da maskara eramatea, anima ezkutatzeko baliabidea da maskara, harreman zintzoa zaildu edo ezinezko bihurtzen duena.

* Norberaren akatsei itsu, besteei kontuak eskatzea da lotsarik ezaren ondorioetariko bat.

* Estatus ona eta finkatua dutenak  dira aldaketa ororen etsai nagusiak. Zer galdua dutenak.

* Sarri pentsatu izan dut zerk erakartzen duen  gizakia telebista edo  irratira: asperdura, bakardadea, haserrea, egonezina, jankin nahia,  ... . Beti pentsatu izan dut irrati telebistak beraien entzule kopurua gehitzea besterik ez dutela helburu, inola ere ez inoren onbidea.

* Gurasoek, bikotekideak, ... baina batez ere uniformea, nahiz umilena, jantzi duen orok, polizia zein atezaina, edozein zerbitzari, azpikoei gailentzen ahalegintzen dira, jauntxoak bailira, eta zartailua erabili ohi dute nagusitasuna erakutsi nahian..

* Hiena tropel baten modukoak dirudite sarri ume eta koskortuek, koldarrak, taldekoiak, maltzurrak, besteen bizkarretik barre egin zaleak, baina nagusiok ere antzerakoak gara, ez umeak eta koskortuak soilik.

* “... ez ezazue zuenean sufriarazi guri hemen sufriarazi digutena”, judu batek dio hori Auschwitzen: Israelgo juduek ikasi ez duten mezua.

* Inpunitateak ematen dion inhibiziorik gabeko gizakia besterik ez da despota eta torturatzailea. 

etiketak: Gizakia, Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.