Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

EITB Nahieran Raspberry PI baten oinarritutako media-center baten

Mikel Larreategi 2016/02/27 23:50
Orain dela urtebete inguru Raspberry PI bat erosi nuen, hasieran gauza bat egin nahi nuen berarekin, baina azken hilabetetik guztiz bestelako gauza baterako darabilt: telebistarako media-center gisa.

Kodi
Kodi

Nire telebista "Smart TV" horietako bat da, baina badirudi lehenengoetakoa dela, edo Samsung-ek ez diola eguneraketarik jartzen, eta dituen aplikazioak hala moduzkoak dira, eta Youtube-rena aldiz guztiz deserosoa da.

copy_of_IMG_20160229_220937334.jpg
tvalacarta plugina

Azkenaldian Raspberry-ekin egindako media-centerrei buruz pare bat artikulu irakurriak nituen eta proba egin nuen, eta baita asmatu ere!

Nire Raspberry-an OSMC sistema eragilea instalatu nuen, instalazioan bertan media-center lanak egiteko Kodi softwarea zetorren (lehen XBMC izena zuen, ikusi Wikipedia informazio gehiagorako).

Baina zer da media-center bat? Ordenagailu baten, edo disko gogor baten izan ditzakezun, irudi, pelikula edo musika telebistan era eroso baten ikusteko aplikazioa. Aplikazioak ordenagailutik hartuko ditu fitxategiak eta telebistara bidali han ikusteko. Gainera, plugin sistema bat ere badu, eta aplikazioak deskargatzeko helbideak ere bai, eta horien bidez jendeak garatutako aplikazioak instalatu daitezke. Adibidez, YouTube-rena edo beste hainbat. Hori horrela tvalacarta eta pelisalacarta pluginak aurkitu nituen, horiek interneten dauden bideo zerbitzuak integratzen zituzten media-center-ean, horrela TVE a la carta, EITB Nahieran edo beste hainbat telebistaren zerbitzuak ikustea ahalbidetuz.

Zoritxarrez, EITBren plugina ez zebilen ondo: programak zerrendatzen zituen, baina hortik aurrera ez zuen ezer egiten. Kodea aztertzen egon nintzen eta EITBren webgune zaharrarentzat egokitutako kodea zen, berriarekin ez zuen funtzionatzen. Saiakera bat egin nuen kodea aldatzeko, baina ez nuen lortu bideoak ikusterik.

Utzi egin nuen kontua, handik gutxira youtube-dl ezagutu nuen arte. youtube-dl programa honek edozein bideo webgunetako bideo baten helbidea eman eta ordenagailura deskargatzen du: berdin da youtube, eitb, tve edo zuk nahi duzuna. Gainera python-en idatzita dago, tvalacarta plugina bezala, beraz ordu pare bateko kontua izan zen tvalacarta barneko EITB Nahierani zegokion aldaketak egin eta martxan edukitzea. Proba batzuk egin ostean, egileari bidali nion aldaketa sorta (hemen Iñigo Zendegik bidalitako bigarren aldaketatxoa ere).

EITB Nahieran
EITB Nahieran Kodin

EITB Nahieraneko programa zerrenda

"Bi eta bat" en atalak
"Bi eta bat" en atalak

Herri Txiki Infernu Handiren atalak
Herri Txiki Infernu Handiren atalak

Jaun ta Jaberen atalak
Jaun ta Jaberen atalak

"Gernikako piperrak bixeraz beteak"
"Gernikako piperrak bixeraz beteak"

Hala ere, nahiz eta azkar integratu zuen, oraindik ez du argitaratu nire aldaketa duen tvalacarta pluginaren bertsioa beraz erabili nahi baduzu eskuz instalatu beharko duzu. Saiatu naiz plugin repositorio gisa-edo gehitzen baina ezin izan dut, beraz, zure Kodi bertsioari dagokiona deskargatu, zure Kodi instalazioa dagoen makinara kopiatu (saretik edo USB baten txertatuta adibidez) eta ondoren Configuración -> Add-ons -> Instalar dessde un archivo .zip aukera erabiliz instalatu beharko duzu.

OHARRA: nik Kodi 15.2 bertsioan probatu dut eta ondo dabil. Beste bertsioetan ere funtzionatu beharko luke jatorrizko pluginak funtzionatzen badu. Saiatu lehenengo jatorrizko plugina instalatzen eta hark ondo funtzionatzen badu, probatu hemen jarritakoak.

Zalantzarik edo arazorik baduzu, utzi hemen erantzun bat, mesedez.

Eguneraketa 2016-02-28: Iñigo Zendegik konfirmatu du Twiterren Kodi 14.2 bertsioarekin ondo funtzionatzen duela.

@erralin nik 14.2 bertsioan ondo dabilela probatu dut

— Iñigo Zendegi (@izendegi) 28 de febrero de 2016

 

Eguneraketa 2016-03-03: deskargarako paketeak eguneratu ditut, batzuk ez zuten-eta bertsio zenbakia ondo ezarrita. Gerta daiteke ingurune batzuetan EITBko bideo batzuk ez ikustea, badirudi bideoen kodeketaren kontu bat dela. Ubuntu eta Kodi 16 dudan ordenagailu baten, terminala ireki eta komando hau exekutatuz konpondu dut arazoa: 

$ sudo apt-get install libvdpau-va-gl1 libvdpau1

Eguneraketa 2016-03-04: raspbian eta Kodi 15 bertsioan badabilela esan dit irakurle batek. Nik nire Kodi 16 bertsiora eguneratu dut eta hor ere ondo dabil.

Horrela eskegi dezaket erropa nire babes ofizialeko etxean

Mikel Larreategi 2016/02/15 09:04
Orain dela 4 edo 5 urte Babes Ofizialeko Etxe bat tokatu zitzaidan eta uztailean, obrak bukatu eta gero, erosi nuen. Ordutik etxea egin duenaren erantzunaren zain gaude, erropak non eta nola eskegi behar ditugun esan diezagun. Ikusi nolakoa den lekua eta zein arazo dituen.

Irudiek hitzek baino gehiago balio dutela esaten da, ba hemen bi bideo. Ikusi.

 

Gure etxeek, fatxadan, bideotan ikusten den "zesto" bezalako gauza hori dute. "Zesto" horren istoria da dena azaltzen duena.

Ikusi hurrengo irudia, 2015eko otsailaren 24an ateratakoa da, etxeak eraikitzea bukatu eta bertan sartzen utzi zigutenekoa:

20150224 Zestoa etxe barrutik

Ikusten den bezala, zestoa lehioaren erditik eskumara jarrita zegoen. Ikusi hemen Artzamendi enpresaren webgunetik ateratako etxearen planoak, eurek eraiki zituzten eta etxeak, eta euren webgunean oraindik han daude-eta.

Fatxadaren planoa

Hor ere garbi ikusten da zesto hori nola jarrita dagoen (borobilaren barruan dagoena da nirea), sukaldeko lehioaren erditik hasi eta hormaraino. Horrela dago jarrita Iparragirre kalera eta Karmen kalera begiratzen duten etxeetan.

Ikusten denez, gauza guztiz dekoratiboak ziren zesto horiek, ez baitzen posible hormaren erdian dagoen muturrera iristea eta ondorioz han ezer lotzea erropa eskegitzeko sokak lotzeko. 

Hori horrela, mugitu egin zituzten zestoan eta orain dauden moduan jarri, gutxienez lehioaren zabalera guztia hartuz.

Eta araudiak zer dio? Eibarko Udalak onartutako Herri-antolamendurako Plan Nagusia kontsultatu genuen, han zera dio gai honen inguruan:

9.13.19. Artikulua.- Esekitokiak 

Debekaturik dago bide publikora edo sarbide publikoa duen etxe saileko patiora ematen duten lekuetan arropa zabaltzea, eta orobat espazio horietara ematen duten balkoi eta terrazetan.

Barne patio argituetara ematen ez duten etxebizitzetan, nahitaezkoa izango da esekitoki eginkizunak betetzen dituen lokal bat izatea, hiru metro eta berrogeita hamar (3,5 m) zentimetroko eremua, edo handiagoa, izango duena, eta zabalera berriz ez metro bat eta hogei zentimetrotik (1,20 m) beherakoa, espazio publikoetatik arroparik batere ez ikusteko moduan diseinatua.

Lokal hauek aireztapen naturala izango dute, eta garbigailuak eta lehorgailuak ipini ahal izango dira bertan.

Aurreko paragrafoan zehaztutakoa ez da aplikatzekoa izango komunitatea bakarrik zerbitzatzeko lokal bat eta garbitegi instalazioa duten eraikinetan.

Fatxadara ematen duen esekitoki itxiturak ez du haren jarraitasuna hautsiko. Itxitura hori fatxadaren konposizioan txertatzen diren husguneen bidez egin beharko da, arropa bide publikotik ez ikusteko moduan saretak edo behar direnak ipiniz.

 

Zesto hori ez da "lokal" bat, bertan ezin da garbigailurik jarri, ezin gara bertara sartu (dagoen egoeran, nahi ere ez dut nahi), eta 1.83 metro karratu ditu.

Baina, dirudienez, Babes Ofizialeko Etxeek ez dute jarraitu behar Hirigintza Plan Nagusia, baizik eta Babes Ofizialeko Etxeen araudi berezitua, 2009ko otsailaren 12ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua, eta han zera dio:

I Eranskina. 5.1 artikulua

Etxebizitza guztiek kanpoalderako arropa-esekitoki baterako zuzeneko sarbidea edukiko dute. Arropa fatxadan esekitzen bada, kaletiko bistak babestu egin beharko dira. Esekitokiaren neurriek aukera emango dute 5 m-ko edo hortik gorako esekitze-lerroa ezartzeko

I Eranskina. 5.2 artikulua
5) Arropa esekitzen bada fatxadan, erabilera publikoko eremuan edo uharte-patioan kokatutako terrazan edo balkoian, oztoporik gabeko tarte bat erreserbatuko da horretarako, honako gutxieneko neurri hauekin: zoruaren azalera: 1,50 m2; zabalera: 0,95 m; eta garaiera 2,00 m
Esekitokia soilik erabiltzekoa den gutxieneko tarte horrek bistetatik eraginkortasunez babesteko elementuak eduki behar ditu, eta toki egokian ezarri behar da, hain zuzen ere etxebizitzaren geletarako eskatutako utxieneko argiztapenerako beharrezko balioetatik eratorritako argi zuzenak oztopatu gabe.
6) Arropa esekitzeko sokak erabiltzen badira, etxebizitzaren barnealdetik esekitokira iristeko aukera bermatuko da. Esekitokirako itxitura perimetrala edukiko du, gutxieneko neurri hauek mugatua: oin-azalera: 1,00 m2; zabalera: 0,50 m. Leihotik iristeko modukoa izango da, eta zenbait elementuz hornituko da perimetro osoan bistetatik babesteko garaiera soan, etxebizitzaren geletarako eskatutako gutxieneko argiztapenerako beharrezko baoetatik eratorritako argi zuzenak oztopatu gabe.

 

Ah, jakina Babes Ofizialeko Etxeetan, erropak eskegitzeko etxe arruntetan baino eskubide gutxiago dugu. Agian erropak ere babes ofizialekoak eskatu beharko ditugu.

Eskerrik asko Etxebide araudiengatik. Garbi ikusten da araudiak beteta ere, erabili ezin daitekeen zerbait egitea posible dela. Ostiralean twitterren esan zidaten bezala:

Estetika vs erabilgarritasuna #HirigintzaGeneroIkuspegitik #LanErreproduktiboa lana da, #demontre! https://t.co/EiMjakUNA5

— Miren Vives (@MirenVives) febrero 12, 2016

 

Eskerrik asko ere bai Artzamendiri, sei hilabetetan zehar ezer ez esateagatik. Uztailean esan baitziguten zerbait esango zigutela eskegitokiengatik eta ia martxoan gaude jada.

Bitartean, lehioak egunero garbitu beharko ditut euriak dirauen artean eta erropak etxe barruan nonbait eskegi beharko ditut.

Gero arte Depor!

Mikel Larreategi 2016/02/07 14:40
2006ko urtarrilean hartu nuen Eibarko Klub Deportiboa gidatzeko ardura, eta orain 10 urte beranduago utzi egingo dut.

2005eko irailean, engainatuta, deitu ninduten bilera batera. Orduko presidenteak postua laga nahi zuela Kultura Batzordearen lanetan laguntzeko eta neu ikusten ninduela presidente izateko. Harrituta ezetz esan nion, ez nuela nere burua hor ikusten, ... nahi bazuen hitz egingo genuela laguntzeko...

Beste hitzik ez 2005eko abenduko Zuzendaritzaren bilera ostera arte, orduan xake batzordearen arduraduna nintzen. "Ze, prest duzu lantaldea? Badut norbait buruan..." WTF. Nire burua ezetz esan ezindako egoeran aurkitu nuen hurrengo egunetan... eta urtarrilaren 27ko Batzar Nagusian presidente izendatu ninduten.

Hasieran nirea lan handia ez zela uste izan nuen, eta hala aitortu nuen elkarrizketa baten. Egia esateko, horrela izan zen urtebete edo pare bat urtez, baina ondoren gauzak okertzen hasi ziren, eta horren errudun bakarrak Administrazio Publikoak izan ziren.

Egun batetik bestera klubak jasotzen dituen dirulaguntzak (Eibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta neurri askoz txikiagoan Eusko Jaurlaritza) justifikatzeko egin beharreko lanak hirukoiztu eta laukoiztu egin ziren. Ia ezer ez entregatzetik, aurrekontuak prestatu, paperak bete, Ogasunera ziurtagiri bila joan eta beste hainbat tramite egiten igarotzen zen nire denbora.

Gero sinadura elektronikoarekin burrukan hasi ginen, "hau online aurkeztu behar duzu", "bai, baina zure aplikazioa kirol bakarra duten klubentzat prestatuta dago eta ezin ditutu nire 10 atalen datuak sartu".

Eta fakturak, nola ez: "bidali fakturak eskaneatuta, konpultsatuta eta sinadura elektronikoa darabilen aplikazioarekin" bulego batetik eta aldamenekotik "eskaneatu eta bidali emailez". Batek "bidali 5. fakturaren agiria" (transferentzia baten komisioa, guztira 15 zentimo) eta besteak "zuen gastu guztien fakturak behar ditut" (100.000 €tik gora) eta Pegorako langileak "nork eskatu dizu faktura guzti hauek fotokopiatzeko?"

Inork hartu du kontuan klub honetan lan egiten dugunok gure lanetik kanpo sartzen ditugula orduok? Agian errua gurea da, lan hauek egiteko administrazio-langilerik ez dugulako, baina uste dut hori ez dela bidea. Ez da bidea,  administrazioek ematen diguten dirua, gure kirol ekintza, emaitza eta antolakuntzengatik delako, ez primerako administrazio-langile bat dugulako faktura guztiak eta kontu guztiak era eredugarrian eramaten dituelako. Dirua ekintzetarako da, ez administrazio-langileari edo aholkularitza bulegoari ordaintzeko.

Eta hori ez dute ulertzen gure inguruko administrazioek. Eta aitzakia gisa "Legeak esaten du" diote eta kitto. Bukatu da eztabaida. Bai, arrazoia dute. Dirulaguntzen Lege Orokorrak derrigortzen ditu prozesu horiek egitera eta paper horiek eskatzera. Baina koordinazio apur bat mesedez: Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dituzten betebeharrak oso bestelakoak izaten dira-eta!

Ezin da Europar Batasunaren dirulaguntzen kontura lihoarekin izandako iruzurrak etorkizunean ekiditeko onartutako lege berberarekin (Europako dirulaguntzak milioka eurotakoak izaten dira), 1000 €ko edo 20.000 €ko irabazi-asmorik gabeko elkarte baten dirulaguntza fiskalizatu.

Baina artikulu hau Administrazioen aurkako purrustada bihurtu ez dadin (horretarako badut beste bat), klubaz hitz egin dezadan.

Klub Deportiboa 1924an sortu zen Eibarren atletismoa, txirrindularitza eta alpinismoa bultzatzeko elkarte gisa, sortze-agirian agertzen den bezala. Ordutik hainbat ekintza ezberdin egin dira klubean, gimnasioa ere euki zuen, edo Esperanto klaseak ere eman ziren, Euskal Herriko leize ikerletzan aitzindiariak izan ziren klubeko kdieak eta zer esanik ez mendizaletasunean, Euskal Mendizale Federakuntzaren sortzaile izateraino (1924an Elgetan). Askotan indar gutxi duten ekintzen bilgune dela kluba esaten da. Mainstream diren ekintzak ez dira klubean egiten, bestela ia denetariko gauzak ditugu: xaketik hasi eta atletismora, pilotatik squashera, edo urpekaritzatik, leizeak ikertzera. Eta hori, kultura arloa ahaztu gabe. Izena "Klub Deportiboa" izan arren, kultura beti izan da presente gure klubean, eta horren eredu guztiaren muin izan zen "Comisión Artístico-Cultural" eta Kezka Dantza Taldea, edo Argazkilaritza Batzordea, eta zer esan gaur egun Euskal Jaia antolatzeaz arduratzen den Kultura Batzordeaz.

Jende asko mugitzen du klubak, ekintza asko egiten dira, asko isilak, beste batzuk oso ikusgarriak, baina denak beste guztiak bezain garrantzitsuak. Eta horrela ikustarazten eta erakusten saiatu izan naiz klubean 10 urte hauetan.

Nik ahal nuen guztia eman dut, eta nire atzetik datozenek ere hori egitea espero dut. Erronkak hor daude: kudeaketa profesionala/amateurra, gazteengana iristea, kluba gizartean gehiago ezagutaraztea eta nola ez: erreleboa. Hori da, agian, zailena. Gaur egungo jendeak aisialdiko ekintzak "eginda" nahi ditu: izena eman eta aurrera, oso jende gutxi bustitzen da ekintza horiek antolatzeko eta aurrera eramateko garaian. Hortxe behar da erreleboa.

Erreleboaz hitz egin dudanez, horretan jardun dut azken hilabeteotan. Erabakia aspaldi hartua nuen eta ekainean jakinarazi nuen Zuzendaritzan. Ordurako erreleboan pentsatzen nengoen, baina besteen erantzuna norberak landu ezin duenez, erantzunak ez dira gozoak izaten. Beraz, Zuzendaritzara erreleborik bilatu gabe joan nintzen, eta horrela jardun dut. Beste lan-taldetxo bati komentatu nion gaia azaroan, eta orduandik jendea bilatzen ari dira...

Baina ez nuen egin nuen hori lasai egingo (inor aurkitu gabe ospa egin), lan pixka bat aurretik egin aurretik. Orain dela bi edo hiru urte, klubeko bazkide batzuk, kluben funtzionamendua eta kudeaketa hobetzeko asmoarekin sortutako 3 K proiektuan lanean hasi ziren. Foru Aldundiek eta Euskalit-ek bultzatutako proiektu honetan, kirol erakundeen kudeaketa prozesuan laguntzeko prestakuntza saioak antolatu ziren. Burua sartu genuen horretan baina Zuzendaritzako kideok beste lan baten gure burua ez sartzeko, lan-talde horrek hartu zuen proiektuaren gidaritza. Hainbat urtean prestakuntza saioetara joan eta Excel giganteskoak bete ostean, diploma bat jaso genuen, saio haietan ikasitakoa praktikara eraman eta klubaren bi ekintza antolakuntza eredu harekin islatzearren. Zuzendaritza jakinaren gainean egon zen, baina ez zuen zuzenean parte hartu.

Proiektua bukatu zenean Batzordeei eskeini zitzaien, euren lan-prozesuak dokumentatzeko, eta hasieran begirada onak bai, baina azkenean beste lan bat gehiago bezala ikusi zuten. Eta ulertzen dut. Nik, ordea, egin beharrko zerbait gisa ikusi nuen: zergatik? alde batetik modu bat izan daitekeelako nire erreleboa aurkitzeko edo errazteko, eta bestetik egiten duguna dokumentatuta egoteko.

Dokumentu horiek gabe, otsoaren kobazuloan sartzea bezalakoa da gurea bezalako elkarte bat, aitortzen dut. Uste dut dokumentu horiekin ulertu egin daitekeela zer egiten dugun eta nola egiten dugun. Gauza batzuk oso detaillatuta daude eta ondo etorriko zitzaizkidan bere garaian jaso izan banitu. Oraingoak jasoko ditu bada. Ez dira osoak izango, zerbait faltako da, osatu beharra egongo da, baina barne kudeaketa beste pertsona bati lagatzeko erraztasunak eduki nahi badituzu, egin ezazu ariketa: banatu zure kudeaketa-lana hainbat dokumentutan eta idatzi, hartu denbora apur bat eta idatzi.

Denbora eskatzen du, baina asko eskertzen da. Barrua libratzeko ere balio diezaioke norbaiti. Gero eman kudeaketa horretatik kanpo dabilen pertsona bati, eta esan aurkitzen dituen zalantzak galdetzeko, zuloak aurkitzeko, ulertzen ez dena galdetzeko. Eta berrekin dokumentuak berridazteari. Egia esateko asko lagundu dit prozesu horrek. Eta orain beste erakunde baten ere horixe egiten ari naiz. Irten aurreko pausoa ematen. Erreleboa prestatzen.

Eta errelebo horrekin batera laguntza da elkarteek behar dutena. Administrazio publikoen laguntza. Eibarko Udalak uste dut ez dakiela zein altxor duen Eibarko kirol eta kultura arloko elkarteekin. Urte baten greba deklaratu eta Eibarko kirol eta kultura arloko elkarteek ezer antolatuko ez balute, Eibarko Udalak ezingo luke laurdena ere antolatu, ez litzateke gai izango. Eta hori presente edukita, elkarteen lana sustatu behar dute, ez administrazio-karga gehiago jarriz, baizik eta ekintzak antolatzeko dirua mahai gainean jarriz. Hau diruarekin konpontzen da. Dirua eta medioak jarriz. Bestela antolatu ditzatela eurek.

Sartu naiz berriz administrazioarekin :)

Azken hitz bezala, esan ez naizela oso urruti joango. Klubean jarraituko dut, xakeak sartu ninduen klubean eta hortan jarraituko dut. Ostiralero han ikusiko nauzue. Eta beste ekintza batzuetan ere bai. Ez nauzue begi bistaz hain errez galduko.

Eskerrik asko 10 urte hauetan zuzendaritzatik pasatu zareten guztioi, eta inguruan lan egin duzuen guztioi. Bihotz-bihotzez.

Xakearen Legeak euskaraz

Mikel Larreategi 2015/05/06 08:45
ZAHARKITUTA DAGO

ADI. ARTIKULU HAU ZAHARTUTA DAGO. IKUSI ARTIKULU HAU 2017KO BERTSIO BERRIA IKUSTEKO.

 

Euskal Herriko Xake Federakuntzen egin beharreko lan bat hartu eta egin egin nuen iaz, azken errebisioa beranduagorako uzten eta uzten aritu naiz baina azkenean egin dut eta hemen argitaratzen ditut.

Xakearen Legeek xake partida eta txapelketa baten nondik-norakoak arautzen dituzte. Nazioarteko Xake Federakuntzak lau urtean behin aldatzen ditu (aldaketa txikiak izan ohi dira) eta Espainiako Xake Federakuntzak adibideraz gaztelerara itzultzen ditu. 

Euskaraz ordea ez dugu horrelako testurik eta Legeei iaz egin zitzaien eguneraketaren ostean, euskarara itzuli eta argitaratu egiten ditut orain.

Eskerrak eman lehendabizi lan hau egitera xaxatu ninduen Jon Alvarezi, eta bigarrenik Asier Ibaibarriaga eta Ion Esturori, 2002an prestatu zuten "Xake Zakurtzarrari" lanean xake-partida bat euskaraz idazteko gidalerroak (gaur egungo C eranskina) itzuli baitzuten, eta ia-ia bere horretan mantendu baitut.

Hemen beraz itzulpena, jatorrizko ingelesezko testuarekin parekatuta, OpenOffice eta PDF formatuentan. 

Itzulpenaren inguruko komentarioak, hobekuntza-proposamenak edo akats-zuzenketak egiteko erabili erantzunen formularioa edo idatzi mezu bat larreategi a-bildua eibar.org helbidera.

"Unsere Mütter, unsere Väter" eta "1864", gerraren inguruko bi telebista-serie

Mikel Larreategi 2015/01/08 23:38
Telebista serieak jarraitzen ditudan horietakoa naiz. Oraingoan gerra gaitzat darabilten bi serie labur baina ikusgarriri buruz hitz egitera nator. Eta berauek ikusteko gomendioa ematera ere bai. Ikusi egin behar dituzue.

Kontuz, bi serieren inguruko spoilerrak egon daitezke-eta jarraian.

2013ko azaro-abenduan, lagun batek "Unsere Mütter, unsere Väter"  (gaztelaniaz "Hijos del Tercer Reich" eta ingelesez "Generation War") mini-seriea ikusteko esan zidan: "ez zara damutuko".

Artean gaztelaniaz ez zegoen (edo ez nuen aurkitu) eta jatorrizko alemanierazkoa ikusi nuen ingelesezko azpitituluekin. Izugarria iruditu zitzaidan.

Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik Berlingo bost lagunen istorioa kontatzen du: bi anai, gazte judu bat eta bi emakume. Zin egiten dute guda bukatutakoan berriz elkar ikustea. Han banatzen dira euren bizitzak: bi anaiak armadan sartzen dira, emakumeetako batek bere abeslari karrera hasi nahi du, bestea gurutze gorrian sartzen da eta juduak Alemania utzi nahi du nazien beldurrez.

Ez du gerra-istorio bat bakarrik kontatzen. Historia nazien armada barrutik kontatzen du, hango momenturik latzenak kontatuz eta fronteko bizitza, ihesak, deserzioak edo erizaindegiak erakutsiz. Ileak zut jartzeko modukoak. Oso ona iruditu zitzaidan benetan, eta uste dut azken kapituluko azkenengo eszenetako baten malkoren batek ere ihes egin zidala.

J1864 seriearen kartelaoan zen astean, webguneren baten bidez Jot Down webguneko artikulu batera heldu nintzen, han 1864 izeneko seriea gomendatzen zuten. 1864an Danimarkak orduko Prusiaren zati bat bere egin nahi izan zuen eta han sortutako Schleswigeko Gerrako istorio bat kontatzen da bertan.

Asko gehiago irakurri gabe, lehenegoarekin alderatu nuen, kontua antzekoa zelakoan eta ikusten hasi nintzen. Oraingoan danieraz eta ingelesezko azpitituluekin.

Eta hau ere izugarria iruditu zait. Gerrara doazen bi anairen istorioa kontatzen du. Agian kontatzen duen istorioa ez da beste mundukoa, baina gudako irudiak, orduko gudako modua, eta batez ere, bestean bezala, gudaren aurreko momentuak, oso onak iruditu zaizkit, eta gudako eszenak, eta erizaindegietakoak.

Oraindik ez dut ikusten bukatu, baina agian hemen ere malkoren bat irtengo zait azkenengo kapituluetan.

Ahal baduzue, denbora baduzue, ikusi biak. Lehenengoa 3 kapitulutakoa da, eta jada gaztelaniaz ere badago, Canal + eta TVEk eman dute jada-eta. Kapitulu bakoitzak ordu eta erdiko iraupena du. Bigarrena 8 kapitulutakoa da eta bakoitzak ordu bete inguruko iraupena du.

Ea zuek ere ez zareten damutzen. Charlotte, Wilhelm, Greta, Viktor, Friedhelm, Peter, Laust eta Inge beti buruan geldituko zaizkidan pertsonaiak izango dira.

Sachsenhausen, hiriburuaren ondoko kontzentrazio esparrua

Mikel Larreategi 2014/08/16 10:00
Sachsenhausen kontzentrazio-esparruan egon ostean bururatutakoak
Sachsenhausen, hiriburuaren ondoko kontzentrazio esparrua

Kontzentrazio esparruaren sarrerako burdin-hesia: Arbeit macht frei

Berlin, 2014-8-1

Kontzentrazio esparru baten egon naiz. Sachsenhausen (mapa)

Nire harridurarako, SSek erabili ostean, errusiarrek askatu eta ondoren eurek erabili zuten. WTF! Guztiek nahi zuten bestea garbitu.

Barrakoiak, zeldak, medikuen kontsulta, erizaintza, ... eta gorputegia ere bai. Eta gorpuak erretzeko Z eremua: A izeneko dorrean hasten zen presoen bizitza, esparruaren sarreran; eta Z eremuan bukatu. Esanguratsua. Gas kamara ere jarri omen zuten han. Z eremuan noski.

Eta toki hartan bertan, oroitzapen monumentuan, lore batzuk, berriak, lehortuak zein plastikozkoak, eta kandela batzuk zeuden. Eta potetxoetan hebraierazko esaldiak. Eta Israelgo bandera txiki bat ere han zegoen kandelen ondoan.

Sachsenhausen kontzentrazio esparruko bista bat
Sachsenhausen kontzentrazio esparruko bista bat

Sachsenhausengo barrakoiak
Sachsenhausengo barrakoiak

Obelisko handi bat Sachsenhausenen
Obelisko handi bat Sachsenhausenen

Sachsenhausengo Z eremua
Sachsenhausengo Z eremua

Quo Vadis Israel? Naziek egindakoa gogoratu ez eta zertan ari zara egunotan Gazan? Goizeko 9retan hasitako 72 orduko su-etena 10etarako hautsi duzu. Bake goserik ez duzu, gorrota eta mendekua besterik ez duzu nahi. Horrelako bizilagunik ez dut nahi etxabean.

Holokaustoaren omenezko oroigarria
Holokaustoaren omenezko oroigarria

Palestinarrek Potsdamer Platzen egindako elkarretaratzea Gazako inbasioa salatuz
Palestinarrek Potsdamer Platzen egindako elkarretaratzea Gazako inbasioa salatuz

Harresiak banatu zuenaz

Mikel Larreategi 2014/08/15 22:00
Harresiaren hondarrak ikusita idatzitakoak.
Harresiak banatu zuenaz

Harresian egindako margoetako batzuk

Potsdamer Platz, Berlin, 2014-7-30

Hogeitabost urte ere ez dira pasatu toki hau ia desertua zen momentutik. Hemendik bertatik pasatzen zen harresia, ondo markatuta dago lurra. Gerra beroa izatetik, hotza izatera pasatu zen hemen.

Gaur, Bernauer Straßen zehar pasatzean, hiru metroko hormatzarra ikustean, begiralekutik ikuspegia kentzen zuelako bota zuten eliza hura ikustean, hiru hitz etorri zaizkit: "Gogoratu, ez ahaztu". Egunero Bernauer kale hartan leihora irten eta orain hogeitabost urte eraitsitako harresiaren zatiak, argazkiak egitera datozen turistak eta desertatu zuen soldadu haren argazki izugarri handia ikusteak, bizilagun bati baino gehiagori tripak irauliko dizkio. Bere muturren aurrean hiria, herria eta mundua bitan zatitu zuen hura, orain 25 urte nola bota zuten ikustera dator jendea.

Askok eta askosk hau berriro gerta ez dadin, eta gertatutakoa presente izateko "gogoratu" egin nahi dute. Hala ere, ziur nago askok eta askok "ahaztu" eta beren bizitzan beste orrialde bat idaztera pasatu nahi dutela 1989ko azaroko gau hartan egin zuten bezala, baina orduko miseriak atzean utzita.

Harresiaren ibilbide guztia markatuta dago, hau bezalako plakak erabiliz
Harresiaren ibilbide guztia markatuta dago, hau bezalako plakak erabiliz

Harresiaren ibilbidea Branderburgoko Atetik gertu
Harresiaren ibilbidea Branderburgoko Atetik gertu

20:00 "DDR öffnet Grenze", Tagesschau
20:00 "DDR öffnet Grenze", Tagesschau

Hitz horiekin ("DDR öffnet Grenze") iragarri zuten telebistan Harresia ireki zutela, eta 1989ko azaroko gau hartan bizi izandakoa horrelako plakekin dago azalduta harresia zabaldu zen tokian, Bornholmer Straßeko muga puntuan.

Jarraian puntu horretan bizi izandakoaren bideo bat.

Topographie des Terrors

Mikel Larreategi 2014/08/15 11:15
Berlinen ikusitako erakusketa ikusgarri baten ondoren sortutako burutapenak-edo.
Topographie des Terrors

Zutik dagoen harresi zati bat erakusketaren aldamenean

Berlin, 2014-07-30.

Sinestezina. Horrela hasi nuen bisita liburuan idatzitako oharra. "Topographie des Terrors" izenburupean, SS, Gestapo eta III. Reicharen segurtasun zerbitzuak zeuden lur-sailean, Naziek egindako bidegabekeria krudelak erakusteko erakusketa dago.

Presente dute alemaniarrek nazien erregimenak egindakoa, eta inolako mendueku edo ahanzturia asmorik gabe erakusten diote munduari: "ikusi, hau egin zuten eta alemaniarrak ziren".

Han daude egindakoak, boterera heltzea, legeak deuseztatzea, partidu bakarra ezartzea, juduen jazarpena, errusiarrekin Polonia partekatzeko akordioak, errusiarren aurkako guda, kontzentrazio esparruak, eta III. Reichaaren gainbehera. Guztia arrazionaltasunez azaldutako erakusketan.

Ah, eta apropos egin izan balute bezala, aldamenean Berlingo Harresiaren zati bat. Guda galdu bakarrik ez, horren ostean bitan zaitutu zuten-eta herrialdea. Eta zatitu zutenak, nahiz eta errusiarren aginduei jarraitu, alemaniarrak ziren.

Ekainak 24, gabon.

Mikel Larreategi 2014/06/23 12:42
San Juan jai zoriontsuak guztioi

Ekainak 24, gabon. Herrian zer berri? 
Neurea malkoz busti ta zeuena egin 
Idatzi soilez ez dut min hau inola hanpatzerik 
Orbela daraman bezala, haizeak narama ni 

Haizeak eman ditu, milaka abesti 
Haizeak eman ditu, nahi nuke nik jakin
Idatzi soilez ez dut min hau inola hanpatzerik
orbela daraman bezala, haizeak narama ni

San Juan suak senti nahirik 
Bero haren falta dut nik 
San Juan suak senti nahirik 
urrun zaituztedanetik 

Eskutitzetan zuek orain berdin sentitzea 
ondo dakizu ama ez dela hain erreza 
ametsak zirriborro baten idaztea zer da 
gero garbira pasatzeko astirik ez bada? 

Haizeak eman ditu, milaka abesti 
Haizeak eman ditu, nahi nuke nik jakin
ametsak zirriborro baten idaztea zer da 
gero garbira pasatzeko astirik ez bada? 

San Juan suak senti nahirik 
bero haren falta dut nik 
San Juan suak senti nahirik 
urrun zaituztedanetik 

Negarraren negarrez ez dut muxu ematerik 
Ta ez nuke inolaz orain hau esan beharrik: 
Bide luzea dugun arren, goazen elkarrekin 
izarrak gurekin baitaude, ametsen zaindari 

Beldurrik ez den bihotzetan
aitaren malkoetan
memoria gazte garaietan
lagun minen besarkadetan
udako gau luzetan
urrun sentitzen dudan herriko kaleetan

San Juan suak senti nahirik 
Bero haren falta dut nik 
San Juan suak senti nahirik 
Urrun zaituztedanetik

Bi argazki

Mikel Larreategi 2014/06/06 07:58
70 urteren ondoren, zer geratu zaigu Normandiako gudatik? Gurutzeak, banderak, memorialak, hilerriak, ...

Gaurko egunez, ordu honetan, baina orain dela 70 urte milaka soldadu elkar hiltzen ari ziren Normandiako hondartzetan. Arromanches, Collevile, Point-du-Hoc, Caen, Bayeux, Vierville, Saint-Mere eta inguruko herri eta herrixka guztiak, armaz, tiroz, tankez bete ziren. Baina hilotzez ere bai. Gerrak nora eramaten gaituen azaltzen duen istoria garratza.

Horregatik, haren oroimenean bi argazki dakartzat gaur blogera. Alde bateko eta besteko hilen oroimenean. Gurutze zuriak amerikarren oroimenean. Gurutze beltzak alemaniarren oroimenean.

Collevilleko amerikarren hilerria
Collevilleko amerikarren hilerria

Alemaniarren hilarriak
Alemaniarren hilarriak

Gaian sakontzeko, irakurri wikipediako "Operation Overlord" artikulua edo gerturatu Normandiara (adi, aurten jende asko ibiliko da), beste batzuk egin dugun moduan (nik orain dela bospasei urte eta iaz; Leirek orain dela 6 bat urte eta Luistxo ere 2007an). Benetan merezi du.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.