Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral Zer da hau?
Dokumentu Akzioak

Zer da hau?

Nire txokoa dut Interneten. Arrateko Amari esker hemen kontatuko ditut nire gauzak. Gaztelaniaz ere idazten dut, izan ere bloga gaztelaniaz hasi nuen Lycosen mlog izeneko zerbait erabiliz, hori 2003ko ekainean izan zen.

Hainbat gauza kontatu ohi dut txoko honetan:

  • Xakea: ikastolan 4. mailan nenbilela hasi nintzen Eibarko Klub Deportibora xakean ikastera eta jokatzera joaten. Orain, 16 urte geroago, Deporreko presidentea naiz, xakea da nire bigarren bizitza eta lagun mordoa egin eta ezagutzeko aukera eman didana. Xakea da zerbait zor diedan pertsonen zerrendan, pertsona ez den lehenengo gauza.
  • Informatika: oraindik gogoan dut ikastolan 6. edo 7. mailan negoela nire izebak bere eskolatik ordenagailu zahar bat ekarri zuen eguna. Mahai gainean horizontalki jartzen zen ordenagailua eta bere gainean pantaila erraldoia. Harek ez zuen Windowsik, WordPerfect zeukan, menu gabe noski, eta hondo urdindun pantailan letra zuriekin. Oraindik hemen egongo da 5 hatz eta laurdeneko disko bigunen bat jokuren batekin. Nork esan behar zidan urteekin nire lana bihurtuko zela...
  • Internet: urteekin ordenagailuak eta internet afizio izatetik lan izatera pasatu dira. Ikasketak bukatuta, CodeSyntaxen egiten dut lan, web aplikazioak, webguneak, eta hitz arraro asko erabiliz gauzak egiten.
  • Musika: sekula ez naiz oso musika zalea izan. Ez naiz nota pare bat entzun eta abestia eta taldea asmatzen dituztenetakoa, ez naiz zinta asko zituztenetakoa, baina beno, zerbait beti gustatu izan zait. Azkenaldian oso ColdPlayeroa naizela esaten didate. Azken egunotan Ken Zazpiren azkena entzuten ari naiz, hauek ere Coldplayero bihurtu direla irakurri nion kazetari bati lehengoan.
  • Euskara: "euskaldun orok du barnean filologo bat" irakurri nuen Eibartarrak zerrendan orain dela denbora asko. Nireak ere idaztea nahi izaten du. Ahal bada Mitxelena XVI.aren aginduak jarraituz. Izan bedi ergatiboa zuekin.
  • Politika: ez dakit erdibidean nagoen ala ez, baina gauza bat argi dut. Nazkatuta nago.
  • Besteak: beste gauza askotarako ere balio du honek, adibidez Eibarko trafikoari buruz idatzi eta Eibarko Udaltzainburu Jose Miguel Callek DVn esaten dituen astakeriak komentatzeko.
  • Mikel Larreategi

    Mikel Larreategi Arana

    (Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

    Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

    Azken erantzunak
    halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
    Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
    Autogestioa Txopi, 2011/10/17
    Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03