Hemen zaude: Hasiera Blogak Periferiatik, erral xakea

Periferiatik, erral

xakea

Donostia Chess Festival 2011-2012 eta xakeko epaileak

1911. urtean orduko Donostiako kasinoan (egungo udaletxean), eliteko jokalriak bildu zituen lehenengo xake txapelketa antolatu zen. Ordura arte ezezaguna zen José Raul Capablanca kubatarrak irabazi zuen lehenengo edizio hori. 1912. urtean bigarren aldiz jokatu zen eta orduan Akiba Rubinstein errusiarra izan zen garaile. Lehenengo aldia zen munduko jokalari oneneko gonbidapenezko txapelketa bat, eta gainera guztiek guztien aurkako jokatzen zutela.

2009an jokatu zen lehenengoz Donostia Chess Festival. Lau txapelketa batera jokatu ziren, eta garrantzitsuenean Hikaru Nakamura estatubatuarrak irabazi zuen. Capablancaren kasuan bezala, jokalaria munduan zehar ezagutzera eman zen lekua izan zen Donostia.

2011 urtea helduta, nola utzi atzean horrelako mendeurren bat? Horrela, zarata larregi atera gabe, Gros Xake Taldeak antolatuta eta Felix Izetak bultzatuta Mendeurreneko Txapelketa antolatu da 2011ko abendua eta 2012ko urtarrila artean, bi urteen artean, orain dela 100 urteko bi txapelketak gogoratzeko asmoarekin.

Oraingoa ere txapelketa berezia izan, bi partida aldi berean jokatu baitituzte jokalariek. Gainera, Munduko Kopatik aparte, goi-mailan K.O. edo kanporaketa sistema erabili den lehenengo aldia izan da aurtengoa. Garailea Andrei Volokitin ukrainarra izan da. 

Baina artikulu honen muina txapelketak izatea ez dut nahi. Dakizuen bezala xake epailea naiz orain dela 10 bat urtetik eta gustatzen zaidan lana da. Askok barre egiten didate xake epailea naizela esatean. "Zer gertatuko da ba hor? Alfilak elkarri botatzen dizkiote ala?" "Peoiei penalti pitatzen diezu?" Ba ez, jakina ezetz. Xake epailearen lana ez da futboleko epaileena bezalakoa, baina azken finean arauak betearaztean datza lana. Askotan lan administratiboa besterik ez dugu egiten: nork noren kontra jokatzen duen erabaki, emaitzak argitaratu, txostenak egin, ... Baina azkenean txapelketan gertatutako ziurtatzen dugunak gara, eta jakina arauen inguruko arazoak gertatzen direnean erabakiak hartzen ditigunak.

Horregatik oso garrantzitsua izan da niretzat Donostiako txapelketa hau. 2004an egon nintzen Xake Olinpiadaren ondoren (hemen euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako artikuluak), jokalari indartsu gehien bildu duen txapelketa izan da. Ez da erraz azaltzen zer sentitzen dugun xakelariok horrelako txapelketa baten egoten, normalean aldizkarietatik edo interneteko kroniketatik ezagutzen ditugun jokalariak bertatik bertara ikusten baititugu, eta epaile naizen aldetik, nolabaiteko harremana ere izaten duzu eurekin. Txapelketan Vugar Gashimov, munduko 10 jokalari onena egon da esaterako, edo atzo bertan txapelketako bazkarian 20 urte eskas dituen Maxime Vachier-Lagrave Frantziako jokalari onena (munduko 45a) aurrean izan nuen. Eta horrela jarraitu dezaket hainbat jokalariren izenak esaten.

Gehien betetzen zaituena jokalari bat etorri eta txapelketari buruz ondo hitz egitea da. Esaterako, atzo Arkadij Naiditsch alemaniarra (munduko 42.a) hurbildu, eskua eman, eta txapelketagatik zorionak eman zizkidan. Aurten bertan Hogeschool Zeeland Txapelketan kointziditu genuen, hango hartan ni ere jokalaria izan nintzen. Lasai lasai aritzen zen gurekin hizketan munduko emakumezkoen txapeldun ohi eta munduko 10. emakumea den Antoaneta Stefanova bulgariarra edo 14 urte eskas zituela Galizian ezagutu nuen Ivan Cheparinov gaztea.

Agian, xakelariok eta xake-epaileok xakearekiko dugun erlazio berezi hori, atzo gertatutako kontu batekin azaldu daiteke. Atzo, errege egunez, partida azkarren txapelketa bat jokatu zen (5 minutuko partidak). Finalerdietan, bi jokalarik berdindu egin zituzten euren 2 partidak eta beraz berdinketa hausteko Armaggedon partida jokatu behar zuten. Partida horretan ausaz erabakitzen da jokalari bakoitzak izango duen piezen kolorea, eta zuriak dituenari 6 minutu ematen zaizkio eta beltzak dituenari 5; baina pieza zuriak dituenak irabazi egin behar du, berdinketa gertatuko balitz pieza beltzak dituena joango bailitzateke aurrera. Aurrez aurre Sarhkan Gashimov azerbaiandarra zuriekin eta Loek Van Wely holandarra beltzekin. Partida bukatzen ari zela, final interesgarri bat jokatzen ari ziren bi jokalariak, 20 bat lagun egongo ginen (euren artean 3 epaile), partidari begira. Beltzak abantaila zuen eta irabazi egingo zuela zirudien, baina denbora gutxi zuten erlojuan, eta edozer gerta zitekeen. Horrelako baten, pieza zuriak zituena "Oh, no, come on!" oihukatu zuen eskuarekin erlojua seinalatuz. Erlojua gelditu egin zen eta inor ez zen konturatu ere egin. Ados, epaileok izan beharko genuke horren ardura, eta gure lana da. Baina aldi-berean xakelariak ere bagara eta partidan guztiz sartuta geunden. Baina gu bezala, inguruan zeuden beste guztiak ere bai, zeren inork ere ez zuen ikusi erlojuan jokalariek zuten denbora hau itzali aurretik. Inork ez zuen txintik ere esan, partidan guztiz sartuta zegoelako. Hori horrela, partida errepikatu beste irtenbiderik ez zen gelditu. Kasu horretan ere jokalari batek ere ez zuen txintik ere esan, eta publikoak ere ez. Partida errepikatu eta aurrekoa galduta izan zuen Gashimovek irabazi zuen. Azkenean finala ere irabazi egin zuen.

Horrelako gertaerek bultzatzen gaituzte xakean eta xake-epaile lanetan jarraitzera. Hurrengoa zein izango den nahiko argi dut, Donostiako 35. Nazioarteko Txapelketa Irekia, baina Donostiakoa bezalako goi-mailako txapelketa baten izatea ere guztiz erakargarria litzateke. Adibidez, hemendik pare bat astera Wijk aan Zee herrian (Herbereeak) jokatuko den Tata Steel Chess Txapelketan aritzea, ez dakit nire ametsa, baina gustoko izango nuke zalantza gabe.

Mikel Larreategi 2012/01/07

Abuztu hasiera Vlissingenen

Xakea eta oporraldia uztartu ditugu aurten ere Deporreko xakelariok.

Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.

Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!

Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.

Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.

Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!

Mikel Larreategi 2011/08/02

Bi "K": leiha baten historia

Michael Robinsonek hilero Canal + katean aurkezten duen programak xakea izan du gaitzat ekaineko erreportaietako baten: Gary Kasparov eta Anatoly Karpoven arteko leiha.

Eibarko xakelariontzat oso garrantzitsua den asteburu honetan (Sustatun ere konturatu dira), Leontxo Garcia handiaren Twitter kontuaren bidez enteratu nintzen atzoko Michael Robinsonen "Informe Robinson" telebista saioan xakea gai izango zuen erreportai bat emitituko zutela: Kasparov eta Karpoven arteko lehiari buruzkoa. 

Erreportaiak dataz data, partidaz partida, bi xakelari handi hauen leiha nolakoa izan zen aurkezten du, gorrotoraino iritsi artekoa momentu askotan, azkenean laguntasun edo errespetu moduko batera iritsi dena, Putinen aurka manifestatzeagatik Kasparov kaleratu zutenean edo-eta orain gutxi Karpov Nazioarteko Xake Federakuntzaren lehendakaritzarako aurkeztu eta Kasparovek bere babesa eman zionean.

Biziki gomendatzen dizuet erreportaia, ordu erdi ingurukoa da eta programaren bigarren zatian dator. Lehenengo zatian Movistar Team txirrindulari taldeak Giroan egindako lanari buruzkoa da eta txirrindularitzaren gogorra zuzen-zuzenean erakusten du. Hona hemen programa oso-osorik ikusteko lotura: http://www.canalplus.es/play/video.html?id=903874&media=PO877576&cc=PLTVOD

Mikel Larreategi 2011/06/30

Hamabost egun Italian: hondartza, xakea eta historia

Erroma, historia, Koliseoa, Vatikanoa, hondartza, Fermo, xakea, ... ederra oporraldia

Palatinoa

Apirilean Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketa bukatu zenean komentatu zuen Jonek: zergatik ez dugu abuzturako txapelketa bat topatu eta bidai bat antolatzen? Baten eta bestean bila ibili ondoren Italiako herritxo baten txapelketa interesgarria topatu genuen. Porto San Giorgio zuen izena herriak izena eta txapelketaren 21 edizio antolatuta aurtengoa 22.a litzateke. Euren atzetik hainbat denboran ibili ostean eman ziguten albistea: aurtengoan txapelketa Fermon jokatuko zen (aldameneko herrian) I Festival Internazionale de Scacchi del Fermano izenarekin.

Esan eta egin, datak begiratu ostean, oporraldi majoa iruditu zitzaigun: txapelketa abuztuaren 21etik 29ra zen, eta aurretik egun batzuk Erroman pasatzea erabaki genuen. Behin joango Italiaraino eta nola ez genuen bada hiriburu historikoa bisitatuko?

Klubean komentatu eta beste 4 lagunek berehala eman zuten baiezkoa, asko pentsatu gabe. Beraz, Italiarako taldetxoa prest zegoen: Haritz, Asier, Edu, Julen, Jon eta neu.

Hegaldiak hartu, Erromako hotela gorde, Fermorako apartamentua alokatu aldameneko Porto Sant'Elpidio herrian eta azkenik kotxea alokatu. Abuztuaren 16a noiz iritsiko zain geratu ginen.

Abuztuaren 16tik 20ra: Erroma

Neu Koliseoan
Booking.com webgunearen bidez Giorgina Hotela erreserbatu genuen. Prezioz ez zitzaigun garestia iruditu eta kokalekua bikaina, Termini tren geltokiaren ondoan. Berehala aurkitu genuen hotela eta gauez Koliseoa ikustera joan ginen pizza bat afaldu aurretik.

Hilaren 17an egunean monumentu zaharrenak ikusi genituen: Palatinoa eta Koliseoa barrutik eta zirkoa, eta baita inguruko beste hainbat harribitxi ere.

Hurrengoan Vatikanoraino joan, Kapera Sixtinoa, San Petri plaza eta basilika ikusi eta Erromako kaleetan barna, Navona plazatik Fontana di Treviraino joan ginen.

Gure Erromako azken egunean beste ibilaldi luze bat egin genuen, Espainiako plazara, Piazza del Popolora eta haren gaineko parke handi eta eder baten sekulako ibilaldia eguna amaitzeko.

Gure ibilaldiak errepikatu nahi badituzu, hona hemen egin genuenaren mapa:


Ver Roma - Abuztua 2010 en un mapa más grande

Abuztuaren 20tik 30era: Porto Sant'Elpidio eta Fermo

Bista Fermoko Katedraletik

Termini geltokian kotxea hartu eta autopistan zehar 2 ordu t'erdiko bidaia genuen aurretik Porto Sant'Elpidioraino. Bertan hartu baikenuen ostatu Fermon jokatuko zen txapelketara joateko (bi herrien artean 20 minutu daude kotxean). Gure nahia garbia zen: ostatu hartzeko herrian hondartza egon behar zen. Beraz Nazionale Residencen hartu genuen ostatu aurreko Porto San Giorgioko txapelketaren antolatzailearen ostatuan.

Egunean bertan egin genuen bisita Fermora txapelketaren jokalekua ikustera: Astoria Hotela. Hotela Fermoko hiri-erdian kokatuta dago plazatik gertu. Historia handiko herri gotortua da Fermo. Muino baten kokatuta, inguruko herri guztiak ederki ikusten dira bertatik eta itsasoa ere bertan, guztia ondo kontrolatuz. Gorengo puntuan, katedral zuri-zuria, eta kale eta etxeak harrizkoak, estuak eta politak.

Hilaren 21ean hasi zen txapelketa. Egun bakoitzean partida bat (ez da arrunta hori aurkitzea, gero eta normalagoa baita egunean partida bat baino gehiago jokatzen den txapelketak aurkitzea), berau 6 bat ordu ingurukoa gehien jota (ordu eta erdi 40 jokaldi egiteko eta ondoren beste ordu erdi betiere egindako jokaldi bakoitzeko minutu erdi gehituz). Lehenengo egunean berdindu egin nuen.

Eguneroko martxa berehala hartu genuen, goizean erosketak eta hondartza. Bazkaria goiz, partidak 15:00tan jokatzen baitziren, eta partiden ostean ilunabarreko bainutxoa eta partiden analisia, afaria, mus partida, afalondokoa eta gainontzekoak.

Xake taula

Bigarren egunean ere berdinketa lortu nuen eta ez negoen gustura nire jokoarekin. Gainera hirugarrenean galdu egin nuen. Baina horixe izan zen galdutako partida bakarra, jarraian beste bat irabazi, hurrengoa berdindu eta hiru jarraian irabazita azkenengo txandara 5.5 punturekin heldu nintzen. Kalkuluak egin eta sailkapeneko lehenengo 12en artean geratzeko aukerak nituela ikusi genuen. Azkenengo txandan partida berdindu egin nuen eta azkenean, sailkapeneko 12. postua lortu nuen. Ez dut uste sekula holako emaitza onik lortu dudanik txapelketa ireki baten. Bale, "B Txapelketa" zen (Nazioarteko Federakuntzaren zerrendan 1900 puntutik berakoentzakoa), baina emaitza ezinhobea izan zen.

Gainontzeko espediziokideen emaitzak denetarikoak izan ziren (beste guztiek A txapelketa jokatu zuten), Haritzek 5.5 puntu lortu zituen hasiera irregular baten ostean; Asierrek 4.5 puntu lortu zituen partida asko berdindu ostean. Eduk ederto hasi zuen txapelketa eta 5. txandan 3,5 puntu zituen. Hortxe hasi zen bere gainbehera gainontzeko partida guztiak galdu baitzituen. Jonek aurkako bidea egin zuen, gaizki hasi zen eta azkenean 4.5 puntu lortu zituen. Julenek Benasqueko Txapelketa eta Espainiakoaren ondorengo nekea nabaritu zuen (agian Eduk bezala) eta 3 punturekin amaitu zuen txapelketa.

Abuztuaren 30a: bueltako bidaia

Goizean goiz kotxea hartu eta 10:30tan Erromako aireportuan geunden. Hegazkina hartu eta Madrilen hainbat ordu eman behar genituen. Azkenean, behar zirenak baino gehiago Iberiari esker, behar baino 2 ordu gehiagoan egon baikinen Bilborako hegazkinaren zain.

Eta datorren urtean...

Esperientzia ezinhobea beraz etxetik kanpora oporretan xake txapelketa bat jokatzea. Eta ezinhobea ere hondartza ondoan genuelako. Datorren urterako hainbat proposamen ere bota ditugu, Kreta, Tromso edo Kopenage esaterako. Beste hainbat xakelari-bidaiarirekin komentatu beharko dugu. Animatzen zara? Gu prest gaude!

Argazkiak ikusi nahi badituzue, Flickr-era kargatu ditut batzuk, bai Erromakoak eta baita Fermokoak ere. Eibarko Klub Deportiboaren webgunean txapelketan zehar ateratako argazki guztiak argitaratu ditugu.

 

Mikel Larreategi 2010/09/02

ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...

... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana.

Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik.

ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten, ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen. Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela.

Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da...

ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago?

Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer?

Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da.

Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak.

Gipuzkoako Xake Txapeldunak

Aupa !!!!!!!!!!!! Eibarko Klub Deportiboko xake talde biek euren mailetako Gipuzkoako Txapeldun izatea lortu dute asteburuan bukatu den Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketan

Nork zeukan buruan urtarrilean Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketa hasi genuenean gure klubak aurkeztutako bi taldeek mailaz igoko zirela? Nik neuk ez behintzat! Bi urteren ondoren, iaz Lehenengo mailatik Gorengoen mailara igotzea lortu genuen. Denboraldi hasieran helburuak finkatu eta taldeetan nortzuk jokatu behar zuten erabaki genuenean gauza bat argi genuen: lortutako mailari eutsi egin behar genion. Gipuzkoako Talde onenen artean Eibarko bat egon izan da, azken 3 edo 4 urteetan izan ezik, eta Gorengoen mailara itzuli beharra genuen.

Deporreko Gorengoen Mailako Taldea
Haritz Garro, Diego Olmo, Jon Arana eta Julen Garro

Laster hasi ziren emaitza onak. Lehenengo txandan Hondarribi-Marlaxka garaitu genuen, geroago etorri ziren Beraun Bera, Mundarro, Billabona edo Tolosa-Ibarraren aurkako emaitza onak. Bat-batean, ostiral baten, Haritzek zera esan zuen: "ahal den eta talderik onena eraman behar dugu. Euskal Ligara igotzeko aukera daukagu-eta". Txandak joan eta etorri gero eta hurbilago zegoen igoera, eta azkenean lortu egin dugu.

Arrasate-San Andres zen niretzat faborito nagusi, baina akats batzuen ostean 3 puntu t'erdiko abantailarekin iritsi ginen azken bi txandetara. Hauetan sailkapeneko azkenengo bi sailkatuen aurka jokatzea tokatzen zitzaigun. Lehenengo asaltoa, etxean izan zen, azken-aurrekoaren aurka. 4-0eko garaipena. Aupa !!! Txapela eta igoera hurbil zeuden. Arrasatek ere 4-0eko garaipena lortu zuen, beraz, azkenengo txandan erabakiko zen dena. Nahiko erraz genuen txapela lortzea, puntu bakarrarekin nahikoa genuen, erdia ere baliogarri zen, kasu horretan Arrasatek 4-0eko garaipena beharko zuen gurekin berdintzeko. Arrasatek Donostian zeukan bere partida, gure bigarren mailako taldeak bezala, toki berean, eta arratsaldeko 18:30tan erabaki zen guztia. Arrasateko jokalari batek bere partida galdu egin zuen eta ondorioz ezinezkoa zen sailkapenean gu harrapatzea. Gipuzkoako Txapeldunak gara !! Albistea ordea, Donostian geundenok genekien. Beasainen zeuden igoera lortu berri zuten jokalariak eta telefonoak itzalita zeuzkaten. Partidak amaitu, Beasainera joan, eta han beharrezko puntua lortuta zegoen jada. Datorren urtean Euskal Ligan jokatuko dugu !!!!

Gorengoen Mailako Taldea
Ezkerretik eskumara: Diego Olmo, Haritz Garro, Jon Arana eta Julen Garro

Bigarren mailan ere txapeldunak

Denboraldia hastean gauza bat nuen argi Bigarren Mailako taldearekin: mailari eutsi egin behar zion derrigorrez. Azken hiru urteetan mailaz igo ezinik ibili da taldea, beti ere azkenengo bi txandetan igoera aukerei agur esanez. Iaz ere justu-justuan lortu genuen igoera Hernanin 2nako berdinketa lortu ostean. Hala ere, gure taldean bazegoen ni baino jokalari optimistagorik.

Gorengoen mailakoen emaitza onak ikusita, optimismoa kutsatu zitzaigun eta gu ere ondo hasi ginen. Lehenengo fasean ez genuen emaitza aipagarririk lortu, azkenengo txandan Elgoibarren aurkako garaipena izan ezik. Hark eman zizkigun animoak, igoera-fasea lidergoan hasi baikenuen. Hala ere, oraindik 4 partida zeuden jokatzeko. Inolako presio barik igoera lortzen saiatuko ginela esan genuen.

Esan eta egin. Lehenengo txandan erraz garaitu genuen Donostiako Fortuna. Bigarrenean ere Hernani garaitu genuen. Igoera gure esku zegoen. Azken-aurreko txandan Donostiako Easo etorri zen geurera eta gainetik pasatu ginen 3.5-0.5eko garaipenarekin. Beste emaitzak ikusita, 2nako berdinketa nahikoa genuen azkenengo txandan sailkapeneko azkenaren aurka. Erraza zirudien baina Groseko taldeekin kontuz ibili beharra dago, gutxien espero duzunean partida bikainak egiten dituzte eta.

Eduardo Olabe
Eduardo Olabe

Azkenengo txandako partidak ez ziren ondo hasi, gure jokalari batek partida nahiko erraz galdu baitzuen. Hala ere, nik neure partida bideratuta neukan ordurako eta lortu behar genituen bi puntuetako bat berehala eskuratu genuen. Handik gutxira, gure jokalarietako batek ere bere partida bideratu eta deskonektatze eta lasaitze aldera pasiadatxo bat ematera joan nintzen lagun pare batekin. 18:30tan eman zidaten albistea: falta ziren bi partidetan puntu t'erdi lortu genuen eta ondorioz Bigarren Mailako Txapeldunak ginen, gainera, lehen aipatu bezala, Arrasateko jokalari batek partida galdu eta Gorengoen Mailako Txapela ere geure esku zegoen. Aupa !!!!!

Laburbilduz

Gipuzkoako Taldekako Txapelketa bikaina jokatu dugu. Taldekide paregabeak ditut. Astero-astero euren onena eman dute eta azken urteotako giro onena daukagu klubean. Orain 4 edo 5 urte orain taldekide ditudan gaztetxo hauek klubera etortzen hasi zirenean pentsatu ere ez nuen egin gaur egoera honetan egongo nintzenik.

1998a bukatzen ari zela Ricardo Bastida ordura arteko Deporreko Xake-Joko Batzordeko buruak bera uztera zoala eta Batzordeaz arduratzea eskatu zidan. 1998-1999 denboraldi hartan Eibarko Klub Deportiboak Euskal Ligan jokatu zuen aurreko urteko igoera zela eta. Hasieran Gorengoen Mailari eustea helburu erraza izango zela uste genuen. Baina jokalarien gora-beherak medio maila galdu genuen orain 5 edo 6 urte. Eta aurten, azken aldiz Euskal Ligan egon ginenean 6 edo 7 urte eskas zituzten gaztetxo haiei esker, Euskal Xakearen onenen artean gaude.

Eibarko Klub Deportiboko xakelariak
Eibarko Klub Deportiboko xakelariak

Eskerrik asko bene-benetan Deporreko xakelari eta lagun guztioi. Eskerrik asko Jon, Emilio, Manolo, Xabier, Haritz, Diego, Edu, Julen eta Mikeli. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Mikel Larreategi 2009/03/22

Dragoiak

Azken hilabetietan hauteskundiak gora eta behera ibili naiz. Eta ez nabil oin hamabost egun egin ziranetaz. Kirol federaziñuetan be hauteskundiak egitten dira beste edozein elkartetan moduan.

Papelak prestau, arauak irakorri, bata eta bestiakin batu, proposamenak egin, ... Lantalde politta osatu genduan eta Euskadiko kirol federaziño bateko zuzendaritzarako hautagaitza prestau genduan. Baiña oztopuak besterik ez genduzen topau bidian: tranpak, deixak, hauteskundeen garbittasuna bermatu bihar daben organuan huts-egitte larrixak, presiñuak, ...

Usteze karguan jarraitzeko pisuzko arrazoiren bat zekala lehen zeguan presidentiak. Berak hainbat urtian zihar esan izan dau postua lagatzia nahi zebala, baina hautagaitza serixo bat aurkeztu danian, bere programan auditoretza bat egingo dabela esaten akabo, aulkixari eutsi eta mobitzerik nahi ez. Asturiasko lagun batek, kirol federaziñuak, eta baitta beste era bateko elkartiak be, latifundio, minifundio edo lorontzixen antzekuak dirala diño: bere terreno partikularrian agintzia nahi dabenaren dominiuak.

Horregatik ez dabe nahi izaten bere aginte esparru horretatik aldentzia, bere lorontzittik kanpo dominau ezin dittuan dragoiak egoten diralako.

eta kitto aldizkarian 2009ko martxoaren 13an argitaratutako artikulua

Mikel Larreategi 2009/03/13

Zorionak Bilbo !

Gaur arratsaldean Bilbon izan naiz. Plaza Berrian xakea ikusten. Bai, Plaza Berrian.

Goizean Sustatun idatzi dudan bezala, munduko xakelari onenak Bilbon daude egunotan. Bertako Plaza Berrian jarri duten kristalezko urna baten barruan Gran Slameko Maisuen Finala jokatzen. 

Magnus Carlsen eta Levon Aronian
Magnus Carlsen eta Levon Aronianen arteko partida epailea begira dutela

Bertan daude onenak, Anand munduko txapelduna, Ivanchuk Sofiako garailea, Carlsen noruegar gaztea, Topalov txapeldun ohia, Radjabov gaztea eta Aronian bizia. Guztiak guztien aurka jokatuko dute, partida bat pieza zuriekin eta beste bat beltzekin. Horixe da onena nor den jakiteko modurik onena zalantzarik gabe.

Beno, gaurko partidei begiratuz, Aronian eta Carlsenen artekoa da agian nabarmentzekoa, berdinketan bukatu ez den bakarra. Bazirudien hasieran Aronianek balantza bere aldera eraman duela baina noruegar gazteak partidari buelta eman eta berau irabaztea lortu du. Partida bukaeran Leontxo García kazetariak jokalari guztiak elkarrizketatu ditu, eta Magnus Carlsen noruegarrari zera galdetu dio: "badakigu ez zarela osasun egoera onenean etorri baina, zein da zure helburua txapelketa honetan?" "To Win", "Irabaztea", erantzun dio irrifar zabal batez. Honi esan egin diote nora etorri den, bilbotar peto-petoa dirudi ;)


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Jende asko zegoen Plaza Berrian, xakelariak, zaleak eta baita kaleko jende arrunta, Santik dioen bezala kalean xakea ikusten. Hori da, ziurrenik, txapelketa hau Bilbon jokatzearen gauza erakargarrienetako bat. Kalean jokatzen dela. Ez kultur-etxe baten, ez erakusketa-gelan, ez hotel bateko gela ilun baten. Kalean, edonork ikusteko lekuan. Bikain bat Juan Carlos Fernándezek gidatzen duen antolakuntza taldeari ! 

Aurten euskararen kontua zaindu egin dute, ez iaz bezala, webgunea txukuna dute, eta baita eskuko programa ere. Agian nire lagun Joserra Garai aurkezpenean egoteak lagundu du honetan ;)

 

Beste egunen baten ere hurbilduko naiz Bilbora eta jarraituko dut bideo eta argazki gehiago kargatzen. Ea aitak aspaldi erabiltzen zuen tripodea aurkitzerik dudan argazkiak mugituta ez irteteko, eskuko dardara Parkinsona banu bezalakoa baitut ;)

Mikel Larreategi 2008/09/02

Espainiako Txapelketara bidean

Bai, azkenean oporrak !!

Atzo, uztailaren 24an hartu genituen CodeSyntaxtar gehienok udako oporrak! Joan zen asteko irteeraren ostean, azkenengo astea arraroa izan da. Laburra, mugitua, telefonoa jo eta jo, eta agur bat. Agurra diot, Nandok utzi egiten gaituelako. Asko ikasi dugu berarekin, eta berak gurekin ere hala ikasi duela espero dut ;), eta badoa. Irailean ez dugu gure artean izango. Zorte on !

Oporraldiari begira, nola ez, xakea izango dut buruan. Bihar larunbata Padronera noa bertako Scala hotelean jokatuko den Espainiako 18 urtez azpikoen Txapelketaren Epaile Nagusi gisa aritzera. Nire 3. Espainiako 18 urtez azpikoen txapelketa izango da. Lehena Formigalen izan zen 2002an eta bigarrena Mondariz-en 2003an. Gainera aurtengoan beste pizgarri bat dut txapelketa horietan. Klubeko jokalari bi bertan izango baitira Espainiako jokalari onenen aurka xakean: Haritz Garro eta Diego Olmo.

Hala ere ez dira bertaratuko diren euskaldun bakarrak izango, han izango baitira Nekane Cuetos, Álvaro Díaz, Erik Juez, Bruno Villanueva, Mikel Sanz, Alberto García, Imanol Martinez eta Iraia Serrano (azken biak nafarrak), Ieray Galtzagorri eta Koldo Urbieta entrenatzaileekin batera, Euskal Xake Federakuntzaren laguntzari esker.

Txapelketaren ingurukoak idatziko ditut hemen eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean ere, herriko xakelarien emaitzak jakinarazteko. Aurrez 16 urtez azpikoen txapelketako emaitzekin egin dudan bezala. Han aritu baitira Edu Olabe eta Julen Garro. Hona hemen azken kronika.

Besterik? Ba... ez dut planik bestela abuzturako. Zerbait irteten bada ongietorria izango da (proposamenak onartzen ditut), bestela hemen ibiliko naiz, hondartzara ere bisitatxo bat egin egin beharko da eta... :)

Ondo ibili !

Mikel Larreategi 2008/07/25

Beste urtebete, beste xake-denboraldi bat joan da

Ez dakit zuzena den, denboraldia pasatu dela esatea. Ez dakit zehazki xake-denboraldia "ofizialki" noiz hasten den, irailean ala urtarrilean, zeren federazio lizentziak adibidez urtarrilean hasten dira, baina txapelketak irailean, baina beno, balantze gisa balio lezake honek.

Iaz, sasoi honetan, denboraldiaren laburpen bat egin nuen (urrian argitaratu arren, uztailean egindakoa da), eta harrituta gelditu nintzen ordura arte egindakoaz. Aurten ez didate laburpenik eskatu, baina urtea ederra eta oparoa izan da, xakeari dagokionez behintzat:

 

Eta hori guzti hori nahikoa ez balitz, abuztua aurretik zerbait gehiago izango dugu:

  • Haritz Garro, Diego Olmo, Edu Olabe, Julen Garro, Mikel Baena eta Galder Irisarri Benasqueko Nazioarteko Txapelketa jokatzera doaz ostegunean.
  • Zornotza, Ermua eta Errenteriako partida azkarren txapelketak ditugu begi-bistan.
  • Edu Olabe eta Julen Garro, Espainiako Kadete Mailako txapelketara joango dira uztailaren 19tik 25era Padron-era (A Coruña).
  • Haritz Garro eta Diego Olmo, Espainiako 18 urtez azpikoen txapelketara joango dira uztailaren 26tik abuztuaren 2ra, ni Epaile Nagusi izango naizen txapelketara.

 

Eta xakea aspergarria dela diozue? Ja !

 

Berriz ere, eskerrik asko guztioi; klubeko xakelariei: Jon, Emilio, Manolo, Haritz, Diego, Edu, Julen, Aitor, Mikel, Ander, Galder, Xabier; xakelari asko eta askori: Iñigo, Asier, Oscar, Joseba, Ander, Erik, Iñigo, Santi, Mikel, Miriam, Eli, Lukas, Txelu eta beste hainbati, eta baita klubean urte guztian zehar ostegun eta ostiraletan aguantatzen gaituzuenoi ere

: Jose Enrique, Antton, Ulazia, Roberto, Abadiño, Amaia eta beste hainbati.

 

Eskerrik asko !!!!

Mikel Larreategi 2008/06/29

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut, eta 2006tik Eibarko Klub Deportiboaren presidentea naiz. Xakeak eta Klub Deportiboak, horretxek jaten dit nire denbora.

Goiburuko irudia Barcelona da. Orain dela urte batzuk bisitatu nuen hiria eta asko gustatu zitzaidan. Irudia nondik hartu nuen ez dut gogoan (lehen jarrita nuen baina aldatu egin nuen eta berriz itzuli eta galdu egin dut kreditua. Baina haren CC-BY-NC lizentziak dioena jarraituz kreditua ematen diot. 

Azken erantzunak
halaxe da bai... Oier A., 2012/01/20
Arrazoia! e-gor, 2011/11/17
Autogestioa Txopi, 2011/10/17
Bizikletak Herbeheretan Trebi., 2011/09/03