Araba maite
“Antzararen bidea”, Jokin Muñoz-ena, Alberdaniak 2007an plazatua
“Antzararen bidea” edo antzarak behin lepoa moztuz gero zenbat metro eta nola dabilen.
Bai ba, euskal literaturak 1936ko gerraren inguruan emandakoa aztertzen hasi eta halako batean liburu honen aipamena ikustean “bingo!” esan nuen, gogoa neukan hain kritika onak izan dituen Jokin Muñozen lanik irakurtzeko. Gainera nobelak 349 orrialde zituela ikusita are gehiago biztu zitzaidan gogoa, 200 orrialdetako muga pasatzen zen liburu bat hartzeko grina neukan eta.
Gaur egungo Euskal Herri korapilatsu honetatik neska bat sasoi hartan Nafarroako Erriberako herri batean gertatutakoaran atzetik hasten da. Horixe da kontaketa, gerra bera egon ere egon ez zen inguruan gertatutakoa.
Interesatzen zaizu? Ba eskuratu eleberri hau. Nik ia 350 horiek gelditu gabe irakurri ditut –oporretan egonda errezago jakina- eta ondo egongo ez balitz garbi izan ez nintzela bukaerara helduko.
Ondo dago munduko literatura irakurtzea, neu naiz lehenena horretan, baina ez izan dudarik, Euskal Herriko arazoak eta bertako ikuspegitik bakarrik hemengo idazleek emango dute. Ni, azken aldian, horren atzetik nabil, eta “gure” idazleak benetan zintzo eta ondo bete dute bere inguruko errealitatearen testigu eta notario izatearen beharra.
Euskal literatura benetan sasoi eder-ederrean dago, asko dugu aukeratzeko eta idazleak ez dira beste herrialde batzuetakoak baino eskasagoak, ez horixe. Murgil zaitez.
"Gerezi denbora", Inazio Mujika Iraola-rena,
"Gerezi denbora", Inazio Mujika Iraola-rena, Alberdaniak aterata, lehen edizioa 1999an, zazpigarrena 2004an.
Nik hartutako alean ordurako zazpi edizio izan dituela dio. Jesus! euskal eleberri batek zazpi edizio (gutxienez), eta nik ezta ezagutu ere! Bistan da ez naizela aditua. Horretara, irakurle, badakizu zelako gutxi balio duten nire eritziek.
Irasizabal-en “Gu bezelako heroiak” bukatutakoan átoan hasi naiz honekin. Gustora hasieran, gustorago gero eta guztiz harrapatuta bukaera alderako. Igartzen da oporretan nagoela. Nobelaren erdian nengoela, bazkaloste bat, andrea etxean ez, umeek irtetzeko gogorik ez eta nik digestio astun-astuna. Eta inork ez badu kalera joan nahi ba nik gutxiago. Zahartzen noala izango da. Arratsalde bat nire kabuz etxean pasa? Kontatzerakoan esku baten atzaparretatik erdia sobran ditut.
Eta horixe egin dut segi, eta segi, eta segi, amaitu arte, afaltzeko ordua zenean eta andrea helduta zela.
Arratsaldia ondo pasatu dudan? Bai. Gerran girotua, errepublikarren arteko saltsa eta areriotasunetan oinarrituta... "Gerezi denbora" hori, oso oparoa baina oso laburra. Egileak tragedia ikutu baino, abentura nobela lez planteatu du liburua, batez ere eman dion bukaerarengatik. Baina, hala ere, hala ere, ederra honekin egin dudan “nobela betekada”.
Ehun eta sei orri eleberri honek. Eta nire ustez, bere puntuan, bere momentuan bukatutakoa. 2004ra arte zazpi edizio izan dituela? Sinistekoa, merezi duelako.
"Gu bezalako heroiak", Iñaki Irasizabal-ek idatzia
"Gu bezalako heroiak", Iñaki Irasizabal-ek idatzia, Elkarrek argitaratua 2009ean.
Niretzako Irasizabal hau zeharo ezezaguna zen. Egun batean, Elkar Megadendara joan eta bertako saltzaileari galdetu nion: “Aizu, gerra zibilarekin loturiko nobela bat edo batzuk nahi ditut. Zer dago?” Eta apalategian begiratu eta hiru edo lau atera zizkidan. Horietatik bat edo bi atzera bere arasan laga eta bi eraman nituen etxera, bat hauxe eta bestea Inazio Mujika Iraola-ren “Gerezi denbora”.
Zertarako ibiliko naiz nire eritzia atzeratzen? Hasieratik lagako dut garbi: oso nobela ona iruditu zait. Eder-ederra! Deskubrimendu bat Irasizabal hau, bere beste lan batzuk irakurri beharko dizkiot.
Jakina, zelan ez ba, badauka bere “baina”. Nobelak 122 orri baino ez ditu. Badira kejatzen direnak, eta beharbada arrazoia eman beharko diet, euskal literaturan nobela motz samar nahikotxo dagoela, eta prezioa ez neurri berean merkea. Honetan beren alde egingo dut. Neuk behintzat bukatu eta “gehiago nahi nuen!” esaten nuen neure artean. Bat gustora dagoenean ez du bukatu nahi izaten.
Eta badauka beste “baina” bat: portada ez zait gustatzen. Aholkatu zidatelako, baina bestela, presentazioarengatik, ez nuke erosiko. Eta "aldeko" txiki bat ere ikusi diot, nobelaren paisaietako batzuk Bilbo, Basauri eta Bizkargi mendia bera dira, apurtxo bat ezagutzen ditut hirurak eta benetan bat nator hiruez egileak egiten dituen deskripzioekin, nik neuk idatziak balira legez sentitu ditut.
Azkenean, orduan, erosteko aholkatu bai? Baietz ba, duda barik, merezi du, eta nahi duzuna egin, edo erosi edo biblioteka batean hartu, aukeran.
"Ez adiorik", Raymond Chandler-ek idatzia
“Ez adiorik”, Raymond Chandler-ek idatzia eta Xabier Olarra-ren itzulpena. Igela argitaletxeak 1991ean plazaratua.
Bolada batean argitaletxe horren Sail Beltzan argitaratuta dauden klasiko amerikarrak omen direnak leitzen egon naiz. Atzena oraingo "Ez adiorik" hau. Sail berekoakek gustora laga nauenetik gogoz hartzen nuen hurrengoa.
Liburu honek 528 orri ditu baina horrek berez ez du ezer esan nahi. Onak badira zenbat eta gehiago hobe!
Eta errez joan gara liburua irakurtzen, lehenengo ehuna, bigarrena... ondo. Baina bukaera alderuntz galtzen hasi gara: izenak norenak diren ez dakigu; kontaketaren haria galdu; eta liburua bukatzeko lehen amaiera dirudien baten aurrean nik aparteko graziarik topatu ez. Horrekin guztiarekin interesa galdu dut. Liburuaren bideratzi hamarren irakurri ditudanean segitzeko gogoa ahitu zait. Hain gutxi falta dela bukatu egin beharko dugu, baina bihar, eta bihar etzi diogu, eta etzi ere gogorik ez, eta azkenean errenka, hain aurreratuta dugula pena ematen digulako bertan behera lagatzea.
Nire irakurketatik abiatuta zera esango nuke, orriak sobran dituela, ehun bat gutxiagorekin neuk behintzat hobeto. Seguru nago ez dala berdina egunero ordu bat edo bi eman irakurtzen edo, nire kasua den legez, egunero hamabost-hogei minutu eman, horrelaxe, jakina, luzeagoa egiten da, baina horiexek dira nire kondizioak, horixe da egunero dudana. Beste modu batez irakurtzen duenak ondorio diferenteak atera ditzake, baina badakizue, bakoitza eta bere zirkunstantziak.
Ondorioa, labur, aholkatzen dudan? Psaaa, ez. Ez txarra delako, hobeak badirelako baino. Eta gainera nik honezkero aukeratuta ditut hurrengo bi behintzat. Orria pasa eta hurrengoei ekingo diegu.
Ataria: Salburuako parkeko etxea
Salburua parkea aparta da, Euskal Herrian ez dago bera lakorik, eta 2009an edo zabaldu zuten bere ondoan natur parke horri dedikatutako etxea. Bisitan egon gara eta kontatzen dizuegu.
“Ataria” izena jarri diote Salburua parkean jarri duten “naturaren interpretazio zentroari”. Ezagutu ditut antzeko eraikinak, Murgian dagoena esate baterako Gorbeia mendian sarbidean. Hauxe, Salburua parkea legez, hirira jota dago, eta beste inork baina jende gehiago jasoko du, besteak beste, bertatik jende asko egoten delako astean zehar eta batez ere asteburuetan.
Sarreratik ez du aparteko itxurarik:
Albo batetik berriz bai ikusten da bere bereizitasuna. Zati nagusian, fotografiaren ezkerrean, etxearen areto printzipalak daude; eta eskuman berriz, sarbidetik hasita bukaeran, alboko kunboaren gainean geratzen den besoa. Asmoa daukate, nik uste, kunbo edo osin hori gerturik dagoenean, eta hartara animaliak-eta direnean, bertatik ikuskera polita ematea, baina oraindik, prestaketan dihardutela, ez da aparteko ikuskizunik. Geroan...
Bideo honetan Ataria ingurua jasotzen dugu, berau eta bere inguruan dauden beste eraikinak, hala nola Baskoniaren “Kirol hiria”, Buesa Arena eta Vital Kutxaren egoitza.
Atariaren besotik, edo zubi erdi horretatik, honelaxe ikusten da Vital Kutxaren etxea:
Eta hauxe handikan ikusten den putxutxoa eta mendi aldea. Ez da asko oraingoz, ez dauden animaliek asko jantziko lukete.
Barrukoa oso ondo gertatu dute. Beheko fotografian eskuman beso horretarako bidea ikusten da, eta ezkerrean hainbat kutxatan-eta gordetan dauden bitxikeri batzuk, jendearen arreta bereganatzen dutenak.
Besteak beste, bada pantaila bat, kamara bati lotutua, aginte-makil batez zuzentzen dena eta norberak bideratzen duena, eta gertuagotik edo urrinagotik, eta oso gertutik eta oso urrinagotik, enfokatu litekeena, ikusteko eta jolasteko oso ederra dena. Hona adibide bat:
Beste jolasgarri bat ur putzu birtual bat da, ez dakit nola baina bertan agertzen den irudia erantzun egiten dio gainean dagoen jendearen mugimentuari, gezurrezko putzu hori zapalduz gero efekto hori ikusten da: ur zapaldua, olatutxoak, arrainak ihesean... Niretako inoiz ikusi bako jolasa, umeak oso gustora horrekin jolasten, eta helduan inguruan ere harrituta. Nola izango ote da!
Bada hor ere hitzaldiak eta filmak emateko areto bat, gehienbat pentsatzen dugu Salburua eta naturarekin lotutako gaiak izango direla bertan eskainiko dutenak. Geuk behintzat horixe ikusi genuen bertan ginela, oreinak-eta tartean zirela:
Eta behean, gogoratzen dugunetik, kanpoko aldean ikusten diren bizikletak lagatzen dituzte, aukera bat da bertatik ibiltzeko; eta barruan egonean mahai inguruetan gozo egoteko toki bat eta umeak bolez beteriko kunba batean olgatu dezakete.
Baietz! Ederto pasa litekeela! Gehiago ikusi nahi duzuela? Hona erantzuna: http://tinyurl.com/y8r8jl7
Kez egindako erretratua / Bill S. Sallinger
Bai, nobela beltza baina protagonista nagusia emakume bat izanda
Kez egindako erretratua / Bill S. Sallinger-ek idatzia, Joxemari Iturraldek euskaratua. – 2. edizioa. – Igela argitaletxeak aterata 1996an. – Sail Beltza.
Euskaraz sortutako eleberri beltzekin hasita euskarara ingelesetik itzulitako liburuetara pasatu naiz. Jeneroaren jatorria ameriketan dago, haiexek dira aitak (tartean “ama”ren bat ere badela) eta seme-alabak mundu guztian zehar laga dituzte. Igela argitaletxeak Sail Beltza plazaratuta dauka, dozena bat inguru titulurekin eta bertan gehienbat klasiko amerikarrak daude. Sail honi esker irakurri ahal izan ditut hiru edo lau titulu gogoangarri horiek sortutakoak.
Gaurko “Kez egindako erretratua”k berezitasun bat badauka. Nobela egileak gehienbat gizonezkoak dira eta protagonistek horrekin bat egiten dute, mutilak dira nagusi. “Kez ...” honetan berriz gure antiheroea neska bat da eta bere bizi ibilbidea kontatzen zaigu. Kontaketan bi zati egiten dira, bata neskarena, eta bestea neskaren arrastoan dabilen mutilarena. Bukaerarako kapituluetan baino ez dute bat egingo euren lerroek.
Literatura plazerra izan behar du eta honekin halaxe izan dut. Gauean irakurtzen ditut hauek gehienbat eta nobela honekin deseatzen nengoen ordu hori ailegatzeko hurrengo kapituluen berri jakiteko, beharbada aurreko beste eleberri batzuekin baino gehiago.
Kontaketaren haria sinplea da, erdi asmatu liteke gerokoak nondik joko duen, baina beti tira egiten zidan, “dirudiena gertatuko da?, eta orain zer?”. Gomendagarria.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots Mendizorrotzan
Ba al dago gaur egun euskal ikuskizun bat hainbeste zale erakartzen duenik? Fenomeno batzuk dira, berbaren zentzu guztietan.
Larunbat honetarako Pirritx, Porrotx eta Marimotots datoz euren ikuskizun berriagaz: Irrien lagunak. Gure txikia (5 urte) deseatzen dago joateko, nagusiak berriz (8 urte) handitzat ikusten du bere burua eta ez du joan nahi, hori “ñañarruentzako” da eta. Amak bi sarrera erosi ditu bat txikiarentzako eta bestea guraso batentzako, beste gurasoa nagusiarekin geratu beharko da. Neri eskatu dit neu joan nadin. Baiiii! Gura dooot!
Ekitaldi bi ematen zituzten egun horretan, bat arratsaldeko bostetan eta bestea zazpiretan, gurea azkena da. Joan orduko banekien aparkatzeko ez zela erraza izango, eta gainera nahiago dut autobuses joateko. Garaiz abiatu eta garaiz ailegatu, hamabost minutu lehenaga heldu gara. Lasai asko sartu gara, lasaiegi, lehenengo inpresioa da bete-bete eginda dagoela, ez dirudi erreza guretzako toki ganorazko bat topatzea. Aurkitu dugu bat. Goian gaude, eta hor behean arduradunak –badira batzuk- umeak ondo jartzen jarduten dute.
Oraindik ez da hasi. Jendea hara eta hona doa bere tokia bilatzen, eseritzen da, ikuskizunaren azken ikutuak doitzen dira, umeak beren tokian jartzen dira. Prestatzen gara.
Hasi da! Hasi da! Oraindik ume guztiak beren tokian daude, dena ordenatuta, pailasoek dantzan eta kantetan energia gastu itzela egiten dute, begibistakoa da, baina badirudi ez dutela nahi neska-mutilak beraien tokietatik gehiegi mugitu daitezen, eta logikoa, momentu baten behera jaitsi direnean ehundaka ume mugitu dira batera. Bai, neri ere arriskutsua eta dena begitandu zait.
Gurasoak ondo pasatzen dugu, geuk ere ikusten dugu espektakulua lanuda dela, baina, jakina, gehienbat umeek pasatzen dute ondo.
Aurrera goaz, umeak honezkero jaiki dira eta oholtzara urreratu, aurrez aurre dira. Rock kontzertuetan legez pailasoen laguntzaileak “izarren” eta ikusleen artean jarri dira –fijatu zaitezte- denak bereiztuta mantendu daitezen.
Bukatu dugu, azken traka eta agurra: “Bihotza, burua, eskua! Sentitu, pentsatu, ekin!” Eta gero musuak eta etorriko dira, eta denak poliki-poliki mugitu gaitezela.
Ba al dago gaur egun euskal ikuskizun bat hainbeste zale erakartzen duenik? Ez dut uste, eta baietzean bazaudete, esaidazue. Fenomeno batzuk dira, berbaren zentzu guztietan.
La patria del gol: fútbol y política en el estado español / Daniel Gómez
La patria del gol: fútbol y política en el estado español, Daniel Gómezek idatzia eta Alberdaniak 2007an kaleratua
Begiratzen egon nintzen gai horretaz zer zegoen argitaratua. Bitxia iruditu zitzaidan, neri hain nabarmena egiten zaidanean estatuan futbola (kirola jeneralean) eta politikaren artean dagoen lotura, aztertu nuen zer idatzi zen horretaz, eta, liburu formatuan ez zegoen, ez dago, ezer. Topatu liteke futbola eta politika frankismo garaian, topatu liteke gai horretaz Hego Ameriketako herrialderen batean edo baten baino gehiagotan, baina estatu honetan eta gaur egun ez, ez dago, gaur hona dakarguna izan ezik. Zer? Politika eta futbola ez doazela eskutik helduta? Utzidazue barre egiten.
Dani Gómez kazetaria da, katalana, Euskal Herritik dezente ibilitakoa eta, nola ez, ezagutzen ditu Espainiako sentimenduak eta jardunak. Alde horretatik nahiko ezaguera eta ikuspegi zabala dauka. Igartzen da liburua kazetari batek idatzia dela. Niretzako kazetari gehienek modu berezia daukate liburuak idazteko: asko idatzi, ikerketa gutxi eginda eta estilo arinean, erraz irakurtzeko modokoa. Halaxe da ere hau liburua hau, egunkari bat lez irakurtzen da, trankil, orriak bata bestearen ostean hegan pasatuz.
Merezi duen? Bai, kontatzen duena ondo dago, ez nekien nahikotxo gauza irakurri dut, gehien bat Barçaren inguruak. Badakizue Errepublika garaiko bere presidentea frankistek afusilatu zutela? Eta horrez gain, eta lotsa eta dena ematen du esateak, gai horretaz argitaratu den liburu bakarra delako. Airez inguraturik bizi dugunok ez dugu airea ikusten, eta arrainok ere ez dute ura ikusiko. Eskerrak alderdi horretatik Daniri.




















